BIDASOAKO NERBIOIAK

Uraren azalean haurrek zopak egiten dituzte harriekin.
Kalatxoriak belari bihurtu dira.

Uraren azalean norbaitek bidea egin du fabrika abandonatuan.
Bapore alemanen itzalek babesten dituzte ezezagunen urratsak.
Orru egin beharko nuke entzun nazazuen, baina nire eskuak lokarri dira.

Uraren azalean norbaitek su eman dio autobus bati.
Telefonoak ez dira isiltzen adiskideen etxeetan.
Urruneko gerra bateko irudiak ikusten dituzte telebistan.
Norbaitek negar egiten du. Badakit zergatik den: hildako
guztiok dugu elkarren antza ilunabarretan uraren azalean.

Uraren azalean esku ezagunek zuloak egiten dituzte uretan,
zerbaiten bila ari balira bezala. Denbora alde dutela diote.
Garabietan ez da langilerik, sasiak beltz hasi dira aurten.

Uraren azalean jendeak ihes egiten dio espaloian
keinuka hitz egitera hurreratzen zaion lagunari.
Nik harriak oratzen ditut, baina gauaren pisua dute.

Uraren azalean susmoek harriek beste pisatzen dute.
Uraren azalean bainerak estali egiten dira gauez umeak jausi ez daitezen.
Urak ez ditu aurpegiak jaten. Hildakook ez dakigu igeri.


Hildakook ez dakigu igeri.
Uraren azpian nire malurak ez du hizkuntzarik. Baina zail da jakiten.

Iñigo Aranbarri


© Iñigo Aranbarri


susa-literatura.com