KAIOLAN ALDERRAI

 

Nahasmendu-orduen joanarekin batera

susmo gogogabea, aitaren itzaletan

atzitua.

kafetegien inguruko auzo-bideak mortuak daude

egunez.

 

nire katuak so egin dit eta ez dauka argi zer arraio naizen eta

nik soa itzultzen diot eta eskerrak ematen ditut

berari buruz

gauza bera sentitzeagatik...

 

orain 40 urteko aldizkari sonatu baten zenbaki bi irakurtzen

nabil, sasoi hartan atsekabe larria hartu nuen idazkera horrekin,

oraindio atsekabetzen nau

sentimendu

berak,

 

eta idazleotarik bat ere ez da zendu.

 

aldi batzuetan eta toki batzuetan justizia

estrainioren bat izaten da

azpilanean.

 

beste aldi batzuetan berriz

ez...

 

gramatika-eskola izan zen

etortzeko zegoen infernualdi luze baten lehenbiziko gaztigua:

beste izaki batzuen ezaupidea egin behar izana

nire aita-amak bezain beldurgarriak.

 

ezer lor nezakeela pentsatzea ezinean pentsatzea zen

behin izan ezik...

 

domina irabazi nuenean Armamentu-Erabilera irakasgaian

Ofizial-Erreserbarako Entrenamendu-Zentroan nengoela

ez nuen ahaleginik egin

irabazteko.

 

ezertarako ere ez nuen ahalegin berezirik, neskek eurek ere

atzetik ibiltzeko

jolas txar bat baino ez ziruditen: hain neke handiak izatea ere

horren gutxitxo lortzeko...

 

gauero loak hartu baino lehen sarri kontsideratzen nuen zer

egingo nuen, zer izango nintzen:

banku-lapurra, mozkorra, eskalea, baboa, behargin

arrunta.

 

baboa edo behargin arrunta izango nintzelako uste osoa nuen

hobeak ematen baitzuten

beste edozein aukerak baino...

 

tripa-zorriekin edo goseak hiltzen ibiltzearen gauzarik onena zera da

azkenik

jan egiten duzunean

hain gauza magikoa eta

goxoa eta ederra izatea.

 

bizitzan zehar egunean 3 otordu betetzen duen jendeak

inoiz ez du bene-benetan

janaria

goxatu...

 

jendea bitxia da: aldi oro izaten dira haserre

huskeriengatik,

ordea kontu garrantzitsuagoren batean

nola baiten

euren bizitzak osoki xahutzea,

horretan ematen du

ezertaz ere jabetzen ez direla...

 

idazleei buruz: aspaldi ohartu nintzen haietarik gehientsuak

batera dabiltzala igeriketan.

antzinan eskolak, aginte-indarrak,

teoriak zeuden

elkarri babesa zein jipoiak ematen zizkioten

taldetxoak.

literatur politika zen oro.

karta-jokoa eta samina zen

oro.

 

lehen beti uste izaten nuen idaztea

lanbide bakartia zela.

 

hala uste dut orain ere...

 

animaliek egundo ez dute ardurarik hartzen

Zeruaz edo Infernuaz.

 

nik ere

ez...

 

agian horregatik

segitzen dugu

bidean tipi-tapa...

 

jende bakartia hurbil denean

berehala ulertzen dut

zergatik uzten dituen bakarrik

beste jendeak.

 

eta nigan

bedeinkazioa izango litzatekeen

hori

 

haiengan

izuikara da...

 

ai, Celine gizagaixoa.

liburu bakarra idatzi zuen.

ahaztu besteak.

ordea, hura bai liburua:

Voyage au bout de la nuit.

kirioetan zuen guztia

erauzi zion Celine-ri liburu-puxka horrek.

txingoka eta xelebreturik

utzi zuen

behin eta betiko izarloka distiratsua

ebentualtasunaren

lainoan barrena...

 

Estatu Batuak leku benetan

estrainioa da: gailurra jo zuen

1970ean

eta ordutik hona

urte bakoitzeko

3 urteko

erregresioa nozitzen du,

gaur

1989a

1930a dugularik

gauzak egiteko

moduan.

 

ez duzue zinera joan beharrik

beldurrezko ikuskizunaz

gozatzeko.

 

zoroetxe bat dago

idazlanak postaz bidaltzeko noan

posta-bulegotik hur.

 

sekula ez dut aparkatzen posta-bulegoaren aurrean,

zoroetxearen aurrez aurre aparkatzen dut

eta bertan jaitsi.

 

zoroetxe aldamenetik hasten naiz bidea egiten.

 

zoro txikienetarik batzuei baimena ematen diete

atalondoan egoteko.

usoak lez

jesartzen dira.

 

haiekin

halako senidetasun moduko bat sentitzen dut.

baina ez naiz haiekin batera jesartzen.

 

aurrera jarraitu eta neure lanak botatzen ditut

urgente dioen zirrikitura.

 

jakin beharko nuke

zertan nabilen.

atzera bidean begiratu egin diet,

begira-ez-begira

pasatu naiz

 

autora sartu eta

abian jarri dut.

 

baimena dut

autoa gidatzeko.

 

etxerainoko bide osoa

egin dut autoz.

 

garajerako bidean sartu dut autoa,

pentsatuz

zertan nabil?

 

autotik irten

eta ene 5 katuetarik bat besoetara igo zait,

oso lagun

ona da.

 

lurrera eraitsi eta

laztanak egin dizkiot.

 

orduan primeran sentitu naiz.

 

ni naiz zehatz eta mehatz

izan beharko nukeena.

 

© Charles Bukowski
© itzulpenarena: Josu Lartategi


susa-literatura.com