KONPAINIA GOGORRAK

 

Poemak pistoleroen gisara

hor daude jarrita eta

zuloak egiten dizkidate leihoetan

mastekatzen didate komuneko papera

zaldi lasterketen emaitzak irakurtzen dituzte

eseki gabe uzten dute

telefonoa.

 

poemek pistoleroen gisara

galdetzen didate

ze arraiotan nabilen,

eta

ea gustuko nukeen

tiroka konpontzea.

 

lasai, diot nik,

lasterketa ez zagokiok

azkarrari.

 

sofaren hego muturrean

jarrita dagoen poemak

tira egiten dit

diost

txapela kentzen zioat

poema horri!

 

lasai, adiskidea,

baditiat planak

hiretzat.

 

planak, eh? ze

plan?

 

The New Yorker,

motel.

 

urrundu egin du

pipa.

 

ate ondoko aulkian

jarrita dagoen poemak

nagiak atera ditu

so egin dit:

badakik, potolo,

alfertxo xamar ibili haiz

aspaldion.

 

izorra hadi

diot nik

nor duk nagusi

hemen?

 

gu gaituk nagusi

hemen

diote

pistolero guztiek

pipa zorrotik ateraz:

ekin

behingoz!

 

eta

hemen

duzue:

 

poema hau

huraxe zen

izozgailu gainean

eserita zegoena

jostaka

garagardo

txapekin.

 

eta orain

paretik

kendu dut

 

eta beste guztiak

hor daude

armekin apuntatuz eta

esanez:

 

neu hurrena, neu hurrena, neu

hurrena!

 

nik uste

hiltzen naizenean

erreusek

beste putaseme

gixarajoren bat

asaltatuko dutela.

 

© Charles Bukowski
© itzulpenarena: Josu Lartategi


susa-literatura.com