EGUNAK IHESI DOAZ BASAZALDIAK BEZALA MENDIEZ GAINDI
Telefonoak jo du eta normalean
sexy-ahotsa duen emakumea izaten da
telefono-konpainiatik niri deika
mesedez telefonoaren ordainagiria ordaintzeko,
baina oraingoan ahots batek dio lasai,
"putaseme hori,"
eta hamaika aldizkariren editorea da,
denak panfleto erlijiozkoak
nork bere abortua egitekoak,
eta galdetu dit,
"zergatik ez duk deitu?"
eta nik diot, "ez gaituk ondo moldatzen."
"katalisia," dio,
"a'itu duk?"
"a'itu diat," diot,
eta gero diost ikusi nauela
karramarro-hankak eta mandazainak aldizkariko
5. zenbakian
eta hobetuz noala,
eta nik diotsat berandu hasi den bat naizela
eta 42 baino ez ditudanez
oraindik badudala aukera bat hondar-aleak
sakabanatzeko
Abdulah-ren lorategian,
eta berak dio etor hadi
nahi nikek lagun bat ezagutzea
eta nik diotsat eraztun bat emango diodala
hipodromokoa amaitutakoan...
larunbata da eta bero dago
eta ziztuan pasa-eta-pasa ari diren gutiziazko aurpegiek
zurbil eta ihar eta ezinean
belaunikarazi nahi naute lili aitzinean errezuka has nadin
baina horren ordez tabernara noa
non laranja-vodka ona lor dezakedan 70 zentabotan
eta jendeak hitz egin ahal didan,
bihotz bakartien klub handi bat da,
jendea bakarrik ahots bategatik
eta milioi bat dolarrengatik
eta biotarik ezer gutxi jasoz,
eta 9. lasterketan ehun dolarreko zuloa dut
eta morroi beltz koloreko bat hurreratu zait
eta erakutsi egiten ditu eskuan
azken irabazlearen txartelak
bibolinaren musika antzera,
eta diot
"ederto, ederto"
eta berak, "urdanga zahar pare batekin nagok
eta orain nire bila ari dituk,
baina ni erretiratu egingo nauk, ateak ondo itxi
eta mozkortu egingo nauk."
"ederto," diot, eta badoa
eta orduan nire buruari galdetzen diot
zergatik hitz egiten didan niri
beltz koloreko horrenbeste jendek, eta orduan
akordatu naiz
behin taberna batean nengoela morroi beltz batek
behartu egin ninduela
Musulmanak deitzen zen zerbaiten izenean zin egitera;
hitz aldrebes piloa errepikatu behar izan nuen eta
gau guztian ibili ginen edanean,
ordea nik uste nuen adarra jotzen ari zela:
ni ez naiz hona etorri arraza zuri osoa txikitzeko...
horren zatitxo bat besterik ez:
nire burua.
"zein gustatzen zaik?" itaundu dit beste morroi batek
eta nik erantzun "3. zaldia," eta berak
"3ak ez dik zer eginik," eta badoa
eta horixe da entzun nahi dudan guztia
eta 20 dolar jarri dut baietz 3ak irabazi,
destorniladorea eskatu edateko
eta azken bihurgunera hurbildu
non denbora nahikoa emanez gero
irabazlea antzeman dezakezulako
erasoaldi bortitza hasi baino lehen.
eta bertantxe nago 3a ziztu bizian pasa denean
gorputz bat eta erdi 6aren atzetik,
besteek amore eman dute,
eta estu-estu ari dira, biak gogor dabiltza lasterrean
neke-antzik gabe
baina nik distantzia laburtu behar dut
eta markagailuari eman diot begiratua
6a 25-batera dago eta ni 7-batera baino ez nago
eta zorte pittin batekin lortu egin beharko nuke,
eta lortu nuen, gorputz baten hiru laurdenengatik,
eta nire buru baitako igelak ilaran jarri eta
jauzika hasi ziren herioaren gainetik
(llipar llabur batez)
eta nik hurbildu eta neure 166 dolar eskuratu nituen.
bainontzian nengoen garagardo batekin
telefonoak jo zuenean,
"kabroi hori, non hago?"
editorea zen.
"30 minutu barru bertan izango nauk," esan nion.
"ez diat txorradarik nahi, a'itu?, bestela
txikitu egingo haut," diost.
"ederto," diot, "30 minutu beraz."
horrek noski garagardo-pare bat gehiagorako
denbora emango dit.
lekua hiriaren atzealdean dago, South Hollywood-en,
ziegatxoa ur-berogailuarekin
komunean, eta liburu-apalategi batek gela-erdia
osatuz: Huxley (Aldous) gehiena, Lawrence
(ez Arabiakoa), eta liburuki eta ontzi mordoa
jolastokiko hor nonbaiteko jendearena
poesia eta nobelaren artekoa
filosofia konbentzionala idazteko
motibazio zein disziplinarik gabea,
eta emakume bat zeukan bertan editoreak
gaztetasunezko poxpolin-puxka,
laranja-argia, kikildu xamarra,
baina lasaia, eta hori ona da,
eta editoreak esan zuen, "laztana,
emaion gizonari garagardo bat,"
eta nik neure azken liburua luzatu nion
eskaintzarekin, "aluaren eta bertsoaren
ezagutzaile fin bati..."
eta berak esan, "potolotzen ari haiz, kabroia,
baina itxura hobea daukak
ikusi hindudan azken aldian baino."
"Parisen akaso?" galdetu diot.
"Pasadena, California," arrapostu berak.
"Faulkner bera ere hilda zagok orain," nik.
"puta nolakoa nahi duk?" galdetu berak,
"begiraiok."
emakumeari begiratu eta garagardoa eskertu nion.
"ostarte franko Frantziako frontean,"
esan nuen.
"ehun eta berrogeita hamar behar diat," esan zidan.
"Jesus," ihardetsi nion,
"nik gauza bera eskatu nahi nian."
"entzun dudanez
Harry andre zaharrarengana bueltatu duk."
"halaxe duk. lan bila. altzariak pintatzen.
haurrak zaintzen.
tabernari eta guzti ibili zuan gau batez."
"Harry? tabernari?"
"3 orduz baino ez. horiek pasata nekatuta zegoela esan zian."
"nekatuta?"
"«nekatuta» hitza erabili zian berak."
"ehun eta berrogeita hamar behar diat."
"nork arraio ez du-ba behar?"
"Faulknerrek ez dik behar," esan zuen.
"neure buruari galdetzen zioat zer nahaste egin zuen edariekin?!
mantsoago ibili behar nauk..."
putak bazituen poema batzuk berak idatzia eta nik irakurri egin nituen
eta ez ziren txarrak kontuan hartuz bera egina zegoela beste
gauza batzuetarako, eta gauaren enparaua guztiz aspergarria izan zen,
ukabilka ibili ez, zahartuegia tangorako, tigrea lo
ilunpetan,
eta hitz eman nion editoreari entseiukarrean hasiko nintzela poesia
modernoaren esanahiaren gainean eta berak hitz eman zuen ikusi gabe ere
argitaratuko zuela eta nik banekien egundo ere ez nuela huraxe idatziko.
hitz-emanez bete zen gaua, tigre zahar bat
eta poxpolin bat. Etxerantz egin nuen autoz saihesbideak hartuz,
komisaldegiari primeran itzuriz,
neurri luzekoak erretzen eta Carmeneko zenbait pasarte erdikantatzen
oso ilun baitzegoen eta Bizet gidari hobea baitzen
Ludwig baino, ze azkenak burua gauza garrantzitsuagotan zeukan.
etxaurrean aparkatu nuen eta autoaren atea zabaldu bezain pronto
atalondoko morroi arraroak esan zuen,
"Aizak, a'ixkidea, garagardo hotzik bai?"
Zorrotik garagardo bat atera eta eskura jarri nion eltxo-sarean zehar.
"Dolar bat behar diat," esan zuen.
"hara, a ze putada! Nik gauza bera
eskatu nahi nian."
"umore txarrean hago," berak.
"noski," nik, "ez al duk entzun? Faulkner hil egin duk."
"Faulkner? ez al zen hura zezen-plazetako morroia? ala Pomona-ko
jolas-parkekoa? Ruidoso? Caliente? ezagutzen al huen mutila?"
"bai ezagutzen nian mutila," esan nion
eta ondoren eskaileretan gora egin nuen.
Arkansas-ekoek dioten bezala, zer-konta ez zuen izan gauaren enparauak,
nora-deitu ordea bazuen nire telefonoak, zenbaki pare bat,
4 edo 5 zenbaki, zenbait beltz, zenbait zuri,
zenbait zahar, zenbait gazte,
baina buruan nerabiltzanak ospitale zuriak
eta ilunpetako palmondoak ziren,
eta baketsua zen, azkenean baketsua zen,
eta aldizka atzera buelta egin behar izaten duzu
ingurumarira begiratzera, aldizka Ludwig egoten da,
aldizka hormak egoten dira,
aldizka Ernest ibiltzen duzu hausnarrean
eta tiro-hotsak ere bai haren burura zuzenduak;
aldizka joandakoak dituzu hausnartzen
hildako amodioak, hildako loreak,
hildakoak oro, hildako jendea, izen bat eman dizun jendea,
Floridatik Californiako Del Mar-eraino,
tristezia oro
ergel on-pusken saldo baten desfilean bezala,
ura bizi-bizi estoldatan,
garbitutako galtzerdiak,
jantzi urratuak, urrunera jaurtiak,
ahatetxo itsusiaren mundua
nigandik lasai ihesean
eta nire burua ihesean,
tigre zahar bat,
nazka eginda bataiatzeaz.
biharamunean ate-hotsak iratzarri ninduen,
eta horregatik ez-entzunarena egin nuen, sekula ez diot ateari
erantzuten, ez dut inor ikusi nahi,
baina jo eta jo ari ziren temati
eta horregatik jagi eta neure txabusina zahar beilegia jantzi nuen
logeletatik ahots hilak aditzen ziren
atea zabaldu nuen.
"hona etorri naiz jende minusbaliatuari laguntza emateko,"
esan zuen neskak, "sartu barrura," esan nuen nik.
neska gaztea zen 19, 20, 21,
nola zabaltzen den Texas-eko mapa hodeiez gaindi
hala zabaltzen zituen begiak errugabeak,
alfonbra zeharkatu eta eseri egin zen
eta ni sukaldera joan nintzen eta txapa kendu
bi garagardori. koloretako nire arraina ero antzean ari zen igeriketan.
garagardoekin hurreratu eta, esan nion,
"amodioak betiko behar du izan
lurren higadurak haitzak zelaitzen dituelako
itsasoari untziak kentzen dizkiolako
katuak eta txakurrak eta den-dena
kentzen dituelako."
neskak irri egin zuen eta eguna berriro hasi zen
okerrik gabe.
© Charles Bukowski