ESKUTITZA
Hasiera-hasieratik jaitsirik
Haran berrira, beltzuri
Eguzkiagatik eta bide galduagatik,
Zuk benetan irauten duzu: gaur
Nik, ardi-hesiaren barnean ezkutaturik,
Bapateko txoria iragaiten entzun dut,
Garraisika ekaitzaren kontra, eta aurkitu
Urtearen arkua biribil osoa zela,
Eta maitasunaren zirkuitu higatuak
Berriro ekin dio etengabeko bira armoniotsuari.
Ikusiko da, pasatuko, guk ikusi bezala
Enara teila gainean, udaberriaren berdea
Lehen hotzikara, iragan da
Bagoi bakartia, Udatzeneko
Azken mugimendua. Baina orain
Bekoki etxetiarra hausteko,
Gauaren sakon-sakoneraino gogoetak berotzen
Datoz zure gutunak, zu legez mintzatuz,
Anitzez jardunez baina ez etorreraz.
Mintzoa ez da bukatu ezta hatzak sormindu,
Maitasunak sarritan bidegabeko erantzuna
Jaso ez badu, engainatu dutelako seinale.
Ni, urtaroekin zintzo, ezberdin
Mugitzen naiz edo maitale ezberdinarekin,
Galderak ez dakar berez baiezkoa,
Basa jainko honen harrizko irribarrea
Aurrera sekula herabe izanen ez dena,
Esan nahi duena baino gehiago esateaz beti izu.
© Wystam Hugh Auden
© itzulpenarena: Juanjo Olasagarre