Joan zatzaizkigu,
esaten ohi denez,
beste mundura.
Hustasuna...
Bazoaz hegan
izarretan
leku hartzera.
Honez gero ez dago diru mailegurik
ez tabernarik.
Lehorte hutsa!
Ez, Esenin,
ez naiz isekaz ari,
eztarriko
zotal hau
ez da trufa.
Ikusten ditut
zure besoak laxo
eta esku ebakia
zure hezurren
zakuan balantzaka.
Hots!
Geldi!
Burutik egin zaizu?
Masailak
heriotzazko igeltsuz
estaltzen utzi?
Zuk,
mundu honetan
beste inork ez bezalakoak
antolatzen
zenituenak?
Zergatik?
Zertarako?
Harritu naiz benetan.
Kritikoek xurluxatzen dute:
errua honena
horrena eta besterena da
eta batez ere
langileekiko bategin ezarena.
Ondorioz
ardo
eta garagardo sobera.
Bohemia
langilegoaz
aldatuko bagenu
langilegoak
eraginen zintuzke
eta kito liskarrak.
Limonadaz
asetzen ote du bada
langilegoak egarria?
Langilegoa ez da ergela
edateari uko egiteko.
Alegia,
laguntzaile izan bazenitu
«Erne»ko batzuk
asko hobetuko zenukeen
mezua
egunero idatziz
ehun lerro
aspergarri
Doronin-ek bezala.
Nire ustez,
halako ameskaiztoa
bete izan balitz
askoz lehenago
urkatuko zinen.
Hobe da vodkaz hiltzea
asperduraz baino.
Ez dute galera honen
helburua argituko
ez sokak
ez labanak.
Menturaz
Anglaterre-renean tinta izan balute
ez zenukeen zertan
zainak ebaki behar izanen.
Imitatzaileak poztu dira:
Bis!
Bazirudien pelotoi oso batek
egin behar zuela
bere buruaren aurkako atentatua.
Zertarako auniztu
suizidak?
Hobe genuke
tintaren produkzioa auniztu.
Orain
betirako
itxi da
mihina hortz artean.
Nekagarria
desordukoa
misterio hauetaz jardutea.
Herriari,
hizkuntzaren sortzaileari,
hil zaio
bere ikasmutil moxkor
berritxua.
Badaramate
aurreko hobiratzeen
bertsoen txatarra
ia aldatu gabe.
Puntu kamutsak tinkatzen dituzte
arbak bezala
hilobietan.
Omenaldi hau
merezi ote du
poetak?
Zuri oraindik
ez dizute prestatu
oroitarririk.
Non
brontze ozena,
harriaren ertzak?
Baina oroitzapenen langa ondoan
utzi dute
gorazarreen
eta oroitzapenen
zarama.
Zure izena
zapi guztietan urtu dute
mukiz.
Zure hitza
adurretan salmodiatu du Sobinov-ek
urki ustel baten atzetik
agerita:
«Hitzik eta hasperenik gabe
laguna»
E!
Hitz bi esan nahi nioke
Leonidas Lohengrinitx horri.
Jazartuko nintzaioke
builoso eta liskarti:
- Ez dut onartuko
bertsoa
adurrezta
eta maskal ezazuen.
Gortuko nituzke
hiruko fistukada batekin
eta aipatuko nizkieke
ama
amona
jainkoa!
Talenturik gabeko jendaila horrek
ihes egin dezan
beren jaka ilunak bela eginik,
Kogan ere norabait ezkuta dadin
bere mustaxekin jendea akuilatuz.
Oraingoz
zarama da
ugariena.
Lan asko dago,
denbora behar.
Aurrena
bizitza
aldatu behar da
gero
aldatutakoan
eginen diogu bertsorik.
Gogorra zaio sasoi hau
lumari,
baina esaidazue
zuek
elbarri eta ezinduok
non
noiz
zein handik hautatu zuen
biderik lauena eta leunena.
Hitza,
giza indarraren
komandante buruzagia,
aitzina!
Denbora gure atzean leher dadin
kanoiaren bolak bezala.
Denborak herrestan eraman dezan
egun zaharren kalparra.
Planeta
ez dago gertu
alaitasunerako.
Etorkizunari
kendu behar zaio
alaitasuna.
Bizitza honetan
hiltzea ez da zaila.
Zailagoa da aunitzez
bizigintza.
© Vladimir Maiakovski
© itzulpenarena: Koldo Izagirre