II

EGUBERRI GAUA

Bazterrak badoaz.

Aurkintzek ihes.

Azpian

izotzezko burukia.

Ladogako haizeak gandorra kirrutu du.

Hegan

jela-untzia.

Hel! hitz-ziri bat bota dut.

Erori naiz, olarruak segatua.

Ibaia amaitu da

itsasoa sortu da.

Ozeanoa

min ematerainoko handia da.

Hel!...

Hel!...

Ehun bider

egin dut marru kanoilerro batek bezala.

Behean

azpian

karratu bat hazi da,

burukia uharte egin da.

Marru, marru,

marruma hil.

Gor, gor, gor...

Itsasorik ez.

Elurretan nago.

Inguruan

verstaka lehor.

Esate baterako, noski.

Dena elur mardo.

Enbata banda batek narama.

Zein ote da lur hau?

Herri hau?

Groen-

Lapon-

Maita-landia?

Hodeiak zohitu du ilargi meloia

doi marraztuz harresi bat ilunpeetan.

Petrovski parkea.

Banoa.

Khodinka zelaia

dut atzean.

Aitzinean, Tver karrikaren izara.

Au-u-u!

Sadoviaraino bota dut nire «au» hau.

Gurdiz

edo kotxez,

hona hemen ni

muturra

metro bat elurpean.

Biraoak balak hegan.

«NEPak begiak itsutu dizkik?

Zulo bi dauzkak ala?

Hago hor!

NEP-kume hori!

Mozorro!»

A!

hartza

naizela.

Oker ulertze bat!

Oinezkoei

esan behar izan diet

ez naizela hartza

antza badut ere.

Baina horra

barreratik

gizontxo bat datorrela.

Pauso motzean handitzen zaio errainua.

Ilargiak

koroa egiten dio buruan.

Sinetsaraziko diot

txalupa bat

hartu behar dugula berehala.

Salbatzailea da!

Jesusen antza du.

Ona eta gozoa,

ilargiak koroatua.

Hurbildu da.

Mustaxarik gabeko begitarte gazte bat.

Ez Jesus hala ere.

Gozoagoa.

Gazteagoa.

Hona hurbilago,

komsomol bat dirudi.

Kapelurik eta txamarrarik gabe.

Galtzamotxak eta militar jaka.

Noiz eskuak bildu

otoitzerako.

Noiz besagainka

mitineko hitzaldian.

Elurraren kotoluma.

Mutila kotoluma honetan dator.

Hona hemen dena urre

arruntagorik!

Baina halako tristura batek jota

bertan gelditzen da,

dena mindua!

Eta ekin diezaiogun tzingaroen erromantzeari.

Mutila bazihoan begiak ilunabarrari so.

Ilunabarra ezin horiagoa zen.

Elurra ere horia zen Tver-eko barreran.

Mutila bazihoan ezertan ohartzeke.

Gero,

tanpez,

geldi.

Zetazko

eskuan

altzairua.

Ordubetez behatu zion ilunabarrak

begi tinkoz

mutilaren atzeko pilda bati.

Elurrak karraskaz kraskatu zituen hezurgiltzak.

Zergatik?

Nola?

Norengatik?

Lapur haizeak mutila miatu

eta gutun bat kendu zion.

Eta haizea ezkilka hasi zen Petrovski parkerantz:

- Adio...

Amaitu dut...

Ez inor egin errudun...

Zenbaterainoko

antza dugun!

Ikaragarria.

Halakorik!

Istileraino joan

eta jaka odoldua erantzi diot.

Onik ez, tobaritx!

Baina beste hura okerrago.

Badira zazpi urte zubitik beha dagoela.

Ozta jazten ahal dut jaka,

beste kalibre batekoa da.

Xaboiak ez du bitsik egiten

hortzak kalaska ari zaizkit.

Nire mutur eta nire atzapar handietako artilea

moztu dut.

Horma puska bat ispilu...

eguzki printza bat labana...

Hona hemen ia,

ia ni neu berriro.

Lasterka.

Burua helbidez irakiten.

Lehenik

Presnaiara,

handik,

karkabetan barrena.

Azturak etxezulorantz tiratzen du.

Gibelean,

puntu bat eginik,

Errusia guztietako

seme

alaba guztiak.

- Volodia!

Eguberrirako!

Zer poza!

Pozgarria benetan!...

Sarrera ilun.

Argindarra gelan.

Eta bapatean

familiak burua jiratzen du.

- Volodia!

Jauna!

Zer da hau?

Nolaz hau?

Dena gorria zaude.

Eta lepoa!

- Ez da ezer, ama,

garbituko naiz neure etxean.

Neure etxean orain

uholdea.

Ez naiz horregatik etorri.

Gurasoak!

Maiteok!

Maite nauzue noski?

Maite nauzue?

Ezta?

Entzun!

Izeba!

Arrebak!

Ama!

Itzal ezazue pinua!

Itxi ezazue etxea!

Eramanen zaituztet...

Etorri behar duzue...

Zuzen joanen gara...

berehala...

goazen

denok.

Ez beldurrik izan

ez da batere urrun,

ozta 600 verstatxo.

Begien itxireki batean gaude.

Zain daukagu.

Zubira iganen gara zuzenean.

- Volodia,

maitea,

lasai hadi!

Baina nik erantzun

ahots txipi hauen karkarari:

- Tira!

Tea ematen didazue

maitasunaren ordez?

Zapaten konponketa hartzen duzue

maitasunaren ordezko?

Ez zutaz

ez naiz zutaz ari, ama Alexandra Alexeievna.

Mundu osoa dago familiaz betea.

Beha,

itsasuntzi horien karda.

Oder-eko zokoa Alemaniaraino barneratzen da.

Jaitsi, ama,

Stettinen gaude jadanik.

Orain,

ama,

Berlin joko dugu.

Orain zeu zoaz hegan motore marrukari batekin.

Paris.

Amerika.

Brooklyngo zubia,

Sahara,

hemen ere

beltzak familian hartzen du tea

bere emazte kirruarekin.

Adoreaz

eta harriaz

edredoi bat eginen zenuke

eta Komunaz

opil bat.

Mendeetan

zeuen etxetxoetan bizi izan zarete

eta orain

bizitzen hasi zarete

lasai ederrean zeuen etxe batzordeetan!

Urriak jo zuen

mendekuz,

zuzenzale.

Eta zuek

leku hartu duzue

haren sulumazko hegalpean

zeuen baxera paratu duzue.

Ezin da amarauna orraztu txarrantxa batekin.

Suntsi hadi, etxea,

xoko maitea!

Adio!

Zaborretara azken eskilara.

Zer laguntza eman lezake honetan familiak?

Oilasko maitasuna!

Oilalokaren maitasuñoa!

Ibilian ikusten dut

guztien begietan,

Kudriuskaia plazako dorreetan barrena

neure buruaren bila

natorrela

ni,

opariak besapean.

Bere gurutze masta guztien enbatan etzana

untziak lastrea botzen du.

Izan hadila madarikatua,

hutsaren arintasuna!

Urrunean

etxezko arkaitzen hortzak ageri dira.

Ez dago inor ez trabarik.

Hodeiak garretan dira

eta dena biluzik.

Leihoen ostean bakarrik

pinuen orratzak argi ematen dutela.

Zango artean,

lasterra etenik,

harresiak altxa zaizkit

leihoak lerro.

Beiretan

errainuak

tiroko panpinak bezala

itzuli egiten dira

barrurantz gomitatuz.

Ez du Neva begi bistatik kentzen,

izoztua.

Bertan gelditzen da

lagun diezaioten.

Iragaiten dut

azaltzen den lehen ataria.

Sarreran edangoitu batek azeria larrutzen zuen.

Kordea etorririk, barrura sartu da.

Eta bi minutuz

oihu batek betetzen du aretoa:

- Hartza,

hartza,

hartza,

hartz ba-a-a-a-t!...

Gero

galdera ikurra bezala makur

etxekojaunak begi baten erdia arriskatu du

- Arraioa!

Maiakovski!

Ederra hartza!

Eta koipe-adeikeriak ondoren:

- Mesedez!

Plazer baduzu!

Ez da ezer.

Alboka sartuko naiz.

- Ustegabeko poza, Blok-en hitzetan.

Nire emaztea - Fleka Davidovna.

Nire alaba

neurea

benetan, ezta?

hamazazpi udaberri t'erdi.

Eta gero...

Zuek elkar ezagutzen duzue noski!?

Xagu zuloetan gordeak ikaraz

ohepetik ateratzen dira amoranteak.

Gaitzeko mustaxarekin

- erratz egokiak lanparen beiretarako -

sortzen dira mahaipetik zurrutazaleak.

Armariopetik irakurleak, miresleak.

Baina beharrezkoa al da

aurpegirik gabeko desfile hau zehaztea?

Jarraigo zintzoan datoz.

Armiarma sareek

distira eragiten diete bizarrei.

Honek guztiak mendeak ditu,

beti berdin.

Jotzen ez bazaio

eguneroko bizimoduaren zamariak

ez du zirkin egiten.

Izpirituen eta lamina zaindarien ordez

aingeru goardakoa dago orain maizter

militar jantzian.

Baina hona ikaragarriena:

handian,

azalean,

jantzian,

neure ibilera bera!

Eta haietako baten

bizki ikusi dut

neure

burua.

Koltxoietarik, izaren purtzika harrotuz

tximitxek agur egiten dute, hankak tente.

Samovarrak distira egiten zuen, dena berotua

zu atzapar artean kalitzeko gogoak.

Euliz pikartatuak,

paretapapereko

koroatxoek

burua biltzen dizute.

Aingeru turutariek nota batzuk jo dituzte

ikonoz gorrituriko eztanda batean.

Jesusek agur

egiten du adeitsu

bere arantzezko koroa apur

bat jasoz.

Marxek ere,

lauki gorriminean sartua,

herrestan darama bere eguneroko

bizimoduaren bola.

Adar guztietan hasi dira txoriak kantari,

geranioak

untzietarik sudur zuloetara jaiki dira.

Ezarriak dauden bezala,

kokoriko,

badatoz argazkietarik amabitxi koipetsuak.

Mundu guztia ari zen agurka

aho batez hortz betez irribarre eginik,

esanez,

batek baxu ahotsarekin,

besteak mezakantari baten

faltsutuarekin:

- Eguberrion!

Eguberrion!

Eguberrion!

Eguberrion!

Egu-

berri-

on!

Etxekojaunak

aulki bat jaso

putz egin

zamauko papurrak erratzatuz.

- Baina nik ez nekien!...

Bestela atzo...

Uste nuen, ez dago libre...

Bere etxean...

Familiartean...

Nire familia?

Ba-a-a-i.

Mundua dira.

Ez lituzke erratzagaineko sorginak topatuko!

Familia,

Jenisseitik

eta Obetik etorria,

lau hankatan

desfilatzen.

Nire etxea?

Ateratzen dut

izotz burukia,

Nevan

boiatzen da

izotz bilakaturiko

etxea,

kaietarik

haraino...

Hitzak hautatzen nituen

noiz isilenak

noiz marruma ikaragarrienak

noiz lira tilinak.

Mozkinetik

sekulako loriaraino.

Otoitz

mehatxu

erregu

mitinean bezala hitz.

- Baina guztiontzat da...

zuentzat

ere...

«Misterio Barregarria» adibidez

ez da niretzat bakarrik!

Poeta eta gainerakoa...

Garrantzizkoa da noski guztiontzat...

Ez bakarrik niretzat

ez da noski otu zaidalako...

Zabar bada ere,

eman dezagun hartza naizela...

Bertsotan egiten ahal da...

Ongi larrutzen dira piztiak...

Aski da puntu bikoizketa bat

eta hona zamarra bat!...

Gero, sutondoan...

kafea...

pipatzea...

Ez da inolaz ere

hamar minutuko gauza.

Berehala egin behar da,

berandu baino lehen.

Bizkarrean jo adibidez

eta esan:

ukan esperantxa!...

Baina berehala...

eta benetan...

Irribarrez entzuten genion

koblakari ospetsuari

ogi mami bolatxoak firrilkatuz mahaian.

Hitzek punpa egiten zuten kopetetan,

aulkietan,

ilarrak iduri.

Baten bat hunkitu egin da,

ardoak beratuta:

- Itxaron...

itxaron...

Oso erraza ematen du.

Banoa!

Zain omen dago...

zubi batean...

Badakit...

Kuznietski zubiaren ondoan.

Utz nazazue!

Goazen!

Bazterretan

marmariza:

- Total egina zegok!

Aski intziriz!

Jan eta edan dezagun

jan eta edan

eta gero 66ra!

Pikutara teoria!

NEPa

praktika da.

Bete egiozu godaleta,

emaiozu xerra bat.

Futurista beraz?

Ekin!

Batere lotsarik gabe

matelezurka ari dira murtxikatzen.

Putzu

eztarriak;

zurrutartean

eztabaida poetikoen hitzak pindarka.

Gabon esan ondoren

tximitxak

koltxoietaratu egin dira.

Mendeen hautsa gauzetan etzan da.

Baina besteak han dirau

bazterrari lotua.

Zain,

ustez:

laster!

Eta ni beti buruka

eta ni beti berbaka

haginka egin nahirik egunerokeriari.

Berriro jotzen dut

zuzen eta zehar.

Harrigarria:

hitzek gainditu egiten naute.

Baxu ahotsa euli furundan itzali da.

Platerak isildu egin dira

haize burrusta bortitz batean.

Pareteko

papera

zurbil

zurbildua...

urgogor tonu grisetan itoa.

Paretetarik

hirirantz gainez eginik

Bocklinek

«Hildakoen Uhartea» bilakatu du Mosku.

Behiala bezala

baina batez ere

orain bezala.

Errazagorik ez dago!

Hona

txalupan

krobitxet batean bildua

batelaria geldirik.

Hala itsasoan

hala kanpañetan

isiltasunak soinurik mendreena itzaltzen du.

Itsasoen ostean

ezkiek

zerurantz jasotzen dute beren hil irudia.

Bost ajola.

Banoa!

Eta tanpez

ezkiek

jauzi

abia

zabu.

Ezkiak isiltasunaren izari bihurtu dira,

gauaren zaindari,

milizianoak.

Laurdenkatua,

Karonte zuriak

postetxeko zutabeak osatu ditu.

Ametsetan aizkora eskuan sartzen den bezala

kopeta lotiak jo

eta berehala

ihes egiteko

tresnaren gibela baino ez erakutsiz,

hala karriken danborrak

sartuko dira

nire ametsean

eta berehala oroituko naiz

hantxe dagoela neure tristura

eta zoko honen

ostean

dagoela

erruduna.

Ezkutatzen ditut leihoak ahurraz

karrika kantoitik

eta beiren xingola estutzen dut.

Leihoen kartajoku hutsa

dut bizitza.

Beira txar bat

eta galdua naiz.

Beltz batek

- liluren xikanatzailea -

leihoak markatu ditu lizunki

alaitasun zirrizta batez.

Beiren jokuak

izarniadura lorios batean

dirdir egiten du lizunki gauaren hankapean.

Inoiz bezala

hazi ahal banendi

eta leihoraino helgaldatu bertso batean.

Baina ez,

pareta hezearen orpoan gelditu behar.

Bertsoak

eta garaiak ez dira berdinak.

Harriak izotz.

Danbor dardara.

Eta erratzak bakan.

Zapatak kendu

eta eskilaratan abiatzen naiz

karkaxetan barrena.

Oinazea ezin zait isildu bihotzean,

lepokoak eta lepokoak osatuz.

Horrela

Raskolnikovek,

erahile,

atean jo du.

Gomitatua eskilaratan gora dator...

Mailak utzita

paretan josi naiz.

Saiatzen naiz harekin bat egiten

eta entzuten ditut

harien dindirkak.

Menturaz besterik gabe

asko pentsatzeke

instalatu da.

Gomitatuentzat bakarrik

jendetza handientzat.

Eta nire atzamarrek

beregisa utziak

etsipenaren mugan

dantza zoroa gidatzen dute,

nire malurari trufa eginik.

Eta gomitatu beleak?

Ate hegalak

ehun aldiz jo ditu korredorearen saihetsak.

Oihuka oihulari

orroaka orrogile

hordikerian mozkor datoz niregana.

Kopeteko

zimurra.

Ahots

ozta entzungarriak:

«Anuxka

arroxa eta goxoa!»

Gozokiak...

Labea...

Zamarra...

lepoan jartzen

lagundu...

One-steparen doinuak hitzak ito ditu

gero berriz hitzek gain hartzen diote

one-steparen doinuari.

«Zer ote da horrela alaitzen zaituena?

Posible ote da?»

Taldean...

Berriro argiaren printzak

esaldi bat izarniatzen du.

Ez ditut hitzak ulertzen

batez ere orain.

Hona hitzok

(ez gaiztoak, itxuraz):

«Bada bat zangoa hautsi duena,

eta orduan guk alaitu egin behar.

Dantza dezagun.»

Bai

ahotsa da.

Bere oihu ezagunak.

Ezagututa harri

zurtu naiz, mutu.

Oihuen arabera zatitzen ditut nire esaldiak.

Bai,

beraiek dira,

nitaz ari.

Purtzikatze bat.

Partitura bat kantatzen dute ahapeka nonbait.

«Zango bat diozu?

Barregarria da!»

Eta berriro

topek godaletak kliskatzen dituzte,

beiretako distirek masailak ixurtzen dituzte.

Eta berriro

ahots hordi bat:

«Zer interesgarria!

Orduan, diozunez, erdi bi egin da?»

«Barka ustea usteltzea,

diote ez dela erdi bi egin

hautsi besterik ez.»

Eta berriro

ate kolpea eta karranka,

eta berriro parketean herrestaturiko dantzak

eta berriro

pareteko stepek gori

belarrian dirrindatu eta hasperen dagite

two-steparekin.

Paretari atxikitzen natzaio.

Ez naiz neu.

Honda dezala eldarnioak nire bizi hau,

dena baina ez haren ahotsa,

haren ahots jasanezina!

Egunak eman dizkiot,

urteak eguneroko xuhurkeriari.

Eta ni ere ito egiten nintzen

eldarnio hartan.

Teilapeko keek bizitza marraskatu didate.

Deia:

erabaki ezak

solairuetarik

karriketara!

Ihes egiten nion leiho ahozabalduen deiari,

maitatuz ihes.

Beti berera

edo bertsoz bakarrik

edo gaueko pausoz bakarrik,

idatziaren idatziz

arimak letra lerrotu ñimiñoak bilakatzen dira,

bertsotan maitatzez

mutua naiz prosan.

Ezin dut, horra,

ez dakit besterik esaten.

Baina non, maitea,

non, laztana,

non

-neure kantuan!-

trahitu dut nik neure maitasuna?

Hemen

soinu bakoitza

aitorpen bat,

oihartzun bat da.

Nire kantuaren hitz bat bera ere

ez da baztergarri.

Baliatuko naiz xaramelaz

eta eskalaz.

Behakoa jomugari

buruz!

Eta neure bi zangoez harro

geldi! oihukatuko dut

hemen nauzue!

Esanen dut:

- Beha

hemen ere, laztana,

nire bertsoek

egunerokoaren izugarria

suntsituko dutenean,

zure izen maitea babesten dut

Erromes etorria naiz, hemen nauzu.

Zuk bestek ezin nau salbatu.

nire madarikazioek

ez zaituzte jotzen

zu.

Zatoz,

erantzun iezaiozu nire poemari.

Altxa!

Zatoz zubirantz!

Zezenak hiltegian bezala

makurtu dut burua

kolpeari eskaintzeko.

Eutsiko diot,

beherantz joanen naiz.

Segundu bat

eta banoa.

Azken segundu hau,

segundu hori

hasiera bilakatu da,

marruma sinestezin baten hasiera.

Ifar osoa marrumaka.

Ez ez hori dena.

Airearen dardaragatik

ikaragatik

uste dut

Liuban gainean dela.

Hotzagatik

atearen kolpeagatik

uste dut

Tver gainean dela.

Leihotzar guztiak zabaldu dituen

builagatik

uste dut

Klin-en izan dela.

Razumovskoe urpetu egin du enbatak.

Orain

Nikolas Geltokian da.

Putz handi bat bezala

denen gainean,

eta zangopean

mailak

mugitu egin dira,

jitoan doaz

Neva-ren bitsak eramanak.

Izua heldu da.

Berea zuen burua.

Zain sarea tinkatu du

marruma animaletu

lehertu egin da

bertan josi nau:

- Geldi!

Duela zazpi urtetik

duela seiehun verstatarik

etorria naiz agintzeko:

- Ez!

Etorria naiz manatzeko:

- Utz!

Utz!

Ez dut behar

ez hitzik

ez otoitzik.

Zertarako

balio du

zeuk bakarrik

garaitzeak?

Maitasunaz gabeturiko

mundu osoa ere

espero dut

munduko

giza samalda

guztia.

Badira zazpi urte hemen nagoela

beste berrehun egonen naiz,

bertan josia,

espero honetan.

Urteen zubigainean

mesprezatua

isekatua

giza maitasunaren berpizteko

egon beharra daukat

denentzat egon beharra

denentzat ordaindu beharra

denentzat negar egin beharra.

Two-steparen erdian paretak hirutan

zartatu dira

doinuak lehertu egin dira lau

ehun zatitan...

Hona ni hemen, zaharkiturik,

ezein Montmartren,

ehun milagarrenez

mahai batean

igaiten naiz.

Aspaldi du bezeroak aspertu zirela.

Aurrez dakite nik esan beharreko guztia

papereko musika bezala.

Dei eginen diet

(a zer berria!)

norabait abiatzeko,

inor salbatzera.

Alkohol demasa desenkusatzeko

patroiak abisu egiten dio jendeari:

- Errusiarra da!

Emakumeek

haragi eta soineko azau

barre egiten dute

zangotik

heltzen naute:

«Ez gara joanen

hiltzera

prostitutak gara!»

A, Sena balitz Neva!

Etorkizuneko urteen zurrupita bat iduri

Senaren lanbropean noa

orain orogandik atzerri.

Sazhenbeteko,

isekatua,

eritua,

makilatua,

ulu dagit bulebarretan

militarren kaskoen gainetik:

- Bandera gorriaren atzean!

Abia!

Egunerokeriari buruz!

Gizakien zerebroan barrena!

Emakumeen bihotzean barrena!

Egun

haserre berezi batez

bota naute.

Eta gero zer beroa!

Burua

busti behar dut.

Joanen naiz,

noranahi noala joan eginen naiz.

Behean udaltzainak beren xaramelak fistuka.

Zaborketariek

espaloitik

jasotzen dute

neure gorputza.

Egunsentia.

Senaren estalpean jaiki naiz,

errainu gris, zinematografikoa.

Horra

nola ikusten nituen nik

neure eskola aulkitik

Frantziako irudiak ondotik iragaiten.

Azken gomuta xirripa batean

arrastaka nator

Ekialdeko herrietarik despeditzera.

Abiatzen naiz

hegaldi bat hartzeko

baina

josia gelditzen naiz.

Galtzetarik lotuak gelditu dira

nire pildamuak.

Haztatzen dut:

leuna

tipula bezala.

Handia oso.

Dena urre.

Tipulapean

ezkilen marrua.

Ilunabarrak harresi hortzadunak ehotzen zituen.

Ivan Handiaren

kanpandorrean nago.

Kremlimeko dorreek ezpatak dirudite.

Ozta ikusten ahal dira

Moskuko leihoak.

Alaitasuna.

Dena pinuz eguberritua.

Bufada batek jotzen zituen

Kremlimeko desfileak:

noiz kantu bat

noiz Eguberriko dindirren uhina.

Zazpi muinoetarik behera

Darial barrena amilduz

Moskuk festa

jaurtitzen zuen

Terek ibaiak bezala.

Laztu zitzaidan ilea.

Igel ahaleginak egin nituen.

Beldur naiz:

hatz bat atzera eginez gero,

Eguberritako

higuin

zahar honek

berriro bidaliko nau

Miastnitskaia karrikan barrena.

Besoak gurutze,

gurutze

goian

neure oreka behar dut

zeinuka egiten dut.

Gaua loditu da,

ez dut bi metrotara ikusten.

Ilargia.

Neure oinetan,

Matxuk mendia izoztua.

Zaila dago oreka.

Saratsaren Igandetik itzuliko banintz bezala

baina kartoizko besoekin.

Beha iezadazue,

hemendik ikusgarria naiz guztiz.

Hara,

Kaukasoa dena Pinkertonez irakiten.

Ikusi naute.

Dagiegun kaixo guztiei.

Eta unibertso osotik

maiteak

adiskideak

giza xingola luze batean biltzen zaizkit.

Presa dute kontuak kitatzeko

duelariek bezala.

Laztuak,

karraska,

badatoz oraino...

Tu egiten dute ahurretan.

Beren ahur bustiez

besoez

haizeak bezala

kupidarik gabe

ezin konta ahala

zafladek atepeko espartina

bilakatu didate masaila.

Hiribideek

eskunarru denda sortak

eta emakumeek

beren ezti lurrinak zabalduz

eskunarruak kentzen dituzte

neuri botzeko aurpegira,

eskunarru tegiak burura oldartzen zaizkit.

Egunkariak,

aldizkariak,

ez geldi hor beha!

Zatozte muturrera datozkidan gauzen laguntzera.

Gora ezazue laidoa

zeuen orrialde handietan.

Hel diezaiotela belarritik txutxumutxuek!

Egin haginka, iraina!

Baina ni ez naiz maitasunez eritu bat besterik.

Utz itzazue pegarrak zeuen ur zikinetarako.

Nik ez dizuet minik ematen.

Zergatik irain horiek!

ni ez naiz bertsoa,

arima besterik.

Eta behetik:

- Ez!

Zu gure betidaniko etsaia zara.

Izan dugu horrelakorik lehenago,

husar bat!

Sutauts usaina,

pistola baten beruna.

Zabal atorra!

Koldarkeriarik ez!

Erauntsia baino estuago,

trumoia baino erneago,

bekainez bekain,

ongi lerroturik,

fusil guztietarik,

bateria guztietarik,

browning eta mauser bakoitzetik,

ehun pausora,

hamarrera,

bira,

bertarik bertara,

elkarren ondozka tiroak.

Gelditzen dira arnas hartzeko

eta berriro tustatzen dute beruna.

Amai ezazue!

Jo bihotzean!

Ikara bat ere ez!

Azken finean

fina da azkena.

Ikararen azkena ere.

Sarraskia amaitu da.

Poza irakin batean.

Detaileak gogoratuz

pauso txipian urruntzen dira.

Kremlimen bakarrik

poetaren pildamuak

haizean distira bandera gorri eginik.

Eta zerua

lehen bezala

lirikotasunez izarniatzen da.

Zeruko izarreriak harrituta

behatzen du.

Hartz Handia berbalbokari hasi da.

Zertarako?

Poeten erregina izenda dezaten?

Handia,

eraman nazazu Ararat-mendeetan barrena

zopernako zeruan zehar

godalet-arkan!

Barruan,

hegalari siderala,

hartzaren anaia,

sortzearen marruan ulukatzen ditut

nire bertsoak.

Arin!

Arin!

Arin!

Espazioan gora!

Zuzen!

Eguzkiak mendiak argitzen ditu.

Egunek irri kaitik.

 

© Vladimir Maiakovski
© itzulpenarena: Koldo Izagirre


susa-literatura.com