ZERTAZ? - HONETAZ?
Mila eta milaka ahotsek kantatutako
gai
pertsonal
etxeko honetaz
itzulika ibili naiz, urtxintxa poetikoa,
eta berriro itzuli nahi dut.
Gai hau
orain
otoitza da Buda-renean,
bere jabeen aurka zorrozten du beltzaren aiztoa.
Marten
bihoztunik balego,
bera ere
orain bertan
karraska ari da
honegatik.
Gai honek
galtzarbetik hartu
eta agintzen dio mainguari:
- Idatz ezak!
Eta elbarriak
papera utzi
eta orru egiten du,
baina kantu baten hariak eguzkitan dirdai.
Badator gai hau
jotzen du sukaldeko atean
jiratzen da
desegiten da ontto baten txapela bezala
eta erraldoiak
gogor egiten du segundu batean,
gero suntsitu
eta ihes egiten du
gutunen zirriborropean.
Badator gaia,
eta agintzen du:
- Egia!
Badator gai hau,
eta agintzen du:
- Ederra!
Eta
eskuak gurutzean josiak izanda ere
bals bat xuxurlatuko zenuke handik.
Gai honek alfabeta jotzen badu
ez dago liburu errazagorik!
A
Kazbek mendia baino pikoagoa
bilakatzen da.
Zoratu egiten du
ogia eta loa galarazten dizkizu.
Badator gai hau,
ahitezina,
eta dio:
- Niri baino ez beha!
behatzen diozu
eta badoa, banderadun,
zeta gorriko su bat lurrean zabalduz.
Gai maltzurra da!
Gertakarien hondoetara egiten du murgil
instintoen zokondoetarik jauzi egiteko prest
eta haserre
- ahantz ezazu! -
arimak
astindu eta bere larrutik ateratzen ditu.
Gai honek harrapatu egin nau bere suminduran,
aginduz:
- Niretzat
egunen bridak!
Imintzioz ikuskatu du egunkaria
eta ekaitz batean sakabanatu ditu
aferak eta jendeak.
Gai hau sortu da
beste guztiak ezabatuz
eta bakarrik
ondoan gelditu zait partaiderik gabe.
Gai honek labana eztarrian paratzen dit.
Mailuketa hau!
Bihotzetik bururaino.
Gai honek eguna ilundu eta agindu du
ito ilunpe horiek bertsoen kopetaz,
jo danborrak bezala.
Gai
honen
izena
.........!