Hezea, milikatu izan balute bezala,
jendetza.
Lizuna dario aire minduari.
E!
Errusia,
ezin al liteke
ezer berririk eman?
Santua da zuek guztiok behin bederenik
begiak itxian bada ere
ahanztea lortzen duena,
samarra bat bezain alferrikakoak
eta Narzan
bezain zuhurrak.
Zuek guztiak hain aspergarriak zarete
mundu osoan Capri-rik ez balego bezala.
Eta Capri bai, bada.
Lilien ederrean
uharte osoa da arroxa koloreko kapusaia
daraman anderea.
Brida laxoan eramanen ditugu trenak
itsasbazterretara,
eta itsasbazterra ahantziko dugu,
gorputzak untzietan kulunka.
Dozenaka Amerika aurkituko ditugu.
Munduburu ezezagunetan laztanduko dugu atsedena.
Beha zeinen zaulia zaren zu,
eta ni-
beha zeinen zakarra nire eskua.
Menturaz torneoetan
menturaz borroketan
ezpatari trebeena izanen nintzateke ni.
Zeinen pozgarria den ikustea, kolpe on bat emanda,
nola ahultzen diren zangoak.
Eta orain hara, bere arbasoetara,
igorri du etsaia ezpataren zuhurrak.
Eta gero, urre geletako argitan,
loaren ohitura ahantzirik
gau osoa ematea
begiak
patar begihorian murgiltzen.
Eta noizbait, trikua bezala laztuz
goizaldeko erresakan
maitale traidoreari mehatxu egitea
hil eginen duzula eta gorpua itsasora bota.
Erauz dezagun zentzugabekeria
jaketarik eta eskumuturretarik,
oskolaren gisan margo ditzagun txalekoak,
oker dezagun mahaiko labanaren giderra,
izan gaitezen guztiok egun bat bederen
espainiarren antzekoak.
Guztiak, beren iparraldeko zentzua utzirik,
maita, borroka, kezka daitezen.
E!
Gizon,
gomita ezazu lurra bera
bals batera!
Bizkortuta eho ezazu berriro zerua,
asma itzazu izar berriak eta para,
zerendako ere, teilatuak etengabe arramazkatuz,
zeruraino hel daitezen artisten arimak.
© Vladimir Maiakovski