HITZAURREA
Zuen gogoa,
zerebro belakatuen ametsa,
morroi gizendua,
ohatze krakosoetara ohitua,
dizuet minduko
dizuet kitzikatuko
nire bihotzaren zapi odolduaz
isekatzez ok egiteraino ausart eta garratz.
Ez dut ile urdin bat bera ere ariman
ez xamurtasun senilik nire adinean.
Ahots honen ederrak mundua gortzen duela
banator, eder eta harro,
neure hogeitabigarrenean.
Zuek minberok!
Bioloien gainean eratzaten duzue maitasuna.
Zabarrek tinbalen gainean eratzaten dute.
Baina zuek ezin duzue, nik bezala,
barnez kanpora egin ezpain huts izateraino!
Zatoz ikastera,
aingeruen elkarteko funtzionari zintzo hori,
zeure batista berria jantzirik.
Eta zu, ezpainei lasai eragiten diezuna
sukaldari batek errezeta liburuko orriei bezala.
Nahi baduzue
haragi hutsa izanen naiz,
edo bestela, eguraldia bezain aldakor,
nahi baduzue
ezin xamurragoa izanen naiz:
gizonezkoa ez baina hodei prakadun bat!
Nik ez dut sinesten Niza lilitsurik dagoenik.
Nik, loriatuko ditut orain eta beti
ospitaleko oheak beste akituriko gizonak
eta errefrau bat adina erabilitako andrak.
-1-
Malariaren eldarnioak, uste duzue?
Gertatua da
benetan, Odesan.
«Lauretan itzuliko naiz» esan zuen Mariak.
Zortziak.
Bederatziak.
Hamarrak.
Eta hona non arratsaldeak,
geldo,
abendukor,
leihoak utzi dituen
gauaren izuan murgiltzeko.
Nire bizkar makurraren atzean irri eta irrintzi
kandelek.
Nork ezagutu ni orduan:
intziri eta imintzioka dabilen
gihar meta
erraldoia.
Zer nahi ote du halako meta batek?
Baina meta horrek gauza asko nahi duela!
Honentzat ez baita garrantzizkoa
brontzezkoa izatea,
burdina hotza izatea bihotza.
Gauez altzoren batean
gorde nahi luke
kanpai hotsa,
emezale.
Eta hona ni hemen
erraldoi
bitan tolestua leihoan,
beira kopetarekin gorituz.
Helduko ote da maitasuna?
Eta nolako maitasuna
handia ala ñimiñoa?
Nola izanen da handia halako gorputz batean?
Txipia izanen da dudarik gabe,
manukorra, maitasuño bat.
Autoen klaxonek jauzi eragiten diote.
Zoratu egiten du zaldi-tranbiaren txirrinak.
Eta orain berriro
aurpegia emanik
euriaren musu baztangatuan,
zain nago
hiriaren marruma harroak zipriztindua.
Eta gauerdiak, lepogile,
labana eskuan,
harrapatu
egin nau.
Hamabigarren ordua erori da
kondenatuaren buru zintzurtua bezala.
Beiretan, euriaren tanta grisek
aho batez egiten dute oihu
keinuak pilatuz
Pariseko Notre Dameko kimerak
zaunka ari balira bezala.
Madarikatua!
Beraz, ez duzu aski oraino?
Oihuek ahoa urratu behar didate.
Adi jarri naiz:
isilik,
eria ohetik bezala,
zain bat saltatu da.
Eta hona non
lehenik pauso bat eman duen
poliki oso,
gero lasterkan abiatu da,
urduri,
latz.
Orain beste bi bildu zaizkio
kalaska bizian doaz.
Beheko solairuan sabaia lehertu da.
Zainak
handi
txipi
hamaika!
trostan doaz haserre
eta bertatiko batean
zangoak moztuak dituzte!
Eta gauak gainez egiten du gelan
eta begi dorpetuak ezin du besterik.
Ateek zapart egin dute
hotela
hortz-karraska ari balitz bezala.
Sartu zara
«To!» bat bezain zakar.
Eta zure eskunarruen orkatza lazturatuz
esan duzu:
«Badakizu
ezkondu egiten naiz»
Ederto, ezkon zaitez.
Hainbat okerrago.
Jakinen dut gainditzen.
Beha zeinen lasai nagoen!
Hildako baten
pultsua dut.
Oroit zaitez!
Esaten zenuen:
«Jack London,
dirua,
maitasuna,
pasioa».
Nik, gauza bat besterik ez nuen ikusten:
Gioconda bat zinen zu
lapurtu beharrekoa!
Eta lapurtu egin zaituzte.
Berriro maitemindurik lehian sartuko naiz
bekaineko uztaia garrez argiturik.
Eta zer!
Erre egin den etxean ere,
alderraiak bizi izan dira inoiz!
Trufatzen zara?
«Zuk gutiago daukazu zorotasun harribitxitan
eskaleak sosetan baino»
Oroit zaitez
Pompeia suntsitua izan zen
Vesubio okitu zenean.
E!
Jaunok!
Sakrilejio
krimen
eta sarraski zaleok!
Ikusi al duzue
izan litekeen gauzarik izugarriena:
nire aurpegi hau
guztiz
lasai
nagoenean?
Eta nabari dut
«ni»
txipiegia dela niretzako.
Norbaitek ihes egin nahi du zoro nigandik.
Bai esan?
Nor da?
Ama?
Ama!
Zure semea ederki gaixorik dago!
Ama!
Bihotzeko su bat du.
Esaiezu arrebei, Liuda eta Oliari,
ez dakiela nora jo.
Hitz bakoitzak,
aho erraustu horretatik bokerrean botzen duen
zozokeriarik arinenak ere
prostituta biluzi batek
putetxe sututik bezala egiten dio ihes.
Jendea usnaka dabil
errautsa aditzen du!
Eta datozen horiek!
Zelako distira!
Kaskodunak!
- Ez, ez botatzar horiekin!
Esaiezue suhiltzaileei:
bihotz sutuan laztanez bakarrik sartzen ahal da.
Nik neuk.
Begiak bete malkoetarik kanpora eginen dut.
Utz iezadazue indar egiten.
Kanpora! Kanpora! Kanpora! Kanpora!
Dena suntsitu da.
Ezin duk jauzi egin bihotzetik!
Aurpegi kiskalian
ezpainen zaurian
musu erraustu batek egin nahi izan du ihes.
Ama!
Ezin dut kantatu:
bihotzaren kaperan su hartu du atrilak.
Hitz eta zenbakien errainu beztuak
irteten dira burutik
haurrek ihes egiten duten bezala
etxe sutu batetik.
Izu berak
jaso zituen
zeruari heldu nahirik
Lusitaniako besoak garretan.
Sutondo goxoko
jende ikaratiengana iritsi nahi du
oskorri ehunbegiak kaitik.
Azken marru neurea,
hik behintzat
zula itzak mendeak sutan nagoela.
-2-
Loria nazazue!
Ez naiz handien pareko.
Baina orain artean sorturiko guztiari
nire «nihil»a ezartzen diot.
Ez naiz inoiz
irakurzalea izan.
Liburuak?
Zer, liburuak!
Inoiz uste izan nuen
liburuak honela egiten zirela:
bazetorren poeta,
ahoa ahozabaldu
eta bapateko, etorri handiko zozo,
kantari hasten zen.
Eta kito!
Benetan,
kantua datorkizun baino lehen
luze ibili behar da, zangoak joan-jinetan egosi,
bihotzaren istilan xapalaka ari zaizula
irudimenaren sardinzahar inozoa.
Irakiten jartzen den bitartean,
puntuari kirrinkaraziz
halako amodio eta erresinola saltsa bat,
karrika uzkurtu egiten da, mihinik ezaz:
ez du zerekin oihukatu zerekin hitz egin.
Berriro jasotzen ditugu harro
gure hirien Babel dorre tenteak,
baina jainkoak
sakabanatu egiten ditu herriak kanpañetan
hizkuntzak nahasiz.
Karrikak isilik pairatzen du bere mindura.
Oihu bat, zutunik eztarrian.
Taxi basituak eta kalesa hezurtsuak
hartzitu egiten dira, eztarrian trebes baztertuak.
Hiriaren bularra osoro oinkatzen dute,
tisia baino lauago.
Hiriak bidea trabatu du ilunpeaz.
Eta,
hala ere,
jendetza plazan tustatu duenean
eztarria larritzen zion elizataria goitiko boteaz
pentsatzen ahal zen
goiaingeruen koruak lagundua,
jainkoak, ebatsia, mendeku hartzen zuela!
Baina karrika kokoriko jarri da eta oihu egin du:
«Bazkaritara!»
Krupptarrek, handiek eta txipiek,
bekozko mehatxugile bat marrazten dute
hiriaren mozorroan
eta ahoan
hitz hilen gorpuñoak usteltzen dira;
bi besterik ez dira bizi eta hazi:
«putakumea»
eta bestea,
uste dut, «babarrunak».
Negarrek eta hasperenek beratuak
poetek ihes egiten diote karrikari ileak laztuta:
«Nola kanta ote liteke bi hitz hauekin
neskatoa,
maitasuna,
eta ihinzpeko lilia?»
Eta poeten atzean
hona hemen karrikako jendea milaka,
ikasleak,
prostitutak,
ugazabak.
Jaunok!
Geldi hemen!
Zuek ez zarete alprojak
ez daukazue, beraz, zer eskean ibili.
Guk, kementsuok,
sazhen biko pausohandiok,
ez ditugu entzun behar, txikitu baizik,
zera horiek,
biko ohe guztietan atxikitako
kapar zurrupari horiek!
«Lagun iezaguzue!»
Edo bestela himno bat
edo oratorio eder bat erregutu!
Geu gara himno kartsuena sortu dugunak:
lantegien eta bulegoen durundioa.
Zertarako behar dut nik Faust
sorginkeriazko pindarretan
Mefistorekin lerraka zeruko parketean!
Ikasia naiz
nire zapaten iltze bakar bat
Goetheren irudimen guztia baino mingarriagoa dela.
Nik,
ezpain urrezko honek,
izpiritua berritu
eta gorputza bataiatu
egiten duen berbajabe honek,
nik, diotsuet:
bizi-errauts mentsenak ere
egin eta egiten ahal dudan guztiak baino
balio handiagoa du.
Entzun
egungo Zaratustraren sermoia
ikaran auhenka
bere orru ezpainekin!
Gu,
gaizki itzarritako izara aurpegidunok,
ezpainak dilindan kinkenio bat bezala
urreak eta lohiak izurritea zauriz estaltzen duten
legendegi-hiriko galerianook,
gu
itsasoek eta eguzkiek batera bainatzen duten
Veneziako argitasun guztia baino garbiagoak gara.
Zer ajola zait
Homero eta Ovidi baitan
ez bada ageri gure antzekorik,
kedarrak bikorreztaturik!
Badakit eguzkia zurbildu eginen litzatekeela
gure bihotzeko urre pipitak ikusiko balitu.
Zainak eta giharrak otoitzak baino azkarragoak dira.
Guri ote dagokigu bada denbora honi otoi egitea?
Guk,
gutako bakoitzak,
geure bostekoan dauzkagu
munduaren transmisio hedeak!
Horra zergatik igan nintzen
Peterburg, Mosku, Odesa eta Kieveko
anfiteatroen Golgotara.
Eta ez zen egon
oihu egin ez zuenik:
«Gurutzefika,
gurutzefika ezazue!»
Baina niretzako,
zuek, jendea,
baita iraindu egin nauzuenok ere,
ezer baino maiteagoak eta hurkoagoak zatzaizkidate.
Ikusi duzue
nola milikatzen duen zakurrak jo egiten dion eskua?
Nik,
egungo gizakiek iraindua
ipuin luze
eta gordin bat bezala,
ikusten dut denboraren mendien gainetik datorrena
eta inork ikusten ez duena.
Gizakien behako laburregia iristen ez den hartan,
samalda gosetuen gidari,
iraultzaren arantzek koroatua,
badator
mila bederatziehun eta hamazazpigarren urtea.
Eta ni haren profeta naiz zuen artean
oinazea dagoen lekuan nago,
malko uhin tanta bakoitzean
gurutzefikatu naiz.
Ezin da jadanik ezer barkatu.
Kauterizatu ditut xamurtasuna hazitzen zuten arimak.
Eta gogorragoa da
milaka mila Bastille hartzea baino!
Eta
bere etorrera gaztigatzen duelarik
matxinaden zalapartan,
salbatzailearen aitzinera joanen zarete,
eta zuentzat, nik
arima erauziko dut
oinkatu eginen dut handiago egiteko,
eta, odoletan, banderatzat emanen dizuet.
-3-
Eta zergatik?
Nondik datoz
argitasun alai honen aitzinean
jasotako ukabil zikin horiek?
Badator
zoroetxeen ideia.
Etsipenaren gortinak bota zenizkidan burura.
Eta
korazatu baten naufragioan
itolarriari ihes egiten zaion bezala
eskotila irekien
begi zabalduan barrena,
halaxe sortu da Burliuk
eldarnio batean
bere begi
karraxiraino urratutik.
Odoldu ere egiten dituen betazal malkotsuetarik
sortu da
eta zutiturik,
badator
halako gizon puskari sinestezineko eztitasunez,
eta dio:
«Zoragarria!»
Zoragarria da
arima atorra hori batean bildua eramatea
behakoetarik begiratzeko!
Zoragarria da,
urkabearen haginetan zaudela,
oihu egitea
«Har ezazue Van Guten kakaua!»
Bengalen garrez
itsutzen gaituen segundu hau
nik ez nuke aldatuko munduko ezerengatik,
ez, ezta...
Baina zigarroen kean
Severianinen aurpegi trenpatua
likorerako godaleta bezala luzatu da.
Nolaz ausartzen zara zeure burua poeta egiten
eta galeper motel baten antzera kalakari hasten?
Egun
eskuburdina batekin
hautsi behar da munduaren burezurra.
Zuek
ideia bat baino ez duzuenok estetikatzat
«Ongi egiten ote dut dantzan?»
ikustazue nola jolasten naizen
ni, plazako makro
eta kartazale hau.
Zuengandik urrun,
maitale belaxkak,
mendeak
malkoz ito behar duzuenongandik
urrun joanen naiz
eguzkia monokulo gisa begi erditxian paratua.
Sinestezineko apain
joanen naiz mundu korri
liluratuz eta zoratuz
eta aitzinetik
katean lotua gonatxakur eramanen dut
lepotik Napoleon.
Lur guztia etzanen zait emakume bat bezala
mamiak ikaran emateko egarriz,
gauza guztiak bizituko dira
eta bere ezpainek
xuxurlatuko dute:
«Harroputza, harroputza, harroputza!»
Bapatean
hodeiek
eta laino guztiek
zurrunbilo bortitz bat sortu dute zeruan
langile zuriak sakabanatuko balira bezala
greba basati bat deiturik zeruaren kontra.
Trumoi zakar batek jo du hodeiaren gibelean
bere sudur erraldoiak zintzatu ditu,
eta une batean zeruaren muturra okertu egin da
burdinazko Bismarck baten zeinu gogorrarekin.
Eta norbaitek,
hodei loturetan zabu eginik
kafetegi baterantz luzatu ditu besoak
itxuraz eme,
xamur oso,
baina baita kanoi bat sutzen den bezala ere.
Uste duzue
eguzkia dela, xamurtasunez,
kafetegiaren masaila laztantzen duena?
Ez, Galiffet jenerala da ostera,
matxinoak fusilatzera etorria.
Zuek, alderraiok, atera itzazue eskuak sakeletarik,
har harri bat, bonba bat, labana bat,
eta eskurik ez duenak
ekin diezaiola buruka!
Zatozte gosetuok,
izerdituok,
morroituok,
kukusoek eta zikinak lizunduok!
Zatozte!
Astelehenak eta astearteak
odolez jai margotuko ditugu!
Gure labanen pean
lurrak ez ditzala ahantz
zapaldu nahi izan dituenak!
Rotschildek gozaturiko
amorantea bezalako
lur gizen horrek!
Has dadila banderen olorrua tiroketaren sukarrean,
eta festa izena merezi duten festetan
egin ohi denez
urka itzazue, argi enborrok,
hesteak agerian eta odoletan, merkatarien gorputzak.
Biraoka,
otoizka,
labanka,
beti gorago
inori saihetsean
haginka egiteko.
Zeruan, Marseillaise bezain gorri,
ilunabarrak dardar batean hil behar zuen.
Zorakeria hutsa!
Ez da ezer gertatuko.
Gaua etorriko da
eta ahamen batean
irentsiko du dena.
Ikustazue,
zeruak Judasena egiten du berriro,
traizioak zipriztinduriko eskubete izar.
Gautu du.
Mamai Kanek bezala ospatzen du,
ipurdia hiriaren gainean jarria.
Gure begiok ez dute inoiz zulatuko
Azef traidorea baino beltzagoko gau hau.
Laztua, taberna zokondoetan kukutua,
ardoz ihintzatzen ditut arima eta zamaua
eta ikusten ditut
begi borobil bi bazterrean,
nire bihotzean amabirjinak landatu dituen begiak.
Zertarako opa koroa arrunt eta margotu hori
ostatuko mozkor buila honi!
Ez duzu ikusten berriro ere
Barrabas nahiago dutela
Golgotan laidoztua baino?
Menturaz hala behar eta,
nire aurpegi honek ez du ezer berezirik
gizakorta honetan.
Benetan,
neu nauzu menturaz
zure haurretan
ederrena.
Emaiezu
alaitasunean eta denboraren heriotza arinean
lizuntzen direnoi
hazi behar duten haurrak
lehen bait lehen datozela
mutikoak aita
eta neskatoak haurdun.
Eta egizu jaio berriok haz daitezen
aztien jakinduriaz ileurdin,
eta etorriko zaizkizu
haurrak bataiatzera
nire bertsoen izenean.
Ni, mekanika eta Ingalaterra laudatzen ditudan hau,
zer naiz bada
hamahirugarren apostolua besterik
ebanjeliorik arruntenean.
Eta nire ahotsak
orru egiten duenean zakar
orduz ordu
egun osoan
menturaz Jesukristok
adituko du
nire arimako oroibelarren usaina.
-4-
Maria! Maria! Maria!
Ireki, Maria!
Aski dut karrikez!
Ez duzu nahi?
Itxaron behar al duzu
nire masailok zulotan zimeldu arte?
Denek dastatua,
moteldua,
itzuliko naiz
eta hortzik gabeko murmurio batean esanen dizut
egun ni
«guztiz ondratu natorrela».
Maria,
beha ezazu,
konkortzen hasia nago.
Karriketan
jendeak bere lau solairutako masailen gantza
zilokatzen du
berrogei urtetako ibiliak higaturiko
begitxoak ateratzeko,
eta barre egiten dute
berriro ere hortz artean daramadalako
-berriro!-
atzoko laztan baten papurra.
Euriak malkoztatu ditu espaloiak
putzuek larrituriko lapur batek bezala,
blai, milikatzen du
pabeek hildako karriken gorpua,
eta betile urdinen gainetik
-bai!
izotz-kandelen betile urdinen gainetik
negarra darie begiei
-bai!
ur-hodien begi apalei.
Oinezko guztiak xurgatu ditu euriaren muturrak,
hainbat atleta lodi erakusten dituzten kotxeetan
jendeak zapart egin behar du
janariz lehertuta
eta zirrikituetarik koipea ixurtzen da
autoetarik ibaika datoz olarruan
ogi milikatua
eta almondrogilo hondakin lizun bat.
Maria!
Nola sarrarazi
gantzaz zipozturiko belarri horietan
hitz gozo bat?
Txoria
kantutik bizi da
kantari
goseak eta ozen,
baina ni gizaki bat baino ez naiz, Maria,
besterik ez,
Presnaia auzoaren esku zikinetan
gau tisiko batek tustatua.
Maria, ikusi duzu nola nagoen?
Utz iezadazu sartzen, Maria!
Atzamar gogortuotan itoko dut
txirrinaren burdinazko eztarria.
Maria!
Karrikako piztia haserretu da.
Lepoa urratu du atzamarren estutuak.
Ireki!
Min dut!
Beha itzazu damen kapelu-orratzak
begietan landatuak!
Ireki egin du!
Laztana!
Ez beldur izan
nire zezen lepoari
sabelak izerditan milaka emazteren mendi bat
atxikitzen bazaio
bizitzan barrena herrestan baitaramat
milaka maitasun garbi
eta milaka mila maitasuño zikin.
Ez beldur izan
berriro ere
traizioaren zeru estaliaren pean
milaka aurpegi politengana hurbil nadin,
«Maiakovskiren maitaleengana».
Tzarina dinastia bat duzu
bihotz zoro honen gailurrera abiatua.
-Maria, zatoz!
Ez lotsarik izan biluzik
edo beldurrak ikaratu
emaidazu zure ezpainen ihartu gabeko xamurra:
Bihotza eta biok ez gara inoiz maiatzera heldu,
eta bizitako bizitzan
ehungarrenez nago apirilean.
Maria!
Poetak sonetotan laudatu zuen Tatiana
baina ni
haragi hutsa naiz
dena gizakor;
zure gorputza dut eskatzen,
kristauek eskatzen duten bezala
«emaiguzu gaur
egun honetako ogia»
Maria, emaidazu!
Maria!
Beldur naiz zure izena ez ote dudan ahantziko
poeta beldur den bezala
logalduen lazturan sortutako hitza
jainkoaren pare ederrez
ahantziko duen!
Zure gorputza
zaindu eta maitatuko dut
gerrak etxeratutako
gudari
elbarriak,
inor gabe,
bere zango bakarra zaintzen duen bezala.
Maria!
Ez duzu nahi?
Ez duzu nahi!
Ba!
Berriro ere
burumakur eta ilun
bihotza hartu
malkoz garbitu
eta eraman eginen dut
zakurrak
daraman
bezala
trenak txikitu dion zangoa.
Nire bihotzaren odolak bidea alaituko du,
hautsetan liliak utziko ditu.
Eta milaka bider dantzatuko da eguzkia
munduaren gerrian
Salome bezala
Bataiatzailearen buru inguruan.
Eta nire urteen zenbatekoa
azkeneraino dantzaturik,
milioika odol tantak markatuko dute
nire aztarrena
aitaren etxeraino.
Orduan jalgiko naiz
zikindua (ezpondetan lo egitez),
ukondoz ukondo jarri
eta makurtuko natzaio
belarrira esateko:
- Entzun, jainko jauna!
Nola ez zara aspertzen
zure begi nekatuak egunero bainatu beharrez
hodeizko izotz honetan?
Eginen bagenu
zanbulu bat
ongiaren eta makurraren zuhaitzean!
Omniegole, grial guztietan egonen zara,
eta halako ardoak paratuko ditugu mahaian,
non Pedro apostulu mukerrari ere
ki-ka-pu dantzan hasteko gogoa etorriko zaion.
Ebatxo mordo bat eramanen dugu berriz Paradisura:
agindu,
eta gaur bertan
neskatorik ederrenak
bilduko dizkizut bulebarretan.
Nahi duzu?
Ez duzu nahi?
Ezezkoa egiten duzu buru kirru horrekin?
Bekozko jartzen dituzu zure bekain urdindu horiek?
Zuk uste duzu
atzean duzun hegaldun horrek
badakiela ezer
maitasunaz?
Ni ere aingerua nauzu, izana nauzu.
Lehen azukrezko axuri bat ematen nuen,
baina orain ez diet behorrei opa nahi
Sevreseko oinazetan landuriko ontzirik.
Guztiahalduna, beso biok asmatu dituzu zuk,
bakoitzak bere burua ukan dezan
egin duzu zuk,
zergatik ez duzu asmatu
musuka ahal izan dadin oinazerik gabe
musuka, musuka santa sekulan?
Uste nuen
jainko handi bat zinela zu guztiahalduna,
baina arlote hutsa zara, jainkotxo ezdeus bat.
Beha, makurtzen naiz,
botaren zangarretik hartzeko
nire zapatari eztena.
Arlote hegalandiok!
Zoazte paradisuan kukutzera!
Aztoramendu izu batean laztuko zaizkizue lumak!
Intzentzu usaina darizun hori,
erdi bi eginen zaitut hemendik Alaskaraino!
Utz nazazue!
Ez nauzue lotuko!
Eldarnio batean egon
ala zentzu osoan,
ezin dut lasai gelditu.
Beha ezazue!
Berriro zintzurtu dituzte izarrak,
sarraskiak berriro odoldu du zerua!
E, hi!
Zeru hori!
Kentzak zapela!
Neu nauk!
Isiltasuna.
Unibertsoa lo dago.
Hankagainean jarri du
belarri handi bat izarren kaparrez irakiten.
© Vladimir Maiakovski