Praka beltzak josiko ditut

neure ahotsaren belusaz.

Atorra hori bat hiru besokada ilunabarrez.

Eta Nevski munduko hiribide harleunduan

Don Juan harro baten urratsean paseatuko naiz.

 

Dagiela intziri lurrak, nabarmenemeki:

«Udaberri berdetuak bortxatu nahi dituk!»

Hortzak ageri lotsagabe botako diot zakar eguzkiari:

«Makadama leunean gaindi

ozen hitzegitea diat atsegin!»

 

Ez zerua urdina delako

Ez lurra dudalako amorante garbi eta polita festa honetan

ematen dizkizuet nire bertso

politxinela bezain barregarriak

baina hortzetarako txotxak

bezain zorrotzak eta beharrezkoak.

 

Eta zuek, nire haragia maite duzuen emakumeok,

eta zuk, neba bezala ikusten nauzun neskato horrek,

zuzen iezazkiozue zeuen gezirriak poetari, neuri,

liliak bezalaxe josiko ditut harroputz atorran.

 

© Vladimir Maiakovski
© itzulpenarena: Koldo Izagirre


susa-literatura.com