3
Hoteleko bigarren solairuan ate bihurtu zuten leiho bat. Mandatari-buruak tapiz gorrizko pasabide freskoan barrena eraman zuen Easy, duela gutxi arte leiho izan zen atera. Atearen kristalezko goialdetik Easyk semea ikusi ahal izan zuen.
Herman aulkitxo batean eserita zegoen, geldi-geldi. Gorria zen aulkitxoaren gainaldea, Maverickaren tonu gorri berekoa. Honek blokatuta zeuzkan gurpilak arrapala batean, Herman eserita zegoen aulkitxoaren aldamenean. Fluorargiak eguzki txikiak egiten zituen Hermanen parean zegoen bala-probako plastikoan.
Plastikoaz harantzago familia osoak zeuden kalearen bestaldean pilaturik, Hermani begira. Bazirudien haietariko asko zeozer jaten ari zirela: krispetak kartoi marroizko kukurutxotan, kakahueteak paperezko poltsatatik, eta familia bat gutxienez espaloiertzean eserita, Kentuckyko Colonel Sandersen Oilasko Frijitu kutxa batetik jaten. Easyk, urrun egon arren, Colonel Sandersen ile zuria eta bizar zuria ikusi ahal izan zituen. Noizean behin umeren bat edo bestek agurka antzean eragiten zituen eskuak. Hermanek ez zien agurroi erantzuten. Easyk bere artean galdetu zuen, nola lortu ote zuten autoa markagailu gainera eramatea.
«Horra,» esan zuen mandatari-buruak pozik.
Easyk atea zeharkatu eta bere atzean itxi zuen. Trafiko eta oihu eta oin-urratsen zaratak orroa egiten zuen behean. Maverick aldera hurbildu zen eta txoketakoaren kontra jarri. Hermanek begiratu eta Easy- ren bihotza apurtzeko moduko irribarre herabeti bat egin zion. Bihozbera mutila. Beti ere mutil bihozbera.
«Pozten nau etorri izanak, aita,» esan zuen Hermanek.
«Tira,» esan zuen Easy Mackek. «Tira.» Eskua Maverickaren kapot distiratsuaren gainetik pasa zuen. Atzeraxeago joan zen gurpila ikustatzearren. Gero ostiko bat jo zion neumatikoari. «Autotxo hauek ondo omen zebiltzak.»
«Hori diote,» esan zuen Hermanek.
«Ford xoila beti izan duk autotxo ona,» esan zuen Easyk.
«Bere prezioan onena omen da,» esan zuen Hermanek.
«Hala uste izan diat nik beti,» esan zuen Easyk.
Isiltasuna egin zen bien artean, Easyren belarriei beheko zarata baino ozenagoa iruditu zitzaiena. Txanka mehea Maverickaren txoketakoaren gainean ipini zuen eta biak Colonel Sanders kutxako oilasko frijitua bukatzen ari zen familiari begira geratu ziren. Amak hezur eta paperzapi eta saltsa ontzitxo hustu guztiak kontu handiz kutxan sartu zituen berriro eta espaloian utzi; ondoren seme txikiak kutxa saiheska jarri, arinaldia hartu, arretaz apuntatu eta ostikoa eman zion. Oilasko hezurrak eta paperzapiak eta saltsa ontzitxoak airean barreiatu ziren Forsyth Street-ean.
«Zer deritzozu hotelari?» galdetu zion Hermanek. Bi aste ziren Herman etxean agertu ez zela. Gela bat zeukan hamabostgarren solairuan, Mr. Edgek egindako kontratuaren atal gisa.
«Lehendik ere ikusita neukaan,» esan zuen Easyk.
«Barrutik esan nahi nuen. Barruan egon al zara inoiz?»
«Egundaino ez.»
«Zer deritzozu?»
«Freskoa, okela gordetzeko modukoa,» esan zuen Easyk.
«Aire girotu hori ez da nolanahikoa,» esan zuen Hermanek.
Kalera begira geratu ziren. Jendetza gero eta handiagoa zen. Easy bere semearekin markagailuaren gainean elkartu zenetik, jende gehiago bildu zen. Easy urduri mugitu zen Maverickaren txoketakoan. Ez zekien era hartan egotea noiz arte jasan ahal izango zuen, han goian jende aurrean.
«Ez zekiat nola jasan dezakean hemen goian horien begiradapean egotea,» esan zuen Easyk.
«O, ez da ezer,» esan zuen Hermanek. «Niri bost axola, benetan. Gainera, Maverickari begira daude niri bezainbeste.»
Easy lotsaz gorritu eta salto batez alboratu egin zen autoaren txoketakotik. Zeren gainean eserita zegoenpasa zitzaion burutik bapatean. Berriro begiratu zionauto gorriari, estreinakoz ikusi izan balu bezala. Herman, beti ere mutil herabetia, gorritu egin zen eta Easy pentsatzen ari zena bazekiela antzeman zitzaion.
«Ez du axola hor esertzeak, aita,» esan zuen Hermanek. «Ez dio batere kalterik egingo.»
Easy haserre jiratu zitzaion semeari. «Aizak, gazte, noiz arraio etorriko haiz etxera?»
«Zer?»
«Ondotxo dakik zer esan dudan eta zergatik nagoen hemen.»
Onetik ez ateratzea pentsatua zuen Easyk, beste ezer baino gehiago. Baina izorrai, horrela ez zuen tutik ere lortuko, eta jendetza handitzen ari zen minututik minutura.
«Zuk ere ondotxo dakizu zergatik nagoen hemen,» esan zuen Hermanek eztiki, lasai. «Telebistan agertu da, eta irratian, eta estatuko egunkari guztietan.»
Lasai eta eztiki hitz egin arren, mutilaren ahotsa harrotasun betekoa zen, eta Easy Mackek ezin izan zion inondik ere bere buruari sinestarazi bere Herman zela hura.
«Gazte, ez haiz honetaz harro izango, ezta?»
«Ez dut uste lotsatuta izanez gero hemen egongo nintzatekeenik,» esan zuen Hermanek, ahotsak orain ezohizko zorroztasuna hartuz.
«Burutik al hago, Herman? Okertu egin al zaik ezer eta burua nahastu? Horrela bada, argi esaidak eta ahal dudan guztia egingo diat laguntzeko. Jakiteko eskubidea zeukat.»
«Ez dakit zertarako eskubidea daukazun, aita. Hogeitamar urte ditudala da dakidan bakarra eta inoiz ez dudala ezer izan, ezer ere ez. Azken urteak han igaro ditugu, auto herdoilduzko mendietan, eta alferrik. Baina orain, azkenean, badut zerbait.»
«Horixe jakitera etorri nauk, seme. Zer daukak, ba?»
«Egiteko zerbait. Azkenean badaukat egin dezakedan zerbait.»
«Baina Jainkoarren, zergatik? Zergatik nahi izan behar duk zera... zera...»
«Zergatik nahi izan behar dudan... auto... bat... jan?» Astiro-astiro hitz egin zuen Hermanek, hitzak dastatzen bezala. «Esan egingo dizut. Autoa da nagusi Ameriketan.» Etenaldia egin zuen berriro eta poliki gaineratu, «hor dagoelako jango dut autoa.»
Baina Easyk lehen ere entzuna zuen hori telebistako iragarkietan eta irakurria Times-Union egunkarian. Baita gezurra zela berehala somatu ere. Edo gezurra ez bazen, egiari ihes egiten zion zerbait behintzat.
«Zuhaitz bat jango ote duk autoarekin bukatu eta gero?»
«Zer?»
«Zuhaitz bat hor dagoelako jan? Bestea bezain zentzuzkoa izango huke.»
Hermanek irri xeratsua egin zion Maverickaren ondoan zegoen aitari. «Tira, aita, ez esan horrelakorik. Nik baino hobeto dakizu. Nola hitz egin dezakezu zuhaitz eta autoei buruz maila berean?» Eskua eragin zuen beheko kalerantz. «Begira hor,» esan zuen, «begira ezazu ondo.»
Forsyth Street mendebaldera zihoan norabide bakarreko kalea zen; eta han, euren azpian, lau trafiko ilara pixkanaka geldituz joan ziren turutak joka eta orroaka. Halaxe zen, alde batetik asteburuko trafiko samaldagatik, eta bestetik espaloiak jendez gainezka zeudelako, begi oro Hermani so. Nolanahi ere, han zegoen trafikoa, traban eta solidoa eta orroegilea konbustio-gasezko laino artean.
«Hor behean ez duzu zuhaitzik ikusiko,» lau-lau esan zuen Hermanek. «Bat ere ez. Autoa da nagusi.» Eskuak belaun banatan jarri, bularra puztu eta arnasa hartu zuen sakon. «Usnatzen? Usnatzen hori?»
Urdin zegoen airea. Eguna goibela izan zen eta orain bero-geruza termiko batek estaltzen zuen hiriaren bizitza, bertakoen eta gasolin-motore azeleratuen hatsa kaleen kontra atzera bidaliz. Easy izu laborri geldoz konturatu zen Hermanek gustokoa zuela hura, gustokoak zituela kaleko autoak bata bestearen atzean pega-pega, gustokoak zituela ehundaka ihes--hoditako ke-jario sudur erretzaile eta malko eragileak.
Semea komun publikoetako ontzien usnan edota gordean kaka jaten aurkitzea bezalakoa zen.
Nork pentsatuko zukeen honaino iritsiko zenik? Nork pentsatuko zukeen honaino iritsi zitekeenik? Easy bere bizitzan ikusitako estreinako autoaz oroitu zen. Garaia eta karratua eta dirdaitsua eta irekia. Zaratatsua ere bai. Baina gainerako guztia hain zen isila, ezen ederra eta bakuna baitzen, gizonek egina zelako hain zuzen. Ketsua ere bazen, baina kea, besterik gabe, polita zen munduaren aire garbi, kutsatugabean.
Easyk flasha ikusi zuen. Eta beste bat, Mr. Edge ikusi baino lehen, zeina aginduak ematen ari baitzen argazkimakina hiruoineko batean kokatua zeukan eta zoom-lentearen irtendura luzean zeraman gizon baten aldamenean. Putakumeak bazeukan bere argazkia. Bere Famili-Erretratua. Edo familiatik nahi zuena behintzat. Mr. Edgek argi eta garbi utzi zuen, aita zela benetan nahi zuena. Ederki, harrezkero bazeukan aita, eta zaputzune, etsiune hartantxe jakin zuen Easyk, hura aurrera joango zela, guzti hura aurrera joango zela. Easy Mackek ulertu ala ez ulertu. Bere semeagatik maitasun eta atsekaberik sentitu ala ez sentitu. Eta berdin-berdin zenberak hura gertatzea nahi ala nahi ez izatea. Dena prestatuko zuten bere semeak autoa jate aldera.
Ahots estu eta gogaituz galdetu zion Easy Mackek: «Nola egingo duk?»
«Egin zer?»
«Jan. Nola jango duk?»
«Hori ez badakizu, ez dakizu ezer,» esan zion Hermanek. «Dena azaldu dugu telebistako programa guztietan eta egunkarietako iragarki guztietan.»
«Begira, aldioro itzali izan diat telebista edo leitzeari utzi, zati hori ikusi baino lehen.»
«Puxkaz puxka irentsi. Ontzerdiko kuboak. Ertzak erreta, kosk egin ez dezaten. Petroleoa eta gasolina eta kristala eta esertokien estalkiak eta horrelako gauzak, kapsuletan.»
Easyk urdailean okikarak somatu eta korrok egin zuen. «Kapsuletan?»
Hermanek irribarre egin zuen. «Mr. Edgegandik ikasi dut hori. Horrek esan nahi du trosko horiek kapsula batzuetan sartuko dituztela, kapsula egoskaitzetan, gero libratu ahal izatearren. Harritu egingo zinateke zenbat ikasi dudan Mr. Edgegandik. Kapsuletaratu gabe, esertokien estalkiak eta haizetakoak eta karterreko petroleoa eta horrelakoak ezingo zitezkeen sekulan irentsi.»
Easyk bizkarra eman zien beheko kale eta jendetzari. «Joan egingo naizela uste diat,» esan zuen.
«Aita?»
«Bai?»
«Jakinaren gainean egon zara beti, nik norbait izan nahi nuela. Ez dizut inoiz argi eta garbi esan. Baina zuk jakin bazenekien, ezta?»
«Bai, beharbada banekian.»
«Gizon batek heldu egin behar die datozkion aukerei. Eta han, auto suntsituzko mendi hartan ni bezalako batek ezin du bere burua enplegatu, hanka egin baino lehen ez bada. Zuk ulertu behar duzu hori.»
Easyk beste begiratu luze bat eman zion Mavericka- ri. Sabeletik gora igo zitzaion okada nardagarria irentsi egin behar izan zuen, goitikaren lodi epela hurrupaka.
«Junell eta Mister,» esan zuen Hermanek: «Nire partez agurtu.»
Easyk oldarrez ireki zuen atea eta lasterka egin zuen pasabide freskoan barrena. Igogailua aldean utzi eta eskailerak jaitsi zituen. Mr. Edge argazkilariarekin zegoen atalondoan. Zuzen joan zen Mr. Edgegana, eta honek etortzen ikusi orduko irribarre laburra egin zion esku potoloa altxatuz.
«Zure gizon hori ikusi dut argazkimakinarekin,» esan zuen Easy Mackek.
«Oso argazki onak atera ditu,» esan zuen Easy Mack- ek, «bikainak».
«Nire eta Maverick madarikatu horren argazkia erabiltzen baduzu, auzipetu egingo zaitut.» Easy nahi gabe ere itolarritu egin zen, ukabil hertsiaren kontra gorakoa somatzeaz batera.
«Gogoratubeharko zenuke,Easy, bera izan dela nigana etorri dena,»esanzuenMr.Edgek, sorbaldak xaloki jasoaz. «Mutila etorri zen nigana, ez ni harengana.» Betarteko gantza irmoago egin zitzaion, baina artean irribarrez jarraitu zuen. «Negozio bat kudeatzen saiatzen ari naiz hemen. Zergatik ez zoaz zeureaz arduratzera?»
Easyk arineketa itsu batez bira eman zuen eta ia aurretik eraman mandatari-burua, gonamotz urdin eta ale gorriekiko lepokoaz jantzitako neskarekin berriro hizketan ari zena.
«Eta beste gauza bat, Easy,» deitu zion Mr. Edgek.
Easy gelditu egin zen eta atzera begiratu.
«Zu eta bera eta Mavericka, denak zaituztet argazkian. Pertsonaia publiko bihurtu da zure Herman. Argazkia nahi dudan tokian eta nahi dudanean erakutsiko dut. Eta ni auzipetzeak salmenten areagotzea besterik ez du ekarriko, ikuskaria benetan hasitakoan.»
Homer Edgeri irribarre izpirik ere ez zitzaion azaleratu hitz egin zuen bitartean.
Ezta Easyri ere, esan zuenean: «Auzipetzeaz gain, badira beste gauza batzuk, salmenta madarikatuak piperrik ere areagotuko ez dituztenak.»
Atalondotik kalera irten zen Easy. Aire bero heze urdina itsatsi zitzaion aurpegi eta lepoan, esku gainetan. Lepoa okertu zuen Hermani begiratzeko, zeina Ford Maverickaren ondoko aulkitxo gorrian barrezka ari zen ero moduan.
Ene seme! Ene seme! Beti nahi izan huen norbait izan. Jainkoa lagun, orain bahaiz.
Easyk burua makurtu eta, jendearengandik aldenduz, Park 'N Lockera abiatu zen. Hamabigarren solairuan itxaroten zeukan bere International Harvesterra.
Ahaztu egin zitzaion mandatari-buruari denbora--txartel horia seilatzeko esatea.
© Harry Crews
© itzulpenarena: Eduardo Matauko, Kristin Addis