Berebiziko aukera

Elizabeth Cook-Lynn

I

Crow Creek-era iritsi eta Agentziara jo nuen zuzenean, «fuertea» deitzen diotenera, eta sarritan alde egin eta batean eta bestean ibili ostean etxera itzultzen garenontzako beti izan den bezalaxe zegoen: mutu, baketsu, setati, etsia. Harri txintxarrezko kaleetatik eraman nuen autoa, geldiro, HUD tankerako etxe urdin argi bateraino.

-Magpie-ren bila nabil -esan nion poliki atea zabaldu eta begi marroi argiez begiratzen zidan mutikoari. Geldirik eta elkarri begira egon ginen, ni, heldua izaki, deseroso sentitu arte, eta hala errepikatu nuen:

-Aizu, Magpieren bila nabil. Badakizu non dagoen?

Erantzunik ez.

-Zuen ama hemen dago?

Goitik behera begiratu ondoren, barrura gonbidatu ninduen keinu batez.

-Itxoin hemen -esan zuen.

Sarrerako gela desordenatuan barrena sartu eta andere gazte batekin itzuli zen. Honek, fraka bakeroak eta krema koloreko atorra marraduna soinean, bere mardulean soilik estaltzen zen ume bilutsi bat zuen besoetan.

-Ni Amelia naiz -esan zuen. Eseri nahi al duzu?

Gela txiki eta txiro batera eraman ninduen; eguzki begitan zegoen eta argia leihotik barrena sartzen zen, dena distiratsuegi bilakatuz, eseritzean sentitzen genuen elkarrekiko desegokitasuna haunditzen zuen honek.

-Magpie aurkitu beharra daukat -esan nuen-. Berri on batzu ditut beretzat, benetan -eta neraman zorroa seinalatu nuen-. Bere poemak eta Californiako Unibertsitate baten onespen gutuna ditut hor, han indioentzat ekin dioten Arte Ederretako Programa batera joan eta parte har dezan nahi dute eta.

-Badakizu baldintzapeko libertatean dagoena, ezta? -galdegin zuen, bizkor baina seguru hitzeginez-. Bere emaztea naiz, baina ez gara aspaldian elkarrekin egon -atea ireki zuen, mutikoari begiratu eta kanpora joateko keinu bat egin zion. Irten zuenean esan zuen emeki:

-Ez dakit nire senarra non dabilen, baina nonbait herrian dagoela entzun dut.

-Chamberlain-en esan nahi duzu?

-Bai, ni hemen, Agentzian, bere arrebarekin bizi naiz. Berak esan zidan herrian ikusi zuela, aspaldi.

Ez nuen ezer esan.

-Bazenekien baldintzapeko libertatean zegoena?

-Bada, ez, zehazki ez bederen -esan nuen zalantzaz-. Ez naiz berarekin hartuemanetan egon baina entzuna nuen arazoren bat edo bazuela. Izan ere, zutaz ere ez nekien ezer. Ez zidan esan ezkonduta zegoenik nahiz eta hala zegoela susmatu behar izango nukeen.

Irri egin eta esan zuen:

-Kanpoan ibiltzen da askotan. Inguru hauek ez dira seguruak berarentzat, badakizu. Bere baldintzapeko libertateaz ardura duen ofiziala bere gainean dauka aldioro, eta horrela ibiltzekotan hobe du batzutan hona aldera agertzen ez bada ere. Gainera -segitu zuen begiratu erori eta galduarekin, haurraren haragi mardulak belaunetan sakatuz-, ez gara aspalditik elkarrekin egon.

Deseroso, eskuak lotzen eta askatzen, zerbait egoki esaten asmatzen saiatzen nintzen. Haurra negarrez hasi zen, guzti harekin gogaiturik edo, bere ahotsa entzun beharra balu bezala. Ez zen minaren edo gosearen adierazpena. Mihia hortzen kontra sakatu eta bekokia zimurtzen zuen, baina amak zerbait xuxurlatu eta batera geratu eta patxadaz planatu zen altzoan.

-Baina Magpie ez da Californiara joango -esan zuen, begiek nolabait senarraz ezagutzen uste zuen zerbait esanguratsua gordetzen zuten artean-. Oraingoan ez da joango hemendik, ezta ikusi eta horrezaz hitzegiten badiozu ere.

-Lehen joan zen bada -esan nuen, neure hitz babesgarrien hotsa atsegin ez nuela-. Seattleko Unibertsitatera joan zen.

-Bai...baina, tira, hori lehenago izan zen -esan zuen auzia amaitzeko edo.

-Ez duzu nahi joan dadin? -galdegin nuen.

Azkar erantzun zidan:

-Oh, hori ez dago nire esku. Nire ondotik alde egina da orain -eskua bularretara eraman zuen-; desilusio bat jasoko duzula esaten dizut, besterik ez. Orain ez du zu bezalako jendearen nahieren behar gehiagorik -esan zuen, zakar.

«Zu bezalako jendea»rekiko erreferentzia eta bere senar arrotzaren maneiaketaz interesatua nengoeneko inplikazioa atsegin ez nituela ikusi zuenean, gelditu eta eskua nire besoetan pausatu zuen une batez.

-Entzun -esan zuen. Magpie zoriontsua da orain, azkenik! Gogoaz bizi da, dotore, libre eta osasunarekin. Atabala hartu eta anaiekin kantatzen du; onez onean dago orain. Batzarraren eta Gobernuaren kontrako gauza haiek esaten zituenean, geroz eta garratzago eta zatarrago bilakatu zen, eta kezkaturik izaten ninduen. Baina orain ez. Zergatik ez duzue orain bakean uzten, mesedez?

Gazteegi ematen zuen bere senarrarentzat gauzak egun haietan zein deseperatu izateraino bilakatu ziren jakiteko, mutilari zion errukiak zinez hunkitu ninduen, eta une luze batez gutariko inork ez zuen ezer esan. Azkenean hitz egin nuen:

-Baina ikusi beharra dut. Galdetu egin behar diot ea berak zer egin nahi duen. Ez duzu ikusten hori egin behar dudana?

Atzerantz egin zuen sofa zikin higatuan eta gorroto hotzez begiratu ninduen. Erreakzio horren bortitzaz astindurik altxatu, irten eta autora joan nintzen. Atea zabaldu zidan mutikoa ukondoalboan agertu zitzaidan eta, autoaren atea irekitzen nuen artean galdegin zidan:

-Aurkitzen baduzu itzuliko zara?

-Ez, ez dut uste -esan nuen.

Poliki aldentzen nindoala mutikoak eskukada harri txintxar hartu eta bazihoan autoaren gainera bota zuen sentzazioa izan nuen. Etxe ertzari buelta ematean sorbalda gainetik begiratu eta artean hantxe zegoela ikusi nuen, autoa kalean nola desagertzen zen begira: tipia zen, iluna, neure haurtzarotik ezagutzen nuen etsipen izugarriko jarkeran harrapaturik; eta banekien ere etsipena dela defentsa bakarra, inmunitate bakarra haurrak sarritan martiriak diren munduan. Neure iraganerako begirada arin horrek eraman ninduen auzi honetan baietza ala ezetza Magpiek berak eman behar zuenaz are seguruago egotera. Ezagutzen eta maite genuen gutariko inork ezin zuen beragatik erabaki.

II

«Hunkpatien etxea» aldarrikatzen zuen kafetegiko diru kontagailuan esegita zegoeneskuz pintatutako txartelak. Ezin esan zitekeen proklamazio faltsua zenik, ez bada, gure bizitzaren mugimendualeku hartatik sortuz erreparatzen genuenguztiak jakin bezala, soilik ez zela egia osoa. Ezen eta hunkpatiek bezain seguru aurkitzen zuten bertan beren etxea isantiek, ihantowaiek eta denbora laburrez winnnebagoesek eta beste batzuk ere. Are bere osogabetasunean ere, non plus ultra erizten nion nik, geure izateaz kontua ematen ahal uzten digun historiografiako gainegitura; eta txartel hura zerbait lainotsuren baieztapena begitantzen zitzaidan. Egokiera kontenplatiboan nengoen orain, apartatu batean eseri nintzen eta eskatu nuena Santa Fe utzi nuenetik dastatzen nuen kafe mingotsena gertatu zitzaidan: «Aa-a-eee-e, pe juta sapa» esaten entzun niezaiokeen nire osabari.

Buruan nerabiltzan hunkpatiak, toki honetara trasladatutako jende guztia eta aldaketa handien garaian mudantza haiei egokiera mantentzen ahalegintzeagatik hemengo presondegian sartu zituztenak: ez du ematen gizazuriaren magia ekitaldiak ondo doazenik indioekin, pentsatu nuen, eta gure galera kolektiboari buruz kontatzen zituzten istorioak «arras handituak» ziren, edo, nire haurtzaroko mito-kontalarien jatorrizko hizkuntzan esanda, «Heh yela owi hake», inolaz inork sinesterik espero ez ziratekeen istorioei dagokien amaiera.

Gogoeta haietan hainnenbilen murgilduta eznuela hurbildu zitzaidan anderea nire ondoan ikusi hitzegiten hasi zen arte:

-Zure abisua eman didate BIA bulegoan. Nirekin egon nahi zenuen?

-Bai -erantzun nuen nire gogamen urruntasunetik, berebiziko aukerari buruz hitzegiteko aurkitu nahi nuen poeta gaztearen bilakaera ia ahazturik-. Anderearen aurpegiera sotil eta nasaiari begiratu nionean, garrantzirik gabea zirudien denak, eta ia leloturik sentitu nintzen une batez.

Nire eginbidea gogoratuz, abegi onez mintzo nintzaion:

-Eskerrik asko etortzeagatik -eta mahaian nire parean eseri zedin eskatu nion.

-Salina zara?

-Bai.

-Toki hau egon ere ez zegoen ni haurra nintzenean -esan nion-. Egun haietan «fuertea» deitzen genuen herria erreka zahar arroan gordeta zegoen eta gaineko larre hau udarako eguzkitan dantzatzen biltzen gineneko tokia zen.

-Badakit -esan zuen. Gure amak kontatu zidan orduan ospitale bat ere bagenuela hemen, Oahe urtegiak guzti hori urperatu aurretik. Bertan jaio zen bera, Crow Creek ondoko ospitale hartan.

Oroitzapenak hausnartzen egon ginen, ia arnasa hartu gabe, hogei urteko aldearekin gure artean, pentsatzen: bai, ni ere han jaio nintzen, egun ez dagoen erreka ondoko ospitale indio hartan, iraganeko baldintzak adorez hartzen ahal duen jendearen oroitzapenetan soilik irauten duen herri hartan, Agentzian. Eta gero, amamaren txabolan osabak lau aitaita-amamei eskeini ninduen, behiala zerbait izan eta orain gainbehera zihoan familia baten barnean sartu ninduten, aintzinako denboretan bere izena izan zukeen neskato hau.

Batbatean, hitzegin zuen:

-Ez dakit Magpie non dagoen. Ez dut lau egunotan ikusi.

-Bere poemak ekarri ditut -esan nuen-. Berebiziko aukera dauka Californiako Arte Ederretako eskolara joateko, baina berarekin hitzegin eta paper batzu behar ditu. Badakit interesaturik dagoena.

-Ez, ez dago -moztu zidan-. Ez dauka inolaz ere horrelako amets hutsal eta zozorik.

-Ez esan hori, Salina. Berarentzat hau berebiziko aukera da.

-Bai, zuk nahi duzuna pentsa dezakezu -esan eta nigana itzuli zituen begi ilunak-, baina hitzegin duzu berarekin azken aldi honetan? Orain den bezala ezagutzen duzu?

-Badakit ona dena. Badakit jeinua duena horretarako.

-Indioa da -esan zuen horretan ezagutzen ez nuen nabarduraren bat bailegoen-. Eta oraingoan hemen geratzeko itzuli da.

Han zegoen, bere traje gris dotore eta modako bota beltz disdiratsuetan, GS-6 mailako bulego sekretaritza postuaren segurtasunean, eta nire buruari geldegiten nion «indioa izateaz» ea zer zekien halako erantzun finkoa emateko. Posible ote zen egun berean nirekin hitzegin zuten andere bi haiek, biak Magpiez maitemindurik, bata emaztea eta bestea maitalea, biak guzti honetan zuzen egoterik? Posible ote da gure bizitza pertsonalaren drama hainlaxoa izatea antzezpen iragarriezineko zeremonia hutsa izateraino? Jakiterik ba al dago? Maite gaituztenen eskuetan, euren lerroak ahozkatzen dituzten antzezle hutsak ote gara? Magpie, pentsatu nuen, nire laguna, niretzat anaia zarena, nor naiz ni, eta nor dira horiek gauzak zure ordez ezagutzeko?

Andere bi horien erabaki finkoaren aurrean kasik bentzuturik, eskuak mahai gainean gurutzatuta, etsirik, kafetegi leihotik begiratu eta HUD moetako etxeak ikusten nituen, blokez bloke lerratuak, Gobernuko burokraten diseinua belardi joriaren lur gainean pintatua, eta nire autoari harri txintxarrak jaurtiki zizkion mutikoaren gaitzespeneko begiratuaz oroitu nintzen eta berriz saiatzeko adorea aurkitu nuen.

-Etorriko zinateke nirekin autoan Chanberlainera? -galdegin nuen.

Ez zuen ezer esan.

-Zuk esan bezala indioa bada, horrek zer esan gura ere, eta aldi honetan geratzekotan itzuli bada, eta guzti hori berak esaten badit, bakean utziko dut. Baina Salina -esetsi nuen nik-, berarekin hitzegin behar dut eta galdegin ea zer egin gura duen. Ulertzen duzu, ezta?

-Bai, esan zuen azkenean. Jakitun egoteko eskubide osoa dauka, baina ikusiko duzu...

Atera ginenean neskaren takoiek talka-talka jotzen zuten kafetegi aurreko espaloi estuan, eta larriturik hitzegin zuen:

-Custer-eko epaitegia erre zeneko protestetan ibiltzeagatik izan zituen istilu guzti haren ondoren urtebete egin zuen gartzelan. Baldintzapean dago oraindik eta baldintzapean egon beharko du beste bost urtetan, bere kontra ezer probatu ez bazuten ere! Bost urte! Sinesten ahal da hori! Gaur egun jendeak hilketa bat egin dezake horrelako kondenarik jasotzeke.

Zigarro bat pizten geratu zen autoaren atea ireki eta barrura sartu aurretik.

«Fuerte»tik irten eta herrirantz gindoazenean, esan zuen:

-Ene! Begira hori -eta zigarroaz seinalatu zuen bide bazterrean zetzan animalia hil baten hondakinetatik haragia urratzen ari zitzaion arrano handi bat.

Eta pentsatu nuen: nire bizitzan hainbeste alditan igaro naizela bide honetatik eta egundo ez dudala hemen arrano bat sekula ikusi. Ez dut bakar bat ere sekula ikusi, ezta inguruetan ere... ma tuki.

III

F&M Banketxe ondoko kantoian zegoen Elgie Chanberlaineko kale nagusia igaro genuenean, eta bai Salinak eta bai nik, elkarri hitzik egin gabe bagenekien gizon horrek, Elgiek, Magpieren lagun minak, beste ezeinek baino hobeto izango zuela haren gorabeheren berri. Begiratu egin genion bere paretik iragaitean, eta berak ere begiratu zigun, inork ezagupeneko keinurik egiteke. Baina kale luzearen azkeneraino heldu, buelta osoa eman, atzera itzuli eta autoa aparkatu genuenean Elgie izan zen hurbildu eta mintzatu zitzaiguna:

-Ez zaitut aspaldian ikusi -esan zidan eskuaematen-. Non ibili zara? -galdegin zidan autoaren atzeko jezarlekuan eseritzean-. New Mexicon?

-Bai.

-Autoaren matrikula ikusi dut -esan zuen-. Zerbait gehiago esango zukeen, baina polizia-auto bat geldiro inguratu zen aparkatuta geunden bazterretik eta begira-begira pasa zen polizia, guk ez jakinarena egiten genuen bitartean.

Nik atzazaletara begiratu nuen, aurpegia beste alde batera itzulita nuela, eta pentsatzen: sekula aldatzen ez den herri horietako bat da hau. Hogei minutu edo hogei urte egin ditzakezu kanpoan eta betiko bera izaten jarraitzen du. Zenbait urte lehenago irakurri nuen gutun bat oroitu zitzaidan, herriko alkateak idatzia zen eta indioekiko jarrera adierazten zuen. Randall Fuerteko argindarreko egitasmoearekin urazpian geratuko zen Agentzia herri honetara aldatzearen kontrakoa zen:

1954, apirilak 14. EEBBetako Diputadu agurgarria:

Honekin batera igortzen dizkizut Chamberlain hirian sinaturiko erabakia eta Brule Couty, Hego Dakota, alderdiko hautetsien komiteak onetsitako erabakiaren kopia zertifikatua. Hautetsiak garai honetan biltzen ezdirenez ezdut lortzerik izan haiek sinaturik erabakirik. Aurrenekoan abisatu nizun bezala, ez dugu inguru hauetan indioen egoitza bat egiteko asmorik, are gutiago ofiziala bada. Hemen ditugun sasi-ilustratu batzu zalapartaka eta jendea berotu nahian aritu dira, Washingtonera idatz diezaizuen, indioak hemen nahi dutela esaten, baina ehuneko 90a erabat kontra dagoela adierazi nahi nizuke, eta gehiago izango dira auziak aurrera jotzen badu. Lokalen bat alokatzen dien inork helbidez aldatu beharko du eta nik ez nuke nahi horren etxe-asegurua izaterik. Ikusten dugu hiri honek ez zukeela holako hondamenaz jota geratu beharko, eta ez gaude ezer egiteke geratzekotan, Washingtoneko funtzionari batzuek izan dezaketen eritziari begira.

Sinaturik: H.V.M. alkatea.

Udaberri berean nire osaba Narcisse, hogeitamazazpi urtekoa, atsegina, liraina, Sioux osabek soilik aldarrikatzen ahal duten harrotasuneko birtutearen jabea, igande goiz baten hiri kanpoan ozta-ozta dagoen leku isolatu batean aurkitu zuten «zauri hilgarriak» zituela eztarrian. Hiriko forentseak eta gainerako ikerlariek heriotza «istripu»tzat jo zuten. Gure senitartekoek bazekiten groteskoa eta likitsa zela erabaki hori. Indioak hil edo hiltzen badute ez du ikerpen etiko eta zehatzaren beharrik, esaten zuten saminez beterik gure senitartekoek.

Auto-patruila kale hutsetatik urrundu eta arretaz jiratu nintzen Elgie zegoen aldera. Salinak hitzegin zuen nik ezer esan baino lehen:

-Paper batzu ditu Magpierentzat. Californiara joateko aukera dauka, idazle eskola batera.

Benetan pentsatzen zuena inori erakusteaz beti uzkur, Elgiek esan zuen:

-Bai?

Baina Salinak ez zion utziko konprometitu gabe alde egiten.

-Ozéla -zirikatu zion. Badakizu eta ez dena joango!

-Bada, badakizu -hasi zen Elgie-, behin batean Magpie eta biok Custerreko auziaren ondoren sasitan genbiltzala, Augustana Unibertsitatean amaitu genuen. Han bagenituen lagun batzu. Eta askatasunari buruz hitzegiten hasi zen; nik ez dut hori sekula ahaztu, eta gero itzalpean sartu zutenean hori zuen solaserako gai nagusia. Askatasuna. Libre izan nahi du eta ez dago libre izaterik, jauna, denbora guztian begira dituzunean. Jauna, baldintzapekoaz ardura zaion ofiziale monstruo hori ehiza zakur bat bezalakoa da.

-Hartuko luke beka zure ustez? -galdegin nuen itxaropenaz.

-Ez dakit. Beharbada.

-Non dago? -galdegin nuen.

Kamioi bat igaro zen eta zain egon ginen haren durrundada kalean behera urrundu arte. Ondoko isiltasunean ez zen inor mintzatu.

-Nire ustez mesede egingo dio zu etorriak -esan zuen Elgiek azkenean-, ze Magpiek atseden apur bat behar bait du guzti honetan -eskuari eragin zion-. Etengabeko zaindaritza, etengabeko kontrolak, gainean ditu etengabe. Izan ere, horrezaz hitzegin du beti. «Wasichuekin ibili beharra badut -esaten du-, orduan ez naiz libre; ez dago askatasunik indioarentzat». Berarekin hitzegin beharko zenuke orain -segitu zuen Elgiek, gartsu eta arduraz niri begiratuz-. Aldatu egin da, wasichuengandik guztiz bereiztearen alde dago, segregazio, isolamen osoaren alde.

-Ez al da radikalegia? Irrealegia? -galdegin nuen.

-Ez dakit -esan zuen, ahotsean areriotasuna hazten zitzaiola, aserreturik agian kritiko eta arbitrarioki ari bait nintzen gai horrezaz, zein, biok bagenekien, ez bait zuen erantzunik. Mila arraio baldin badakit, ezta?

-Bai -esan zuen Salinak Elgieren erantzunak horrela bultzatuta. Eta zure ustetan zer izango zen beretzat Californiako Unibertsitate horretan?

-Baina estudiatzeko, idazteko aukera da. Isolamendu atsegingarriren bat aurki dezake horretan, nire ustez behintzat.

Une baten ostean, Elgiek esan zuen:

-Bai, arrazoi duzula uste dut.

Adostasun oharpen horri isiltasun luzea jarraitu zitzaion, urratu nahi ez nuen isiltasuna, nik esan guztia lar autoritario, erretorikoegi emango zuenagatik.

Han geunden hirurok, eserita; akordio adeikorren batean geundeneko esperantza nuen. Aitaren batean, Elgiek atzeko jezarlekua laga, atea itxi eta autoa inguratuz gidariaren ondora pasa zen, besoak leihoan iminiz.

-Zubi aldera joango naiz, -esan zuen-. Hemendik hiru bloketara edo dago. Bi eztaietako etxe zahar bat da, zuria, zubia zeharkatu baino lehen ezkerraldean. Magpieren anaia Nebraskako presondegitik atera berri da eta bere atsoarekin bizi da etxe horretan, hori da Magpie dagoen lekua.

Azkenean! Berarekin hitzegin nezakeen azkenean, eta bere esku utzi, erabakia berak har dezan.

-Badira gauza batzu ere asunto honetan -esan zuen Elgiek-. Magpiek ez zukeen han egonbeharko, begira, zeren eta kaleratzeko baldintzen atal batek esaten bait du lagun, senide, preso ohi eta mundu guztietatik aparte ibili behar duela. Baina, tira, bere anaia da.

-Itxoin ia ilundu arte eta gero etorri -azpimarratu zuen-. Utzi autoa gasolindegian, blokearen izkina ondoan, etxe osteko atetik sartu eta Magpierekin hitzegin ahal izango duzu guzti horretaz.

-Eskerrik asko, Elgie -esan nuen.

Eskua eman genion elkarri, jiratu eta kalean behera abiatu zen. Gero zigarro bat pizteko geratu zen, dendetako erakusleihoak begira dabilen edozein bezala.

IV

Beranduago, arrastegiko gelditasunean, geure arnasketa eta urratsen oihartzunak entzuten genituen Salinak eta biok zubi ondoko bi eztaietako etxerantz gindoazenean. Missouri ibaiaren urak ikusten ahal genituen, harro eta ilunak, hego-mendebalderantza zihoazela, eta haizea altxatzen zen uretatik, batbatean, indartsu eta iraunkor.

Ibaiko ugertzan, banekien, Instituto Smithsonianoak aurkikuntza arkeologiko «zabal» eta «nagusi»tzat jo zuen gunea zegoen, bertan aurkitu bait zituzten Oahe urtegia betetze lanetan zebiltzala herri indio beten aztarnak. Orain Megpieren gordelekua zen etxetik ez ziren ehun metro ere izango. Holakodeskubrimenduaren hondarrak, pentsatu nuen,arbasoen presentzia iraunkorraren lekuko dira, baina ideia horrek atsegin guti ematen zidan egungo gertakizun latz eta gogaikarriak aurrera zihoazen heinean.

Hitzegiten ari zitzaidan Salina, Magpie herbestean egon ondoren Crow Creekera itzuli zenekoa, zelan bildu ziren haren senideak arrebaren etxean ongietorria ematen.

-Anaiekin kantatzen entzutera joan ziren -kontatzen zidan- eta gela inguruan aulkietan eseri eta kantatu eta irri egiten zuten berarekin.

Magpieri kantak irakatsi zizkion osaba batek esaten zuen ona zela oso, bere ahotsak hedadura zabalagoa zuela, sakonagoa, ozenagoa eta, aldiberean, tonu altua, zorrotza eta zentzunetarako atsegina zuela une egokienetan.

-Osaba zaharrak -zioen Salinak- Magpieren bidaia eta etxerako itzulera onartu zituen, jakinda gazteen bizitzan beti dagoela garai bat kanpora joan eta ibiltzekoa, eta gero zorioneko garaian, itzuli egiten direna.

Osaba nagusi biek ohorezko dantzarako zituzten egitasmoak kontatu zizkidanean ikusten ahal nuen Magpiren itzulera azken oneko eta iguripeneko garaia zela. Askoz beranduago ikusiko nuen igurikapeneko jarrera hori, giza harremanak sakonak eta hitzekoak direla uste duten gizon ohoregarri guztien ohitura dena, krudelki irreala zela. Osaba zahar haientzat eta Magpierentzat ez zegokeen igurikapenik.

Auto batzu zeuden etxe zaharreko patioan hurbildu ginenean, eta Salinak, ahots behez, esan zidan:

-Beharbada festa bat ospatzen ari dira. Besterik ez genuen behar.

Baina ingurua estaltzen zuen isiltasunak susmo txarrez bete ninduen eta zabalik zegoen atzeko atetik pasa ginenean jendea zutik ikusi genuen sukaldean. Arduraturik galdegin nuen:

-Zer gertatzen da?

Inork ez zuen hitzegin, baina Elgie agertu zen, oinaze eta lazeriaz beteriko begi odoltsuekin. Gure aurrean geratu zen une batez, gero keinu bat egin zigun egongelara joan gintezen. Gela jendez beterik zegoen, isilik eseri, eta azkenean, astiro, esan zuen:

-Tiro bat eman diote. Atxilotu egin zuten libertate baldintzak hausteagatik eta gartzelara sartu... eta tiro bat eman diote.

-Baina, zergatik? -egin nuen oihu-. Zelan gerta daiteke holakorik?

-Erresistitzen ari zela pentsatu zutela eta beldur zirela esan dute.

-Beldur? -galdegin nuen sinestu ezinik. Baina... baina... Armaturik al zegoen?

-Ez -esan zuen Elgiek, eserita orain, besoak belaunetan, burua eroria. Ez, ez zegoen armaturik.

Indarrez heldu nien poemei, hatz lodiak sakatuz, bata lehen eta bestea gero, kartoizko karpetaren leunaren kontra.

 

© Elyzabeth Cook-Lynn
© itzulpenarena: Mitxel Sarasketa


susa-literatura.com