Zaldien boterea
Elizabeth Cook-Lynn
Elizabeth Cook-Lynn : Eastern Washington University-ko Ingeles eta Indiar Ikasketen Irakasle Asoziatua, Crow Creek Siouxa da bera. «Then Badger Said This» liburuaren autorea, «South Dakota Review», «Prarie Schooner», «Sun Tracks» eta beste zenbait aldizkaritan argitaratu izan ditu bere ipuin eta poesiak. Spokane Indiar Erreserban bizi da, Wellpinit, Washingtonen.
Ama eta alaba tente zeuden, oinak lurrean tinko, bekokiak izerdiaren distiran; bakoitzak lapiko handi lurruntsuaren euskarri banari oratzen.
-Gertu?
-Bo.
-Eutsi bada -esan zuen amak-. Kontuz.
Eta biek batera erremolatxa egosien ontzia gas-sukaldeko erregailuen garretatik altxatu eta mahai gainean jarri zuten. Neskak lapikoa oratzeko erabili zuen eskuzapia lurrera erortzen utzi zuen berotasuna larruazalean barneratzen zitzaiola-eta, pintatutako horma lauaren hotzean igurtzi zuen eskua, eta izterraren kontra gero, jeans gogorren lazdura hatz xinaurrituetan sentitzeko. Xinaurreria geratzearren, hatzak aho parean jarri eta putz egin zien. Begi errukiorrak altxatu eta amari begiratu zion. Ezer esan gabe, hitzegitea azkena bailitzan, aulki kromatuan erortzen utzi, eskuzapia jaso eta aurpegiko izerdia xukatzeari ekin zion. Eguzkia zorrotz pasatzen zen gasa meheko gortinetatik eta haize beroa batetik bestera zebilen sukaldean, erregailuaren sua amatatzeraino ia, garraren hegi urdinak horituz, gorrituz eta zurituz. Bustita zegoen eskuzapia, erremolatxek gorriz tintatua. Aulkian zegoela, makurtu eta aurpegian bildu zuen, arnasaren beroa sudur eta aho inguruan.
-Egin egiten dira eskuak, Marleen -esan zuen amak, neskari edo haren esku zimur eta erreei begiratu gabe-, aritu besterik ez da egin behar -gaineratuz, sinets zezan baino gehiago neskak zuen ezdeusaren sentimentua eta elkarren isiltasuna hautsi beharragatik.
Erremolatxa batzuren zurtoin koloregalduak kontuz hartu eta ur hotzeko galdara batera bota zituen amak, erremolatxa bat eta gero bestea pelotak bezala eskuetan igurtziz, azal gorri ilunak alde batetik eta bestetik sakatuz, arin, trebeziaz, azalak eta zurtoinak kendu eta barazki distiratsua beste ontzi batean uzteko.
Anderearen besoak, eskuak bezala, handiak ziren, indartsuak. Baina lan astunetan urteak eginakizan arren, sorbalda erpin eta sama luze eta leunakemetasunsamurra adierazten zuten, adinaren gainbeheraren seinale arin berriak erakutsiz soilik. Aurpegi iluneko zeta ilunak adin kutsuak edo akatsen bat izan ziratekeen beste edozeinengan, baina anderearengan samurki hedatzen ziren masailetan, bekokian eta lepoan, hodei iluneko errezkada bat legez.
-Eskuak egingo zaizkizu, Marleen -errepikatu zuen, berriz neskaren atsekabeari heldu eta arrazoizko elkarlanerako bide ireki bat mantentzen saiatuz.
Eskuzapia aurpegian jarri zuenean emandako atseden laburrak neskaren nekea gutitu zuela zirudien, eta eserita egon zen beste une batez, isilik, eskuzapi bustitik eginez arnas, baketsu. Neskak eskuzapia aurpegi masailetatik eta begietatik erretiratu zuenean, beldur antzeko zerbait somatu zuen bere baitan, eta leihotik kanpora begiratu eta han ikusi zuen aita, zutunik, aurretik sekula ikusi gabeko gizon zuri batekin.
Aita zaldiak zeuden istegi aldera begira zegoen. Beti behar dute zer edo zer aitarengandik, pentsatu zuen neskak, eta begira zegoela gizon zuriak zigarro bat ahoan jarri eta alde batera jiratu zen haizeaz babestearren. Bere soslai hezurtsua miazkatu zuen kiskeroaren sugarrak; zer izango ote da oraingoan, galdetzen zion bere buruari. Gizonaren higidura azkarren begira zegoen eta biziro hitzegiten hasi zela ikusi zuen, etxea eta patioa inguratzen zuen txarrantxa ondoan aparkaturik zegoen kamioneta berdeari seinalatzen ziola.
Bere gogoetatik atera erazi zuen amak «et, et, et, et» egin zionean, gaitzespeneko oharpen samurra baina setatia, neskaren portaera beti aldaerazten zuena. Eta arin jiratu zen neska zegokion erremolatxa mulkoari berriz ekiteko, trebetasunik gabe oratuz baina azal beroak hainbat ongien zurituz.
Minutu batzuren buruan, emakumeak lanean isilik ari zirela, gas sua erretzearen xistu monotonoa soilik euren artean, neskak, ustekabez, pentsatu zuen: gaitzespeneko soinuok ez dira denbora galtzen ari naizelako; aita eta gizon zuriak, haiei begira ikusiko nauten beldur delako egin ditu. Batbatean:
-Ez naute ikusi -esan zuen bere burua zuritzen.
Zeta nabarretako aurpegira begiratu zuen, bainaerremolatxekin kezkatuta egotearen asmo arduratsua baino ez zuen ikusi amarengan aizto tipia hartu eta haiek zatitzen hasi zenean. Azken neguan etxera etorri nintzen guztietan zure alde espiatzen ibili nintzaion, pentsatu zuen neskak, are zaldiz Chekpa-enera elurretan joanik ere, han zegoenentz ikustera. Eta handik itzuli eta han zegoela esan nizunean, ezer entzun ez bazenu bezala jokatu zenuen, orain bezala. Beraz, oraingo hau ez da istorioaren hasiera ez istorioaren korapiloa, pentsatu zuen neskak, eta gurasoen arteko historia garratz luzea errepasatzen hasi zen, pentsatuz, gertaeren ondoko ikuspegitik hobe izango zukeela Sthepen Misioan geratu izan balitz. Baina orduan Misioan Otto anaiarekin ukan zuen azken solasa gogoratu zuen, zelan eseri zen bere ondoan, zango bat bestearen gainean xaloki bildua, samakoa zabal zabalik, paparreko ile gorri bakanak erakutsiz, begi urtsu zurbilek begiratuarekin arakatzen zutela, eta bazekien, jakin ere, ez zukeela hobe han geratu izana.
Errukiz hunkituta agertu zitzaion etxera joatean amak aitaren kontra erabiliko zuela kontatzen saiatu zenean. Zaldiz joan nintzen Chekpaenera, esan zion, bere burua gorrotatuz haurmin zantzuak agerian uztearren, frailea mespretxatuz haren larru zuri gurinagatik, haren begirada galduagatik, izate miserablearen ziztrinagatik. Até egurra mozten ari zen Rosaliarentzat, Tatiopa andere zaharrarentzat, harekin ezkontzekotan zen, badakizu, baina nire amarekin ezkondu zen haren ordez. Ene amak bidali ninduen hara, eta esparruraino joan nintzen zaldi gainean eta ikusi nuenean zalantzatan geratu zen, Chekpa bere lagun zaharraren begienaurrean iraindua, bai eta Tatiopa familiako guztien aurrean ere, eta are okerrago, berak bazekien eta, bederatzi urtetako alabaren begietan iraindua.
Une izugarri hartako oroitzapenean berak ez zuen ezer esan, ez eta aitak ere, eta haruzkoan bezain bizkor gidatu zuen zaldia esparrutik ate, zelan tente, aurpegia haizeaz babestearren eskuin sorbaldara jiraturik, zaldiaren aztaletatik aideratzen zen elur lohiari begiratuz. Ez zuen bidea Archien sorotik laburtu, normalean egiten zuen bezala, eta bide luzea hartu zuen, bidean zehar hainbat arinen zaldikatuz. Atarira iritsi zenean, uhaletik tiratu zuen, zalditik jaitsi eta hesiaren bestaldera pasa eta gero, astiro, muinoan behera joan zen, zurezko istegira. Luzaroan egon zen han, burua eskalapoinaren euskarriko larru bigun eta zabalaren kontra itsatsia, begiak estu hertsirik, zaldiaren ile hezearen usaina sudur zuloetan. Handik luzera, gertaera jazo bezain zehatz kontatu zion misio eskolako abadeari, bere pekatuzko bizitzaren gertaerek erakutsi zioten bezala: Jainkoaren izena hutsalean erabili dut; Jainkoaren izena hutsalean erabili dut; Jainkoaren izena...
Erremolatxa madarikatuak, madarikatuak erremolatxa guztiak pentsatu zuen neskak, eta sukaldera itzuli zenmahaitik, bertanerremolatxa zatituez betetakobigarren ontziari, tipiagoa berau, eragin eta gasazko gortinetatik kanpo aldera begiratu zuen ea aitak eta gizon zuriak bertan zirauten ikusteko. Sartuak zituzten zaldiak istegira auzokora eramaten zirenean bazka ohi zuten soro itxi txipitik.
-Saltzeko gertatzen edo dabil, ezta? -galdetu zion amari.
Amak ez zuen ezer esan.
-Zelan bada? Ez nekien saltzeko asmotan zebilenik -esan zuen neskak emeki, bere zaldia, sabel zabaleko behor gazte bi eta betidanik «Shota» deitzen zuten erdi-shetland zaldi irendu zuribeltza saldotik apartatuak ikusita, soro bazter urrunetan bazkatzen. Berotasunak distira egin zuen belar luze gainean. Neskaren gogoetak noragabe ari ziren, eta, lainotan, entzun zion amari:
-Hobe zatiok goilareaz pitxar bero horietan jarriko bazenitu, Marleen.
Gero, ia bere baitarako, ama hitzegiten hasi zen, neskak bizitza honen iturri egitezko eta filosofikoak ezagutu ez zuelako onarpen gisan.
-Nik neure lurrak nituen, alaba -hasi zen-. Zaldi asko zuen aitaitak bertan. Gertatu zena izan zen aitaita hiltzean gizazuri batzu etorri zirela Washingtonetik eta kendu egin zizkidatela, han ehizako hegaztiak hezi behar zituztela esanez, antzarrak, uste dut. Ez zegoen inor horretaz ezer egiteko -segitu zuen-. Atso hura bakarrik zegoen, ama bat bezala zen niretzat, eta ez zekien ondo zer egin, zeinekin egon edo zelan aurre egin egoera hari. Nire lurraldean ziren zaldien artean bazegoen sabel zabaleko behor pare bat, hor kanpoan diren horiek bezalakoak.
Belardi gibelean zeuden larru argiko behorrak seinalatu zituen kokotsaz. Eta «Shota» zeritzan zaldi zuribeltzari begiratu eta esan zuen:
-Eta bazen beste zaldi bat ere, harrigarria eta misteriotsua. «Su ka wak a , i-e-e-e» -dakoteraz «zakur misteriotsua» izendatzen duen hitza erabili zuen.
Eta ama-alabak, biak geratu ziren leihotik bi behor argien ondoan zebilen «Shota»ri begira, beroaren distiran eta belar luzeko larrean bere gisara, geldiro, presarik gabeko ibilia ikusten. Erremolatxak ahaztuta zeuden une baterako, eta andereak zaldi haien magia, «Shota» zaldiaren iduriko harena gogoratu zuen batez ere, behialako denbora hartaz pentsatuz, xoriño batek tribuko bikote zaharrari zaldi bat oparitu, eta zaldiak gizon eta andere zaharrei ondorengo ugari eman eta haren geroztik jendea sekula pobrea izan ez zen denbora hartaz. Bere aitaita, Buru Makurra agureak, zaldi ugaridun gizonak, sarritan kontatu zion istorio hori bere haurtzaroan, izaki guztiek elkar ezagutzen zuteneko egunei buruz hitzegin gogo zenean. Eta lasaigarri izaten zen: «Tribu hau indartsua eta ona izan dadila nahi dut» esan omen zion zaldi misteriotsuak agureari, «beraz nire ondokoak ematen segituko dut urteoro, tribuak zaldi ugari ukanen ditu eta dohain hori zuen artean izango da betiko».
-Zaldi bizkorrak ziren benetan -esan zuen amak, artean hausnartzen, idurikapen eta oroitzapeneko tolesduretan barrena-. Ezagunak ziren herri osoan beren abiantzagatik, agureak tribuko gizon baliotsuei uzten zizkien, gerlako edo ehizarako erabil zitzaten. Istorio zaharra da -amaitu zuen andereak istorioa bukatutzat emanez, haien istorioaz hitzegiteak dena ulergarri egin bailuen.
Gertaera haiek kontatzearekin indar izugarria biztu zitzaion amari. Orduan ohartu zen neska istorioa amaitzen bide zeneko lazduraz, bai eta anderea sukalde aldera berriro itzuli zenean zeta iluneko ezaugarriek estali zituzten uzkurtasun eta hutsiduraz ere.
-Zer gertatu zitzaien zaldiei? -jakin nahi izan zuen neskak-. Norbaitek lapurtu zituen? Hil egin ziren?
-Bai, hori uste dut -esan zuenamak isilune luzearen ondoan, eta berriro isiltasun sakona zabaldu zen euren artean pitxar beroak erremolatxa zatituekin betetzen hasi zirenean, estalki beroekin isten, igurtzen, arreta handiz xukatzen eta banan bana jartzen despentsako apal ilun batean.
Neskaren etsipena joana zen eta bazirudien ez zitzaizkiola ez berotasuna, ezdesegokitasun fisikoa axola, ezta sukalde tipiaren lazeria ere, non ama eta biak batera eta bestera mugitzen ziren geldiro, iraganeko liluraz, irudikapenaren harrigarriaz jakitun jadanik.
Eguzkiak sartaldera jo zuen eta gerizpetan gelditu zen sukaldea. Haizea geratu egin zen. Ama-alabak zeregin nekagarriarekin amaitu eta ur beroa zegoen ontzi handia sarreratik eraman eta lur gainera hustu zuten, atetik metro batzutara. Erremolatxa gorrien urak lur lehor eta sikua nola tindatzen zuen begiratzen zuen neskak, eta apartatu egin zen uraren gorritik, pintorearen pintzeladak bezalaxe zirriztatzen zena, eta, batbatean, beltz eta zoritxarreko ageri zena lurrean hondoratzen. Begirada altxatu zuen gizon zuriaren kamioneta berdea muinoaren bestaldean desagertzen ikusteko, hautsa gurpil astunen atzetik harrotu eta berotasunean emaro pausatzen.
Beldur zehazgabea heldu zitzaion berriro. Korapilo bat sentitu zuen handitzen barrenean, eta istegi aldera begiratu zuen larriturik. Bazirudien ez zela ezer mugitzen bere inguruan, aidea batbatean geldirik, garunak bezalako izerdi tantak aurpegian eta besoetan, bustiak eta hotzak. Istegirantz arineketan abiatu zeneanama ikusi zuen galdara euskarri bati oratzen begi ertzetik, harrigarriro baretuta, buru eta sorbaldak eguzkitan leinuru.
Istegian, piska batera, aita ikusi zuen, ia bizigabe hautsetan ahozpez etzanda, adats luze urdina bere gainetik abaniko bat bezala hedatuta, bere irudia kontu handiz zaintzen zuen gizonarentzat deitorez nahasturik. Zapi gisa erabiltzen zuen kotoizko lepoko urdina eskuin eskuan bilduta, erostaka ari zen emeki.
Whisky usain gotorra zerion aitari bueltatu eta eseritzen lagundu zionean, eta iraganaren presentzia isila hain oroigarriro zetzan une horretan euren artean ezen aitak ez bait zion ez begiratu ez hitzegin. Une horretan, bere inozentziaz lausoki ohartu eta doluz bete zen neska, Até ahal izanez gero behin eta berriro itzuliko zatekeen denbora hura sekula ezagutuko ez zuenagatik. Balantzaka etxeratu zenean begiratu zion, makur eta mozkortuta, dignitate larriko gizona, irrigarri, triste, babesgabe, alabak liluraz baino antzeman ezin zituen gorabeherak zirela eta.
Keyapi: gau batean, berandu zela, agureak zaldiak etxe ondoan lotu zituenean, norbait irristatu zen hesian barrena haiek lapurtzeko asmotan; zaldi miresgarriak hil nahi zituela ere esan zen. Oparitako zaldi misteriotsuak lotan zegoen agureari deitu eta inguruetan makurren bat zebilela esan zion. Halako mehatxua euren eta tribuko jende guztien gainean agertu zitzaienetik zaldien boterea urritu egingo zatekeela eta ez zela moxal gehiagoz erdituko, jendeak aurreko bizimodu lazgarrira itzuli beharko zukeela esan zion agureari.
Aita etxera zihoanean, lapikoaren hondar beltzak garbitzearen itxura zegien amaren ondotik ibilera gaitzean pasatuz, neska jiratu eta arin atera zen istegi bestaldetik.
Begiratu beharra daukat: urruntasunera, pentsatu zuen, eta begiak altxatu eta erdi hertsirik arratseko argitara so egin zuenean St.Georgeko bidea ikusi zuen ibaian bestaldean, bihurgunetik harantzago, hain urrun ezen haraino heltzeak ia egun osoa hartuko bait zion edozeini. Begiratu beharra daukat: nire aurreko lurraldera, non nire amamek tinpsina ohantzetarako bidexkak egiten zituzten eta bizkarren gainean abar sorta luzeak zituztela etxeratzen ziren. Begiratu beharra daukat: iraganera, pentsatu zuen, gizakiei hitzegiten zien zaldiaren xerka.
Pausu luzeetan abiatu eta hauts sakonetan ibili zen. Luzaro ibili zen etxe ilundura itzuli aurretik; ohean sartu eta uda gaueko xomorroen soinuak entzuten etzan zen, gogoeta izugarrietan, amaren zaldi istorioak egunaren gertakizunekin izan zitezkeen zerikusien inguruan.
Izu baten itzartu zen, aita lepotik tiraka.
-Nirekin etorri behar duzu zaldiz, alaba -esan zuen-, tratalaria itzuli baino lehenago. Ifarraldeko larre urrunenera eraman nahi ditut zaldiak. Ni gerturik nago, beraz arin ibili, mesedez.
Neska bizkor jantzi zen, eta egunsentia argitzen ari zuenerako aita-alabak, bakoitza zaldi bana gidatuz eta gainerakoak atzetik, larreetako muinoetara abiatu ziren. Muino horietan, bazekien eta, tribuko jendea bildu zen altxamendua amaitu eta EEBBetako zalditeria misiolari eta kolonoekin «indioen arazoa»ri buruz autuan hasi zenean. Muino horietan, urdin ilunak goiz honen argitan, gordetzen ziren bertako zaharrenek baino inork ezagutzen ez zituzten mundu sakratuak.
Dry Creek gaineko lepora iritsi zirenean, aita-alabak geratu egin ziren, zaldiak beren gogora joan zitezen utzirik. Muino larre malkarretatik erreka lehorreko ubideetara gidatu zituen «Shota»k, eta banan banan, errekarroa lerrokatzen zuten zurzuri luzeetan barrena desagertu ziren zaldiak.
Neska aitaren ondoan zegoen, zaldiak nola urruntzen ziren begira.
-Zergatik saldu behar zenituen? -galdegin zuen batbatean.
-Gehiegi dira -erantzun zuen-, eta belar guti dago aurten. Bero handiegia egiten du -esan zuen aurpegia zapi urdinaz xukatuz. Eta errepikatu zuen:
-Belar guti dago uda honetan.
Horrekin, zaldi gainera igon eta etxera abiatu ziren elkarrekin.
© Elizabeth Cook-Lynn