Gerlariak
Anna L. Walters
Anna L. Walters: Pawnee-Otoe-Missouria, «The Otoe-Missouria Tribe» eta «Centennial Memoirs»en idazlea eta «The Sacred: Ways of Knowledge» eta «Sources of Life»ren egilea beste zenbaitekin batera. Bere lanak «TheManTo Send Rainclouds», «Shantih», «Voices OfThe Rainbow», «The Indian Historian» eta beste argitalpenetan agertu ditu. NCC Press-eko zuzendaria da, eta Tsaile-n bizi da, Arizonan.
21-25 orrialdeak falta dira
Bidearen luzeari begira, gizonak hazka egin zuen hankan.
-Joatea izango dut onena.
Txara aldera seinalatu zuen berriz ere ahizpak:
-Bide hori da -esan zuen.
Hesia eta txara saltatu zituen atzera. Deiadar egin zion ahizpak:
-Agur!
Eskuzapi busti bat ere astindu zuen.
Amari eta aitari ez genien ezer kontatu gizon beltzaren gainean, beranduago ahizpak gizon beltzarekin izandako solas osoa osaba Ralphi kontatuko zion baina. Entzun eta irri egin zuen osaba Ralphek.
Zenbait hilabete geroago, eguraldia hozturik eta osaba Ralph aste pare bat gurera bildua, ibiltarien lekura joan ginen ahizpa eta biok. Aspaldidanik genuen buruan. Ez zen ibiltaririk ikusten arratsalde hartan txarara hurbildu ginenean.
Lurra zapal eta gogortua zegoen sastraka luzeen arteko soilunean. Zirkuluaren inguruan ibili eta kartoi tolestuak aurkitu genituen pilatuta. Neurri guztietako pote erreak eta su zaharren hondarrak ikusten ziren kartoien pean. Zarpailak, sasi muturretan esegita, zarrapaka zebiltzan haize indartsuaren mendean.
-Beharbada garraio bagoietan daude orain denak. Hozten ari du -esan zuen ahizpak.
Arrazoi zuen. Hozka zegien azaroko haizeak, hotzak gure eskuak zaztatzen zituen eta arnasa leitu egiten zen hitzegiten genuenean.
-Joango al gara harako bagoi haietara? -galdegin zuen ahizpak.
Tren-pasabide seinalera begiratu genuen, bagoiak zeuden aldera. Gertu nintzen erantzuteko nonbaitetik burrunba egin zuenean ahots batek gure atzean:
-Etxera umeok, etxera! Zoazte! Arin!
Txararen artetik zorrotz begira genuen gizon bat azaldu zen. Gorri zituen begiak eta kendu gabe bizarra. Koadro gorri eta marra grisetako alkondara eta barrenetatik luzeegi zituen fraka beltzak zeramatzan. Handituta eta ubelduta zuen aurpegia. Artilezko bufanda arrosa zaharrak ubelune batzu gordetzen zituen. Lokatzez zipriztinduta zuen alkandora.
Ahizpa, gizonari begira, nire ondoan estutu zen. Aurre eginez esan zion:
-Ez duzu guri zer egin behar dugun esaterik! Ez gaituzu ezagutzen!
Ez zion ahizpari erantzun. Zutik egoten saiatu zen arren, ezin izan zuen. Laster batean hurbildu zitzaion ahizpa. Besotik heldu eta tira egin zion:
-Laguntza behar al duzu? -galdegin zion.
Beltzuri egin baina lagun geniezaion utzi zigun. Luzea zen. Bazirudien lotsatuta zegoela lagundu geniolako.
-Indioa, ezta? -ausartu nintzen galdetzen.
Ez zidan erantzunik eman, baina bere oinetara begiratu zuen, berak beharrean haiek hitzegin bailuten. Zapata marroi handiak zeramatzan.
-Zein herritakoa zara? -galdegin zuen ahizpak. Osaba Ralphen adinekoa eritzi nion burua azkenean altxatu eta nirearen pare jarri zuenean. Isilik egon zen minutu batez. Hasperen egin zuen:
-Ez dut herririk -esan zigun masail handitua samurki igurtziz.
-Seguru baduzuna. Gure familiakoek esaten dute gizon batek herria beti duela -esan zuen ahizpak soseguz. Haizeak arropak altxatu eta hitzak estaltzen zituen.
Entzun zuen baina. Ziri baten gisa lehertu zen.
-Bada, nik ez! Nik ez dut herririk! Nik ez daukat inor!
-Dena den, zertan ari zara hemen? -galdegin zion ahizpak-. Zaurituta al zaude? Hara, gure etxera etorri nahi duzu?
-Ez -esan zuen-. Eta orain, tipiak, zoazte etxera. Ez ibili inguru hauetan. Ez al dizue inork esan neskattoek ez dutela beren kasa bakarrik ibili behar? Mina hartzen ahal duzue.
-Ibiltariekin hitzegin nahi genuen, besterik ez -esan zuen ahizpak.
-Ez egin halakorik. Joan etxera. Seguru arduratuta dabiltza etxekoak zuen bila.
Ahizpari besotik heldu nion.
-Agur -esan genion gizonari.
Baina ahizpak ezin izan zuen azken hitz guti batzu bota gabe geratu:
-Indioa, ezta?
Baietz egin zuen, zeregin mingarria balitzaion bezala:
-Bai, indioa naiz.
-Zu zeu zara etxera joan beharko zenukeena -esan zuen ahizpak-. Seguru familiakoak zure bila dabiltzala arduratuta.
Ahizpa eta biok urruntzean berriz entzun zitzaion:
-Esan dizuet, mukizuak, ez dut inolako herririk!
Sumintasuna zegoen haren ahotsean.
Ahizpa ez zen isiltzen direnetarikoa. Jiratu eta:
-Bai? Indioa, ezta? Ezta? -egin zion garrasi-. Geu gara zure herria!
Abrigoa eta bufanda zurigorria joan nahian zebilzkion haizearekin urruntzerakoan.
Etxera joan ginen, ama, aita eta osaba Ralphengana. Atarian bildu gintuen osaba Ralphek.
-Non izan zarete? -galdegin eta trenbideko bagoietara begiratu zuen-. Ama eta aita sukaldean ari ziren hitzegiten.
-Jolasten besterik ez, osaba -esan genuen ahizpak eta biok ahobatez.
Osaba Ralphek esku banatatik oratu eta ataritik lekora eraman gintuen.
-Awkuh! -esan zuen, gaitzespena adierazteko pawnee erasia erabiliz.
Atariko porlan gainean eseri ginen. Osaba Ralph geldirik egon zen luzaroan, ez ahizpak ez nik zeren zain ez genekiela.
-Istorio bat kontatu nahi nizueke -esan zuen azkenean-. Behin batean baziren arratoi bi, beti alde guztietan sartzen ibiltzen diren horietakoak. Ez egiteko esaten zitzaien guztia, bada, esatea nahikoa zen beraiek egiteko. Istilutik istilura zebiltzan. Bazirudien ez zutela sekula santan ikasiko.
Osaba Ralphek eztarria zolitu zuen. Niri begiratu eta:
-Arreba, aditzen duzu istorio hori? Gogorregia al zaizu? Zu zaharragoa zara -esan zuen.
Baietz egin nuen burua gora eta behera mugituz.
-Aditzen dut -esan nuen.
Ahizpari begiratu zion orduan.
-Arreba -esan zion-, segitu beharra daukat istorioarekin?
-Ez, osaba Ralph -esan zuen.
-Badakizue beraz zelan amaitzen den istorioa? -esan zuen zakarki. Ahizpak eta biok gora eta behera eragin genion buruari.
Bere orpoz orpo eman genuen egun hondarra. Begira harrapatu gintuen atabalaren gainaldeko larru xaloa estutu zuenean, zegokion lekutik heltzen genion berak larru hezea lotzen zuen bitartean. Armairuko goiko apaletatik atabal makilak hartu eta jotzen hasi zen, geldiro.
-Nora joan behar duzu, osaba Ralph? -egin nion galde. Ahizpak eta biok bagenekien-eta, atabala gertatzen zuenean handik gutira joaten zela beti.
-Atabala jo behar dut bihar ihardunaldi batzuetan -esan zuen.
-Kantari ona zara, osaba Ralph -esan zuen ahizpak-. Kanta zahar guztiak dakizkizu.
-Badirudi gaur egungo gazte jendeak ez duela zaharrez ezer jakin nahi. Ilargira joan nahi dute, besterik ez -atabala jotzen ari zen, apal.
-Guk hartzen ditugu aintzat, osaba Ralph -esan zuen ahizpak.
-Zergatik? -galdegin zuen osabak gurekin inoiz gutitan erabiltzen zuen tonu latzean.
Ahizpak, minutu batez hausnarketan egon ondoren, esan zion:
-Zuk ardura handia hartzen duzulako, uste dut, osaba Ralph.
Baretu egin zitzaizkion begiak.
-Eruska bat kantatuko dizuet, gerlarien kanta bat -esan zuen.
Kantatu zuena gerla-dantzako kanta bat izan zen. Adi adi entzun genuen biok, ahizpak gizon-dantzari ekin zion arte. Sekula dantzatu gabe, ikusitakoa antzezten saiatzen zen. Gorputz pottoloak jiratu eta salto egiten zuen gizon-dantzan ikusia zuen moduan. Burua batetik bestera makurtzen zuen, gizonezkoek mugitzen zuten eran. Barre algaretan hasi nintzen bere ahalegin baldarrak ikustean. Barre egiten zuen osaba Ralph berak ere.
Gure bizitzan sartzen eta irteten ibili zen harrez gero osaba Ralph. Batean eta bestean kantatu zuela entzuten genuen, eta jendea bere bila etortzen zen amarengana. Esaten zutenez, bera zen ohitura eta kanta zaharrak zekizkien bakan gutienetakoa.
Beti zekarren jatekorik gu bisitatzen zetorrenean. Pawnee ohitura zen gizonak, gerlariak, janaria eramatea, okela aukeran. Gero, edozein janari eramanda ere, prestatu eta etxekoen artean gizonari ateratzen zitzaion, gerlariari. Sarritan amak eta biok, edo ahizpak eta biok, etxe hutsera heldu eta mahai gainean janariz betetako zakua idorotzen genuen. Amak edo nik hurrengo bazkarirako prestatu eta jaterako osaba Ralph azaltzen zen.
Ahizpa eta biokhanditzearekin batera galduzjoanzenibiltarienganako genuenmirespena. Beste gauza batzuk hartu zuten gure denbora, eta osaba Ralph ez zen lehen bezain sarri azaltzen gurera.
Behin etxean bakarrik nengoela amaren argazki albuma hartu nuen. Argazki gris bat zegoen barruan. Osaba Ralph zen, armadako uniformez jantzia. Oihalezko dendak ageri ziren atzean, zelai lau batean. Ostantzeko argazkietan bestelako jarreretan agertzen zen, baina bakarrean egiten zuen irri. Argazki guztiek amaren idazmoldeko hitzak zituzten tinta beltzez idatzita. «Ralph Korean» zioen guztietan.
Albumeko beste argazkietan senide pawneeak agertzen ziren. Aita beste tribu batekoa zen. Amaren ama ere albumean zegoen, ile urdineko emakume tipia, jadanik bizi ez zena. Eta amamaren aita ere albumean zegoen, pawnee polaina zaharrak jantzirik eta xori ilun lumaia luzea buru gainean. Albuma itxi nuen ama, aita eta ahizpa etxeratu zirenean.
Amak sukaldera jo zuen janaria prestatzen. Deitu egin gintuen, ahizpak eta biok lagun geniezaion. Aurre-amantala jartzean esan zigun:
-Hiritik gatoz eta etxeko norbait ikusi dugu bertan.
Bere tribuko norbait esan nahi zuen.
-Ralphie zurrutari emana dabilela esan dit gizon horrek -esan zuen tristuraz-. Aspaldi batean ere ibilia zen horrela, baina utzia zuelakoan geunden. Azken urteetan ongi zebilela zirudien.
Janaria gertatu eta isilik jan genuen. Platerak garbitzean galdegin nion amari:
-Zelan ez da osaba Ralph sekula ezkondu?
Amak begiratu egin zidan, baina ez zen galderaz harritu.
-Ez dakit, ahizpa -erantzun zidan-. Hobe zukeen ezkondu balitz. Bazen emakume bat nire ustez osaba Ralphek zinez maitatu zuena. Oraindik ere maite duelakoan nago. Amaren gauza izan zela uste dut. Hark itxarotea nahi zuen.
-Itxaron zertarako? -galdegin nuen.
-Ez dakit -esan zuen amak, eta aulki batean eseri zen.
Harrez gero osaba Ralph batean eta bestean edaten zebileneko zurrumurru kezkagarriak ailegatzen zitzaizkigun.
Azkenean, ni bakarrik nengoen batean bildu zen etxera. Betilun eta nekatuta zegoen. Urte batzu lehenago ahizpak eta biok trenbideko bagoietan ezagutu genuen gizazuri haren antz handia zuen.
Jo zuenean atea ireki nuen. Osaba Ralphek zena baino zaharragoa ematen zuen. Janaria zekarren eskuetan.
-Nowa, arreba -esan zuen agurtzeko-. Non dago bestea? -ahizpaz ari zen.
-Kanpoan dabil orain, osaba Ralph. Eskolan, Kansas-en -erantzun nuen-. Non ibili zara, osaba Ralph? Kezkatuta geunden.
Galderari entzungor egin eta esan zuen:
-Janaria dakart. Gerlariak janaria dakar etxera. Bere familiarentzat, bere jendearentzat.
Zimurtua zuen aurpegia eta egunetan garbitu gabea. Ardo merke usaina zerion.
-Non ibili zara, osaba Ralph? -galdegin nuen berriro. Irri bortxatua atera zuen:
-Kalabaza Lorea -esan zuen, pawnee izena erabiliz-, kanpoan ibili naiz denbora guzti honetan, ene gerlariekin.
Beso batekin inguratu ninduen janariarekin sukaldeko mahaira gindoazenean.
-Horixe da zure pawnee izena. Ez ahaztu.
-Baten batek ekarri al zaitu ala oinez etorri zara, osaba Ralph? -galdegin nion.
-Oinez etorri naiz -erantzun zuen-. Non dago ama?
Ama eta aita laster bueltatuko zirela esan nion, eta ekarri zuen janaria gertatzen hasi nintzen. Gero hauxe entzun nion osaba Ralphi:
-Batzutan bizitza gogorra da gero. Ezingo dudala iraun ematen du.
-Zer da oker dabilena, osaba Ralph? -galdegin nuen.
Irriño samin batez hartu zuen:
-Zer denoker dabilena? -eta errepikatu egin zuen-. Zer denoker dabilena? Ene bizitza osoa. Saiatu naiz erakutsi didaten bezala bizitzen, Kalabaza Lorea, baina gauzak zeharo oker daude!
Camel pakete zigarro zimur bat atera zuen zamarra poltsikotik. Eskuak dardar egiten zion paketetik bat atera eta piztu zuenean.
-Edari larregi -esan zuen tristuraz-. Txarra da guretzat.
-Zertan ari zara orain, osaba Ralph? -galdegin nuen orduan.
-Bizitzen -esan zuen.
Zigarro dardartia urrupatu eta hala esan zuen:
-Edertasunaz, otoitz eta kantuekin bizitzeko esaten zuten arbasoek. Edertasunarren hil ere egin ziren batzuk.
-Zelan egin genezake hori, osaba Ralph, edertasunarren bizi? -galdegin nuen.
-Erraza da hori, Kalabaza Lorea -esan zuen-. Sinetsi!
Zorrotz begiratu zidan.
-Awkuh! -esan zuen-. Horixe da oker dabilen gauzetako bat. Denek galderak egiten dituzte. Denek egiten dute duda. Inork ez du bide zaharretan gehiago sinesten. Komeni zaienean baino ez dute sinesten, ezer kostatu ez eta ordainez zerbait jasotzen dutenean. Ez dago sinesle gehiagorik. Ez dago gerlari gehiagorik. Joanak dira denak. Eutsi diotenek ilargira baino ez dute joan nahi.
Auto bat geratu zen kanpoan. Ama eta aita ziren. Osaba Ralphek ere entzun zuen. Aulkian eseri zen, amak esan ziezaiokeen edozertara etsia.
Ama sartu zen lehena. Gero aitak osaba Ralph agurtu eta etxe atzean desagertu zen. Ohiturak eta gizabideak eskatzen zuen, ezen aitak, amaren tribuko kide ez izanik, bere gain utzi ohi zizkion amari nebaren arazoak.
Osaba Ralph besarkatu zuen. Begiak malkoz bete zitzaizkion hain argal eta eskuen dardarioa ikusi zuenean.
-Ralphie -esan zion-. Itxura lazgarria duzu, baina pozten nau zu ikusteak.
Gero denaren gainean hitzegin zion, autoak ez zuela arrankatzen eta azken orduko esamesak. Isilik zegoen osaba, denbora modu horretan pasatzearen etsipenarekin. Bere begiek begiratu erregukorra bidali zidaten eskuak dardarrez zituela eta geldirik mantentzen saiatzen zen artean.
Afaria prest egon zenean, garbitzen joan zen osaba Ralph. Mahaira itzuli zenean lasai zegoen. Eskuek ez zuten hainbeste dardariorik.
Hitz askorik gabe jan zuen hasieran, baina afariak iraun zuen bitartean birritan utzi zuen mahaia. Itzuli bakoitzean aurrekoan baino hiztunago somatzen genuen, amaren galderei pawneeraz erantzunez. Aita altxatu egin zen mahaia hirugarrenez uztean.
-Edaten ari da berriz -esan zion aitak amari-. Ez diozu ezer esango ala? -eta kanpora irten zen.
Beltzuri egin zuen amak. Zantzu erabakiorra ageri zen bere aurpegian.
-Ralphie, nire neba zara, baina joan zaitezen nahi dut, oraintxe bertan. Xuhur zaudenean itzuli.
Goilare laztua aidean eragin eta mahai gainean utzi zuen soseguz. Ez zuen jaten amaitu, baina ez zirudien joatea axola zitzaionik. Altxatu egin zen, bere begi gorriekin begiratu eta aterantz jo zuen. Atzetik segi zion amak. Ahots apalez esan zion:
-Ralphie, utzi edateari eta hara eta hona ibiltzeari edo ez etorri bestela berriro gu ikusten.
Zen bezain luze goratu zen. Bere gorputzak ate osoa betetzen zuen. Oihu egin zion amari gainera makurtuz:
-Zein zara zu? Jainkoa al zara, zer izango den edo zer izango ez den esaten ibiltzeko?
Osabaren begi haserretuak bildu zituen amak. Finko mantendu zen atzera egin gabe. Linoleozko zolura erori ziren azkenean osabaren begiak amaren aurpegitik. Eztula eman zion barren barrenetik.
-Joango naiz -esan zuen-, baina nire gerlari guztiak batu eta itzuliko naiz! Ehundaka gerlari ditut, eta nirekin zaldikatuko dira. Arkuak eta geziak hartuko ditugu. Itzuli egingo gara!
Balantzaka atera zen.
Edan gabe zegoenean soilik ikusi genuenondoko urteetan. Geroz eta gutiagotan bisitatzen gintuen. Agertzen zenean talka-talka jotzen zuen aurreko atean. Abegi onez hartzen genituen bisita bakanak. Inoiz egun guti batzu igarotzen zituen etxean. Zoruan egiten zuen lo.
Unez uneko lanbideak hartzen zituen, soldata urrian, baina ez zen sekula lanaz edo diruaz kexatu. Hutsa egin zitzaion begiratua. Haur ginenean ahizpak eta biok ibiltariengan ikusi genuen begiratu berdina. Zarpail, ez zeraman inolako ondasunik aldean.
Etxera bildu zen azken aldian ingelesezko izenez deitu eta ea erakutsi zidan guzti hartatik zerbaitez oroitzen nintzen galdegin zidan. Ile zuri zuria zuen. Ezagutzen nuen inor baino zaharragoa ematen zuen.
-Denaz -esan nion bere irudiaz liluratuta.
Gau hartan bere ordez nik seinalatu nituen izarrak eta Pahukatawa zelan bizi eta hil eta berriro beste baten ametsetan bizi izan zen kontatu nion. Handia nintzen ordurako eta osaba Ralphek ezingo ninduen belaun gainean sekula gehiago jarri. Bere besoaz gerritik inguratzen ninduen belardian jarrita geundela.
Hunkitu egin zen nire kontakizunaz eta indarrez oratu zidan eskua.
-Hori baino gehiago da -esan zuen-. Hitzak errepikatzea baino gehiago da, badakizu, ezta?
Baietz egin nuen:
-Bai, badakit. Kontatzea da parterik errazena, baina hori baino gehiago da, osaba Ralph.
Geldirik egon zen, baina minutu batzu pasa zirenean sorbaldan ukitu ninduen besoaz:
-Ezin dut martxan jarri. Piezak jartzen ahalegindu nintzen -esan zidan.
-Badakit -esan nuen.
-Orain, joan aurretik -esan zuen-, badakizu nor zaren?
Ezustean harrapatu ninduen galdera horrek. Pentsatzen geratu nintzen. Eztarria zolitu eta esan nion:
-Badakit hamalau urte dudana. Badakit gazteegi naizena.
-Ba al dakizu pawneea zarena? -galdegin zuen susmur ito batean.
-Bai osaba -esan nuen.
-Ongi -esan zuen gaua hasperen luze batean irentsiz.
Gero altxatu eta esan zuen:
-Bada, ahizpa, alde egin beharra daukat. Mugitu beharra.
-Nora zoaz? -galdegin nuen-. Gerlari guztiak doazen lekura? -esan nuen txantxa eginez.
Irribarre egin zuen algara apal batekin.
-Bai, gerlariak nahinon egonik ere aurkituko ditut.
-Joan aurretik -galdegin nuen-, osaba Ralph, emakumeak ere izan al daitezke gerlari?
Barre egin zuen berriro eta gogor besarkatu ninduen.
-Ez didazu bada esango zuk ere gerlarietako bat izan nahi duzunik?
-Ez osaba -esan nuen-. Zuetariko bat soilik.
Amorrua ematen zidan joaten uzteak, ondo bait nekien ez nuela berriz ikusiko.
Abiatu egin zen. Hauexek izan ziren bere azken hitzak:
-Ez ahaztu urte guzti hauetan kontatu dizudana. Hori da mundu guztia bezalakoa ez bilakatzeko dagoen aukera bakarra. Aditzen duzu?
Baietz egin eta joan egin zen. Eznuen berriz sekula ikusi. Urteak arin joan ziren. Gurasoen etxetik kanpora ezkondu nintzen. Ahizpa ni baino lehenago joana zen.
Urteak pasa eta handik ehundaka kilometrotara zen beste herri batean itzalpe izugarri batean itzartu nintzen, pawneeek ezagutzen zuten mundutik zerbait joan zeneko sentsazioaz. Etsipenak betetzen zituen egunak, galera sentsazioaren arrazoia ezezaguna zitzaidan arren. Azkenean, telefonoak jo zuen. Ama zegoen harian:
-Ahizpa etxera bildu zen orain ez asko -esan zuen-. Hemen bakarrik zegoela norbait etorri eta atean jo zuen Ralphiek beti egiten zuen bezala. Deiadar egin zion ahizpak. «Zu al zara, osaba Ralph? Sartu barrura». Baina ez zen inor sartu.
Orduan ulertu nuen; osaba Ralph hilik zegoen. Amak ere bazekien segurasko. Negar zotinka ari zen telefonoan.
Dei ofizial bat jaso zuen amak beranduago, osaba Ralphen heriotza baieztatzen zuena. Hotzez hil zen ibiltari txabola batean, Oklahomako herri tipi bateko kanpokaldean, trenbideko bagoien ondoan. Hila zeraman egun batzu inork jakin barik, ama, ahizpa eta nik izan ezik.
-Hiletetan pawnee jende asko izan zela kontatu zidan amak, ni ez bait nintzen izan. Osaba Ralphek eta biok urteak dira esanak genituela gure agurrak. Amak kontatu zidan lurra eman aurretik norbaitek ongi hitzegin zuela osaba Ralphez. «Ralph familia bikain batekoa zen, gerlari leinu zahar betekoa», esan omen zuen.
Hamar urte beranduago, bisita labur bat egin genien ama eta aitari beren etxean ahizpak eta biok. Ehundaka kilometrok berezi gintuzten denbora guzti horretan. Amaren jardineko mimosa arbolaren azpian eseri ginenean aitorpen bat egin nion ahizpari:
-Batzutan osaba Ralph hemen egotea gura nuke. Emakume heldua naiz, baina urte guzti hauen ondoren haren hutsunea sentitzen dut oraindik.
Ahizpak baietz egin zidan adostasuna erakusten.
-Hainbat gauza zekien... -segitu nuen-. Bazekien zergatik isurtzen duen eguzkiak bere likidoa gure gainetik eta zergatik duen horrela egin beharra. Bazekien zergatik ibiltzen diren umeak eta zomorroak tarratez. Bazekien edertasunarekin bat bizi behar dugula ala inolaz ez bizi.
Ahizparen begiak gogoirudiz beteak ziren, baina itxaron egin zuen hitzegin aurretik nik segitu bitartean:
-Edertasunarekin bat bizitzea gerlariek egunez egun ahal bezain luze hausnartu behar duten gudua da. Gudu orokorra da. Hain dira politak ezagutzen zituen gauzak! Eta edertasun era hori sentitzea eta ezagutzea da besterik gabe gure bizitzaren arrazoia. Horrela esan zuen osaba Ralphek. Baina orain ez dago inor edertasun hori, edo berak ezagutzen zituen beste gauza haiek zer diren dakienik.
Ahizpak atzerantz egokitu zituen bere adats iluneko ile xerlo urdinduak:
-Zuk badakizu -adierazi zuen-. Eta nik ere bai.
-Zergatik utzi gintuen horrela, zure ustez? -galdegin nuen.
-Ez zeukan laguntzerik -esan zuen ahizpak-. Gudan ari zen.
-Bere gerlarietako bat izan nahi nuen -esan nuen irri zuri lotsatiaz.
Ahizpa makurtu eta eskuan jo ninduen samurki.
-Bazara eta -esan zuen. Orduan altxatu eta esku bat bere paparrean eta bestea nire besoan iminita, esan zuen:
-Aurrera joko dugu.
Nire besoan zeukan eskua ukitu nuen.
-Ahizpa, esaidazu berriro. Zeren alde da gudua?
Hesi aldera begiratu zuen, ibiltari bat iragaiten ari zen lekura. Agur egin genion eskuaz.
-Edertasuna -esan zidan-. Guregudua edertasunarren da. OsabaRalph ere horren alde borrokatu zen. Sarritan esaten zuen beste guztiak ilargira joan baino ez zutela nahi. Baina, gogoratu, ahizpa, gu biok han egonak gaude. Ez zazula ahaztu, izarren alabak gara.
© Anna L. Walters