Benito aita eta amaren umezurtz gelditu zenean Ameriketatik ahaide bat etorri eta berekin eraman zuen.
Bidaia hasi bezperan mendirako bidea hartu zuen eta han goian, tontorrean, txanpon bat gorde zuen. Hamabi urteko mutiko baten ideia sentimental bat izan zen.
Ondoren, panpa arjentinoetan zakur guztiak xaxatu zizkioten, artean biderik gabeko bakardadean bere burua gobernatzeko gai ez zela. Eta asko sufritu zuen gizonei aurpegi ematen ikasteko, negar egiteko gogoei eutsiz.
Bere izpirituaren zatiak bitarteko, Benitok zentzu berri bat lortu zuen eta atsedenik gabe lanean oso aberats egin zen. Ezkondu zen, haurrak jaio zitzaizkion eta lur arrotzean erroturik gelditu zen.
Bere bizitzeko kezkek ez zioten utzi oroimen sentimentalik edukitzen, eta hogeitamar urte igaro ondoren itzuli ahal izan zuen Benitok lehenaldira. Une hartan malenkonia bularrean sartu zitzaion.
Bere haurtzaro alaiko zehaztasun ahaztuak gogoaren bazterretan bilatuz, mendi tontorrean gorderik utzi zuen txanponaz pentsatzen bukatzen zuen beti Benitok. Eta bere jaioterriko lekuak bisitatu gabe denbora gehiago iraun ezinik itsasuntzi batean sartu eta etorri zen lurrera.
Gure hizkuntzako hitz ahaztuek, goroldioak, jatsek, garoek eta bidean aurkitzen zituen gauza guztiek pozez betetzen zioten bihotza. Mendi tontorrera iritsi zenean zoriontasunez egiten zuten diztira bere begiek. Utzi zuen leku berean aurkitu zuen txanpona eta ez dago munduan une hartako Benitoren pozaren aztarrik emango digun hitzik. Gero bere semealabekin aldegin zuen.
Orain Benitok txanpon bat dauka bere leontinan kateaturik eta malko bat bihotzeko itsulapikoan.
© Alfonso R. Castelao