BERRIA
Joan badoa egun hil berria
zeru-ortzean urratu txiki bat
besterik ez izan arteraino
eta erabat desagertzeraino
joan badoa agure zahar hori
makur, oker gizona bailitzan
ze denbora zama astuna baita
beti gainean eramateko
Bidaia ordea oraintxe hasi da
halako batean agure zena
zuzpertu eta gazte bilakatu da
sasoikoa dator egunsentia
Ez da inoiz gurpila gelditzen
eta nonbait katea ez da eteten
geu sortu eta enbora berberetik
sortuko omen beste denak ere
azkena ez da lehena besterik
baita aurkia ifrentzua ere
jira eta bira eternalean
joan eta etorri egiten da oro
Oraindik ordea, horrela ote da?
Ba al dator inor gure ostean?
Galdera gehiegi ez ote dira?
Kateaz gainezka ibiltzen gara.
© Xabier Montoia