E.G.I.A.

Ez hotsegin gehiago,
ez duzu behar (e)ta,
gauza batzuk, maitea,
ez dira aipatu behar.
Zertarako berba egin, zertarako?
Elkarren berri aspalditik dugu.
Esan, zenbat bider gehiago
eszena bera errepikatu behar?

Egia, inori axola zaio?
Egia, inork jakin nahi du?
Egia, inori axola zaio?
Egia, esan zertarako?

«Ez dut berriro egingo»
aise esan daiteke.
«Barkatu, barkatu, barka»
oso errez ere.
Zertarako berdin jarraitu?
egunero lelo berbera.
Egia gora, egia behera
ez ote da hori gezurrik handiena?

Egia, inori axola zaio?
Egia, inork jakin nahi du?
Egia, inori axola zaio?
Egia, esan zertarako?

Nik egin ote nuen
ala zu izan zinen?
Erruduna nor den,
ez da oraingo kontua.
Eginak egin eta joanak joan,
horrela izaten omen da,
saiatu ginela ezin da ukatu

horra egia bakarra.

 

© Xabier Montoia


susa-literatura.com