-253-

JON MIRANDEri

Parisera

Caracas, 1967-VI-17

Adiskide maitea:

Bogotatik etxerakoan zure gutun atsegina arkitu dut nere mai-gainean. Zorioneko ibilaldia, txarrekoa ez esatearren! An egin nituen amar egunetatik, iru oean etzanda eman nituen, sinistu ere ezin ditekena. Tokiaren garaitasunagatik edo eztakit nik zergatik, biotzak ustegabeko joko larri bat jokatu zidan eta il-zorian ikusi nuen nere burua. Eskerrak biotz-osagile onak direla uri artan eta eguerdiko izuikara arratsean patxara biurtu zen: il arrisku guztietatik aske nengoen. Gertakari samin orrez landa, egun ederrak eman nituen Bogotan nere iloba eta antxinako adiskideen artean. Adiskideetan bat Colombiko komunikazino-ministroa da nere ikasle izandakoa. Etzekien neregatik zer egin. Bere otoa eta txoperra ere nere naitara utzi zizkidan edozertako. Ezta errex alako adiskide zintzoak arkitzea. Eta naiko onen bestez ibilaldi artaz. Oraindik atsedenean nago lanera gabe, ala ere astelenez laneratu naizela uste dut.

Eman...en zure olerkia irakurri dutenek zorionka idatzi didate asko gustatu zaiela-ta. Zergatik eztiguzu beste zertxorenbait igortzen. Naiz dela itz neurtuz edo askatuz, beti izango da onartua.

Oraindik bear baino geiago nekatzen naiz eta ementxe noa nere gutun ergel au bukatzera. Zer derizkiozu semitarren-arteko borrokari? Eta onen bestez ar ezazu adiskide maite orrek, ene besarkadarik gartsuena.

Eztut ikusi oraindik Peillenen liburua. Zure Aur Besoetakoak ere uste baino lasterrago izango du egun argia ikusteko zoria; ez itxaropenik gal, arren... Agur.

 


susa-literatura.com