-246-

SANTI ONAINDIAri

Larreara

Caracas, 1967-II-24

Ene adiskide:

Jaso besterik eztot egin eta emen zure 20ko gutun atseginari arrapaladan erantzuten. Ondo dakizun lez, zure barriak niretzako Orrileko euritxua landarentzako baino gozuagoak izaten dira. Milesker beraz, zeure barri ederren alderako. Eta eskerrak baita be, ain arreta eta ardura andiz artu dozulako niretzako bost liburuen apainketan; zer esanik bez, zure begipean apain-baino apainago josiko dituela azaljostun ospetsu orrek. Azalbakoak etxataz oindino eldu; bialdu ete zenduzan? Nik baietz uste, eta igorri ezpaldin badaustazuz, amarren bat bialdu eidazuz, beste adiskide maixagoen artean banatzeko edo saltzeko... dubakoak, esan daroen lez, ez ei dauka esker onik-eta.

Nik esanda zuk gure liburua bialdu zeuntsenetik baten baino eztaust oindino idatzi eskerrak emonaz eta bera neure adiskide Mirandetar Jon izan da, besteak eztabe txintik be atara. Izan be gu alakoxe gizabidetsuak gara. Pentsaizu, ilebete bada ainbat aldizkarietara aurtengo arpide-saria ordainduaz txekeak bialdu neutsezala, ordain biarraren ganetik; inortxok be eztaust ezer esan, eta emen nago ni arduraz bideanedo ez ete dituen ostu txekiok. Ain gara izan be gizabidean narraxak. Ni, egia dinotsut, ezin egon izaten naz zerbait bialtzen daustenei adierazo barik; egunotan artu neban Kerexetaren Barri Ona eta beriala erantzun neutson eskerrak emonaz, ori gero neu be gizabidean enazala ain arduratsua.

Idatzi eustan arrebeak zure ta Peñaren agertuaren barri emonaz. Pozik eta eztitan egon ei zan zuekaz. Alan dinost beintzat eta liburua be zabaldu dau senitartean, iloben artean seguru be, eta beste adiskide euskaltzalen baten bati emon deutsulakoan nago. Nire arrebiaren eritxian Bergilirena lako libururik eztago mundu guztian... zer esanik bez; beste batzuk eztabe ainbesterik usteko, ez orixe. Zeruko Argian zeure aipamena besterik eztot irakurri gu bion liburuaz; Nemesiorenik oindino eztot ezer irakurri, ain berandu eltzen jat izparkari ori. Dana dala, pozik irakurriko nituke agertuko liraken kritika guztiak. Eta Egan zetan da? Betiko il ete da? Edo urtean beingo gertatu ete da? Esango daustazu. Mitxelenaren barririk be eztot izan aspaldion: oindino be Torrelavegan ete dago?

Gu emen aldizkaritxu bat egiten asi gara, erderaz eta euskeraz, erderaz geiago, eta lenengo zenbakia Urtarrilaren asieran agertu zan eta zuri be bialdu neutsun; ez ete dozu jaso? Bigarren zenbakia be irarkolan daukagu; oraingo alea Lauaxeta zanari eskeini dautsogu, baina inundik bere eztogu bere argazkirik arkituten; zuk ba ete daukazu batobat? Poztuko ginake bialduko ba zeunzkigu. Dakizun lez, aurten beteten dira Urkiaga erail ebenetik ogetamar urte; iges Lorcaren ogeitamarrak bete zirean, eta goi erabili eben olerkari orren izena emengo izparkarietan. Guk be zedozer egin gura Lauaxetaren omenez. Urte ederra auxe aren idazlanak eta argitara bako olerkiak agertzeko.

Zorionak gizona Kolonbiko olerkarien itzulpen orregaitik. Etzaitue, orraitino, bertanbera itziko Abrisketak eta, alako lan aundi eta ederra egin ondoren. Emengo olerkariek aldizkaritxo bat argitaratuten dabe, eta noizik bein liburutxo koxkor batzuk olerkari bakar bati eskeinita, baina beti aldizkariaren babesean. Alako batean bilduma osoa bialduko dautsut. Lanean asteko ordua dot, eta agur adiskide.

 


susa-literatura.com