-243-
NEMESIO ETXANIZi
Donostiara
Caracas, 1966-XI-4
Adiskide ona:
Zure 27koak laister bainon laisterrago egin ditu ortik onakoak, bai orixe, eta emen dut eskuartean. Zureak oro bezala, joranez irakurri dut, ez bein bakarrik, birritan baizik bertako esanak ondo ausnartuaz. Ezta arritzekoa zuk diozun "min-giroa" eskutitz arrek izatea ETAkoak dirala-ta. Egia esango ba dizut, ni ez naiz ETAkoa, alare al dudan guzian laguntzen diet, nere laguntasuna exkaxa eta kaxkarra izan arren. Gure zaarren artean arrokeri geiegitxo dagoelakoan nago eta orrez gainera buru-eritxikeriz ustelduta arkitzen dira, geienak beintzat. Eurak gabe ezin ditekela Euzkadirik zorionera eraman uste eta euren bidetik gainera. Ez dute ikusi nai gaurko giroa eztala orain berrogei urtekoa bezalakoa batez ere gazteen artean. Eta alaxe bizi ere dira zarrok, Buda bezela, euren txilborra miresten. Eta bitartean, gazteak aspertu egin dira, euren bideak barrena ibiltzeko. Ni enago ados (Lafitte) ETAkoekin aunitz gauzetan, ez orixe. Alare gizarte auziari ematen ari diran gurpil berria, zenbait aldetatik, bearrezkoa dugu. Inoiz gure erriaren jabe gertatu nai baldin badugu, alperrekoa izango da gure lan guztia. Eta langileak eskuratzeko aldaketa aundiak egin bearko ditute askotxok euren kapitalismoz betetako buruetan. Egun eztago anbiolakorik. Eliza ere, ondo dakizunez, langile eta txiroen alde jarri gogoz batez Jon XXIII.a ezkeroz eta azken Vaticanoko batzarraren ondoren. Bearko, bestela Eliza ere aizeak eramango du. Beste onik ere arkitzen dut ETAkoen artean; oraindainoko euzko-alderdi guztien artean baino euskal-zaletasun aundiagoa. ETAko agintariek beinipein, euskeraz ikasi dute etzekitenak, eta batxok ere eztu nai euskera gabeko Euzkadirik eta zoritxarrez, nazionalista askotxo ezagutzen ditut euskerari begiko zakarrari baino garrantzi geiago ematen eztiotenak: ez ori bakarrik, erderaren aldare zikinean gure aberri izkuntza bakarra pozik erreko luketenak ere bai. Ezetz? Iru, lau, amarmilen izenak emango nizkitzuke abertzale doatsuen artan ala pentsatzen dutenak. Euskera kontuan beintzat nik nere laguntza osoa emango diet naizta osasunez erdi makal ibili eta igandeak atseden pixkat artzeko bear. Gu baino beinago da euskera; nola beraz, abertzale den abertzaleak uka lezaioke bere laguntza euskera zabaldu nai duen nor nahiri? Ortan uko egiten duena, ezta abertzale; ez neri esan. Eta mitintxo au luzetxoegi dioalakoan nagokizu... Beraz, goazen beste zerbaitera.
Gure erriko arloteen arteko euskerari ataka sendo bat jarri bear diogu, denok jarri ere. Bainan nork obeki jarri dezaioke, gaur ere, ataka ori? Erri agintari odolgorriek, gure erria ondatu besterik nai eztuten Madrileko agintariei salduta bizi diren erri-agintarien gandik ezin dezakegu ezer espero. Nork beraz, eutsi bear dio euskerari gure erri arlote ez-jakinean? Elizak, eta Elizak bereziki, eta ortarako ere balio ezpadigu Eliz orrek, ostelari biurtu bearko gera oiek ere Kristorekin baitabiltza. Eztugu Kristo erdaldunik nai Euskalerrietan. Kristo euskaldunarekin ibiliko gera beraz, naizta ostelariena izan. Or duzu, zuk diostazun mutilari gertatua: emetik joan zenean ederki euskeraz egiten zuen eta izebarenean egon zen bitartean Donostian, euskeraz egiten zizkien bere gutuntxoak gurasoei, poliki egin ere. Arrezkero Lekarotzen sartu zutela uste dut, eta an prailetxo doatsu oriek mutilaren ezpainetan euskera sakaildu zuten. Zer merezi dute alako praileek? Urkamendi eta bizkarretik kalitzea, etoi, salduei dagokien bezala.
Benetan pozgarria ikastolari buruz diostazuna. Pizkortze orrek beste ezerk baino geiago poztu nau. Gipuzkoan zintzo ari zerate noski, eta Bizkaian ere zerbait egiten dute. Dakizunez nire senideak andik dabiltza eta neskato txiki biak ilebete onetan euskal ikastolara ibili dira lengusinatxoarekin. Lareun aur omen dabiltz ikastola artan zenbait andereñoren mende. Andereñoak irakasleak dira, irakasteko erdal tituluakin, bainan euskeraz ondo trebetuta, eta eztut uste EGIkoak direnik. Dana dala, euskaldunak dira eta zintzo ari dira aurrei euskera irakasten. Gaur edo biar etorriko dira nere senideok eta aiek ekarriko dizkidate orko berri prexko eta onak. Eztakizu zeinen artega nagoen noiz elduko diren orko gauzak jakiteko. Zuenean agertu ote ziran or Donostian? Nik beintzat birritan idatzi diet esanaz Donostian zu ikusi gabe onuntza ez etortzeko... Bainan beldur naiz nere agindurik ez ote duten bete.
Txintxo bidaltzen didate Bancayatik Idahakoentzat argitaratzen duten Boletina. Dagoneko 14. zenbakira iritxi dira. Egia esan, oso atsegina arkitzen dut aldizkaritxo ori, errietako berriz gainezka etortzen delako, eta urrutietan bizi geranontzat beti ere atsegin izaten zaigu gure zokoetako berriak jakitea. Bertan ikusten ditut ainbeste berri jakingarri zueneko Zeruko Argian arkitzen ez ditudanak. Euskera errex eta garbia erabat ekartzen du aipatu aldizkariak. Nik uste, Erkiagaren zuzendaritzapean edo arkitzen dela. Nik pozik eta gustora irakurtzen dut.
Etxeberriatar Juan Angelek ere argitara dituen liburuxka guztiak igorri dizkit. Politak eta bikainak alajaina, liburutxuok. Guztiz darabil euskera jatorra euskaldun berri orrek. Agustin Deunaren eskutitzak bikainki euskeratuta daude, baita Pedroren alegiak ere. Martialen ziri-bertsoak ez ainbestean. Izan ere idazle au, Pedro baino askoz zailagoa da derabilzkin gaiakatik ere. Iztegi saiotxoa, ikusgarria, euskeraz ematen dizkigun itzen zeapenak gaitik. Ezta beraz euskal-idazleen zaina oraindik aldendu. Alako gazteekin itxaropenez gainezka begiratu dezaiokegula nik uste gure aberri izkuntzaren etorkizunari.
Atzo, kasketaldi batek eman zidan, eta Zaitegi Arrasateko Jaupal andiari eskutitz bat egin nion adarra joaz, galanki gainera. Eztago ortarako eskubiderik: urtebete baino geiago da idatzi ez didala. Emetik igaro zen Guatemalako euskaldun baten bitartez jakin nituen aren berriak: dirudinez kapataz ere biurtu zaigu gure apaiz aundia; bide berri bat zabaldu eragin omen die bere ardiei. Ori artzaia, ori. Eztut uste gerria asko nekatu zuenik berak. Dana dala, ni ere guztiz nago lausotuta gizon ori dala-ta: zergatik alako ixiltasuna? Or ikusiko dugu erantzuten duenez.
Onaindiak biali dit Kirikiñoren liburu berria. Zeruko Argiaren arpide-saria, laister berria ordaindu bearko dugu urte au aurrera dioa-ta. Orain txintxoago eltzen zaizkit: eskupeko bat eman nion bidai-mutilari eta laisterrago iristen zaizkidalakoan nago. Len ere eman izan diot baina... Eta au ere bai: datorren asten, beranduen, txanpon berriak igorriko dizkitzudala liburu berriak ordaintzeko.
Arri ta zur gelditu nintzen gure adiskideatzaz dizkiozunak irakurri ondoren. Ainbestean? Sinistu ere ez egitekoa. Emen norbaiti, nik eztut ikusi, esan zion bestaldeko gure jentea ikustera etzela joan orko abertzale zaar eta zintzo batzuek ala agindu ziotelako eta aiek burua naasi besterik etziotela egingo-ta. Neri eztit ezer esan, nik eztut oraindik ikusi-eta. Baleike datorren igandean elizan arkitzea.
Eztuzu esango niregatik noski mintzul eta idatzul (zer derizkiozu neologismo berriari?) biurtu naizenik, Arrasatekoa bezala. Egungo kalaka onekin aspertu ere zaitudalakoan nago. Amaitzera noa beraz ez ordea, asteburuko adiskideei agurrik kartsuena biali gabe. Eta zuk adiskide, agindu beti ere erbestetu oni.
Datorren udaberrian aleginak egingo ditut zuek ikustera joateko.