-233-
JOANES SAN MARTINi
Eibarrera
Caracas, 1966-I-26
Adiskide ona,
Goizeko seiterdiak dira eta ganera neure urtegunea eta emen naukazu opizinan zeuri iruzpalau lerrotxo egiteko asmoz beste lagunak etorri baino len. Emen goizetik asten gara lanean eta ezta biar makala nire edadeko gizon batentzat alako orduetan opizinara eldu biarra, ganera amabi kilometro autoan ibilita gero. Dana dala, lan ein biar, eta eskerrak oindino be lanerako sasoian arkituten nazala... bestela eztakit zelanik irabaziko neuken neure eguneroko opiltxua...
Natibitate inguruan eldu jatan zure libru Eztenkadak. Arnas batean iruntsi nebala esan biarko ote deutsut? Ementxe daukat neure liburutegian Zirikadak, Mogelen idaztiñoa eta beste Plaentziako ipuinekin idatzi zenduanagaz batera. Sarri irakurten ditut liburuok neure arima larritua azazkatu eta zabalduteko. Ni beti izan naz Eibarko euskera-zale, gazte-gaztetandik, eta oin be alan jarraituten dot. Gure errietako euskerea aintzat ez artze orrek beti samindu nau ni eta beti aleginduten nintzan neure erritarren artean be euskeraz ederto egiten ebela-ta euskeraz idatzi biar leukeziela euren kartatxuak esaten. Orain azkenengo zenbaki batean euskalkiak direla-ta idatzi zenduana be pozik irakurri neban (nik guztiz artzen ditut berandu izparkariok).
Berandu eldu ete zarie ba Eibarko euskera eder orri eusteko? Eztakit zelako biotzeko mina emoten daustan alako gauzak irakurri biarrak; ara benetan gexotuta geldituten naz, ain arrisku aundian arkituten ete da ba zuen euskera eder ori? Egizuez alegin guztiak zuek eta guk ere bai, geure ondasun bakar oni erpe ta aginekin eusteko. Euskera bako Euskadirik nik eztot nai eta abertzale dinoenak be, eztabe gure izkuntzaren garrantzirik ikusten... Irakurri dozu Tierra Vascan euskeraren aurka darabilen kanpaina zitala aspaldion... Ezta sinistutekoa be... Bai Toribio be berandutxu asi da bere erriko euskeraren alde... orain 50 amar urte asi balitz, a zelako indarra emongo euston Eibarko euskerari... len oituraren indarraez erabili izan da euskera Eibarren eta ez asmoz ta jakitez, eta auxe biar genduan. Oin barriz asmoz ta jakitez azur-munetan erdera sartzen jabilkuz agintari zitalok. Dana dala, geure eleginak beintzat egin daiguzan geure ondasun bakarra galdu eztakigun.
Eta ain arin zartu jakun urte barri au zorionez eta ondasunez beterik igaroko al dozu maitien dituzunen artean. Artuizu aiskide zar onen besarkadarik estuena.
* Salbatore Mitxelenaren ustebako eriotziak naigabez beteta nauka. G. B. gure idazle jatorra.