-232-
JON MIRANDEri
Parisera
Caracas, 1966-I-5
Ene adiskide maite:
Garaia dut onuzkero zurekiko nere zor aundiak betetzeko eta emen natorkizu asmo orrekin. Ezingo nizuke esan nola dioazkidan ain usu egunak, ilabeteak eta urteak ere. Oraindik atzo iruditzen zait zuekin Parisen arkitzen nintzan eguna, eta urterik asko igaro zaizkigu orduz geroztik. Egun zoragarriak aiek, iganak orainak baino zoragarriagoak izan oi diren neurrian. Berritu nai nituke egun aiek, berritu al balitez... Aspalditik nago zuen artera joateko inguru bat egitera bederik eta aurten nere gurari hori bete nai nuke. Emen ari zait nere iloba Parisa joateko eta joateko esaten. Eurak aurten, aurta guzi, Bilbaora jonen dira eta bear bada ni zuen artera aldatuko naiz. Eztakizu ondo zurekin egotaldi luze bat zer nolako gogo bizia daukadan. Ia aurten bederen, naikari bizkor hori betetzen dudan. Aleginak oro eginen ditut beintzat. Garaiz esanen dizut.
Biziki poztu nintzan azkeneko Euskeran Arruek zuri buruz idazten dituen lerroak irakurkeran. Mereziak benetan egiten dizkizun goraipamenak. Zure Baionako adiskide kutunek (abata Laffite eta abar...) izanen dute zer esanik Arrueren kritika ederren buruzki, seguru aski. Bainan aien esamesak grinak eraginak izaki, eztute batere baliorik gizon honek jalgi dituanekin zure goratzarrez. Goratzarrea ongi da... baina ez ote ditugu zure olerki, ipui eta eleberriak oro liburu batean edota biretan argitaratuta ikusi bear. Horixe litzake euskerarentzat eta zuretzat ere, goratzarrerik aundienaz gainera bearrezkoena. Orainarteko euskerazko txepelkeriak zure eragin berriak garbituko lituke eta gure izkuntza doakabe au goi mailan ezarriko luke. Eztira txurikeriak desaizkitzudanak Jon; gure artean eztaukagu zertan ibili txurikeritan. Ugaldetar Martin idazleari (entzuna dukezu honen izena bederen) egunotan utzi diot zure Aur Besoetakoa irakur dezan. Lendik du maite zure idazkera eta ez gutxi. Neonek egin ditut Aur Besoetakoaren aldaki berri batzuk eta bat eman diot bere kritika eskatuz bidenabar. Nik uste pozik irakurriko duela eta gainera kritikarik ederrena mereziko duela aren gandik zure eleberri bikainak. Ala ere Jon, gure txepelkeri endemiku hau ez dedila zu euskal baratzetik alderatzeko zio. Zu zaitugu gure baratzeko atxurlaririk onena, gaurkoz beintzat.
Egunotan irakurria dut Txillardegiren liburu berri Huntaz eta hartaz lan pulitik eta sakonik ere badakar. Irakurgarria ene ustez. Euskera ere lehen baino askoz ixurkorragoa eta bikainagoa du. Eztakit nundik nora dabiltzen gizonok, Krutwig eta Txillardegi hortik iraitzi zituenez geroztik, argi denez, azken hau lanean ari da eta euskaraz ari ere.
Ni berriz oso arkitzen naiz nagi eta sor euskal-lanerako. Ene lan ergelak eztit batere gogorik uzten idazteko. Goizean goiz jeikitzen naiz usinaratzeko, eta arratsean naiko berandu etxeratzen naiz, eta ene adinean ezta batere opagarria lan-bear ergel hau. Eta kaxkarkeri bat irabazteko jateko doi. Arreba ari zait esaten aruntza joateko, gu biontzako naiko ondasunik baduela eta... bainan ausartzen ez ni ene kontu zarrak dirala bide. Larreako karmeldarrak ere beren etxea eskeini didate; euskal giro ederra arkituko nuke etxe artan, baina ni orain prailetako idi zarra jateko bezin gogorra naiz. Auxe bai, asperturik nagoela emengo izatez...
Etzaitut areago aspertu nai. Nundik dabilkigu Peillen? Ba al duzu haren berririk?. Ikus badezazu ene goraintzi minenak. Eta zure aitarentzat ene besarkadarik beroena, zuretzat beste adinbat. Agur, adiskide maite.
Aztu zait: Bada emen ene adiskide bat aldizkari berri bat atera nahi duena, eztakit zertaz, euskal-kulturaz uste dut, eta zuri ere idazlan bat eskatzeko esan dit, euskeraz idatzia. Niri editoriala egiteko eskatu dit eta bertze artikulu euskerari buruz nere aburuak azalduz.
Ikus zerbait idatzi dezazunetz... Beldur naiz aldizkari au ere, gureak geienak bezala, sortu orduko ilko ez ote den.