-224-
KOLDO MITXELENAri
Donostiara
Caracas, 1963-X-18
Adiskide maitea:
Atzo eskuetara zitzaidan zure il ontako 9ko gutun atsegina. Milesker nirekiko zure oroitzapena ahanzkorra eztelako baita ere bialtzen didazun Añibarroren Voces Bascongadasen alderako ere. Pozik ikusiko dut Boletinean zure kritika ederra irakurri ondoren. Ernegarriak arkitu nituen batez ere kritika artan Larramendi aundiari buruz esaten dituzunak. Ez ote dago bideren bat aren Trilingüe sonatua nolarebait galbaitzeko, garia agotzetik bereizteko? Ori egingo lukenak, nere ustez, ondasunik arkituko luke arrobi sakon artan. Eta nun daude Fitak Corografian aipatzen zituen Larramendiren euskerazko gutunak eta? Betiko aldendu ote dira?
Pozten naiz, eta ez gutxi, Egan ere laister etorriko zaigulako. Nekazariak legortean eurizain baino kezkatsuago egoten naiz ni zure aldizkari ederra noiz iritxiko. Datorren zenbakirako idazlantxo bat igorriko dizut, nere errian abesten duten gurutz-bide zar batek izan dituen aldaketak diralata. Añibarroren Esku-liburutik artutakoa zala oartu naiz, bainan "quantum mutatus ab illo". Amalau ahapalditxo labur dira.
Osasunez, ia zearo pizkortuta arkitzen naiz Jaunari eskerrak. Oinazeak aldendu, zauria osatu eta azukrea ere urritu zaizkit. Oraindik osabidean nabil, dietari jarraituz, baina dieta arin xamarra. Aspaldion egia zor dizut, eztut euskal lan aundirik egin Orixeren goratzarrerako egin nuenaz landa, baina au luze xamarra. Emetik aurrera gogozago ariko naizelakoan nago, osasunak ere lagunduko dit eta.
Ixtiluz inguraturik bizi gera auteskundeak dirala-ta; ezker eta eskubiko gorri-taldeek etzuten inola ere auteskundeak egiterik nai arri-agintaritza sendotu eztedin. Gabonilaren batean egingo dira. Or ikusiko dugu zer bide artzen duen erri doakabe onek.
Laister arte, anartean nere agurrik biozkorrenak artuizkitzu.