-209-

JON MIRANDE

Olerkariari

Parisera

Caracas, 1962-IV-11

Agur aspaldiko adiskide maitea:

Ordua dut onuzkero gure arteko ixilaldi luzeari azkena emateko. Luzea benetan, eta ia bi urtekoa. Nere erruz, nere erru aundiz gainera. Baina zure azken gutuna ezkero gora-beera aundiak izan dira nere bizi-moldean. Ederki nengoen lanean baina bazkideakin aserretu nintzan, eta nere lana utzi bear izan nuen ainbeste mila bolibar galdurik. Arrezkero neke gorriak jasan bear izan ditut lan berri bat bilatzeko, ezpaita bada erreza garai auetan eta lur alde auetan lanik errex arkitzea.Noizpait ateka ortatik ere atera nintzan, eta orain emen ari naiz berriz ere lanean, ez, zinez, nik nai nukean bezin ondo. Bizitzeko lain eta kito. Eta gertakari auek, egia esan, nere baitan bildurik utzi ninduten marraskilo baten gisa. Ez nuen ezertarako ere gogorik, ez idazteko, ez irakurtzeko eztare jateko. Betiko aunatu eta gaixotu bear nuela iruditu zitzaidan.

Bainan obe dugu aldi txarrak utzita obeagoetara aldatzea. Ala ere ez zaitut bein ere antzi aldi luze ontan. Beti ari zitzaidan barnea ximikoka zuri idazteko eta idazteko. Ez neukan ordea bat ere gogorik ordea ezertan asteko eta egunak eta, ilebeteak eta urteak igesi joan zaizkit. Ez, adiskide, ez nuke nai gure adiskidetasuna inoiz ere oztu ledin. Beti izan zaitut ene adiskideen artean kirmenentzat eta aurrerantzean ere ala nai nuke.

Gorago aipatu dizudan aldi txar artan, zure Aur Besoetakoa argitarazteko aleginak egiten nenbilen, baina gero dana bazterrean utzi bear izan dut. Orduan errex samar burutu nezakean nere naikaria, egun ordea ez. Eta zure lan bikain orren argitaratzea merezi luke eta ziur-ziur nago egunen batean argia ikusiko duela euskal letren ospe aundienerako. Ez amor eman.

Pozik irakurri nuen Igela eta nere zorionik beroenak igorri nai dizkitzut ari duzuen lan aundiaren alderako. Ondo dakit bazterrak oso lotsatuko dituzutena zuen aldizkari orrekin, baina bearrezkoa da gai oriek ere euskeraz aizatzea. Ez gera beti ibili sakristau batzuen gisan. Irakurri dut Herriak eskaini dizkitzuen lerroñoak. Ez zitekean besterik espero zure biotzeko adiskideengandik. Eta au ere esan bear dizut, pena artu nuela nere izenera Igela igorri ez zenidatelako. Baina artu-ala idatzi nion Txomin Peilleni eta arrezkero sei dolar bialdu dizkiot ene arpide saria ordaintzeko. Jaso ote dituzute nere bialkunok? Ez da diru aundia, baina nere naikari onena erakusteko bai beinipein. Idatziko didazute len bait len, zuen aldizkariaren inguruko berriak emanaz.

Jakin dut bestalde, asmo andiak darabilzkitela Biarritz aldean Krutwig eta beste zenbait jaunek. Danon artean jasoko al dugu gure erriaren arima eroria eta gure euskera maitea.

Badakizu Jon, emen duzula zure betiko adiskide fina, beti ere zure berrien aiduru. Mila goraintzi zure aitari eta Pariseko nere adiskide aantzi ezinei. Laster arte. Ori nere bostekoa.

 


susa-literatura.com