-199-
JOKIN ZAITEGIri
Miarritzera
Caracas, 1960-XI-8
Adiskide maitea,
Artu baino ez dut egin zure azkeneko gutuna eta lotsagarria litzake nere erantzuna areago berandutzea. Bera ementxe jartzen naiz idazki-jotaldi au egiten zer-esan aundirik izan ez arren. Arrotuta nagoela? Bai zera ere ! Ez putzik, ez pozik. Urgazle izentapen ori oraindik jakiteko nago eta zeuk esan ezpazenida, ez nuen jakingo ere. Oraindik, ofizialki beintzat, ezertxo ere ez dakit, inork ezpaidit ezertxo ere esan. Arrokeriak, beraz, ez nau mututu.
Urgazteko baino urgazia izateko zori obeagoan nago ni. Dakizunez, zuk ezagun duzun baten irarkolan lan egiten nuen eta azkenean lan ori utzi eta emen naukazu lan gabe. Gauzak geiegi garraztu ziran gure artean eta naiago izan dut gosez il, ugazaba ergel bati men egin baino. Gure arteko lokarri guztiak etenda daude gaurgero. Ilebete bada gertakizunona, ala ere pozik nago artu nuen erabakiarekin, bestela osasuna eta burua ere galduko nituen. Ondasunak galdu nituen, txanpon erdi bat gabe atera naiz andik, nere zenbait galdu ondoren. Nerekin dituten zorrak ezagutu nai balin baditute, diru ederrak eman bearko dizkidate. Baina ontaz ez dut luzezago jarraitu nai. Bego dagoentxoan, eta zuretzako bakarrik.
Ilebeteko noraezeko oporraldi onen ondoren, burua zerbait argitu zaidala dirudi. Bear bearrezkoa nuen atsarte aundi bat nere burua zearo elkortuko ezpazitzaidan. Ondo etorri zaizkit bada pake eta atseden egunok. Lan berri batean pulunpatu naiz, emengo nere adiskide batek eskatuta, onurakorra gure euskerarentzat eta neretzat ere bai. Iru ilabete baino len, lantxo bat bukatu bear dut eta bukatuta gero esango dizut zer dan. Gogoz eta pozik ari naiz. Dakutsunez, Jainkoak ertsi bai baina ito, inor ez du itotzen gure auzokoak esan daroen lez.
Ez dut oraindik ikusi Mitxelenaren Historia de la Literatura Vasca. Emen basamortu elkorrenean bizi gera euskal-zaleok eta orregatik neke egiten zaigu zerbaitetzaz idaztea, ezertxo ere ezpaitugu jakiten, nik neuk beintzat. Aspaldi da euskerazko liburu berri bat ikusi ez dudala. Ala ere berak Mitxelenak eskeini zidan liburu berri ori, eta or izango da bidean nunbait. Esan nion berari,pozik irakurriko nuela. Aren aburu askorekin ez zatoztela bat dinostazu, ez zu ezta Lafitte ere. Non miror. Bat etortzea izango litzake miragarri. Ez dut uste euskaldunok inoiz gezurtatuko dugunik, geure zoritxarrerako buru ainbat aburu esaera zaarra.
Bello Porturen arazoa Pizkunde abesbatzeko zuzendariari emango diot, ark nik baino musikazale geiago ezagutzen dituelako. Ala ere ez dezala Bello Portuk itxaropen geigirik ukan. Luzaro ez dala emen izan zan Sorozabal jauna, zarzuela-talde batekin. Dirua galdu, besterik ez zuten egin. Ez dut uste nekeak ordaintzeko lain atera zutenik. Ekonomi aldetik gainera, garai okerrenetan bizi gera. Egunotan ain zuzen, edo ain oker, bolivarra jeistera dijoazen zurru-murruak dabiltza, eta gobernuak diru-aldaketa guztiak eragotzita dauzka igandea ezkero, eta ori ez da zantzu pozgarria. Dirua jeisten baldin badute, emengo egokera are okerragoa izango da. Ez dira matxinadak eta ixtiluak paltako. Amabost egun ederrak igaro ditugu oratsu, alajainetan. Ikaragarrizko lan-eza zabaltzen ari da lur alde onetan, eta lan ezarekin beste ez guztiak. Kuban gertatuak ondo jakingo dituzu noski. Ez nuke nai emen alakorik gertatu dedin. Azpiazu ikusten baldin baduzu, esaiozu nere partez, gai ortan arretaz ibiltzeko.