-69-

IXAKA LOPEZ MENDIZABALi

Buenos Airesera

1952-III-31

Adiskide argi eta maite,

Orain egun batzu eskuetaratu zitzaidan zure ilebete ontako 18ko idazkia. Pozik irakurri nizun eta lenbaitlen zure aginduak betetzera saiatu naiz.

Henri Breuil, zure adiskide zaharra ikertzera joan naiz. Etxean aurkitu det, zure garaian bizi zan leku berean. Oso txera atsegina egin dit. Pozez gainezka irakurri du zure eskutitza. Luzaro iraun degu elkar izketan Tolosako eta beste ibilaldi asko gogoratuaz. Oso laguntasun aundia eman zeniola, zuk batez ere, esan dit, bere ikusketa eta arazoetan. Baitare zure iztegi bat eman zeniola ere oroitarazi dit, iztegi ori, berak euskerarik ez dakialako, Parisko Mussée de L´Homme-ko liburutegiari eskeini omen zion. Pozik berriz ere besarkatuko zindukeala esan dit. Urteak gorabera, oso sendoa dago, beti bezain langile gainera. Zure ordez inortxo ere, gaur arte, etzaiola urreratu ikustera aitortu dit. Gainera ez omen arrigarri, bada ia sei urte Aprikan eman ditu ikusketa arloan. Arrezkero Lisboan ere izan da urtebete luze, baita beste zenbait tokietan. Zure lantxoa arretaz ikusiko du eta bere iritxia, nere bitartez, bialiko dizu. Pozik bere berri jakingo zenukela esan diot, eta zerbait zuri idazteko len-bai-len. Ala egingo duala erantzun dit. Jakina, politika goraberetzaz ere mintzatu gaituzu, batez ere gu menperatzen gaituen "Buruxkila"-tzaz. Ni argi mintzatu natzaio, ala ere Breuil jaunak alderdi on geiegi ez ote dituen ikusten Buruxkila orrengan naukazu. Dana dala, oso adiskide onak bezala mintzatu gera, bakoitzak bere aburuak askatasun guziarekin azalduz. Bear bada, laister joango natzaio berriz ikustera.

Zure lantxoa nik ere irakurri dizut. Arlo zailean sartu zera adixkide, bainan dakarzkiguzun argitasunak oso jakingarriak dira eta benetan ernegarriak, batez ere sail ori inork ukitu gabea baita gaur daino. Jaunak osasun eta argitasun emango al dizkitzu zure lan sakon eta ederrak aurrera eramateko. Atseginez irakurtzen ditut gure abizen eta toki izenetaz argitaratzen dituzun idaz-lanak. Eskola berri bat sortzen ari zera, zabalgo aundiko eskola. Jarraile jatorrak ere sortuko al zaizkitzu ain kementsuki asi duzun bide ori aurrera eramateko.

Ia urte bete lenago eskatu zenidan idaztia Deux mille plants de France ez dizut aztuta, ez orixe. Ez dakit zenbat liburutegietan galdetu dedan, bainan inun ere ez didate arrazoirik eman, ez liburuarenik eztare egilearenik. Ez ote da izango Gaston Bonnier-en Grande Flore ? Loretegi aundi ortan France, Suisse eta Belgique-ko lore guzien izenak damazki botaniku ospatsu orrek. 120 txorta (fascículo) argitaratu dira, eta bilduma osoak 30.000 francu balio ditu, eta merke dala esan didate gainera. Prantzian landareetaz egin dan lan aundiena da. Zeorrek ikusiko dezu komeni ote zaizun zeure lanen lagungarri. Nik aleginak egingo nituke alik merkeen liburu-pila ori zuretzako erosteko.

Poztu naiz zure erantzuna "Euzkadi ala Euskalerri?" inguruan Gernikan irakurtzerakoan. Biok gaituzu aburu bateko, eta gainera, euskaldun bakarrak. Gure ainako eskubiderik ez du inortxok ere gai ori erabakitzeko, euskeraz ari geralako. Obe izango zan bai, eztabaida ori inork eraiki ez bazuen. Gainera sortu duena, nere ustez, ez da asmo garbiz ibili. Ederki erantzun diozu, adiskide.

Gure Euzko-Gogoa aurrera dabil. Atzo izan nuen Zaitegiren idazkia eta zortzi egun barru 11-12 garren zenbakia agertuko da. Aurtengo lenengoa ere gerturik dauka, aurreragokoak bezela guziz ernegarria. Al dedan guzia egiten det aldizkari orri laguntzeko, eta emengo beste zenbait idazle ere pizkortzen ari naiz. Lan sakonegietan murgildu ote geralakoan naukazu. Psikologi-gaindikoa-z Mirandetar Jon olerkari eta idazle azkarrak, oso lan sakon bat antola dizu, ia ogeitamar orrialde ditu. Asmo eta ustekizun barrenenak gure izkeraz inork ez bezela azaltzen ditu. Ni beintzat arrituta gelditu naiz gazte onen trebetasunarekin euskera erabiltzeko. Datorren zenbakian emango du Zaitegik idaz-lan orren lenbiziko zatia. Ni ere Izadi jakintzan murgilduta nabil, Zoologi eta Geologia euskeraz apaintzen, gure eskola-nexka-mutikoentzat. Orrez gainera Euskal Elertiaren Edesti zabal bat erdi bukaturik daukat. Jainkoak daki noiz argitaratu al izango dudan. Beste gazte batzu ere pizkortu ditut euskera erabili dezaten beti ere beren artu-eman eta idazlanetan. Aurten xuberotar gazte batek bere bacheau-ko azken azterketarako euskera aurkeztuko du emen Parisen, izkuntza bezela. Bada zerbait.

Euskel izenen inguru sekulako ixtilua sortu da Bilbaon. Biurri deritzan norbaitek (Rojas Seminario da Biurri ori) bost artikulu argitara ditu El Correo Españolen euskerazko izenetaz. Kirtenkeriz gainezka. Erantzun garratz bat eman diot "Euskadi Irratia"ren bitartez. Etxe bazterrean eta lagun artean bakarrik erabili ditezkela euskel izenak esaten dizu. Gainera lizun, parregarri eta fabulazko dirala. Nere kontura artu dut idazle zantzail ori eta ederki bizkarra berotu diot.

Pozik zurekin itz-aspertu bat egingo nizuke aurkez-aurke, gure gora-bera guzietaz jarduteko, zail baita barneko oro inguratzea. Jakin ezazu, alaere, pozik aundienaz artzen ditudala zure berriak eta zure lan ederrak.

Gorantziak nere erritarrari, eta ez nagi izateko euskeraz idazteko. Fagoagari laister bialiko dizkiodala zenbait idaz-lan, bereak eta beste lankide azkarrenak.

Agur, adiskide, eta agindu beti ere zure mirabe oni.

 


susa-literatura.com