-54-
JOSEBA ANDONI AGIRRE
Euzkadiko Lendakari jaunari
Parisera
Paris, 1951-XII-13
Lendakari maite:
Ez al zakidaz arrituko itzez bearrean idatziz natorkizulako. Aspaldi zurekin itz-aspertu bat egiteko gurariz nindagokizun, bainan ez dut nere gurari ori betetzeko mugonik izan beti ere lanpetu eta inguraturik arkitzen zeralako oraingo etxe berri ortan. Dana dala, nere ausardikeri auxe barkatuko al didazu, gaiztoz ezpainatorkizu, onez baizik.
Norbaitek, gaur, urrutizkinez esan du ni "Ordezkaritzan ez-ezaguna naizela eta ez daukadala zer ikusirik ere". Eta norbait ori nor ote litekean bila ibili ez zaitezen, orra argi ta garbi: Alberro jauna.
Ez dut aren esanik gaitzesten lendik ere ondo nekialako "Ordezkaritzan ez-ezagun ta utsa nintzala" ez bakarrik aipatu jaun orrentzako, beste zenbaitentzako ere bai, naiz-ta oiek mintzoz olakorik aitortu ez. Jainkoak ez nindun zozo ta tentel sortu, argitasun aundirik eman ezpazidan ere, baina nere ingurukoak ikusteko beste bai noski. Muzin ta nardarik asko egari bear izan ditut. Geienetan, ixilean ta irribarrez, barne-minez ere bai ordea. Beste norbaitek, nere tokian, abarrotsik aski aterako zuen. Nik ez, ezpainago ortara oitua, nere lera ta irritsak ezitzera baizik: ortan ere zenbait urtez saiatu nintzalako edo gibel-aundi jaio nintzalako. Neurri guziek ordea, euren mugak dituzte. Gaurkoan, nereak beintzat, bere muga jo du ta ezin nengokean gainezka orren berri zuri eman gabe. Itzez ez nauzu arro ezta omen eta aintza-gura, alabaina ez dut nai ere izan edozein oinpean dabilan xomorro, luginak barea lez zapaldua izateko.
Oriek orrela, ene Lendakari maitea, ez al zera arrituko Ordezkaritza berrian nere itzalik geiago ikusiko ezpazenu; ez-ezaguna naiz toki ortan eta ez-ezagunek ez daukagu zertan sartu.
Ez nizun esan, bainan zearka jakin duzu Guatemalara ostera gertatzen ari nintzala. Zergatik ez nizun esan? Esku-artean nerabilzkin arazoek zer ondoren izango zuten ez nekialako. Gaurkoan ori ere esan dezakezut. IROren laguntasuna iristeko egin ditudan lan guziak alperrekoak izan dira. Eragultza orrek bere laguntza egunotan biribilki ukatu dit, ilabete baino luzaroago erantzuna itxaron ondoren. Zer dala-ta nai nuen Guatemalaratu? Nere ango adiskide aundia deiez zebilkidalako eta nere Ordezkaritzako egokera utsa ikusten nualako. Ez diruketa, ez aberastasunketa eztare berriketa. Aspalditik Amerika ori ezagun dut, eta neretzako ez dauka bat ere edertasunik. Ara joango banintza Aberri ta batez ere euskeraren alde lan egiteko izango litzake, besterako ez noski, eta ori ederki daki nere ango adiskide onak. IROren ukapena gora-bera, lurralde aietara aldatu nindeke, zorrak eginaz, jakina. Ori egiteko ere gerturik nengoke, atseginago zait bada Paris ontan "ez-ezagun ta ez-deusetarako izan baino", ludiaren ipurdian ezagun ta zerbaiterako izan.
Orra, Lendakari maite, esan gogo nizkizunak. Ez al dituzu gaiztoz artuko, diotsut berriz ere, onez baizik. Jakizu, bestalde, zuri laguntzeko gertu naukazula, edonoiz ta edonun, eta zure menpeko zintzoenen arteko izatea nai nizukela Euskera ta Aberriaren onerako.