-40-
JOKIN ZAITEGIri
Guatemalara
Paris, 1951-VIII-8
Adiskide laztana:
Egun zure igaro 22. ekoa jaso dizut. Beaz gure idazkiak bidean edo gurutzatu dira, bada il beraren 19 igorri nizun eskutitza zenbait lantxoekin. Dagoneko or dukezu noski. Benetan poztu naiz bi banako berri gerturik dituzula argitaratzeko jakitean. Zure adore eta jarraibideak noiz igi-aziko ote ditu euskotar oro euskal bideak barna? Jainkoak lenbailen ai letsa!
Euzkadi-aldi izan dizut oraingo ontan. Ama eta arrebak ikusteko Donibaneratu nintzan eta amar egun egin ditut gure Euzkadi zoragarria barna. Atsekabe biderik ere aurkitu dizut. Gure izkuntza atzeraka dioakigu, eta Lapurdiko itsasertzean beintzat, nekez euskera maitearen durundirik entzun genezake. Orretxek batez ere biotza mintzen zidan ene egotaldian. Bainan ez dugu etsitzerik ori dala-ta. Gurea baino ilago zeuden izkuntza aunitz, or dabilzkiguz egalari ta aberats. Erriaren egokera negargarri orrek, biotza xuspertu eta adoretu bear digu, gure asmoak aurrera ateratzeko.
Mirande ere Xuberon dago. Atzo ain zuzen idatzi zidan eta dionez lugintzan ari omen da soina nekatuz burua atsedentzeko. Olerki gai politik ere bildu omen du, bainan "basque" oiek urbiletik ikustean iduritzen zait, dio, euskeraren alde egin nai dugun lana eta Euzkadiren aldekoa ere, alperretan dala. Aren ondorat joatekoa ninduzun, bainan ezin izan ditut Paristik uste baino lenago ots egin zidatelako zenbait gauza antolatzeko.
Donibane ta Sarako euskaltzale batzuekin auturik izan dizut, Errezola ta Barandiaran jaunekin batikbat. Errezolak dionez, Euskeraren Agiria (manifiestoa) egin bear omen dugu gure asmo ta ekinbideak azaltzeko. Agiri ori euskal idazle bakoitzak idatziz jaulki asmoarekin, idaztiño bat antolatu ta argitaratu, batzarren baten oinarriak jarriaz. On iritxi nion, bainan berak agiri ori idazteko ere eskatu nion. Zerbait egingo dula derizkiot. Barandiaran jaunak euskera sartu nai luke inbestigazio lanetan, eta Eusko-Yakintzan euskal lanak argitarazi. Negargarria dala dio jakintsu oro erderaz ikustea. Gizon zintzoa da ta ene ustez bere asmoak aurrera eramango ditu. Ikusi duzu, nunbait, azken Eusko-Yakintzan gure aldizkariaz idatzi duena. Neri gainera aoz esan zidan, bete-beteko lan egiten ari gerala ta bear-bearrezkoa. Atseginik aundienaz irakurtzen omen du gure aldizkaria. Beaz, ari gaituzu zenbait txoro geure izkuntzari indar berriak txertatu naiez. Lotsagarriena emengo Euzkadiko jakintsuen ibilera, Gure Herria lekuko. Euskera pellokeriatarako besterik ez dizute nai. Oraintxe izan dute prantses euskaldun ikasleak batzarra Donibanen. Oro erderaz, eta jakina andik deus onik ez da sortuko gure izkuntzaren onerako. Arro xamarrak dituzu, prantzeskeriz kutsutuak, eta aberri izkuntzari erdeinuz baizik ez die begiratzen.
Etxaidetar Jon baitegitik atera berria da. Gazte orrek lanik aski egin dezake gure bideak barna, eta egingo ere du. Euskaltzaindiazko auzi ortaz lantxoa erdi buruturik dizut eta laister bialiko dizut. Miranderi ere esan diot bere asmoak azaltzeko, eta ala egingo du. Pen-Bilkuraz, erdi ilik gabiltza ezin aurrerapiderik emanik. Zakarra benetan basamortuan lanean eta oiuka ari bear au. Beste nonbaitzu ari dituzu basamortua berpizten eta guk ere mirari ori, inola ere, egin bearko dugu. Ba dut lantxo bat Pen Bilkuraz irratirako egin nuna. Ori ere bialiko dizut argitara dezazun.
Beriala asiko naiz Olabidetzaz lantxoa gertutzen. Zuk autetsi lana onesten du, eta Olabiden aurretiko Itun barriak arakatuko dititzut. Goratsarre oso bat eskeini bear diogu gizon andi arri.
Fagoagak Buenos-Airestik idatzi dit. Gernika irartzen ari omen da, eta laister argitaratuko omen. Etxanizen nobela zaletasunak ez nau batere arritzen. Zer uste dute, euskal nobelak irakurtzeko gure jentia gerturik dagoela. Euskal zaletasun osoa barnemuinetan sartzen ez diegun bitartean ez beintzat.Orduan baleike. Bitartean, zuk diozunez, al danean dantxoa ene gizontxoa.
Mila goraintzi Zugaditarrei, eta zuk adiskide ona euskal-agurrik beroen jaso ezazu.