-39-
JON MIRANDEri
Paris, 1951-VII-23
Adixkide mami:
Emen dizut zure atzokoa, eskutitz biziki pulita alajainkua. Arritzekoa, aro-zoragarri ontan, Musek, zurekiko, ain elkor izatea. Aien titi anpatuatatik edoskiren edoskiz, esne goxorik aoratuko al zaizu gogolanean murgiltzeko eta zer onik ontzeko. Ni ere, aitortu bear dizut, antzu nabilkizu aspaldi ontan.
Onatx, zurekiko Zaitegi adiskideak idazten didana:
"Mirandek zergatik ez du euskeratzen Goethe-ren Paust? Ezpal oneko idazlea dugu eta Paust eta "Herman eta Dorote" oraindik euskeratzeko ditugu. Bidali ditun euskeralpenak euskeraren jaun eta jabe azaltzen dute gazte ori. Nere zorionik laztanenak berari."
Beaz zuri dagokizu adiskidearen itz goragarriak jasotzea. Euskerapen ori lan gogorra dukezu noski, zure luma zailuarentzat ezinezkoa ez ordea.
Wilde-ren Reading Espetxeko Balada-ri ekin diozula diozu. Balada ori zearo ondua nai nizuke, igandez zu ikustera elduko naizeneko. Zuk besterik esan arren, lan apaina izango da seguru ere. Ongi derizkiot The Priest and the Acolyte gure izkuntza jainkozaleaz jazteari. Egun auetan Julio Dantas-en A Ceia dos Cardiaes euskeratzeari ekin diot. Antzerkitxo otsandikoa duzu, baina gure apaiztarrentzat gogorxkoa. Ala ere, gure izkuntza eder oroz apaindua (xuberoeraz ez geo) bear dugu.
Emen izan dugu Barandiaran, bainan ez nion bere mitologi liburuaz galdetu; antzi zitzaidan. Beaz ez dakixut noiz argitaraziko duen. Bildur dukezu, nunbait, odol-opalketarik edo ez ote duzuten egingo Druida-zaleok. Ni gertu naukazu, oian-beltzean opalketa odoltsuena zuen jainkoari eskeintzeko. Oiana eta opagaia bear ordea: Jainkoek, bertzek bezala, opari gaxteak nai omen, Txomin, Robert edo oietarikoak. Ni zaarra nauzu eta larrua latz, gainera.
Pen 23. Batzarrerako deia eta agiriak igortzen ditizut, Laussane-ra joan nahi bazenuke. Or ikus. Txango polita eginen duzu.
Iganderartio, adiskide, artean jainko-jainkosen laztan txut-garriena jaso ezazu.