Ezin izanaren teoria baterako

Koldo Izagirre

"HORRETARAKO eman al diat nik dirua?" egiten zion errieta apaiz herrenak opilgoxo bat jaten ari zen ume ijitoari. Gertatu lotsakomiko hari beha gelditua nintzen eta "Horretarakoxe eskatu dizu!" erantzun behar niokeela Don Anizetori pentsatu nuen neure artean, baina bastoiarekin kaskarrean jotzen ez zuela ikusita aurrera hartu nuen, Bilintxera, Bilintx oraindik liburudenda bat zen egunetan, Zugastitarrez gogoetaka: hiru anaia apaiz, hirurak egoskorrak bezain trauskilak, dotrina ongi ez zekiten edo koruan desafinatzen zuten umeak zanpaka erabiltzen zituztenak. Nik Don Anizeto bakarrik ezagutu nuen, umea nintzelarik gure etxe aurretik pasatzen zelako aldian behin, bota handi bat ageri zuen sotanaren azpitik; Xalbador Garmendiaren antzerkiari "komunetako literatura" esan ziona bera zela jakin nuen gero. Horixe zen bere lana, idatzi libreak kondenatzea, 50-60ko urteetan apaizek argitaratzen zituzten liburuetan han ageri da: Nihil Obstat. Anicetus de Zugasti. Censor. Kristauen karitatea madarikatzeari laga nionean etorri zitzaidan huraxe zela zentsorearen zeregina, gozoa debekatzea. Anekdota higuingarri hartako lekuko izateak ekarri zidan neure alegiatxoa, eta poztu egin nintzen. Baina alegia hori motz gelditzen zait Francopeko zentsuraz jarduteko, kontu egiten baldin badugu Elizaren zentsorea zela Anicetus, eta, euskal apaiz gehienak bezala, susmagarri.

Nemesio Etxanizi buruzko lanak publikatzen hasi zirenean ikasi ahal izan nuen neurea zehatz kontestualizatzen duen anekdota. Don Nemesio hizketan ari da apaiz lagun batekin Urumeako pasealekuan. Gizonezko bat hurbildu eta kargu hartzen die euskaraz aritzeagatik. Eztabaidan hasten dira, gizonezkoak lotinant koronela dela esaten die, mehatxuka. Ez dut zertan sinetsi, Etxanizekin euskaraz ari zena ez zela Zugasti. Zentsore zentsuratuarenak artez adierazten du Francopeko giroa Euskal Herrian, pertsekuzioaren norainokoa.

Zentsurak irudimena sustatzen duelakoa maiz samar entzunak eta irakurriak gara, baina ados ez egonagatik ez genuke halako argudioaren erabiltzailea zentsurazaleen arteko epaitu behar beti: jende ugari dago literatura "gauzak ez esateko" bidetzat daukana, edo literatura metaforikoki eta alegiaka baino ezin mintza litekeen manera dela uste duena. Eta zentsurak irudimena kitzikatzen duelako froga gisa, beti edukiko dute eskura Eluard-en poema eder eta ezaguna. Haatik, ez Eluard ez Mandelstam ez Hrabal ez Georgiu ez Goytisolo ez Hikmet ez Ritsos ez Cardoso Pires izan dira hizkuntza debekatu bateko idazleak, aldez edo moldez zentsuratuak izan diren idazleak ditugun arren. Zentsurak hizkeraren itotasuna dakar, egia da, baina Husak-ek txekiar hizkuntza sustatu zuen Ceaucescuk errumaniera beste, Ataturki zor dio turkierak egungo malgutasuna, Greziako koronelek ez zuten grekera klasikoa ezarri nahi izan grekera modernoaren ordez, Stalinek teorizatu ere egin zuen aberri ama sobietiko eleanitzaz, Salazarrek filologia portugeseko ikasketak berritu zituen... eta Hitlerrek ez zuen frantsesa Frantziako eskoletatik kenarazi. Euskal idazleak, Vichypeko frantsesak ez bezala, Francopeko espainiarrak ez bezala, hiltzera kondenaturiko hizkuntzan sortu behar izan du, herri desegituratu baterako egin behar izan du lan hogeigarren mendearen puska handienean: hizkuntza bera ikasi eta jaso behar izan du, irakurlerik ez zeukan garai batean eta bitan bizi behar izan du, kritika, publizitatea, promozioa, zabalkundea, salmenta, etekina, eskubideak, itzulpenak, sariak... alegia, literaturaren azpiegitura osatzen duten antolamenduak eta egitateak oro debekatzen zizkion diktadura bikoiztuan. Euskal idazleak nekez ulertuko du zentsura arazo tekniko huts moduan. Zentsuratu izan diotena ez baita izan gaia edo modua bakarrik, bizi publiko gutxienekoa ere eragotzi zaio, bi apaizek ezin dute euskaraz egin espaloian. Horregatik du antz handiagoa gure idazleak Anatoliako mendietan maisu dabilen kurduarekin, idazle turkiar zentsuratu eta are kartzelatuarekin baino; herri ketxua ukatuaren hizkuntzaz motel baina suhar idazten saiatzen zen Jose Maria Arguedas harekin, gaztelaniaz gozo idatzirikoa zentsuratu egiten zioten Jose Maria Arguedas honekin baino...

Madrilgo katedratiko batek berriki argitaratutako tesiaren arabera, Franco garaiko gure zentsurarena asmaketa hutsa da, ez katalanek ez galegoek ez euskaldunek ez zeukatelako zer zentsuratua. Ez gaitu argudio horrek harritzen, aspaldion maiz entzun dugu han-hemenka holokaustoarena juduek sorturiko gezurra dela. Are gehiago, neke handirik gabe onartuko nuke nik, guk ez genuela zer askorik zentsurari eskaintzeko ez 1936-37 hartan, ez geroagokoan. Eta gaztelaniak estatuko beste hizkuntzak baino gehiago pairatu zuela zentsuraren zigorra ere esaten zaigu. Zergatik ez onartu? Bonba gehiago jausi ziren Teruelen gainean Gernika gainean baino! Euskarari ordea eremu linguistikoa bera ukatzen zitzaion, ez eremu literario edo politikoa bakarrik. Gaztelaniari ez, eta —o! historiaren ankerra!— diktaduran gaztelaniak besteren lepotik gizendutakoa hizkuntzaren ondare bihurtu da. Inperioaren hizkuntza ez da gero erretiratzen bortxaz hartutako eremuetatik, eta lanak dauzkagu geure galera ezein ahultasun intrintsekori zor ez diogula frogatzen. Joakin Balentziaren poema ederra oroituz, hil behar zutenen artean izendatu gintuztela esan dezakegu. Euskaraz idaztea, Francopean, Kalamuako parapetoan jarraitzea zen, erresistentziaren ekintza. Honela dio Bilboko Entzutegiko fiskalak (1963an!) ETAren paperak multikopistan egiteaz akusatuak dauden Aizpurua, Luzarraga, Mariñelarena eta Ahedoren aurkako epaiketan: "Euskaraz idazte hutsa, baimenik gabe, Espainiaren batasunaren kontrako atentatua da".

Jon Etxaidek desgiroa esan zion giro hari; deserri ere bazen orduko Euskal Herria, Francoren eta Ibarnegarairen artean banatua. Hainbesteraino, non euskal literatura modernoa, ingurua arrotz egiten zaionez, eremu linguistikorik ez duenez, exilioan sortzera deliberatzen den. Literatura lekutu egiten da Euskal Herritik exilio fisikoan (Orixe, Mirande) eta barne-exilioan (Aresti). "Exilio" hitzaz aipatzen ez bada ere, deserritze hau gai poetiko bihurtzen da. Amate baten itzalean poeman, Orixek ukaldi batez likidatzen du erbestetuaren malenkonia eta herriminaren lirika otañotarra. Honen "atariko intxaurpe" beharretsia "Musulungo pagope" mesprezatua da Orixerenean, eta zizurkildarrak ez bezala, "goxoagorik arki dut emen / amateren gerizpea" aitortzen du, arbola amerikarraren itzalean sartzen ahal da "bere baitan barrenago"... Mirande bertso ironikoetan urruntzen da garaiko euskaldunetatik, "izatetik hek bezala / Ortzi jaunak zaint nazala". Eta Aresti, Bilbon, "gauzak aldrebes ikusirik" egiten da euskaldun. Exilioaren kontzeptu honek, zientzialarien berbakondoetan esatearren desterritorializatzea izenda genezakeen honek, gai poetiko moduan funtzionatzen du 60ko eta 70eko literaturan, berezko zentzuaren eta zentzu figuratuaren arteko dialektika bortitz batean: lurraldearen ukatze objektiboa batetik, eta balore psikiko eta soziologiko batzuen agertzea bestetik, hala nola alienazioa, urruntasuna, desjabetzea... Arestiren poema unibertsalena ere, ez ote da, oinarrian, lurralde baten markatzea? Etiopia ez ote da neurri batean desparadisuaren izena? Gure literaturaren hare-hari horrek egundaino iraun du, adibidez, Joseba Sarrionandiaren exilio anitzean, non nahasten diren egile lekutua eta gai poetikoa. Kartzelak urrundu egin zuen, profugo izateak bestelakotu. Bere "ni ez naiz hemengoa" ezagunak interpretazio maila desberdinak dauzka, inongoa ere ez dela esan genezake. Horregatik uste du "gure territorio libre bakarra" euskara dela, Kalamuan jarraitzen duelako lurrik ez duen literatura eginez. Eta Otamendik "lur bat zure minari" eskaini nahi dio lurzurtzari, hogeita hamar urte lehenago Joxe Azurmendik Gernikako Arbolari lur berri bat eman nahi zion bezalaxe Manifestu Atzeratua poema (debekatuan)...

Desgiro eta deserri honetan, hala ere, zentsurak onartu egin zituen nazionalismo zaharrak bere mugimenduan kontabilizatzen ohi zituen zenbait produktu eta ekitaldi. Zentsurak ezin baitu funtzionatu ukatze hutsez, zentsurak eredu bat erakutsi behar du imitagarri: erregionalismoan kokatzen zen funtsean, bertakotasun itxurako asimilazioa bideratzen zuen, euskara identitate marka zitekeen neurrian debekatzeko, hizkuntzaren dialektalizazioa bultzatuz. Zentsurari onargarri egiten zaio "herri honek bere honetan iraun dezan", bai baitaki haren lurraldearen mapa astiro baina etengabe idortuz doan putzua dela. Oro har Arestiren obrak egin zion gainez egonkeriari, haren poemek eta haserreek irakatsi ziguten herri hau ez dela gordekizun, eginkizun baizik. Literatura etorkizunean oinarritzen du, ez iraganean. Aresti ere "ez zen hemengoa".

KARMELO LANDAK koloreko fotokopia bat egin nahi zuen; nik ez nuen ulertzen zergatik gura zuen makinaz idatziriko izkribu bat kolorez fotokopiatu. Gero estimatu egin nion oparia, Deustuan despeditzen ginela: Arestiren bi poema zeuzkan orria ipini zidan eskuan, Rikardoz eta Mendi Ferdea ezkerreko aldean, gaztelaniazko bertsioarekin eskuinean. Erdian lauki gorri bana zeukaten, letra larri gorriago hauek biltzeko: "prohibido". Gorriak pasatako bertsioak iritsi zitzaizkigun irakurleoi, gerora egin ahal izan dugu jatorrizko testuen osaketa, batzuetan. Eta liburua argitaratzearren, idazlea ez da lotsa izan gezurra esateko, erreguka ibiltzeko, egindakoa aldatzeko, adibide ugariak aurkituko ditu irakurleak ondoko orrialdeetan. Ez dugu ezagutuko zentsuraren aurreko harrokeria handirik euskal idazleetan. Ez ote zeukaten autoretzaren kontzientziarik? Gabriel Arestik poema "ikaragarri" bat egin zuen zentsurari buruz, Ramon Saizarbitoriak lerro batzuk kenarazi omen zizkiolako hitzaurre batetik. Oso arestiarra dirudi jokoak, dialektikoki ezin defenda litekeena —euskal proletargorik ez zegoelakoa— poema sasibibliko baten gai bihurtzea. Arestiren Obra Guztiak izeneko bi aleetan ageri ez zela ikusita Saizarbitoriak berak Zorion Ustela-n argitaratutako poema honek zehatz betetzen ditu autore minduaren poseak eskatzen dituen ezaugarriak: proportzioak ez gordetzea eta urradura izugarrietan gozatzea lotsarik gabeko zilborkerian ("Euzkadi ha muerto / en el instante mismo / en que Ramon Saizarbitoria (amigo mío) / cogiera las tijeras con ahínco..."). Ondorioz, poema karikatura hutsa bilakatzen da, zentsuraz kexatu behar-eta Saizarbitoria azaltzea zentsore aski barregarria ez balitz.

Izan ere, irudi luke benetako zentsurarekiko amorruak baino eragin handiagoa ukan duela euskal idazlearengan bere herrian bertan publikatu ahal izatearen ilusioak, gose zela ez zekien herriari jaten eman ahal izateak... Apaiztegiko multikopistan egindako Orixeren Euskal Literaturaren Atze edo Edesti Laburra (1927an argitaratua Euskal Esnalea-n!) eta Joan Mari Lekuonaren poema batzuk ez izatera, nik behintzat euskal literaturaren ezer gutxi irakurri nuen "debekaturik", gure gizartea irakiten zegoen 70eko hartan. Gure literaturak ez du ukan txekiarrek antolatu zuten samizdat egitura klandestinoaren antzekorik, legepean argitaratu zituen testuak. Egokitze horri, jakina, autozentsura esan izan zaio. Ez ote zen posible Euskal Harria —ulerbidez— zentsurarik gabe publikatzea Ipar Euskal Herrian, izengoitiz sinatua? Harrigarria da euskal idazleek bide hori hartu ez izana, eta adierazgarria ere bai. Iparraldean argitaratu zuten hegoaldetarrek ez baitzuten inoiz askatasun errepublikarra "era naturalean" hautatu: Hil ala Bizi nobela kartzelan zegoen Xabier Amurizarena zen, eta Larraun ezizenez sinatu behar izan zuen; Orixeren Mamutxak Madrilgo zentsurak ukatu ondoren argitaratu zuen Maritxu Barriolak beste aldean; bi urte eta gehiago zen Txillardegi errefuxiatua zegoela Huntaz eta Hartaz eraman zuenean Imprimerie des Cordeliers-era...

Zentsura Erdi Aroko zerbait, Inkisizioaren azken erakundea zela esan ohi dute idazleek berek, era erretoriko samarrean. Euskaldunok ordea zanpaketa modernoak ekarriko zigunaren aurrekari moduan uler genezake Francopeko zentsura: "irakurleek" egiten zuten lana txibatoarena zen zuzenean, infiltratuarena ez zenean; "aurretiazko depositua" zehazki dagokio komisaldegiari ixkin eginda juezaren aurreko deklarazio borondatezkoari; "zentsorearen aholkua" mehatxu poliziala baldin bada "ahoz tatxatzea" guztiz dator bat aztarnarik gabeko torturarekin; teoriko espainiarraren esaldi gogoangarri hura, "tribunala iritsi ezin daitekeen zirrikituetara iritsi behar du zentsoreak", gerra zikinerako agindua da garbiro... Joan Mari Torrealdairen lan honek jasotzen duen gure oroimen historikoaren zatia egungo errealitatean txertatzen da argigarri bezain sor. Moztutako zangoko behatzak min ematen duen era berean, poemari kendutakoek azkazal erauziak dakarzkigute gogora. Eta egunotan Joxi eta Joxanen erailketaren epaiketak gordin erakusten digu Inkisizioak bere burua epaitzen duenean ematen duela ikararik handiena, orduantxe dela larderiatsuen.

EZ NUKE aitortu gabe utzi nahi liburu hau irakurriz gertatu zaidan paradoxa tristea: batzuetan, etsaiaren begi zorrotzak gure literaturak ukan ez zuen kritikaren papera betetzen duela iruditzen zait, bere errukirik ezak konpentsatzen duela gure irizlarien onbera, gupidarik gabeko zenbait ohar konfidentzialetan irakurtzen ahal dudala egun, garaiko eta geroko euskal kritika esateko gai izan ez zena. Tristea litzateke, bai, gure kritika modernoaren historia zentsuraren adituen testuetatik abiatu behar izatea. Baina erakundeaz beti daki gehiago poliziak, militanteak baino.

2000ko martxoak 10

 

© Koldo Izagirre

 


susa-literatura.com