Euskaldunen aberria ez da euskara

Eusko Pizkundeak indar berria hartu zuen abertzaletasunaren sorrerarekin. Alderdi politiko gisa, intelektualek ez daukaten ekintzarako baliabideak eskaintzen ditu Sabinorenak, eta bere helburua ere gizartean eragina lortzea da. Abertzaletasunak ez du kultura esparru pribatu edo berezi bezala hartzen, etxean lantzeko. Hain zuzen, ondorio eta emaitza publikoak dituen neurrian interesatzen zaizkio gehienbat kultura eta hizkuntza. XIX. mendeko euskaltzaleek ez bezala, XX.ekoek, hasiera batean uzkur bada ere, alor desberdinetan jardun zuten: folklorean, bertsolaritzan, kirolean, literaturan, hezkuntzan, euskararen irakaskuntzan, euskaran bertan...

Adore berria hartuta, euskaltzale abertzaleak, karlistak eta are integristak ere bildu ziren Euskal Esnalea izeneko elkartean, Tolosan. Helburua euskal kultura azkartzea zuten. Onenak emanak zituen Euskal Erriaren hurrengoa izango zen elkarte honek 1911n sorturiko Euskalerriaren Alde aldizkaria. Bazegoen euskaraganako borondate garbiago bat, eta bazuten honetan zerikusia abertzaleek lortzen dituzten zinegotziek, Bilbon behintzat oso nabarmen.

Donostiako Udalean izan dute halako garrantzi berezi bat idazleek. Biktoriano Iraolaren hutsunea euskal dramaren sortzailetzat hartu izan den Abelino Barriolak bete zuen. Honen eragina ikusi behar dugu, Zulaika zinegotzi sozialistarekin batera, Donostiak Euskal Iztundea sortzen duenean 1914an. Toribio Alzagak zuzendu zuen erakunde honek gaitzeko garrantzia izango zuen hiriko bizitza publikoan, ikasleek bertan hartzen zutena gero jendaurrean jokatzen baitzuten urtean hirutan, taula gainean. Antzerki hiritarraren oinarrian dago Academia de Declamación Vasca izenarekin ezagunagoa izan den erakunde hau. Irakite euskaltzale honen erdian sortu zen Eusko Ikaskuntza 1918an Oñatin, lau diputazioen babesean, eta 1922an Gernikan egin zuten Kongresuan Alfonso XIII.a bera mintzatu zen:

«Yo siempre os he recomendado que cultivéis vuestra lengua materna, pero a fuer de español y amante del pueblo vasco, no puedo menos de señalaros los peligros que encierra toda exageración. Quiero decir que no debéis, en modo alguno, circunscribiros al estudio del vascuence, porque habréis de reconocer que ni España puede vivir sin Vasconia, ni Vasconia sin España. Eso quiero deciros, recordando las tradiciones de Vizcaya; que todos vosotros, todos, necesitáis conocer el castellano; podéis y debéis estudiar el vasco, pero necesitáis estudiar también el castellano».

Izugarriak dira, inondik ere, Eusko Ikaskuntza deritzan elkarte baten biltzarrean esanak izateko. Alabaina, diskurtso hau, transkribitu gabe edo zatika transkribituta, «euskararen alderako» bezala aurkeztu izan dute eukal kulturaren zenbait historialarik. Mehatxu kutsua hartzen diot nik behintzat, beste ezerena baino gehiago. Euskaltzaletasunari muga ipini nahi diola ematen du: harroaldia genuen.

Euskal Esnalea izen bereko buletina ateratzen hasi zen, euskara hutsean, eta nukleo honetatik sortuko zen Argia asterokoa Donostian (1921-1936), egundoko harrera izango zuena Gipuzkoa osoan. Euskara prestijiatzeko asmoz publiko urbanora heldu nahirik, hitzaldiak antolatzea erabaki zuen Euskal Esnaleak hainbat gairi buruz, denak euskaraz, Donostian eta antzoki batean, Salon Novedadesen hain zuzen. Zenbait jai-egunetan, goizeko hamaiketan, publizitate ugariz iragarriak, oso ekimen ederra izaten ziren hitzaldiok, eta oso jarraituak. Batzuetan irudiz apainduak ematen ziren, proiektore baten bitartez. Idazle eta intelektual askok hartu zuten parte: Urreta, Larunbe, Etxegarai, Garitaonandia, Zinkunegi, A. Donostia, Azkue, Lhande, Orixe, Anabitarte, Larrañaga, Mokoroa, Barandiaran, Gerra... Gaiak ere oso ugariak izan ziren, atzean utzi zen garai bateko monotema: prehistoria, musika, telefonoa, poesia, olinpiadak, emakumea, medikuntza... 1927an Inazio Etxaidek fonografoari buruzko hitzaldia egin zuen:

«Fonografoak etsai asko izan ditu; gure artean ere bai, bañan ori ez jakiñak sortu du, batez ere bear bezelako borobil edo disko euskaldunik ez zalako eta ziran gitxik txarrak, kaxkarrak ziralako.

Orain bost urtetik ona asko zabaldu da Euskalerria'n eta fonografoari zaletasun aundia diote. Donosti'n bertan eunetik eun irabazi du.

Oso maiz entzuten det fonografoa Euskalerria'n zabaltzea kaltekorra dala. ¿Zergatik? ezetz esango nuke nik eta beste geyagok ere bai.

Izkera zabaltzeko erridi guziak eta probintzi geyenak fonografoari begiratu diote eta ikustekoa da zenbat eta zenbat on etorri zaizkiyen.

¿Guk ere zergatik ori ez degu egin bear? Galdera hori askotan egin didate emen; guk gure olan idazti txalogarriak artu izan ditugu Irlanda eta Beko-Ameriketatik euskera ikasteko diskoak eskatubaz. Alegiñak beraz egin bear ditugu, euskera ikasteko disko oyek irartzen eta biar bezela guziya ipintzen gai onetan. Ziur nago gaur ludi guziyan azaltzen dan euskaltasunak euneko-eun irabaziko lukela.»

Urrats garrantzitsua eman da izpirituetan. Euskara ez da jadanik XX. mendearen aurka gorde behar den pitxia; modari eta tresneriari zabaldu behar du hizkuntzak, garatu egin behar du, txertatu egin behar du modernitatean. Eta borondate honek berebiziko indarra hartzen du Etxaide zaharraren mihian, ez baita nazionalista, integrismoaren liderra baizik, Donostian. Hiriak, zoragarriak dira.

 

© Koldo Izagirre


susa-literatura.com