Porrot baten ondorioak
Bigarren karlistaldiaren bezperetan, Gipuzkoa ia elebakarra zen, euskalduna guztiz. Vicente Garmendiak bilduriko datuen arabera, 176.297 biztanleetatik, 170.000k egiten zuten euskaraz, eta hauetatik 140.000k euskaraz bakarrik. Gainerakoek, gaztelania. Baina 6.297 erdaldun huts horiek, elebidun osoen eta elebidun pasiboen multzo batekin, noski, boterea zuten... eta hiriburu bat, jakina. Hobe esan: hiriburuan bizi ziren, nolabaiteko konpaktazio batean.
Adrien Planté bezalako bisitariek, ordea, «euskaldunek benetako maitasuna diote beren hizkuntzari» esango digute. Hala zirudien, berak tratatzen zituen jaunek hizkuntza nazionalaren laudorioa egingo zioten 1868 hartan. Urte berean argitaratu zuen Marcelino Soroak elkarrizketa erako jolas luze bat, Baratzan izenekoa. Bertan, kaletar batek baserrikoak ikasten ditu. Bigarren jolasaren hasiera honelakoa da:
«- ¿Iñor etorri da, Iñaxi?
- Emen etorri da kaballero euskeraz dakiyen ura.
- ¡Euskeraz dakiyena! ¡Euskeraz dakiyena!
- Bai baa.
- ¿Ta zer uste dezu zuk, ez dala kaballerorik euskeraz dakiyenik?
- Bai bañan ez dirudi.»
Suposatzen ahal dugu Donostiako nukleo erdaldun hau (probintziaren %3,6, eta Donostiaren erdia ere ez zena), garaipen liberalari lotu zela gero, eta Madrilen gerizpean gizendu. Berak erabakiko zuen hizkuntzaren etorkizuna maila guztietan: irakaskuntzan, administrazioan, ekitaldi publikoetan...
Mañé i Flaquer-ek datu berri bat ematen digu 1876an, bigarren karlistaldia amaitu ondotxoan eginiko bidaian hartua: Hego Euskal Herriko 800.000 biztanleetatik 200.000k bakarrik egiten dute euskaraz. Datuok krontrajarriak daude Vicente Garmendiak eskaintzen dituenekin, ez da posible hamar urtean hainbesteko galera izatea, Gipuzkoatik kanpo 30.000 euskaldun bakarrik gelditzeraino. Dena dela, kataluniarrak euskararen galera azpimarratzen du, eta lau arrazoi nagusi ematen:
1. Gobernu zentralizatzaileen egitate absorbente eta dominatzailea.
2. Gerra zibilek armada arrotz ugari ekarri dituzte Hego Euskal Herrira, hizkuntza inposatuz.
3. Foruen deuseztatze partziala lehenik eta osoa ondoren, ofizialtasun berri guztiak erdaraz inposatuz.
4. Udan hona azaltzen den etorkin mordoa, ohituren eta hizkuntzaren aldaketa ekarriz.
Begi onez ikusten du Mañé i Flaquer-ek garai bateko erdaltzaleak -«herri honetako klase jakintsuak»- euskararen alde jarri izana noizbait. Baina hizkuntzaz haratagoko ahalegina eskatzen die:
«Hizkuntza, esan dudan gisan, ez da gure pentsamenduen eta gure sentimenduen jantzia besterik; euskal herriak gaur etsai dituenek bezala pentsatzen duen egunean, bere hizkuntzak ez du izateko arrazoirik izango; halaberean alferrik ariko da bere erakunde bereziak berreskuratzeko ahaleginean hizkuntza propiala erabiltzeari utziko dion egunean, zeren eta hauxe izango baita besteek ez bezala pentsatu eta sentitzen ez duelako seinalea, eta beraz, bizitza eta beharrizan propialaz gabetua izango da».
Mañé i Flaquer kataluniarra zen, bazekien zerbait hizkuntzaren eta nazio-sentimenduaren arteko dialektikaz.
© Koldo Izagirre