XIX. mendeko lehen bisitaria
«Gaur egun jadanik, ez da erraza iraultza bortitzik ezagutzea; aitzitik, Frantziako eta Espainiako euskal probintziek biztanleriaren eta ongizatearen goranzko hazkundea espero dezakete» dio Humboldtek, sotil eta xano, 1801ean. Eta aurrerago:
«Baina luzeko eraginek prestatzen dute nortasun nazionalaren gainbehera, Europako puntu guztiok elkarrengana biltzen direla, ezaugarri berezien galtzea. Baztertzen dute apurka mintzaira, eta honekin batera galtzen dute hura. Gaur egun mendira egin behar du atzerantz, hamar urtetik hamar urtera gero eta gehiago, bazter guztietatik erasoa, ama txar gisa tratatua, hain zuzen, nazioko alde ilustratuenen partetik, eta uste izatekoa da bere gainbeherak abiadura arinagoa hartuko duela arrerantzean». Ondorioz, jakintsu alemaniarraren ustez «mendea baino lehen euskara desagertua izango da menturaz hizkuntza bizien artetik».
Ikusten zuen galeraren gainetik, beste sentimendu batek ere hunkitu zuen Humboldt, herriak, oro har, ez baitzuen kopiatzen maila gorenen jokamolde eskasa:
«Euskalduna atxiki egiten zaio bere hizkuntzari zenbat eta injustukiago jazarri, orduan eta indartsuago».
Gotorleku bat, militarren menpeko herritxo baten antza zeukan hiriburuak XIX. mende hasieran, gaztelupe ahul bat, bizimodu publikoari zegokionez. Harresi barruko Donostia haren hogeita bat karriken izenak ikusi besterik ez dago, euskara zeinen preso zegoen jakiteko, Jose Manterolak emandako datuen arabera: Santa Maria, Trinidad, San Vicente, Juan de Bilbao, Iñigo (alto y bajo), Puyuelo (id.), Esterlinez, Lorencio, Embeltran, Atocha o de la Iguera, del Pozo, del Quartel, Igentea, Frente del Muelle, Nueva del Exterior del Muro, Campanario, Mayor, San Gerónimo, Narrica, San Juan, Zurriola... Badago izenotan hiriburu guztiek izan duten gurutzamendu kulturaletik: ingeles, gaskoi, gaztelania... Baina ez euskararen arragoan txertatuak, ikusten denez. Gaur «betiko» eta «antzinako» euskal izentzat dauzkagun horiek 1813tik aurrera sortu zituen herriak, ahozkotasunak, eta karrika berriei eman zitzaizkien zerbitzuen arabera moldaturiko izenak izan ziren, Manterolak berak esaten duenez: Arraindegi, Ikazcale, Kartzela, Esnatei, Azacale, Apaizcalia...
Harresipeko bizimoduaren azkena, funtsean, 1813ko erreketarekin hasten da. Iraganaren oroitzapenak galdu ziren, aro modernoak modurik garratzenean ezarri zuen bere larderia. Handik bi urtera, hiri zaharrari hiletak egitea baimendu zuen aitasantuaren bula batek. Manuel Sagasti bertako semeak requiem meza bat konposatu zuen, eta Diego de San Antonio Txokorro frantziskotarren buruak euskaratu zituen Camino y Orellak elizaren erdian paratzen zen zerraldorako eginiko latin eta gaztelaniazko esanak, honako hau adibidez: «Feniz ederraren antzera berriro dator pistutzera». Premonizio bat ematen du, hiria zabaldu egingo baita Antiguarantz, Intxaurrondorantz, Aieterantz, San Martinerantz...
Bere bidaia kontatzen zuen obra 1845ean publikatu zuen arren, Michel Turnerrek 1831n ezagutu zuen Donostia, eta ordurako Donostia «Madrildarren Brighton» zela diosku, itsas bainuengatik, ostatuengatik, eta Frantziako mugaren hurbilagatik (kalitatezko produktuak gortetik datozen aberats berrientzat, Miarritze europarren udaleku...). Irudi luke, beraz, bere buruaz sobera arduratzen ez zen Donostia kosmopolita eta nortasunik gabeko baten aurrean geundekeela.
Orduan azaltzen da hemen Victor Hugo jauna, erromantikoen mustroa, zer ginen jakin dezagun. Juliette Drouet amorantearekin dator, 1843an. Baionatik barrena heldua, Donostia jo du Irunen geldialditxo bat egin ondoren. Han antitopiko bat sortu du, euskal gurdi zaharraren karrankak belarriak zauritzen dizkien milikak zigortzeko, eta egin dezagun kontu Hugoren narrakera elementu fisikoetatik abiatzen dela aurrena, hausnar sakonagoen sarrera gisa, Joxe Azurmendik zorrotz erakutsi duen bezala:
«Nire inguruan bidaiariek belarriak estaltzen zituzten; bihotza liluraturik nengoen ni. Ez Weberren koru batek, ez Beethovenen sinfonia batek, ez Mozarten melodia batek sortu izan dute arima batean gaizki harriztaturiko bide batean gaizki gantzeztaturiko gurpil bi horien heiagora haserreak nire baitan sortu zuen aingeruzko eta ezin esan ahalako guztia».
Gautier eta eskisito guztiak kritikatzen ditu, izpiritu zabal baten jabe. Maitasunez hurbildu zitzaigun, eta horrenbestez pentsatzen ahal dugu gurdiaren karrankarena metafora bat baino ez dela, berdintsuak esan izan baitira euskaragatik: mendiotan abiatu zen Erdi Aroko erromes harentzat ere, salbaien mintzaira zen gurea...
«Espainian ote nago ordea? Donostia Espainiari dagokio Espainia Europari dagokion bezala, lur mutur batez. Uharte bat da ia».
Lehendabizi inguru fisikoa adierazi digu, eta itxura fisikoa egoera moralaren irudia dugu:
«Ozta da inor espainola Donostian; euskalduna izaten da. Gipuzkoa da hau, foruen herri zaharra, euskal probintzia libre zaharrak dira hauek. Gaztelania apur bat egiten da; baina batez ere bascuence mintzatzen da».
Eta euskaldunok elkarrengana dugun atxikimendua ezin ederrago adierazi digu frantziar hilezkorrak:
«Gaineratu nahi nuke ezerk apurtzea lortu ez duen lotura sekretu eta sakon batek batzen dituela, muga diplomatikoak diren tratatuen gainetik ere, muga naturalak diren Pirinioen gainetik ere, euskal familia misteriotsuaren senide guztiak. Navarre hitz zaharra ez da hitz hutsa. Euskaldun jaio, euskaldun izan, euskaldun bizi eta euskaldun hil. Euskara aberri bat da, erlijio bat esan behar nukeen. Esaiozu euskal hitz bat baserritarrari mendian; hitz honen aurretik, gizon bat baino ez zinen berarentzat; hitz hori esandakoan, hona hemen anaia bat».
Harrigarria da, bidaiarien gure arteko ibiliak eta Donostiaren historia komentatu izan dituzten kondairagileek nola ez diguten honetaz aipurik egin inoiz, ez Fausto Arocenak, ez Luis Murugarrenek, ez Jesus Mª de Arozamenak... Hizkuntzarekiko leialtasun honek ondorio politikoak ekar litzakeelako, menturaz?
«Espainiar hizkuntza arrotza da hemen, frantses hizkuntza bezala. Noski, euskal batasun hau ahuldu egingo da eta desagertzera joko du. Estatu handiek irentsi egin behar dituzte txikiak; historiaren eta naturaren legea da. Baina harrigarria da batasun honek, ikusi batean horren ahula, hainbeste iraun izana. Pirinioen alde bat hartu du Frantziak. Bestea Espainiak hartu du; ez Frantziak eta ez Espainiak lortu dute euskal multzoa sakabanatzea. Lau mendetik hona gainera etorri zaion historia berriaren azpian, argi eta garbi ikusten ahal da, krater bat bezala laku baten hondoan».
Hugok esaten duena bere neurrian hartu behar da, beroarena kendu behar genioke: egia da berezko hizkuntza euskara zuela Donostiak, baina egoera diglosiko batean bizi izan da mendeetan, eta hala zen idazle frantziarrak bisitatu gintuenean ere. Bazeukan orduan euskarak halako indar bat pribatuan, etxeetan behintzat hizkuntza nagusia zela esan liteke, eta karriketako berbaroa ere euskararena zen nagusiki. Oso kasu polita kontatzen digu Hugok, alemanez hitz egiten zekien Aix la Chapellen jaiotako frantses batena. Espainiarrek preso hartua 1811n, gaztelaniaz ikasi zuen. Euskaldun batekin Donostian ezkondua, euskaraz egiten zuen. Bizargilea zen lanbidez, eta izena ezin lauda dezakegun poliglota honek egin zion tualeta idazle handiari. Segur naiz lauretan egin zuela bere bezeroarekin.
© Koldo Izagirre