Erregina AEKn
Espainiako errege-familiek Donostian egin izan zituzten egonaldiek bide eman izan dute hainbat gertaera, pasadizo edo xelebrekeriatarako: Xiriloren lanak, Maria Cristina eta kokotxak, Victoriaren lorontzia, Alfonso XIII.aren auto matxuratua edo nobiari bisita egitetik zetorrenekoa... Joxemaritartasuna, koxkerotasuna edo donostiarkeria osatzen duten ipuintxoak dira, inondik ere. Ez zuten alferrik izendatu Maria Cristina ohorezko alkate, ez zioten debaldetan eman hiriaren lehen urrezko domina, berrogeita bat urtez etorri zen udatiar. Esaten dute, kontatu izan da, Maria Cristina erregina eta Asturiasko Printzesa Hernanin festa batean zeudelarik txapel gorri bat oparitu ziotela printzesa horri, eta esaten da, kontatzen digute, polito esaten omen zuela txapelaren izena, alegia, gauza zela hitz hori txukun ahoskatzeko («pronunciaba bastante claro»). Alabak euskaraganako hainbesteko erraztasuna zeukala eta, ama berotu egin omen zen ikasteko. Aieteko kaperan, jauregitik hurbil, igandero meza ematen zuen Gaspar Oregi hartu omen zuen irakasle. Maisu ona aholkatu edo aukeratu zioten benetan, Oregi honek esperientzia zeukan Diputazioak antolaturiko klaseak ematen, eta lantxo batzuk ere argitaratuak zeuzkan hizkuntzaz. Hasieran dena oso ongi omen zihoan, hiztegia lantzen zutenean, baina ur handiagotan sartu orduko («harrapatzenbaldinbazaitut» ikasi behar izan zuenean, esaten da) erreginak etsi egin zuen:
«- Perdone, Pater, me gusta mucho oír hablar vuestra lengua a mis fieles servidores, jardineros, miqueletes y jornaleros de mi posesión, pero supongo que habrá otras palabras kilométricas como esa...!».
Hala esan omen zuen, edo halatsu. Euskara, gure euskara, gure hizkuntza maitea, ezin dezake edonork ikasi... Harro kontatzen zaigu. Izan ere, erreginak hungariera nahiago zuela ere esan omen zuen. Zer uste zuen Maria Cristinak zela enamoratzia, sillan eseri eta...? Nahita lotzen dira lotu behar ez diren hitzak euskararen luzea indartzeko, nahita asmatzen dira atsoaren ikarak gure xelebrekeria markatzeko. Eta harrotasun berdinean esaten zaigu erreginak, gainera, bazekizkiela hizkuntza batzuk. Baina euskara ez da edozein hizkuntza. Euskara ez da, izan, hizkuntza ere. San Bizenteko koxkak bezain gauza berezia da. Ez da inposatzen, inor ez dago behartua, litekeen gozoena da. Batzuek badakite, baina ez da asko nabaritzen. Eta askok zekitenean ere, hizkuntzak eskubiderik ez zeukala uste zuten ez gutxik. Euskara bitxikeria bezala ikasi behar da, lorazaintza da, erreginen kapritxoa. Eta gutiziek, hasi orduko, aspertu egiten dute. Horrela osatzen da gure hizkuntzaren historia, pasadizoek ideologia egiten dute.
Zer gertatzen da gaur Donostiyan?
Nondik dator gure poza?
Nora dijoaz gure begiyak?
Zeñek darama biyotza?
Gure Fernando maitea eta
Gure Amalia eztiya
Emen arkitzen dirade eta
Esana dago guztiya.
Hiriak leku zoragarriak dira: bonba karlista batek jo zuen Bilintx liberala, baina karlistek defendatzen zituzten foruak deuseztatu zituzten egunean hil zen Bilintx, eta penaz hil zela gehiago gangrenaz baino, esan ohi da; Bilintxen eskela balitz bezala eman zuen foruen deuseztapenaren berri Jose Manterolak, eta horrela galdu zuen Institutuko katedra. Hirian interesak nahasi egiten dira, topikoak hausten dira maiz, euskaldun zoragarriak sortzen ditu aldizka bulebarrak. Probintzia euskaldun baten hiriburu erdalduna, baserriari trufa egiten dion kalea, gehiengo karlistari bizkar bizi den gutxiengo liberala... hori ere bada Donostia, baina ez hori bakarrik. Euskararen emaitzarik ederrenak, hiriak eman ditu; baserritarrek hirian ospatzen dute beren festa nagusia; foruzalea eta liberala edo foruzalea eta errepublikarra izan litekeen gunea da hiria; lotuan egin dezake dantza bertan, mezarik huts egiten ez duenak, Bilintx baino askoz lehenago, lehen gerrate karlistan, Vicente Etxegarai liberalak egin zituen donostiarren eguberritako, kaldererotako eta inauterietako euskal kantu ia guztiak... Gero, harresiak bota zirenetik, karrikek hartu izan dute probintzia osoa. Hiria mendiaren bila irten zen, eta menditarrak kalera ekarri zituen. Kalteak kalte, gaur egun euskalduna kaletarra da, eta etorkizunak Maisu Juanen ezaugarriak hartzen ditu, ez Peru Abarkarenak.
© Koldo Izagirre