Pentsio-planak
Orduan, Madrilera zoaz, esan zidan Cristinak, kea sabairantz bideratuz. Ez du ondoren zigarroa ohean bertan erretzeko ohitura modaz pasatako hori sekula galdu. Tira, ohean egitea bera nahiko modaz pasata da; entzun eta ikusi ditugunekin: igogailuan, zutik eta paretaren kontra, toki publikoko komunean, aitorlekuan, tresneria laguntzailearekin edo gabe, taldeka, haurrekin, animaliekin... Geriatrikotik oso gertu daudenek baizik ez bide dute, dugu, ohean egiten. Zigarroarena melodramatikoegia da, nire gusturako. Katharine Hepburnek edo Lauren Bacallek zigarro bana erreko zuketen, apustu egingo nuke, gidoiak horrenbeste -ohe-eszenarik, alegia- eskatu izan balie. Melodramatikoegia. Eta melodramatikoegia balitz bakarrik, gaitzerdi. Edredoiak konpontzera eraman behar izaten dira maiz, eta hainbeste konponketaren ondoren, adabakiz josita daudenean, berria erosi. Bai, Madrilera noa. Noiz. Bihar goizean. Zenbat egunetarako. Beharrik ez duen zertara galdetu. Bon, Cristina ez da ergela, eta aspaldi ez du zertara galdetzen. Zenbat egunetarako, gehienez ere, eta hori ere ez ohi da seinale ona izaten, are gutxiago hauspoari ahal bezain fuerte eraginez ke-zirimola haserrea sabairantz bideratzen duenean. Ez dakit, Cristina, benetan, ez dakit. Nola jakingo dut ba, zertara noan ere ez dakit-eta. Bi, hiru egun... auskalo. Bata jantzi du eta dutxarantz abiatu da, ezer esan gabe.
Cristina gaixoa. Kezkatzen hasia da, nor eta bera, sekula gehiegi kezkatu ez den emakumea. Nire azken hogei urteetako joan-etorriak gehien ezagutzen dituen pertsona da, agian. Kezkatzen hasia da. Jada ez da gaztea. Ni ere ohetik altxatu naiz eta bainugelarantz hurbildu. Nork daki, pentsio-plana ordaintzen laguntzen ahalko dizut halako batez, esan dut, ahotsa dutxako uraren marmarraren gainetik altxatuz. Nire hitzei konplizidade eta umore puntu bat erantsi nahi izan diet. Libreak garela sinetsi nahi izaten dugu, pertsona libreek euren harreman libreak antolatzen ahal dituztela egiten dugu amets, baina inoiz ez da oreka lortzen. Zail da desio eta beharren entsalada biren gustura prestatzea. Afektoen salerosketan balore guztiek ez dute berdin kotizatzen. Izerdi, jario eta emozioen hartu-emanean, lehenago edo beranduago, bietako bati ez zaizkio kontuak berdintzen, beti. Bakterien trukaketak beti eskatzen du galtzailea. Beti? Ezetz, ez dela horrela zertan izanik esaten diogu geure buruari, eta beste harreman bat hasten dugu, eta askotan okerragoa izaten da. Galtzailea eskatu beti? Dutxaren azpitik Cristinaren ahotsa garbi eta ozen iritsi zait, garden, amorrazioz, baina amorrazio jostalariz. Hoa porkulo hartzera. Horixe esan du. Nahiko nituzke Cristinaren hitzak edertu, mezuari traizioa egin gabe, baina horixe esan du, zehatz-mehatz. Hoa porkulo hartzera. Cristina gaixoa?
Amodioan ere badira egunero fitxatzen duten funtzionarioak, eta badira artistak, eta badira funtzionariotasunari etxetik kanpoko laguntzak ematen dizkiotenak, eta badira langabetuak, eta badira enpresariak, eta langileak. Ni Cristinarekiko finkoa naiz, baina jarraitasunik gabea, Ogasun Departamentuko hainbat langile bezala; beti dute kontratua, baina ez beti lana. Lanik ez dela langabeziara doaz, eta langabezi-saria kobratzen dute. Oso langile-klase berezia eta bere gisakoa da. Ez diot Cristinari sekula "maite zaitut" esan, eta hori da nire ondare, nire ondare moral, bakarra, eta "ez zaitut maite" esango banio ere ez zen erabateko egia izango. Horrelaxe daude kontuak. Baina biok zahartzen ari gara eta Cristina, ni ipurditik hartzera bidaltzeko hartu duen tonu jostagarri-faltsuagatik nabari diot, berriz ari da pentsatzen bera dela gure hartu-eman honetako galtzailea. Inoiz behin halaxe gertatzen zaio, eta orduan eszenaren bat egiten dit; ez oso eszena bortitza edo bortxazkoa, diskretua baita horretarako, baina eszena, azken buruan. Eta orduan kabroi bat naizela esaten dit, larrutarako baino ez dudala nahi, eta gisa horretan. Zalaparta handirik gabe, baina esan, hala ere. Eta nik orduan gogorarazten diot ez diodala sekula maite zaitut esan, eta atea hor dagoela, eta ez naizela inoiz amodioaren funtzionarioa izango. Jakina, aspaldi batean ez genuen uste funtzionario bihurtzeko posibilitatea zegokeenik, ez berak, ez nik, ezta gure gaztaroko beste milaka lagun batzuek ere. Non gelditu dira larrualdi klandestino haiek, jainkoarren. Eta, zeraman martxa kontuan harturik bederen, Cristina zitekeen funtzionario bihurtuko zela gutxien sinetsiko zuena. Nor eta Cristina, sektarismoz beteriko egoera politiko aldrebes hari etekin gehien ateratzen ziona, usain diferenteko oheen luze-zabala neurtzeko aukera ematen zion ber. Ezusteren bat baino gehiago emango luke halako kronika batek, batez ere "Iparreko arazoa" klabe sexualean ulertu nahi izan duen hainbatentzat. Dena jardun ez izanaren ondorioa dela eta antzerako pitokeriak esaten dituenentzat, esate batera. Norberak hainbeste espasmo omen ditu bere mundualdian; halaber, hainbeste ogitarteko jaten. Batak zein besteak bere garrantzia badu, noski. Baina bi pezetako analisiok ezkurra amesten duten zerriak haiek ez ote diren susmatzeko bidea ere ematen dute. Cristina pertsona aproposa zen 70eko hamarkadako kronika sentimental bat egiteko; aliantzen, zatiketen, greben, manifestazioen, atxiloketen eta unean uneko gorrotoen kronika hainbat buruzagi eta liderren hartu-eman sexualen arabera. Horrelako zerbait. Gure historia ez da erabat egina izango honelako kronika bazterreko eta partzialak egiten ez diren bitartean.
Baina, amodioan ere, Autonomietako Estatuaren eragina zeharo kaltegarria gertatu da, eta egun, den-denek, funtzionario izan nahi dute. Funtzionario denetan: amodioan eta Gobernu Autonomoan. Ez dakit zer gertatuko den Cristinak nik hain lasai seinalatzen diodan atea hartuko duen egunean. Jakin baitakit edozein egunetan atea hartuko duena. Niretzat ere urteak aurrera badoazelako, joan ere, eta, badakizue, hiesa eta horrelako gauzak hor daudenez... Ez dut sekula hori baino estakuru ergelagorik ikusi amodioan ere seguru asko frakasatu dugula estali nahi izateko. Eta, izan ere, frakaso horren beldur daude amodioaren funtzionarioak, beraiek frakasatu ez dutelakoan, haiena denean, nire begietara, egiazko frakasoa. Egiazkoa, erabatekoa eta bueltarik gabea, edo, onenean, hagitz buelta zailekoa.
Baina, tira, onartu beharko da bizitza gogorra dela, gizarte honetan, Cristina bezalako emakume aurreiritzi askorik gabearentzat, ni bezalako batentzat ere, gizon batentzat, alegia, zaila denez.
Cristina dutxatik atera eta jantzi egin da. Isil, mutu, ezer esan gabe. Nik ere ez dut ezer esan, puska batean. Pentsio-planarena serio esaten nuen, ausartu naiz azkenik. Ez dit erantzun. Partitzeko prest delarik, eskua ateko heldulekuan, mintzatu da lehen aldiz. Adi jarri naiz, aitorpen garrantzizkoa egin behar zuela garbi dagoelako. Eta, bai, halaxe gertatu da. Zera esan du, Enekoitz, noiz ez dituzu emakume guztiak putak balira bezala tratatuko?
Gaixoa!? Aurreiritzi askorik gabea!?
© Jon Alonso