Herri Urrats-en bertsio italiarra
Irailak 7, Erroma
- Prest al zaude?
Baietz erantzun diot gogor plantak eginez. Egia esan, atzoko edari «digestibo» hari buelta eman ezinik nabil oraindik. Nolakoa izan ote zen Txirritaren ajea, zazpi egun eta zazpi gau sagardotegitik irten gabe egin zitueneko hartan? Lortuko al zukeen orduko marka bera San Lorenzoko pizzeria batean?
Erroma erditik goaz apropos. Hiria erakutsi behar omen dit Davidek. Urtu egingo gaitu beroak.
- Orain dela urtebete lortu nuen gidatzeko karneta.
- Ez dirudi horren berria zarenik. Egia esan, besteak ez dira zu baino trebeagoak estratan...
- Motorino batean ibiltzen nintzen lehenago... Inguru hauetan dagoen aldapa batean muturreko galanta hartu nuen arte! Geroztik ez naiz hara arrimatu ere egin. Handik gutxira erosi nuen furgoi hau.
Esbastika bat, pareta batean.
- Koliseoa... Ez da egia esaten dena... Piztiek ez zuten kristaurik jaten hor. Presondegiko kontuak dira horiek!... Horra hor gure ibai famatua... Tevere, Tevere! Kaka bezain iluna da garai bateko gardentasuna. Jakingo bazenu zer nolako arratoiak dabiltzan hor... Sekulakoak bota arren, asko maite dut hiri hau... Gorrotoa diot eta maite dut. Ihes egiteko irrika pizten zaidanean konturatzen naiz ezingo nukeela Erromatik urrun bizi.
Txundituta naukate furgoiaren zarataren gainetik entzuten ditudan azalpenek. Italiar hauen estilora aklimatatu ezinean nabil oraindik.
Banketxe baten aurrean gelditu gara, nik hala eskatuta. Lira gehiago behar ditut. Davide aldameneko piazza txiki batera bidali du udaltzain batek. Ezin da banketxearen aurrean gelditu. Autoa bigarren ilaran utzi, hiruzpalau egunkari erosi eta capuccino bana hartzera joan gara.
Musika orrialdeetara jo du zuzenean.
- Ezkertiarrak omen dira!
Sutan dago. Egunkariek ez omen dakarte ezer gaurko kontzertuaz. Ez gaur, ez atzo eta ez herenegun. Capuccino-a mahaian utzi eta gainetik begiratu ditut neuk ere.
Il Manifesto. «Made in France» letra lodi-handitan. New York-eko protesta antinuklear baten argazkia tituluaren lagungarri. «... Il promo test atomico di Chirac a Mururoa provoca un'ondata di indignazione in tutto il mondo...».
- E, Davide! Il Manifesto-k badakar zerbait, baina ez musika orrialdeetan, herriz herriko sailean, «Venezia» atalean: «Il Rock dei Negu Gorriak e il colonnello di Gonzales. Il gruppo basco -scotto processo per aver offeso l'onore al militare spagnolo Rodriguez Galindo, trafficante di droga in Euskadi-, terrà domani un concerto nel centro sociale padovano».
- Erromakoa ez eta Paduakoa bai...
Gai nagusira jo dut. «A Mururoa la Francia prepara il bis. Proteste globali...».
- Berandutzen ari da, Garbi. Andiamo!
Vatikanoko txapela ikusten da urrunean.
- Ezagutzen al duzu?
- Ez.
- Beldurgarria da hango mugimendua... Nazkagarria benetan. Fartsa hori gertutik ezagutzen dudalako diot.
- A, bai?!
Seminarista edo fededuna izandakoaren tankerarik ez du, nire artean.
- Inguruan jartzen dituzten postuetan estanpak saltzen aritu nintzen bolada batez.
- Skin-komunista itxura horrekin?!
- Tira...
- Gurasoei laguntzen, edo?
- Ez, bestela. Bizi beharra dago!
- Eta, zer arraio saltzen zenuen?
- Denetatik geneukan: estanpak, gurutzeak, Aita Santuaren argazkiak... Inozo hutsa da honaino heltzen dena. Aita Santuaren estanpa sinatua eskatzen zutenean, buelta erdia eman, makurtu eta guk geuk egiten genion zirriborroa. Ez uste konturatzen zirenik! Sosak utzi, estanpa bi eskuekin heldu eta lerdea zeriela joaten ziren, irribarretsu, erlikiarik mirakulutsuena eskuratu izan balute bezala. Barra-barra saltzen genuen. Poltsikoa ongi berotuta bueltatzen ginen etxera. Pioi astebete gogor lan eginda irabazten duzun adina sakeleratzen duzu bertan bi ordu pasata. Saltzeko lizentziarik ez genuen. Polizia inguruan ikusten genuenean, dena bi segundutan disimuluan jaso eta ospa. Susmo txarrak hartuta gure atzetik segika hasi zirenean, utzi egin behar izan genion negozioari. Baina, hobe... Kontraesan gutxiago.
Konparazioak gorrotagarriak badira ere, ezin ditut imajinatu Negutarrak Arantzazuko santuarioaren atarian, Ama Birjinari eskaintza egiteko kandelak saltzen. Ezta Galindok kale gorrian utziko balitu ere!
- Azken geldialditxo bat. Kamiseta berezi batzuk inprimatu ditugu lagun artean banatzeko. Negu Gorriak-ek eta Banda Bassottik Italian elkarrekin egingo dituzten kontzertuen oroigarri dira.
Ganaduaren feriala eta hiltegia zen Villaggio Globale izenez bataiatutako eraikuntza hau. Sartu eta ezkerrean dagoen zalditegia soilik mantentzen da. Patioan ezagun da: zaldi gorotzez josia dago. Garai batean okupatua, gaur egun subentzionatuta dago hein batean. Panoramika polita ikusten da goian dagoen terrazatik. Izugarria da patioa, San Mames futbol zelaia bezain handia. Lanean ari da jendea. Edarien kaxak deskargartzen ari dira batzuk. Txosnak eta eszenatokia montatzen, beste batzuk. Ñimiñoak dirudite hemendik goitik begiratuta. Eskailarak behera abiatu naizen arte ez naiz konturatu teilatuaren muturrean bandera rossa ajatu eta bakarti bat dagoenik. Daviden hitzetan, bakarra omen da hiri osoan.
Dotore jarria dago zentro sozial gisan egokitu duten etxea. Zinematokia, dantza ikastaroak egiteko gelak, kiroldegia, sukaldea, bileretarako lekua... Ateetako egitarauek iragartzen duten guztia egiten badute, ez dago batere gaizki. Sendoa da eraikuntza. Funtzionarien bulego edo etxebizitzetarako erabiliko zuten garai batean. Auskalo. Beste patiotxo bat ere badu barnealdean. Iturri elegante bat erdian. Tomate frijitu usaina datorkit sukaldetik. Ordu bietan emango diguten bazkaria prestatzen ari dira.
Txukun eta garbi dago dena. Paretetan dauden pankarta eta afitxak ere kurioso jarriak daude. «Ecco la nostra società. Autogestione. Lavoro. Cultura. Solidarieta», «Cambia di Canale. Costruisci la tua televisione. Basta con le Manipolazione... Per il progetto: Visione Globale», «Exjugoslavia. Genocidi, pulizie, etniche massacri. Diamo spazio alla pace. Comunisti unitari di Roma... Piazza S. Marco». Manifestaldi baterako deialdia dirudi... Egun oso bat beharko nuke hormetan itsatsita dagoen guztia irakurtzeko.
Luca dator auto gorri batean. Bart gaueko afarian entzun dudanez, kaskamotz tirantedun hau Jituren gremiokoa da, Banda Bassottikoen laguntzaile leiala.
- Etorri haiz...
- ... eta banoa. Kamiseta, disko eta gainerako materiala ekarri beharra daukat. Nahi al duzu Managua denda ezagutu? Badugu txoko bat autoan.
Autoz hamar minutu eginda heldu gara Managuara. Bertso Hop-en bertsio italiarra da denda hau. Ezio delako batek darama negozioaren ardura. Garai batean Euskal Herriko talde ugariren diskoak zituzten apaletan. Baina saltzen zutena ikusita, bertan behera utzi zuten eskaintza. Kortatu eta Negu Gorriak dira garbiketa hari gailendu zitzaizkion bakarrak.
Ezio bera da Negutarrek orain arte Italian egin dituzten birak antolatu eta Esan Ozenkiren diskoak banatzen dituena.
Kamiseta eta CD kaxen artean naramate Villaggio Globalera bueltan.
Seko gelditu du autoa Lucak. Ateari danbateko bat eman eta kopeta ilunduta atera da.
- Hi! Zer arraiotan habil! Okurritu ere ez kartel horien gainean ezer jartzea. Gaurko kontzertuaren iragarkiak dituk. Errespeta itzak bihar arte!
Uxatu du. Autoan sartu da berriro. Mutikoa kale kantoitik desagertu den arte ez du arrankatu.
- Beste musika talde baten kartela jarri nahi zuten gurearen gainean. Multinazionalen esanetan lan egiten duten agentzia hauek kalea beraiena dela uste dute.
Ezaguna egiten zait esaldi hori.
20 eguneko baraua baino aspergarriagoa egiten ari zaigu arratsaldea. Hiru ordu daramatzagu geldirik, soinu probarako prestakizunak noiz bukatuko zain.
Sakabanatuta dabil taldea. Pintza Lucarekin Managua dendara joana da. «Berehala gatoz» esan eta desagertu dira biak. Zirku politak eskaintzen dituzte elkarri adarra jotzen hasten direnean. Kaki eta Kataren entretenigarri bakarrak suelto dabiltzan zaldien paseoak, oholtza, teknikariaren kaiola jartzen ari diren langileen gorabeherak eta lainoen mugimendua dira.
- Zer, Davide, zazpi urte aldamioak montatzen eta orain teknikariaren hesi ziztrin hori jartzeko hiru ordu?
- Ez. Lau.
Eziok koordinatzen ditu teknikarien kaiola jartzen ari diren langileak.
- Zer da, Ezio? Arazo teknikoak?
- Orain arte argindarra jartzen nahikoa lan izan dugu. Ez zen behar bezala heltzen... Baina ni oso kezkatuta naukana eguraldia da. Hori ez dago gure esku. Espazio zabalean jotzearena ez dakit ideia ona izan ote den. Laino beltz horiek...
Iñigo eta Anestesia barruko gela batean daude, gitarra eta baxuaren hariak aldatzen eta entseiatzen. Inguruan dabilen zakur etiopiarrari Iñigoren gitarraren kaxa gustatu zaio. Barruko gomaespuma bigunean txistorra bezain kizkur etzan eta gitarra-joleari begira jarri da mimo eske. Iñigok kantu bat eskaini dio amultsuki: «Perro flaco». Tarteka gitarra utzi eta bizkarra igurtzitzen dio.
- Zer! Nire lagun izan nahi al duzu?
Fermin da gutxien aspertu dena. Etengabe aritu da bazkalostean. Solaskideetariko bat Federico zuen, goizetik hasita bideo kameraren rec botoian itsatsita gelditu den mutil puska. Latinamerikako gerrilaria dirudi itxuraz. Eta hizkerari erreparatuz gero, zer esanik ez. Ongi egiten du mexikarrarena, Fermini «pendejo!» deitzen dionean batez ere. Lagun minak dira, Kortatu garaitik ezagutzen dute elkar. Banda Bassottikoekin Nikaraguan ibilia, hango brigadista lanak utzi zituenean El Salvadorrera jo zuen. Hiru urte egin zituen han. Mexiko ere ezagutzen du. Bertatik etorri berria da.
Martxo aldean Txiapasera eraman nahi ditu Negu Gorriak eta Banda Bassotti, baina ez dirudi erraza dagoenik. Taldekideak prest agertu diren arren, gauza asko dituzte lotzeke.
Federicok aipu asko ditu Euskal Herriarentzat. NAEM delakoaz ari zait etengabe. Laudio eta Amurrioko jende bati esker maitemindu omen zen gure herriaz.
Gizon txiki, argal eta beltzaran bat du aldamenean pentsakor. Bibotea urdintzen hasia du. David Villaruel da. Mexikarra. Bere herriari buruzko konbertsaziorik egokitzen ez denean apal-apal jartzen da bazterrean adi, berea ez den mundu arrotzari buruzko iritzia emateak erreparoa emango balio bezala. EZLNrentzat atxikimendu bila etorria da Italiara. Izan ere, Kanpo Harremanetarako ardura darama berak. Datorren igandean izango da zapatistek antolatutako erreferenduma.
- Nik Tafallako jendearekin dut harremana. Ezagutzen al duzu «La teja de media noche»? Guri asko gustatu zitzaigun.
- Hara!...
- Bai... Kontakizun asko birrargitaratuak ditugu han.
- Zer moduz doa zuen inkesta hori?
- Nazio mailan emaitza onak lortu ditugu orain arte. 1.300.000 lagunek eman dio baietza mugimendu zapatistari. Gazteek zer dioten zain gaude, baina oker ez banabil, bi milioi inguru jarriko da gure alde... Niri zenbaki polita iruditzen zait. Nahiko luke erakunde askok babes hori. Nazioartekoari buruz ezin dut gauza handirik esan oraindik. Animotsu eta itxaropenez beteak gaudela.
- Erabakia gizarte zibilaren esku uzteak izango du, bada, arriskurrik... Batik bat zuen arazoa sufritzen ez dutenen iritzia ere jasotzekoak bazarete...
- Bai. Baina ezinbestekoa da. Dena den, guk ez dugu bete ezin dugunari buruz galdetzen. Egin ahal dugunaz bakarrik jasotzen dugu iritzia. Ez dugu armak utzi behar ote ditugun galdetu. Ez baititugu utziko. Guatemala, El Salvador eta Nikaraguako esperientziak ikusita, badakigu zer gertatzen den borroka armatua baztertzen denean: errepresioa gogortzen da eta buruzagiak garbitu egiten dituzte. Baina muga erregionala gainditu eta arazo nazionalari heltzea nahi bada, jendea inplikatu beharra dago. Herriekin harremanetan jartzeko modu berri bat da, bestalde... Azken hau zaila da, dena esan beharra dago. Gobernuak Txiapas herrialdeko arazoez bakarrik negoziatu... hobeto esan, hitz egin nahi du... Barkatu. Ez du txintik aditu nahi nazio arazoaz.
Hizketan ari ginela fax bat ekarri diote Fermini. Urriaren 28an egingo den kontzertu erraldoirako afitxa da. Muturra okertu du:
- Mm! Prezioa jartzea ahantzi zaio Manolo Gili. Beti bada zerbait.
Zuzenketak egiten ari dela La Repubblica egunkariko kazetari bat hurbildu zaio. Musika gehigarrirako elkarrizketa egin nahi dio. Gazteleraz ongi dakien italiarren bat lortu beharra dauka horretarako.
- Federico, lagunduko al diguzu? Trebea zara bat-bateko itzultzaile gisa.
- Zenbat ordainduko didazu?
- ...
- ... Broma dela, aizu!
- La Republica?
Ezaguna zaio Fermini.
- Egunkari hori ez al da zentrokoa, Federico?
- Bai, hala da.
- Tira, egunkaria berez halakoa da baina gure gehigarrian talde ezkertiar asko ateratzen ditugu.
- Hori ere egia da. Banda Bassottiri orrialde osoko elkarrizketa eman dion bakarra izan da.
Etxe atarian dauden plastikozko aulkietan eseri dira. Belarria zorroztu dut neuk ere. Talde gisa orain arte egindakoa azal diezaion nahi du kazetariak. Ferminek Herrera de la Mancha-ko estreinaldia, plazaratu dituzten diskoen, bideoen eta biren berri emanez ekin dio elkarrizketari:
- «Gora Herriak» biraren amaiera gisan, Kuban jo genuen, «Hautsi ezazu zerorrek blokeoa», kanpainaren barruan. 91+1 urtean -zoritxarreko urtea gure ustez, 92 zenbakia ez dugu aipatu ere egin nahi izaten- kontzertu ugari eskaini genuen Bosgarren Mendeurrena salatuz. Hemen bertan ere izan ginen, Villaggio Globalen. Gero Mexikora joan ginen, Espainiako Gobernuak antolatutako ekitaldien kontrako protesta-kontzertuetan jotzera, Latinoamerikako beste hainbat talderekin batera. Bira hura bukatu bezain pronto EEBBetara jo genuen, Washington DCra. Han pertsekutatu egin gintuen poliziak, CIAk hala aginduta. Hara heldu aurretik esana ziguten, gure militantzia politikoaz gain, Kuban jotze hutsagatik arazoak izango genituela. Fugazi eta Chumbawamba taldeekin batera jo genuen.
Kazetariek gutxitan txunditzen dute Fermin. Ustegabeko aurriritziei eta erantzun zaileko galderei tankera hartua die aspaldidanik. Apenas hausnartzen du esan beharrekoa. Automatikoa du hitz jarioa. Tono berdintsuan azalduko dizu orain arte zenbat disko atera dituzten edota «zuen nazionalismoa ez al da arriskutsua, begira Jugoslavia ohian nola jokatzen duten nazionalistek» komentarioari buruz duen iritzia.
Elkarrizketa bukatzerako Kaki, Iñigo, Pintza eta Anestesia inguruan zituen. David mexikarra ere hurreratu da kazetariak alde egin duenean. Agurtzera dator:
- Sentitzen dut, tamalez ezin izango dut zuen kontzertuan gelditu, Milanera joan beharra daukat. Ea Txiapaseko kontzertu hori burutzea lortzen dugun... Horretara jarriko naiz Mexikora heldu bezain pronto.
Jituk paketetxo bat luzatu dio Fermini.
- Tori gure pegatak, bideoa, kamiseta eta azken diskoa.
- Azkena?! ...benetan?
- Bai.
Bekainak okertu ditu Ferminek. Besteek ere ez dute mexikarraren kezka tonoa ulertu.
- Azkena?!
- Baditugu beste batzuk aurretik eginak, baina hemen ez... Ezin dizut besterik eskaini... Baina hau orain dela hilabete gutxi plazaratu genuen...
Txundituta begiratzen diote, ahozabal. Ez dute Daviden susto aurpegia ulertzen.
- Ez duzue segitu behar?!
- Bai! Zer ba?!
- A!... Azkena ez, baizik eta berriena esan nahi didazu...
- Bai, bai! Berriena, noski!
Gainerakoek barre algara batekin berretsi dute Ferminek esandakoa, baina pentsakor gelditu dira. Badoa David.
- Zorte on! Laster arte!
- Esamoldearen zentzu bikoitz hori ez zitzaidan sekula burutik pasatu ere egin. Espainiera ondo ikasi beharko dugu.
Herri Urratsen bertsio gautiarra dirudi festa honek. Bost pauso emateko hamar bat minutu behar dituzu. Familiak, gazte koadrilak, txakurrak, haurrak... denak tropelka. Salmenta postuen ilara batek janzten du patioaren ezkerrean dagoen pareta. Pitxiak, bertako produktuak, liburu eta diskoak, atzerrietatik ekarritako jakiak, kamisetak, gozokiak, edariak, ogitartekoak, talde alternatiboen fanzineak, Banda Bassotti eta Negu Gorriak-en kamixeta postua, Euskadi Komitearen mahaia... Tolosako feria baino anitzagoa da ri-rau montatu duten merkatu hau.
Postuetara hurbiltzen ari den gizon ilekizkur beltzarana besarkatzen ari dira Fermin, Kaki eta Iñigo. Lehenagotik ere patioan dabiltzan gehienekin hizketan jardun du. Aspaldiko laguna dirudi honek ere.
- Garbiñe, ezagutzen al duzu Mario?
- Erromako Euskadi Komiteko burua da.
Euskaraz agurtu nau:
- Kaixo, zer moduz?
- Ongi, eta zu?
- Ongi... Euskaraz hitz solte batzuk bakarrik ikasi ditut oraindik.
Herrera de la Mancha-ra egindako martxa batetik ezagutzen ditu taldekideak, Irundik irten ziren autobusetariko batean elkarren ondoko aulkietan joatea egokitu baitzitzaien. Geroztik, aukera izan duten guztietan bisita egin diote elkarri.
Mario orain dela hamalau urte heldu zen lehen aldiz Euskal Herrira, oporraldia Donostian pasatzera. «La Salve»ko istiluen ondorio piztu zitzaion Euskal Herria barrendik ezagutzeko irrika.
- Baina ordurako banuen zuen borrokari buruzko berririk. Italian Carrero Blancori buruz egin zuten filme bat zela medio jakin nuen ETA ere bazela.
1989an sortu zuten Erromako Euskadi Komitea. Besteak beste, manifestaldiak egin izan dituzte Erromako Espainiako Enbaxadaren aurrean. Josu Muguruza hil zutenean, esate baterako. Eta baita Europako Parlamentuak Eslovenia eta Kroazia aintzat hartu zituenean ere. Euskal Herriarekin berdin joka zezaten eskatzera joan ziren.
Davide Gridalo Forteko arduradunaren aurrikuspenak beteak ziren gaueko bederatzietarako. 6.000 lagunek pagatu dute sarrera. 7.000 lagun inguru gara guztira. Jendetza kopuruaz gain, tiketaren prezioak harritu nau ni. 5.000 lira besterik ez da behar ekitaldia ikusteko. Alegia... 500 pezeta edo 25 libera! Jaialdiak ekonomikoak izatea aspaldiko legea zutela banekien, baina ez nuen uste horren zifra arriskutsuak erabiltzen zituztenik. Banda Bassottikoen eremuan gaudenez, eta inportanteena azkenerako uztearen ohiturari jarraituz, Negu Gorriak taldeak ekingo dio aurrena.
Korrika datorkit Fermin:
- Zer moduz, Garbiñe? Ezin dizugu kasu handirik egin, ikusten duzu zenbat jende etortzen zaigun kasu egitera. Villaggio Globaleko bulegotik nator. Irrati baterako elkarrizketa egin didate telefonoz. Azalduko dizut gero... Moldatzen al zara?
- Bai, lasai. Mila esker kezkatzeagatik.
- Ez da ezer, neska!... Beno, kamerinora joan beharra dut. Gero arte!
Gogoz ari dira Negutarrak. Azken diskoko lanek -disko berrieneko lanek, hobeto esan- osatzen dute batik bat kontzertuko gaien zerrenda: «Hiri gerrilaren dantza», «Hitz egin», «Pistolaren mintzoa», «Ez dezagun sal», «Borreroak baditu milaka aurpegi», «Ume hilak», «Ipurbegia», «Bakartia Hondarribian», «Salam, agur», «Itxoiten», «Zipaioen matxinada», «Hipokrisiari stop!», «Aizu!»...
Hotz samarra izan da hasiera. Oholtzara igotzen den lehen taldea izateaz gain, Iñigoren anpliaren kablea eten egin da bigarren kantan, «Hitz egin» delakoan. Baina Ferminek ongi salbatzen ditu era honetako egoerak. Inprobisatzaile ona da: «Berlusconiren boikota izan da, baina kontrolpean daukagu!». Italiako guztiahaldunaren izena aipatze hutsak kardiako jarri ditu aurrealdeko gazte guztiak.
Patio erdian nago ni. Txosnaren eta Gridalo Fortekoen postuaren ondoan. Sekulako gerra dut mandeuli gogaikarri batekin.
Kontzertuari so ez dagoen jendeari begira nengoela kaka zapaldu dut. Barre egin dit Galderrek:
- Ez zaitez horrela jarri. Zorte ona ekartzen duela diote Negutarrek...
- Niri, ordea, ez zait batere seinale ona iruditzen.
Ferminek Chirac-en froga nuklearraren kontrako gaitzespena bota duenetik Euskal Herrian gaudela dirudi. Abesti batetik besterako tartean «Independentzia» eta «Euskal Herria askatu» bezalako esloganak entzuten dira.
Kakik elektrokutatzen ariko balira bezala ematen dio gitarrari. Ikusgarria da hatzen abiadura. Anestesia eta Iñigo elkarri begira daude, bion musika-tresnen sinkronia hizketaldi dutela. Gozatzen ari dira.
Bortitz egin dira Ferminen dantzak. Belaunikatu egin zaigu. Bi eskumuturrak gurutzatuta ditu aurpegiaren parean. Ukabilak estu, begiak itxita. Oinazearen keinua. Atzetik kolpatuko balute bezala mugitzen du bizkarra, esku gurutzatuak askatu gabe... Imajina beltzak datozkit burura, gure herrian ohikoa izan den krudelkeria... Oilo-ipurdia jartzen ari zait.
«Independentzia!» oihukatzen du jendeak, ukabilak altxata.
Bisera bat bota diote Iñigori. Kanta batetik besterako tartea egin dutenean, aguro makurtu eta jantzi egin du. Irribarrez begiratzen die oparia egin diotenei.
Bisen garaia heldu denean konturatu naiz benetan non gauden. «Hator, hator» kanta bukatu bezain agudo, txosnetan eta pitxien postuetan zegoen jendea eszenatokira hurbiltzen hasi da, baina ez bis gehiago eskatzeko.
Federicok bideoaren rec botoiari itsatsita jarraitzen du eszenatokian.
Oso onak dira Bassottitarrak. Ezagunak zitzaizkidan, baina orain arte zuzenean ikusi gabeak nituen. Musikak baino, jendea hunkitzeko duten arteak txunditzen nau. Ikurrina haizatuz egiten duten «Euskadi eta askatasuna» eta Kortaturen «Zu atrapatu arte» abestien bidez atxiki zaizkigu gaur. Azken hau Ferminekin kantatu dute, noski... Eta baita lehen ilaretako jende guztiarekin ere.
Atzealdekoek lortu dute azkenean «Carabina 30-30» kanta dezaten. Emanaldia hasi denetik eskaera hori besterik ez nuen entzuten. Diskoan Ferminek grabatu zuen kantuaren ahotsa, baina gaur ez da animatu. Ez omen da letrarekin gogoratzen. Hau ere buruz daki jendeak.
- Que viva Zapata, cabroneeees!
Hizlari batek hartu du mikrofonoa. Adi dago jendea. Trebea da jendaurrean.
Ikusleak partisanoen istoriotxo batekin hunkitu ondoren, Bassottitar bakoitza bere postuan jarri da berriz. Banengoen ba ni, nire artean, «Bella Ciao» kantatu gabe ez zirela joango. Hizlariak eman die tonoa. Inguruko haur guztiak, gurasoak eta kabitu zitezkeen lagun guztiak eszenatokira igotzen hasi dira bat-batean. Lehertuko dute oholtza! Besoa goratuta ari dira, ozen eta indartsu, baita bost urteko haurrak ere.
El Salvadorreko Plaza Civica etorri zait gogora, Monseñor Romeroren hileta sarraski bilakatu zeneko leku hura. Iaz, hauteskunde kanpainaren egunik seinalatuenean, FMLNren aldeko atxikimendua eskatzeko erabili zuten gune bera. Banda Bassotti eta Negu Gorriak ere han ziren. Gainerako talde, erakunde eta hizlariekin batera, bertara bildutako 70.000 lagunei beren elkartasuna musikaren bidez agertu nahian.
Italieraz eta euskaraz kantatuta zer arraio ulertuko ote zuten galde lezake baten batek. Cumbia gustoko duenari rap, hip-hop eta ska doinuek dantzarako gogoa piztu ote diezaioketen. Gezurra badirudi ere, hizkuntza eta erritmo bera eginda baino komunikazio hobea lortu zuten egun hartan. Erresistentziaren sinboloa den «Bella Ciao» eta «Carabina 30-30» abestien bertsioak elkarrekin joz apurtu zituzten distantzia guztiak. Kolore guztietako banderak haizatuz, txalo eta onespen oihuez bete zen plaza. El Salvadorreko abertzaleek burkidetzat dituzte geroztik. 8.000 kilometrotara dauden herkidetzat.
Egundoko zaparradak zapuztu du Banda Bassottik despedidan jarri duen giroa. Berehala hustu da Villaggio Globaleko patioa. Gu furgoiaren ondoan harrapatu gaitu ekaitzak. Eskerrak.
- Zer iruditu zaizu Mario? Ikaragarria iruditzen zaigu guri. Iaioa da istorioak kontatzen...
Furgoiaren atea jo digu baten batek. Zein ote den ezin diogu tankera hartu. Kanpotik zipriztinduta daude kristalak, lurrunduta barrendik.
- Ireki ezazue, dena delako hori ito baino lehen!
- Mario! Blai eginda zaude! Sar zaitez! Momentu egokian heldu zara, zuri buruz hizketan ari ginen. Kontatu al diozu Garbiñeri carabinieriekin izandako istilua?
- Ez dugu denborarik izan... Agurtzera nator, lagunok. Joan beharra daukat. Neskalaguna zain daukat aspaldidanik.
- Pena da... Konta iezaguzu istorio hori berriz, oso gainetik bada ere! ETAk Erroman jarri zituen leherketen ondorioz atxilotu egin zintuen poliziak. Komisaldegian zegoen carabinierietariko bat zure auzokidea zen... Segi!
Negutarren barre algarek ez didate ongi aditzen uzten.
- 92an gertatu zen. Goizean goiz carabinieriak etorri zitzaizkidan, etxea miatu behar zidatela esanez. Arma eta leherkari bila omen zebiltzan. Komitekoa nintzela eta nik ez dakit zer kontu aitzakiatzat hartuta, komisaldegira eraman ninduten, zeldetara zuzenean. Bertan hiru bat ordu neramala, funtzionarien txanda aldaketa egokitu zen. Jaitsi da zeldetara zaindari berria: «Kaixo!.. Zer dela eta, zaude hemen?». Nik apal-apal erantzun nion, inozo aurpegia jarriz: «Zure lankideek ekarri naute, baina egia esan, ez dakit zergatik». «Nola ez dakizula zergatik?! Zein auzotakoa zara?» berak. Torre Spacatta auzokoa naizela erantzun nion. «Ezagutzen dut! Lagun asko dut han». Bere lagunetariko bat nire bizilaguna zela konturatu ginen. Kontu kontari hasi ginen berehala, lagun amankomun haren istorioak gogoratuz. Bertan atxilotuta zegoen jendeak harrituta begiratzen zigun, gure barre algarekin txundituta. Halako batean, esaten dit: «Beno! Oso ongi pasatu dut zurekin. Tori zure karneta, joan zaitezke. Ea beste batean berriro topo egiten dugun!». «Ez dadila behinik behin hemen izan!» erantzun eta korrika alde egin nuen. Etxera heldu nintzenean, ama izututa zegoen. Carabinieriak deika eta deika aritu ziren. Ihes egin nuela esan zioten gajoari.
Ordu bata inguru da. Ateri dago, baina fresko. Bagoaz, baina ez lotara. Kooperatibaraino joan, han deskargatu eta etxerainoko bidea egin beharrean gaude oraindik. Ohean sartzerako ordu bi t'erdiak. Txirritaren orduak.
© Garbiñe Ubeda