Gu, oro-lehenak

 

        Ez dakit deusen patente jatorrik daukagun, baina kanpora behartutako herri bezala, euskaldunok aurkikuntza anitzen iturburuan gaude. Ez da zaila euskaldunon aztarnak atzematea munduko lau hegaletan. Premuak ez ziren baserritar haietarik nortasun handiko tipoak sortu ziren, eta haien ondorengoak guhaurenak bagenitu bezala aldarrikatu ohi ditugu maiz, menturaz euskal historia tristea haien balentriekin apaindu nahian. Bizkaitarra genuen Simon Bolivar (Che Guevara ere bai, baina hau ez da euskaldun guztiona, batzuona bakarrik), gipuzkoarra Goya margolaria... eta fotografia asmatu zuena nafarra omen.

        Iduri duenez, Louis Jacques Mandé Daguerre (Pierre de Lancrek torturarazi zuen Maria Daguerre haren ahaideren bat?) polifazetikoa zen, eskuanitza. Pintore, eszenografo, dantzaria, ikaroa eta baita, erran ohi denez, entrepresari bipila. Gure Daguerre honek bazuen jeinu berezia nehoren zientzia ikuskizunetarako baliatzen eta, zer duda egin, ez auzoaren katanarrurako. Herabekeriarik gabeko dandi honek lortu zuen Niepce burutsuak plaka argazkitzeko behar zituen zortzi orduak ordu erdira laburtzea. Fotografiaren benetako sortzailea hil baino hilabete batzuk lehenago azaldu zitzaion Daguerre, eta honek hartu zizkion eskumen guztiak. Ikuskizun eta salkizun berriaren jabe zelarik batera eta bertzera ibili zen dagerrotipoa erakusten. Erraten da, daturik eman gabe, Donostian egon zela. Litekeena da, Donostian dagerrotipo ugari daude. Baita Bilbon ere. Iruñean ez dira bakanagoak. Halarik ere susmo txarra sortuko zuen traste honek, berrikuntza zelarik, ordenazainetan. Theophile Gautier 1840an Gasteizen sartu zenean, ostatuan zeuden aduanariak ikaratu egin ziren maletan zekarren dagerrotipoa ikusitakoan, kontu handiz eta airean jauzi egiteko beldurrak hurbiltzen omen zitzaizkion.

        Tresna elektriko bat zela uste zuten noski diosku Gautierrek maltzur eta gu ondo begiratu ginen gizagajoak oker atsegin hartarik ateratzetik.

        Dagerrotipoak aitzinamendu handia izan ziren iduriaren munduan, euskal jatorriko saltzaile bizkor honen plakek zilegituko zuten berehala helduko ziren Txinako itzalen eta linterna magikoaren garapen azkarra, guti edo gehiago Erdi Aroaz geroztik ezagunak ziren tresnak, bertzalde. Hauek ditugu gure artean zabalduriko ikuskizun aitzin-zinematografiko aipatuenak. Jolaserako fisika hura, atxamarta single haiek, egungo proiektoreen arbasoak izan ziren. Haietaz daukagun lehen albistea Iruñean emana dator, 1806an hain zuzen, eta hoberako aldaketa eta berrikuntzekin, linterna magikoa urtero jin zen Sanferminetara huts egin gabe. Musika talde batek alaituta, Bilboko Plaza Eliptikoan koadro disolbenteak ikusten ahal ziren XIX. mendearen hondarrean. Bertako Kurding Club elkartea argi-ilunean oinarrituriko libertigarri modernoen babesleku eta sustatzailea izan zen. Bilbo, Baiona, Miarritze, Donostia, Iruñea eta geroago Gasteizek, berrikuntza ustiatzeko adina biztanleko hiriak zirenez, proiekzio tekniken eta iduri jokoen erakusketa bikainak ezagutu zituzten: diorama, kosmorama, panorama, ziklorama...

        Iruñean gaude 1888ko Sanferminetan, argi elektrikoa ekarri duen urtean, eta harritzeko moduko ikuskizuna eskaintzen da Valencia ibilbideko 34.ean: basoko piztiak bizian... begiz begi pantailan! Makila luze batez, argibideak ematen ditu antolatzaileak:

        Hona elefantea...

        Eta ikusleriak, aho batez:

        ...fantea!

        Antolatzaileak berriz:

        Hona krokodiloa...

        Eta ikusleriak, aho batez:

        ...diloa!

        Aspertu egiten ziren, nonbait, iruñearrak ikusgarri harekin. Horra non saioaren erdian polizia bat sartzen den. Orduan, antolatzaileari imitazione eginik, oihu bat ikusleetan:

        Hona polizia...

        Eta ikusleriak, aho batez:

        ...lizia!

        Kalapita ederra sortu omen zuen piztia berriak.

        Eliseo Expres aretoak museo zientifiko-artistiko-libertigarria erakusten zuen 1985eko Donostian, hainbat herritako ikusmirak zekartzaten hogoita bortz kutxa panoramikotan, eta Edison fonografoa bertako zortzikoak eta aragoiarren solasak eta rondallak entzuteko... Honela deskribatzen zituen ikusle batek:

        Zurezko kutxa batzuk ziren, goialdean kristalezko leihatila bana zeukatela. Errealitatea ikusten zenuela ematen zuen, argazki sail bat ageri zen, mugitu egiten zen jendea erakutsiz. Tramankulu hauek banaka baino ezin ziren erabili, eta beraz, txanda zain egon behar zenuen zure 25 zentimoak gastatzeko. Oroitzen naiz ikusi nuela eszena bat [...] sartzen dira jaun batzuk denda batean eta neska dendariari hurbiltzen zaio bat galankerian, orduan senarra heldu eta borroka luze eta gogor baten ondoan, ostikoka botzen du tipoa, eta gero dendan sartzen da berriz harro hanpatua puru bat ezpainetan. Gimnasia saioak ere ikusten genituen haga eta trapezioetan, eta baita orduan ospe handia zeukan Miss Fullev-en serpentinaren dantza ere.

        Populu xeheak ez zeukan sos pikorrik kabareteko artistak hurbiletik ikusi ahal izateko, eta pentsatzekoa da Miss Fullev-en dantzak, kutxatxo batean izanagatik, arrakasta polita izanen zuela zapeldunen artean. Agustin Anabitartek ondoko datua ematen digu 1931n Euskaltzaindiko Schuchardt saria irabazi zuen Donostia usadiozko nobelan:

        Igandero egiten zituzten gau-suak, Groseko ondartzan, Zurriolaldea oso ikusteko aukeran. Erritar batek eskatu zuan linterna magikako ikustaldiak egiteko musika bitartean.

        XIX. mendeko lauretan hogoiko hamarkadan arras garatuak zeuden mende osoan zehar ikertu ziren bi posibilitate: mugimenduaren itxura sortzea eta mugimenduak zatikatzea. Horiexek ziren zinemak behar zituen oinarriak. Edison-ek soinua fonografoan bildua zuen, eta Dickson-ekin baturik, bertze hainbertze lortu zuen iduriarekin. Zonbait saio eta porroten ondoren, kinetografoa apailatu zuten 1891n, zinemaren lehen kamera, egundaino sortu diren guztien oinarria. Edison honek merezi zuen euskal jatorrikoa izatea, Daguerre bezain bizkorra bazen gutieneko. Hori leporatu izan zaio, patenteak lortzen zituela baina zientzia bertzerena zuela. Frantsesek erranen dizute beraiek direla zinemaren egiazko sortzaileak, eta ikusi behar zenuke nola potrotzen diren georgiarrak, beraiek asmatu omen zuten kinoa. Ez da harritzekoa... lehengusuak omen ditugu Kaukasoko biztanle hauek!

        Egia honakoa da ordean: zinema bazetorren, industriak eremuak behar zituen, eta estudioak egiteko sartaldeko itsasertzean zonbait bussines eder egina zen euskaldun inmigratu eta gangster bati erosi behar izan zizkiotela lurraldeak, eta hala hasi zen Hollywood ospetsua eraikitzen...

 

 

© Koldo Izagirre

 


susa-literatura.com