Hitzaren putza

 

        Bateratsu egin dute mendea gure nazionalismoak eta zinemak, garaikideak dira nolabait. Horretan dute antza, ez bertze ezertan, ideologia sabindarrak behar zuen garbitasunaren kontrakoa baitzen zinema. Baina kondenatzeko badere, zinema aipatu beharreko gauza zen. Bataiatu beharrekoa. Zerua donokia baldin bazen, eliza txadona, lapitza arkatza, errepublika erkala, papera ingia, telefonoa urrutizkina... zinea edo zinemak ere behar zuen bere izen jatorra!

        Ebaristo Bustintzak, Kirikiño letretako izenez, atal garrantzitsua zeukan Euzkadi egunkarian, Egunekua. Bertan euskarazko editoriala egin eta albisteak jasotzen zituen. Euskararen erabilera egokia bere gain zegoen egunkarian. Sabindarrek, beraz, arazo larria zeukaten mende hasmenta hartan zibilizazioak zekartzan traste elektriko, hegaldari, firrilkari, bero-emaile eta libertigarri guztiei izen egokiak asmatzeko: gure hizkuntzalaritzak ez zeukan horrenbertze berrikuntza euskaratzeko adina zientziarik. Halakoetan, zientzia aldarrikatzen zutenek, mintzaira zen bezalakoa ez baina garbitasunaren arabera izan behar lukeen bezalakoa maite zutenek, zer erremedio, zientziarik gabeko herri xehearen sortzeko ahalmenari egiten zioten aldarri. Kirikiñok lehiaketa bat proposatzen du zinemari izen euskalduna asmatzeko.

        Itz barrijak. Lengo egunian esan neban larri nenbillala zinematografo arazua azalduteko.

        Erantzunak berehala datoz. Ez ditu guztiak argitaratzen, txukunenak baino.

        Cinematografo ixan lei idazpil: idatzi bil (ibili): dabillan idazkija: bil: redondo; bel: redondo, propenso, andante, movido.

        Película cinematográfica, idazpil-ingi.

        Proyección, irudin: Irudi (imagen).

        Ez pentsa hau bizkaitarren zoroaldia izan zenik. Gipuzkoan, handik hogoi urtera ere, euskaraz irudibilmintza erabiliko du El Día egunkariak zinema adierazteko. Imaiak edo iduriak biltzen dituen mintza (azala, pelikula), edo iduriak dabiltzan mintza, bietara har bailiteke. Jose Ramon Zubillagak, 1964an Argentinan idatziriko oroiliburu batean, biztelestia erabiltzen du. Eta egun euskaltzain oso dugun Xabier Kintana gaztetxo batek zalantzak zeuzkan 1966an behar bezala idazteko...

        Honetariko bide bikain bat Kinema dugu (Nola esan hau Euskeraz? Irudigintza, erakuskatze?).

        Zinema heldu zen eta ez apezak soilik, baina abertzaleak ere afruntatu egin ziren. Batzuk gainera apezak eta abertzaleak ziren aldi berean. Ez gara hasiko hemen abertzaleek apez bana daramatela beren baitan eta antzekoak erraten. Baina hala iduri luke, Elizaren morala bezain zuria ageri baita orduko abertzaleen bruxa-urradura: erdalduntzen omen zelakotz nahi zuten herria zinema aretoetarik urrun. Haatik, zinema kondenatzen zuten komunikabide aberkoi erdaltzaleek zinemak berak baino erdalduntzenago zuten herria, artean mutua baitzen zinema!

        Euskaldunok, bizkitartean, ez genituen begiak sakelan gordetzeko.

        Herriaren jokamolde zikina ikusirik, euskaratu egin nahi izan zen zinema, izenez bederen. Baina zinema idazpila, irudibilmintza, biztelestia zela edo izan behar zuela erabaki zenerako, euskaldunok ehundaka filme geunden irentsiak. Abertzaleek nahi baino erdaldunduagoa zegoen herria. Ez abertzale haien erdararen eraginez, erran gabe doa. Abertzalea, abertzale denez, euskalduna baino euskaldunagoa izan liteke... euskaraz egin gabe!

 

 

© Koldo Izagirre

 


susa-literatura.com