-260-

Etxaide'tar Jon'i

1968-XII-14

Adiskide min:

Eskerrik asko zure eskutitza eta zure Eguberri-kartatxoa gatik, bateratsu eldu zaizkidanak. [...]

Zure liburua ongi sal dadin opa dizut; bainan ez dut iñola ere dirurik nai ene laguntza eskaxa gatik; naiko saria izango zait nere izena zurearekin batean agertzea. Gañera zuk, zure familiarekin, nik baño diru bearrago duzu; nik, zorionez ala zoritxarrez... ez dut kargurik, nere buruarena baizik. Atsolutoki nai ba zendu zerbait eman, aski duzu nere izenean ematea zerbait pairatu edo nozitu duen Euskaltzale beartsu bati, merezi duela ba deritzaizu. Bainan nik uste, obe duzu zerorrek gordetzea, zure euskaltzale-lanetan lagunduko dizu eta.

Beraz, aste baten buruan Zuberoara ba noa. Alegiñak oro egingo ditut Donostiaraño eltzeko, egun bat edo birentzat ez ba da ere.

Gaur goizean Aingeru Irigaray'ren Eguberri eta Urteberri-karta bat iritxi zait -aspaldiko partez, ez baitzidan urtebetez idatzi... 5 itz baizik, ongi kalkulatuak, ez zekarzkian aren kartak; bañan, obeago dana, neska pollit, bular eder baten argazkia zekarren. Nik Goya'ren Akelarrea igorri diot...

Millesker berriz ere zure idazkiak gatik eta goraintzi amultsuenak danori.

''' Jon Mirande.

-261-

Etxaide'tar Jon'i

1969-IV-4

Adiskide min:

Zure eskutitza joan den ostiralean izan nuen eta bereala erantzuten dizut, ez baitakit noizko bear dituzun eskatzen dizkidazun xehetasunak. Bainan ez nuen ongi ulertu zer nahi zenuen, eta orrengatik onekin batean dijoakizun izen-zerrendan ipiñi ditut bakarrik neronek edo nere familiak ezagutzen ditugun etxeen izenak (izenok berritan ipiñi ditut, lendabizi tinda beltzean, bainan korrika eginik gaizki idatzita datoz, eta gero tinda gorrian, obexeago idatzirik). Ori dela kausa, ezagutzen ditudan errietako izenak baizik ez ditut eman, au da, Sorhüta, Barkoxe, Arrokiaga... Bainan jakina, zuk daukazun mapak onela emaiten dituenean, adibidez, Aramitzeko etxe batzuen izenak, frantzesez «Oyhenard», «Aycaguer», «Espelet»... ziur asko etxe orien euskerazko izenak auiek dira: Oihenartia, Aizagerria, Ezpeleta... Etxe oriek ez ditut ezagutzen ordea, eta euskerazko izenak ez ditut beraz ipiñi nahi izan.

Dana dala, xehetasun geiagoren beharrean ba zaude, berriz idatz iezadazu, eta bereala ihardetsiko dizut.

Andere Kirsti'ri erantzun diot, euskeraz. Ark ere xehetasun zenbait galdegiten zizkidan Euskalerriari eta euskal-fonetikari buruz, eta ahal nezakean bezain ondo argimendu eman diot. Suomieraren istudioan ez naiz oraindik aunitz aurreratu, nahiz egunero piska bat ikasten dudan, alemanezko ikas-liburu batekin.

Urtain aundia ez dut ikusi: susma dezakezun bezala, ez naiz kirol-ikusgarri orietan asko ibiltzen...

Ez dizut gaur luzearoago idazten. Zure berri onen zai gelditzen naizela, besarka estu bat igortzen dizut, eta eskumiñak etxeko irur andereei.

''' Jon Mirande.

-262-

Etxaide'tar Jon'i

1969-II-28

Adiskide min:

Zure bi kartak egun auietan jaso ditut eta denborarik galdu gabe zure galdeerai erantzun nahi diet:

[...]

Beste zerbaiten jakin beharrean ba zaude, bildurrik gabe idatz iezadazu, eta bereala iñardetsiko dizut.

Itxaropen dut guztiak ongi zaudetela. Ni beti bezalatsu...

Goraintzi millaka lauei.

''' J. Mirande.

P.S. Donostiako argitaldari batek (Equipo editorial S.A., Sancho el Sabio 18-5º) idatzi dit, lankide nakion eskatuz. Entzutea zuten antikonformista naizela, eta uste dute progresista naizela!... Idatziko diet, esateko ez naizela aurrerazalea, bainan bai atzerazalea, geroago eta gehiago.

 

-264-

Etxaide'tar Jon'i

1970-II-15

Adiskide maitea,

Eskerrik asko zure eskutitza eta Zeruko Argia-ko artikulua gatik. Zure galderari buruz:

[...]

Zure liburua ongi sal dadin eta ez dezazula diru gehiegi gal opa dizut. Beste zerbait xehetasunen beharrean ba zera, bildurrik gabe eni galdatu.

Ba da jadanik astebete Parisera itzulirik naizela. Batere pozik gabe arkitu ditut berriz ene etxea eta bulegoa...

Berriz ere esker mila Donostian egin didazuten batzarre ona gatik. Goraintzirik hoberenak etxeko guztiai eta zuri, besarka hestu bat.

Zure

''' Jon Mirande.

-270-

Etxaide'tar Jon'i

1971-VIII-28

Adiskide maitea,

Parkatu ez ba diot zure gutunari lenago erantzun, bainan lanpeturik ibilli naiz azken aste hauietan ene ofizinan, eta piska bat nekatua arkitzen naiz. Hona «Etxahunen bizitzaren khantoria»z egiten dizkidazun galdeerei doazkien iñardespenak, nere jakitatearen araura emanik behintzat:

[...]

Itxaropen dut nere azalpenek hein batean lagunduko dizutela. Zoritxarrez, aspaldi huntan bakartasunean bizi bainaiz, piskaka piskaka hizkuntza ahanzten ari naiz... filologiazko zailtasun zerbait gertatzen denean bereren.

Zure adiskide

Jean Mirande.

-272-

Etxaide'tar Jon'i

1972-II-6

Adiskide maitea,

Zure gutuna hartu nuen eta barkatu ez ba dizut lenago erantzun, bainan Parisera itzuli-eta betaurrekoak hautsi ditut. Oso nekez irakurtzen eta idazten nuen egun hauetan, eta berriak egin erazi behar izan ditut, gogo lanetan harzara hasi baino lehen.

Huna zure bi galdeei erantzuna:

I) «ene aitatzaz baizi emaiten beitzütün». Arraro samarra irudi zait Etxahunen esaera hori. Hala ere uste dut Haritschelharrek ongi itzuli duela: n'eût été mon père, hots, «ene aita izan ez ba litz, emaiten baitzituen». Iñolaz ere «ene aitaren bitartez bakarrik emaiten baitzituen» ezin izan diteke, ez eta «bainan ene aitaren bitartez emaiten baitzituen» ere -zentzua oso alderantzikoa litzake. Hirur puntu seiñalatu nahi dut hemen: 1) nere euskalkion, dakidanez, baizik erabilten dugu beti. 2) baizik hori, beti ezezko esaera batean erabilten dugu (bainan baizik-eta baiezko esaeretan erabilten dugu, zentzu diferent batekin, alegia, omen...). 3) -tzaz sufixoa komunzki erabilten dugu singularrean. Nioen, hatsarrean, Etx.-en bertso hori arraro zitzaidala, bainan ezezko esaera batean «ene aitatzaz baizik emaiten ezpeitzütün» askoz korrienteago litzake eta neke gutirekin edozein Zuberotarrek hunela ulert lezake «n'eût été mon père, il ne me les donnait pas». Baiezkoan erabili beitu Etx.-ek deduzitzen dut «n'eût été mon père, il me les donnait» esan nahi duela.

II) «igorteak egiten eneti jatia». hemen, zu bezala galdurik nago... Ba dirudi, Haritsch.-ek itzuli duen bezala «celui que j'avais renvoyé faisait sa nourriture du mien (= de mon bien)», eta, beraz, igortiak = igorriak. Bainan, zuk bezala, ez dut ez ezagutzen horrelako formarik (enetzat igortiak = igorteak, besterik ez) nahiz ba duen, aditz batzuetan horrelako forma bikunak ( ex. ezakapia / ezkapatua, ).

Beraz, irar-huts bat hemen ba dagola ni ere pentsatzera ekarria naiz. Kontuan eduki behar, ordea, Etxahun'en euskera oso beregisakoa dela, guretzat ere (askotan Etxahun'en bertso zenbait ene osabari irakurri dizkiot eta, nahiz euskeraz frantsesa baino askoz hobeki dakien, bai zuberotar herrikoia nik baino askoz hobeki ere), ez zituen ulertzen. Hortan datza, hain zuzen, Etxahun'en garrantziaren parte bat: haren euskeraren aberastasunean. Barkatu, beraz, puntu hortzaz den bezain batean ezin ba dizut argitasun gehiago eman.

Hegatsez hartu berri dut (ez dakit nork igorririk, editorialak ala S. Martinek berak), beraz ez dakit eskerrak nori itzul, Euskal-protestantismoa baizik ez eni igor, beraz. Baina nola ordainduko dizut?? Hain esku zabal izan zera jadanik eneki, zure irabazien herena eni emanaz -hori ez nuen batere igurikitzen, eta ez dut uste hartze nuenik ere. Baina bego, bestela sainduko zera!

Laster arte, agian, eta goraintzirik amultsuenak zerorri, baita etxeko hiru emazteeri.

Zure adiskide

Jon Mirande.

-273-

Etxaide'tar Jon'i

1972-IV-16

Adiskide maitea,

Bai zuk igorritako bi liburuak jaso nituen eta eskerrik asko biotzetik. Baina azken denbora huntan gaixorik egon naiz, ezin lorik egin, ezin lanik egin eta hilabetez klinika batean egon behar izan dut (Han lo-kura delakoa egin didate, e.a.) eta atera berria naiz, bañan oraindik ba dut aste bete etxen egoiteko, lanera berriz artu gabe. Ondikotz, oraindik ere akitua senditzen dut nere burua. Irudi zait klinikatik idatzi nizula (?) baña gauza asko ahaztu zaizkit.

Dirutza handia galdu dut klinika hortan sécurité sociale delakoarekin ez baita konventzionatua. Eta bestalde, nere familiatik kampo, Frantzian eta Parisen ezagutzen ditudan Euskaldun askotarik, nehor ez da nitzaz arduratu. Horrek mintzenago dit ene egoera. Ots, Euskaldunen artean, zu eta gaixo Andima (bizi zelarik) baizik ez da egiaz sekula nitzaz arduratu. Nere k...an utzi naute, eta hemendik aurrera nik ere hola eginen dut heiekin.

Huna zure galdereei erantzunak:

1) «etxe» norberaren etxea denen, hots frantzesez le chez-soi, ingelesez home, izen propi bat bezala erabiltzen dugu. Horrengatik, diferentzia hau egiten dugu: etxera noa = voy a casa, bainan etxeala (etxila) ba noa = voy a la casa de alguien. Etxen nuzu = estoy en casa, baña etxean (etxin) nuzu = estoy en la casa. Esateko: harginek egiten ari diren etxean nuzu.

2) Zuberoan erabilen den forma diozü da, zuka; ziozu Baxe Nabarreko zukako forma da, bañan Etxahunek zenbait aldiz B.N.ko formak erabilten zitun, apañago zitzaizkiolako edo.

3) Zuberoa guzian -r- galdu da, lehenik Petiarrean gero Basaburuan (orain dirala 80 bat urte erabiltzen omen ziran han). Bañan, Zuberoatar zenbaitek, euskaraz idatzi dutelako edo, ba dakike euskara klasikoa-n usatzen direla, eta idaztean, edo koblakan erabilten dituzte oraindik. Batzuetan, behar ez zirenean ere hala nola zerozer, zeozer'en ordez; edo Prima eijerra deitzen den kantu herrikoian «desertiala juran nahi ba zira (Zuber. jun, beste euskaldunen joan-en pare.

Berriz ere zerbait jakin nahi ba duzu otoi egizu beldurrik gabe.

Egungo, ere eskutitza hemen amaitzen dut, hanitz nekatua bainago oraindik, eta idazteak edo irakurtzeak neke ematen dit.

Goraintzi familia guziari, eta zuri besarka estu bat.

Zure adiskide

Jon.

© Jon Mirande


susa-literatura.com