-56-

Ibiñagabeitia'tar Andima'ri

1952-X-14

Adiskide maitea!

Zuk igorri idazkiak larunbat goizean izan nituen. Barandiaranen Euskaldun mythologia irakurri dut: lan interessant eta jakintsua, noski. Zoritxarrez, gure egiazko mythologiaren ondakinak motz eta urri direla ageri da. Urriegi, beintzat, gure paganotarzunaren eraberritzeko: nai ala ez, atzerritik artu bearko dugu.

Igandean, Krutwig ikusi dut; Bretoin abertzaleak ezagutu nahi zituen eta haien ikustera joan gara.

Datorren igandean, ene etxera etorriko al zara?Krutwig'i ere dei egin diot, bai eta Peillen anaiei ere: oro jinen zeratelakotan nago. Peillen Robert ikusi nuen, joan den astelenean. Txomin Paris inguruko eskola batean sartu edo sartzekotan zela esan dit, ingenieur agronoma egiteko.

Ene poema-bildumaren argitaraztea dela-ta, pozik nengoke ni iritxiko ba zenu, jakina, bainan 150.000 f. diruketa gotorra irudi zait. Ez ote lizateke zûrrago, diru ori aldizkari batentzako emaitea?

Lan bat asi dut: «Poetak eta neurthizlariak» izenaz, lauzpabost orrialdekoa. Igandeko amaituko dut agian.

Villasanteren lantxoa ere irakurri dut: egiak esaten dituela ezin uka. Bainan ez dakusat nola bateratuko diren euskaltzaleen asmo ezberdinak oro... Izigarri da, olako anarkhistak bait-gara.

Igande arte, beraz, agur eta iru laurden.

Zure oinak muxukatzen ditut.

''' Jon Mirande.

 

-60-

Ibiñagabeitia'tar Andima'ri

1952-XII-18

Adiskide maitia!

Esan nizun bezala neurtitz batzu ondu ditut euskal-motzaileen izkuntzan: or dioakizu ene maite-kanta jitoa; Lhande baitako jito-itzen lista bat egin dut, bestalde: orren bidez, ene poematxoa aisa ulertuko duzu. Itz batzu ments nituelako, beste errietako rom-en izkeratik artu ditut: mindro= eder; lolo= gorri; mui = aho; londo = gazi; ankhai-en ordez, jakha ibeni dut, zuurrago baitzait forma au. Gainera, Lhande-ren itzak oro ez dira gogoatu-gabe artzekoak eta zeuk erabili nai ba zenitu, obe zenuke eni galdatzea lenik; e.g. Lhande-k «latzidama» gau-rentzat, bainan nik ikasi dudan romanesean, «rachi» da eta euskal-romanesean lak(h)i izanen zan noskiago.

Poema eta lista auk, makhinaz joko al dizkidazu, otoi? Listaren aldaki bat zuretzat gorde zazu, jakina; beste bat Zaitegi-rentzat (nire poemak argitaraziko ba ditu) eta beste bat, Krutwig-entzat. Bainan ez nuke nai besteen artean zabal dadin, gaitzeko lana izan baitut aren moldatzea: jabe du.

«Wohlauf, Kameraden» Schiller-en bertsoa ez dut oraindik euskararatu, musikaz ez bainaiz oroit. Saiatuko naiz alaz ere.

Zuk aipatu latinezko obra ere, itzuliko dut gogoz... luzeegi ez ba da, eta igorten ba didazu.

Gainera, bien artean, Synge-ren theatro-lan bat euskaraz jar genezake (a.n. The Saints'Well (Sainduen Putzua) , antiklerikal samarra ba da ere) Astean egun (arrats) batean elkarrekin bil gindezke, eta laster buka genezake, laburra da-ta -bainan ederra.

Asi al-zera Euskal literaturaren historia idazten, eta Leizaola ta Etxaide-ri eskaltu al diezu aipatu lanen egitea?

Laster elkar ikusiko dugulakotan ene agurrik neopaganuenak, eta minenak igorten dizkizut. Euskal P.E.N.aren bilkurarako deiaren aiduru nago ere.

Sieg Heil.

Jon Mirande.

 

-64-

Ibiñagabeitia'tar Andima'ri

1953-II-11

Adiskide maitea!

Zure eskutitza barda hartu dut eta atseginekin ikhusten dut L.K.aren etsai ez zarela. Nire uste osoa erakhusteko, Zaitegi, Lizardi eta beste G. osotu-zaleen lanegina batere ez dudala gutiesten esan behar derautzut: nire aburuz, L.K. zale izaitea, ez du erran nahi, Krutwig edo V. Kortabitarte edo-ta Axular beraren euskaraz idatzi behar dugunik: zure alderdiko euskaltzaleek on andi egin dute euskal hitz zahar jathor asko berphiztu baitituzte, bai eta syntaxisean ere, beren berritarzun zenbaitekin. Baiñan, gure lehen idazleen gandik osoki bereizi izan ez dadin gure idazkuntza berria, heien euskara gurearen cadre bezala hartu behar dela uste dut: eta hori, zuk, Zaitegik eta beste idazle onek nekherik gabe egin zenezakete, aski baita hortarako h-dun hitza listaren ikastea, eta L.K. aditz formena ere: hori bi egunetan egin dezakezu. Neologismuen hauzian, aldiz, Villasante-ren alarma ene egiten dut osoki: bai euskal hitz-berriak, bai hitz jakintsun internazionalak ere erabil ditzakegu, norberaren nahitara, Englesen artean bezala: Macaulayk, erraiterako, bere hiztegia ia latinezkoa du oro; Carlylek, aldiz, ia oro germanarazko eta biak, englandatar idazle iaioak dira. Hizkuntza baten irazaiteko behar dira bai Zaitegi bezalako gogo ausartak, bai Villasante bezalako jakintzari thinkoak eta elkharrekin lan egiteko ordu dugu... Zuk, edo Zaitegik edo Ametzagak eta nahi ukhan-ezkero, L. K-az idatz zenezakete Krutwig-ak orok bezin ongi eta gañera zuen idaz-tankera bereizitik deus ere galdu gabe. Nire ustez, beraz, orok L.K. hori onhartu behar genuke eta, eztabaidan irauteko ordez, are lan gehiago egin, oro elkharrekin, osoki bat eta egoki egiteko.

Nire «Ilhargi zârra» poetikoago dela bai arrazoin osoa duzu eta hola jar ezazu othoi. Zure beste kritikak ere gogo onez entzunen ditut, eta behar bada oraino aldatuko ditut poema batzu. Barkha lan gehiago emaiten ba derautzut beraz, bainan hobe da pixka bat iguriki eta poema bilduma ahalik perfetkien ager dadin. Bertze bi poemak igorten derauzkitzut. Gainera: «Harrizko Jainko bati» eta «Kama-goli» ren orrazten ari naiz: horrela 21 diratezke. «H.J. bati» sonetto baten antzean emanen dut.

Politika hauzia, nire ustez, importantea dugu ereti hunetan eta alhor hortan, batez ere, zurekin lan egin nahi nuke. Horri buruz, zurekin hitz egin behar dut luzarokiro; asmo ezberdinak ditut gai hortaz eta erabaki batzu hartu behar ditugu. Beraz, saia zaite igandean ethortera...

Peillen-i khumita igorri neraukon bainan ez du erantzun. Zu igandean ba zathorz, nahi ba duzu jakin eraz ezaoizu; bainan uste dut maiz okhupatua dela askazi edo ahaideekin.

«Eusk. handiago baten alde» ez dut hamaitu ahal izan, marrhanta izan bainaiz hein onean; gainera, urrhendu baino, eia non argitara daiteken jakin nahi nuke. Bertze lan bat hasi dut Elizaren aurkha!!!

Erosi nahi al-duzu (nik ordainduz, jakina) enetzat Campion-en El genio de Navarra ordezkaritzan, han egoten ba zara egun hauietan? Milesker.

Laster arte.

Jainkosen iztarpean bizi zaite!

''' Jon Mirande.

-65-

Ibiñagabeitia'tar Andima'ri

1953-III-24

Adiskide mina!

Idazten derautzut, joan den larunbateko gomitaren sendotzekotz. Ethor zaite, arren, dathorren igandean nire etxera, ohiko tenorean. Peilleni ere idatziko deraukot, ethor dadintzat.

Aske ez ba zinde, lehen-bai-lehen jakin iezadazu othoi. Bertzela, ez duzu idatzi beharrik.

Krutwigen guthun bat hartu dut atzo bai eta, egun, Gerasague Anderearena ere. Zathorzenean erakutsiko derauzkitzut.

Nire haginetako mina hobetzera doa. Zu ere hobeki zagozelakotan nago. Nire gogoa, aldiz, bethi egoera berean dut. Nire goibeltarzun haur iraganen zait, agian, aldiarekin; bainan Euskaldunei buruz alhatu nituen itxaropen zoroak bethiko itzalirik ditudala beldur naiz... Hain maite nituen Euskaldunak, higuintzen hasten ditudala irudi zait!

Higuin hortan ez zaitut zu jarten, jakina, adiskide on hori; eta zu bezalako bertze hamar bat Euskaldun jathor aurkhitu ukhan ba nitu, euskal ekhintza ez nuke neholaz ere utziko. Bainan, bi-biok, gutiegi gara zerbaiten egiteko; erran nahi dut, valio duen zerbaiten. Eta gainera, nihilismoak jorik zagoz zu ere, ni bezainbat... Damu handia dut, Euskaldunen eliztiarkeriaren aurkha jazarri bai naiz: nire izen ona galdu-eta ez jarraitzaile bat ere bildu ez baitut horrela egiñik: hain koldar baitira Euskaldun zintzoak, hainbat gaiztoago enetzat! Hobeki pentsatu behar nuen, aitzinetik.

Hots, ikhusten duzun bezala, osoki etsitua nago. Halaz ere, atsegin handi batekin ikhusiko zaitut igandean; nire poemen orrazketa dagoeneko eginik dukedala uste dut.

Nire agur minenak har itzazu.

''' Jon Mirande.

 

-79-

Ibiñagabeitia'tar Andima'ri

Parisen, ez dakit zer egun ,1953(?)

Adiskide maitea!

Zure eskuthitz laburra hartu dut; zoritxarrez, ez dut olerki berririk ondu ahal ukhan, nahiz eginahalak oro egin ditudan. Musak arroztu zaizkidala beldur naiz... (Buhame maite-kanta zuzendurik igorten derautzut halaz ere); «Harrizko Jainko Bati» ere ez dut nahi nuen bezala eraberritu ahal ukhan. Zure antzera ni ere elkhor-aldi batean sartzera naiz, nabaski. Zer nahi duzu?! Poemak ez daitezke bortxaz sortharaz...

Milesker nire prosa-lana idazkinez jo baiterautazu. Huts batzu ba dira, bai, bainan ez du garrantzi handirik. Argitaratzekoa baita lan hori . Erdaratu duzulako berriak bozten nau, valio zerbait aurkhitu deraukozula erakhusten baitu. Nori erakhutsi gai duzu itzulpena?

Dathorren neskenegunean, Peillendar Roberti ene etxeratzeko dei egiten deraukot (Txomin Fontainebleau-en dagoela uste dut). Bai eta aiphatu nerauzun Donaphaleutar Basque-Eclair-eko neska hari (Mlle Gueraçague du izena). Zu ere ethor ba zinde, ongi lizateke beraz, Andere hori ezagut dezazuntzat. Gure asmoetarik asko onhartzen ditu, bai euskarari buruz, bai politikan ere (nahiz demokhristarren «mâyâ»-n dagoen orainarte).

Nire egingai politikoak direla-ta, zure azken erabakia orduko harturik dukezulakotan nago ere. Banaiz erabaki-hartze hortan, ez zaitut batere bortxatu nahi. Adiskide gara, bainan adiskidantzak ez du adimena lausotu behar: ba laiteke nire egingaiok ezin eginak direla. Bertzalde, Guatemala-ratzea haukeratzen duzu, eta hulertzen zaitut. Bainan zer nahi izan dadin zure erabakia, ez dut gaizki hartuko; lehen bai lehen jakitea nahi nuke soilki.

Nihaur ezbaian nago, gero-ta gehiago. Euskaldunak nolako diren ikhusi-eta, ez dakit valio duenetz heiekin zerbaiten hastea. Entheleguak ezetz, nahimenak ordea baietz erraiten deraut... bainan gizon bakhar baten nahimena zertara hel daiteke?

Larunbatean baldin ethorten ba zara, ene poemak ekhar ietzaidazu, bertze zuzenkizun batzuei ohartu bai-natzaie. Gainera, zure kritikak entzun nahi nituzke Gauzetako minez dela-ta, zuzen zinagozen; parregarri emaiten du; eta haren lekhuan irazaiki-minez jar ezazu, othoi (irazaiki: res creata). Ithurriage-k «Zakhur hil bati» eta «Orzi-ren ttunttuna»ren testuak nahi zituen eta, aizina ba duzu, makhinaz jo dietzadazun gura nuke.

Barkha ene agorraldi haur! Ahaleginduko naiz lehen bai lehen bertze olerki eli baten errutera, ethorria itzultzen ba zait bederik.

Al Liamm-entzako lanaz zer berri? Egun hauietan zuzendu behar nerauzkon P. Denez-i bainan zurea eta Krutwigena baizik ez ba ditut, ez dakit zer erabakiko duten eusko zenbaki horri buruz...

Laster arte, beraz! Orzi biz zurekin.

Jon Mirande.

 

-80-

Ibiñagabeitia'tar Andima'ri

Parisen, ez dakit zein egun. 1953(?)

Adiskide maitea!

Milesker Dihartzen poemen gatik. Nire aldetik, ene poema zuzendu batzu igorten derauzkitzut. Bihar bertze hirur orraztuko ditut (Ohiko Jainkoari, Akhelarre eta Maitarzun) eta etzi igorriko edo. Errazu othoi zenbat ditukezun orotara (27 izaitera heltzeko, zenbat idatzi behar ditudan jakin dezadan: bi hasi ditut (Orhoituz II, eta Asto-zintzarri, bainan inspirazione guti dut). Oro L.K. emaiten ditut, pentsamendukatu ondoan, bildumak hizkera-batarzun erakhuts lezan ongi lizatekela iruditu baitzait.

Laster elkhar ikhusiko dugu, agian. Orduan zuk egindako aldakiak miatuko ditut beste zuzenkizunik ba denetz. Zuzent eta bil-lan hori laster hamaiturik ditudala uste dut. Hitz aurrerik behar ba du liburuak, nire ustez aphez batek egitea ongi lizate (Aita Mitxelenak?) (bertzela eginen dut nihaurk, edo-ta hitzaurre gisa E.G.rako hasi nuen studiua emanen «Poetak eta neurthizlariak»?)

Txominen guthun bat hartu dut. «Jito-hitzen» lista nahi luke. Bertze aldakirik ba duzu, ene izenean igor iezaiozu othoi.

Laster arte.

Jon Mirande.

Barkha idazkara txar haur!

 

-246-

Ibiñagabeitia'tar Andima'ri

1967-I-20

Adiskide maitea,

Bi itz bakarrik aldi onetan, egun batzuk dirala eskutitz luzeska bat igorri nizun eta. Niozun bertan aipatu zenidan euskal-aldizkari berria ez nuela oraindik jaso: orain esan nai dizut batere luzatu gabe zuk igorritako irur aldakiak atzo iritxi zaizkidala. Eskerrik asko biotzetik.

Euskerazko zatia irakurria dut dagoneko. Aita Larramendiri opa diozu artikulua, txit laburra izan arren, oso ona irudi zait. Nire olerkiari dagozkion marrazkiak ere atsegin izan zaizkit. Egilleari zorionak emaiotzu. Nor da F.G. de M. izenpetzen ta euskeraz eta erderaz idazten duen euskal kristau israelzale (!) ura?

Ikusten dut zure artikulua bizkaieraz egin duzula. Zergatik? Ez da akats bat, jakiña; aitzitik: ederra deritzait Bizkaiko izkelki sendoa. Bainan orain artean beti gipuzkera osotuan idazten zenduen, eta orrengatik galdatzen dizut.

Erderazko zatiari ez diot orain artean gain-so bat baizik eman al izan.

Berriz ere, esker milla eta agur biotzetik.

Zure

Jon Mirande.

P.S. Oraintxe eldu zait, Bizkaitik etorria, Bergiliri idazlan oso-en itzulpena, zuk eta Aita Onaindiak bururatua. Liburu oso bikaña, baldin ba da. Pentsatzen dut arrakesta izango duela. Eskerrik aunitz orrengatik ere. Aita Onaindiari ere orain bertan idazten diot, eskerrak emateko.

-247-

Ibiñagabeitia'tar Andima'ri

1967-II-15

Adiskide maitea:

Eskerrik asko zure azkenengo eskutitza gatik, eta batez ere Eman-eko lankideei buruz ematen dizkidazun xeetasunentzat.

Nere azkenengo gutun batean miseri asko kontatzen nizun... zoritxarrez geroztik zerbait seriosago gertatu zait: orain dirala amar bat egun, nere aita betbetan eritu da: hémorragie méningée dalako bat jin zaio, eta, bere adiña gatik (ia 80 urte ditu) eta batez ere, diabetiz asko duelako, gauza oso periltsua da; burua nastu zaio; biaramonean gaxotegira eraman bear izan dut -bakarrik bizi nintzan arekin, eta ezin gorde nuen etxean. Asieran, ez nuen uste ain gaizki zegoenik, bainan egunetik egunera gaizkiagotuz dijoa eta sendakiñek ez didate itxaropenik utzi. Bearbada, oraindik dembora apur bat iraun dezake, bainan ez duke bere ezagutza berriz ardietsiko -eta nik zer egingo dut?? Bizitzen ba da, bearko dut nonbait ezarri, eta iñor ez dut ezagutzen sendakintzako milieu orietan niri laguntzeko edo aolkatzeko. Pentsa dezakezun bezela, bai diruaren aldetik bai nere lanaren aldetik -oso egoera gaiztoa bainuen orain administrazioan- sekulako problemak eukiko ditut etorkizunean.

Barka otoi, gertaldi orien gatik ez ba dizut gaur luzazkiago idazten. Oso naigabetua ta nekatua naiz mementoko. Bainan, dana dala, korrientean atxikiko zaitut zuri idatziz erregularki, laburzki ba da ere.

Europara idazten ba duzu, eta batez ere Parisko euskaldun ta euskaltzaleei, ez dezazula arren nere problema aipa! Orain artean ez dira nitzaz arduratu, eta iñola ere ez dut nai orain asi ditezen beren erruki merkea neri erakusten.

Itxaropen dut zu osasun onean zaudela. Zure berri onak neri igor!

Besarkada estu bat igortzen dizu, lagun maite orri, zure adiskide fidel onek.

''' J. Mirande eta Ayphasorho.

-248-

Ibiñagabeitia'tar Andima'ri

1967-II-20

Adiskide maitea:

Orain dala aste bat edo, idatzi nizun nere aita gaxotegian ezarri bear izan nuela esateko, ta aren osasunaren gainen oso kezkatua nintzala.

Orain esan bear dizut nere gaixo aita joan dan ostegunean il dala, asko sofritu ondoren nik uste detanez.

Barkatu arren aldi onetan ez ba dizut luzaroago idazten. Pentsa dezakezun bezela, ez dut ezertarako gogo aundirik egun auetan. Aitarekin bizi nintzan eta, orain bakarrik nago. Ez nuke nai Parisen orrela gelditu -ez eta Frantzian ere. Bainan ez dakit oraindik zer egingo dudan, edo zer egin aal izango dudan.

Geroxeago, geiago idatziko dizut. Bitartean, adiskide maite orrek, ene goraintzirik amultsuenak ar itzazu

''' Jon Mirande.

-249-

Ibiñagabeitia'tar Andima'ri

1967-III-17

Adiskide maitea:

Zure bigarrengo eskutitza atzo eldu zait, lenengoari erantzutekotan nengoelarik. Barkatu, ez dizut lenago egin, baina, pentsa dezakezun bezela, asko lanpetua ta nekatua nago oraindik.

Eskerrik asko biotzetik zure ele amultsuentzako. Ba dakit egiazko adiskide zaitudana, eni laguntzeko gerturik nere naigabeetan.

Baita eskerrak dizkitzut ere opa didazun etorkizun ederra gatik. Ondikotz beldur naiz orain nere etorkizunik ederrena nere atzean daukadala...

Lanolako eguratsa geroago eta jasangaitzago da. Gertu nengoke jende ta gauza denak antzara perratzera bidaltzeko. Bainan segur naiz ez dudala ezer besterik lortuko, eta orrengatik amor eman diot zoriari. Bakarrik, zai nago ameskaitz au amai dadin. Dakutsun bezela, Schpenhaueren filosofiara eman naiz azkenekotz.

Eman-en bi aleak ere zure eskutitzarekin batean iritxi zaizkit. Esker milla auengatik ere. Ez dut oraindik dana irakurri, baina bai Lauaxetaz egin duzun idazlana (lotsatu naiz bertan nitaz egiten duzun aipamen lausenguzkoa irakurtzea), bai eta V. de Amezaga'ren «Coloquio intrascendente» ura.

Aldi ontan ere ez dizut luzaroago idatziko. Bainan obe da laburzki idaztea, ta berriak sarri ematea, ez al da ala?

Ar ezazu, adiskide maite orrek, ene besarkadarik estuena.

Jon Mirande.

-250-

Ibiñagabeitia'tar Andima'ri

1967-V-18

Adiskide maitea:

Zure eskutitz ona orain dirala aste batzuk jaso nuen, eta biotzetik eskerrak dizkitzut bera gatik. Damu dut zure etxean ere osasunez gaizki ibilli zeratela jakinaz bainan itxaropen dut orain berriz ere guztiak sendo zaudetela.

Galdatzen didazu ni zelan arkitzen naizen... Well, osasunez beintzat, orain artean. Bainan diozun bezala, bakartasun aundian nago orain. Zure eskutitzez beste, ez dezaket esan euskaldun lagun edo adiskide oiak asko arduratu direala nitzaz, ez eta Pariskoak ere, askaziak edo senitartekoak kendu ezkero. Ez dut iñor ikusten. Alarik ere, Donostiako Jon Etxaidek eta Aingeru Irigarayek oso amultsuki idatzi zidaten, bai eta Urrestarazuk ere, Laburditik, aitaren il-berria Eman-en irakurri ondoren, ain zuzen ere.

Orain ba dira bi-irur illabete ezbearra gertatu zitzaidala. Azken bi illabeteetan, daramadan bizibideaz nazkaturik alegindu naiz beste lanbide bat eta bizileku bat arkitzera, bainan, susmoa neukan bezala, ez dut iguriki nezakean laguntzarik iñundik ez iñoren gandik lortu, eta orain amor emana naiz. Beraz, beti lenago bezala darrait, eta jarraituko dut ere egiantz ororen arabera.

Zure eskutitzean zenion laster Eman argitaratuko zela eta orrengatik, ain zuzen ere, ez dizut lenago erantzun, aren jasotzea itxaroiten nuen eta. Ez zait oraindik eldu ordea, eta pentsatzen dut argitalpena berandu arazi izan bear duzutela. Dana dala, iritxiko zaidanean pozik irakurriko dut, batez ere zure artikulu jakintsuak, bai eta beste lankideenak ere bai. Azkenengoan asko gustatu zitzaidan Salvador de Madariaga-ri buruz esaten zenituztenak. Madariaga gizon landua ta jakintsua da noski, aren liburuak irakurriaz eta bera radioan entzunaz oartu naizenaz, bainan ez dut uste entelegu sakoneko gizona danik. Ethnien problema ez du batere ezagutzen ez ulertzen -Frantzian, Espainian, Bretaini aundian askok bezala- eta orrengatik dalako problema ikertzeko ordez, ba danik ere ukatzen du... aisago baita ere!

Gaur ere ez dizut luzaro idazten, bainan obe da sarri egitea, laburzki ba da ere.

Ar itzazu, adiskide min orrek, ene goraintzirik oberenak eta laster ikusi arte agian...

''' Jon Mirande.

-251-

Ibiñagabeitia'tar Andima'ri

1967-V-25

Adiskide maitea:

Bi itz bakarrik aldi ontan, orain dirala egun batzuk eskutitz luzeska bat igorri nizun eta. Bertan nion ordura arte ez nizula erantzun Eman-en zai egon nintzalako... Bainan nere eskutitza korreuetan eman eta biaramonean zuen aldizkaria eldu zitzaitan eta andik bizpairur egunen buruan, berriz, zeure eskutitza.

Asko poztu nau zure berrien jasotzeak, pena artu dut ordea zure illoba gaztearen eriotza dala eta: onar itzazue zerorrek eta zure etxekoek ene doluminik sakonenak gertatu zaizuen atsekabe aundi orren karietara.

Eman-eko euskerazko sailla irakurria dut, bai eta erderazko zati zenbait ere. Salvador de Madariaga'ri egiten zaion erantzupena gustatu zait. Beste artikuluetan, ba da orotarik...

Peillen'en eskutitz bat ere izan berri dut. Esaten dit Itxaropenak aren eleberri sariztatua argitaratu dutela. Bearrik zori obea ukan du, arek beintzat, bere eleberriarekin, nik nere Aur besoetakoa-rekin baino...

Ez dizut gaur luzearoago idatziko, eskutitz au zurea ta aldizkaria ongi iritxi zaizkidala esateko egiten baitut bakarrik.

Bainan zaude lasai: nik gure berri-ar-emankari beti zintzoki jarraituko diot, zer nai gerta ere.

Beti zure adiskide.

Tibi et amice

''' Jon Mirande.

-252-

Ibiñagabeitia'tar Andima'ri

1967-VII-27

Adiskide maitea:

Eskerrik asko zure azkenengo eskutitza gatik. Atsekabetu naiz asko minaldi ori izan dezula jakitez, bainan pozik nago orain sendotua zerala entzutez.

Arrituko ziñan bearbada, zergatik ez dizudan lenago erantzun, bainan zurea artuta nerau gaxotu naiz, zañak eri. Illabete bat gaxotegian (La Pitié-La Salpêtrière) igaro bear izan dut, eta Frantziako gaxotegietan baldintzak oso txarrak dira: ene ango egonaldia beti ifernuaren aurre-gozo bat bezela egongo zait... Erañegun atera naiz, eta orain ba dut illabete bat congé de convalescence. Ahal bezain laster Zuberoara joango naiz, illabete ori igarotzeko. Nere zuzenbidea an izango da: M. Jean Mirande, chez M. Auphassorho, maison Chaho, Chéraute, 64 - Mauléon, France. (Orain Frantzian departamenduen izenen ordez, numeroak erabilli bear ditugu, eta 64 Basses-Pyrénées departamenduaren zenbakia da).

Jakiña, emengo Euskaldun lagun zaharretatik, iñor ez da nitzaz arduratu estatu its ortan nengoelarik; orrengatik, ez dakit batere iñoren ikustera joateko pena artuko dudanetz; ez du balio, eta uste dut Sorhütan egongo naizela; bearbada, aski ongi ba nago, Biarnon inguru txiki bat egingo dut, ene Parisko adiskide bretoi bat garai ontan Pauen dago eta. Biarnoa ez dut batere ezagutzen, eta bestalde, bearbada on egingo dit adiskide bat ikusteak.

Zer zoritxarra zeu, benetako adiskide zu ere, emen ez baitzagoz! Beti itxaropena daukat laster ona etortzeko abadagunea izango duzula, eta bearbada, Europan egoteko.

Barkatu ez ba dizut luzeago idazten, bainan oraindik asko nekatua naiz.

Zure berri onen zai nagoela, ene goraintzirik adiskidetsuenak ar itzazu.

''' Jon Mirande.

-255-

Ibiñagabeitia'tar Andima'ri

1967-XI-13

Adiskide maitea,

Esker milla orain dala denbora piska bat jaso nituen bi eusko aldizkariak gatik, zuk igorriak, Eman eta Caracas'ko Eusko-Batzokiaren urte-urrena zala eta argitaratuko boletiña. Atsegin eta probetxurekin irakurri dit, azkenengo onetan, Mundu Berriko euskal-idazleez zuk egindako estudioa, bai eta, Eman-en, euskeraz idatzi duzuna (bañan Israeldarren goratzarrez egindako artikulua, ez dakit nork egina, ez zitzaidan ainbat gustatu, susmoa dukezun bezela: emen naiz, ez bakarrik ni eta nire gogaideak, bainan frantzes eskubitar edo ezkertar asko, nazkaturik gaude Israelen alde egin dan lotsa -ta neurri bako propaganda gatik, Sortalde-Urbilleko gudaketaren garaian- naiz agintedun egintza geienak, eskubitar ala ezkertar, judu maitagarrien alde agertu ziran... bañan ba dirade euskaldunen artean juduzalekeria ezin sendatuzko eritasuna egin dala azkenengo urteotan!)

Lenago idatzi nai nizun bañan alde batetik, zure eskutitz bat itxaroten nuen, eta bestetik zure zuzenbide berria -lurrikara geroztikoa galdu egin zait... Bañan, nire eskerrak eman nai nizkitzun eta geiago luzatu gabe zuri idazteko erabaki dut- zuzenbide zaarrera, eskutitz au eldu araziko al dizue!

Zure berriak jaso bezain laster, berriz idatziko dizut.

Bitartean ene goraintzirik beroenak ar itzazu.

Vale.

Jon Mirande.

P.S. Barkatu ez ba dizut gutun au idazkiñez jo. Zaiñak ez ditut oraindik oso ongi, eta kosta zait makiñaz idaztea. Gogoa ere ez dut oraindik fleitean -but that is another story.

 

© Jon Mirande


susa-literatura.com