MINTZA ZAITEZ...!

Lazkau: 1966'ko Jorrailla'k 10

( Pazko-jaia )

Mintzatu zaitez gaur mintza,

eliz-dorreko ezkilla,

ta garailearen aintza

nora-nai zabal dedilla!

Zure dilinda ozenez

urra zazu gau ixilla,

Aitak Arnasa-gurenez

piztu du-ta Seme illa.

Gizondu baño len zuan

ospe ta aintza guzian

aupa du Aitak zeruan

eseriaz besaulkian.

Erregearen buruntza

ezarri dio buruan,

eta zeru-lurrak gurtza

damaiote lur-zeruan.

Berak lotu bai-du egun,

bien arteko etena;

ta Adanek lortu zigun

gizon denon ondamena,-

-aiza du Gurutz-abean;

ta len zan baño aintzago,

Jainko Aitaren eskubian

oron bitarteko dago.

Mintzatu zaitez gaur mintza,

eliz-dorreko ezkilla,

ta garailearen aintza

nora-nai zabal dedilla!

Lurra sortuz-geroztik gaurdaño

entzun ez danaren berri

dezazula iragarri

ludiaren azken-mugaraiño:

Yopu-morrontzan,

bizirik illik zetzan

erria nor zan

geroak jakin dezan!

Erri bat bazan, edestiz aundi,

Abrangandik aterea,

obenaren ondorea

beregain zuna, t'ainbat gizaldi,

askatasuna

emango zion Yauna

zetorren eguna-

zai igaro zituna.

Izar-begiak, amets-iduri,

argi zegion antziñan,

Erria argi-eziñan

begia-klixka, lotsaz urduri...

Oraintsu zoli,

aldiz, erdi itzali,

ortzean argi

zegion Israeli.

Gizaldien joan-etorrian

lora zitzaion ametsa,

-sortzetik zuan irritsa-,

suzko-itsas udagorrian

umo gozoko

sagarraren antzeko

biur zaio gaurko

egun-xinta orduko.

Urrun doakio gaua

argi dirdirai igesi,

illeta negar-soñua

duala azken-eresi.

Poz du len-aurra erdi dun

amak baño areago,

etsaien menpetik egun

aske, yarei bai-dago.

Iritxi zaio gaur gero

oroituko dun Pazkoa,

erligioko egi oro

lotzen dun korapilloa.

Mintzatu zaitez gaur mintza

eliz-dorreko ezkilla,

eta Erri onen aintza

noranai zabal dedilla!

 

© Eustakio Mendizabal


susa-literatura.com