4.12 Euskal Herriaren dekadentzia

Dekadentziaren doktrina hauek -Nietzsche, Spengler- bere aurretik suposatzen ditu Miranderen borroka politikoak.

Egia esateko, bere moduratsu hartu ditu Autoreok, oinarri-oinarrizko punturen batzuetan bederen. Adibidez, O. Spenglerekin ez da erraza euskaldunok naziotzat hartzea, ezta herritzat ere. Nietzscherekin badirudi euskaldunok herri madarikatutzat eta dekadentziaren kausantetzat ikusi beharko genituzkeela geure buruok... Batzuetan desanimatu ere egiten zen apika gure Mirande: «Euskaldunen edo Bretoinen artean egoten naizen aldikal, herri minoritaten baitango fedea galtzen dut».

Baina dekadentzi teoria hauek, bere modura hartuta bada ere, Euskal Herriaren arazoa dekadentzi arazo bezala ulertzea permititu diote Miranderi, ez menpetasun arazo soil edo gerra batzuk galdu izatearen arazo soil bezala. Hau da: barne-barnean kultur arazo edo «moraltasun» arazo bezala, lehenengo; eta mendebale guztia harrapatzen duen oinarrizko problema baten parte bezala gero. Derrota militarraren edo menpetasun politikoaren arazoa baino gehiago, barnerago, kultur dekadentziaren arazoa da Euskal Herriarena, Miranderen ustez, funtsean mendebalde guztiarena bezala, Nietzscheren eta Spengleren jarraian.

Euskaldungoaren hiru etsai ikusten du Mirandek:

«Nundik etorri zaiku dekadentzia?» galdetzen du Mirandek. Eta erantzun: «Gure ahalmen politikoaren bildur zeuden hauzoek, hots, Frantziako Errege Guztiz Kristauak eta Espainiako Errege Katolikoak, ohartuki eragin zeraukutela ezagun da. Deitura horietan, hain zuzen, euskaldungoaren etsai handienak nabari zaizkigu: Europa Sartaldeko bi estatu latin-berriok eta Erromako Eliza».

Estatuok Elizarekin batean egin digutena zera da: lehenengo, «herri-eta-sinheste-osotasunaren» politika espainola sostengatzeagatik, Aita Santuak Errege Katobiloari lagundu zion bizkaitarrak eta gipuzkoarrak «seduzitzen» eta Nafarroaren kontra eramaten («euskal estatuaren ganik alde egitera» seduzitu zituela, esaten du Mirandek, zehaztasun historiko gehiegi gabe). Horrela, fedearen aitzakiaz, euskaldunok elkarren aurka jokatu bide genuen.

Horrela, bide batez, protestantismoa izan zitekeen «berpizkunde» politiko nahiz intelektuala ere birrindu genuen, gure Erromarekiko menpetasunagatik berriro.

Hirugarren, bi aipatu Estatuek eta Elizak «elkarrekin lankideturik, gure endaren bereizgarri guztien erauzteari tai-gabe ekin zioten, nahiz alor politikoan nahiz sinespenen alorrean. Eta, gerorren ergelkeria lagun, ekite hori hain osokiro burutu dute nun, azkenean, beren sehirik leialenak egin baitituzte Euskaldunetaz: batzuek Espainitan hoberenak izan nahi ukan dugu, besteek Frantzitar hoberenak; eta guztiak, Eliza Amaren semerik zintzoenak».

Azkeneko honetan berezi beharra dago bi alderdi: batetik kontzientzia nazionalaren galtzea dago, bestetik sinespen nazionalak (erlijioa, mitologia) galtzea. Mirandek biok batera eta batean ikusten zituela, pentsa genezake, halere, eta ez hemen batean aipatzen dituelako bakarrik. Mitologia ikusi dugu arima nazionalaren espresioa edo dela.

Laugarren, ordea, eta guztietan okerrena, hiru etsai honiek -hala dirudi behintzat-, «atzerritarrek» alegia, izpiritu demokratiko edo anarkikoaren hazia erein dute gure lurrean, «Euskal Herri elkartu eta indartsu baten bildurrez» . Marc Légassek esaten badu, euskaldunok anarkistak garela eta beti autonomian bizi nahi dugun arren, autonomia hori segurta lezakeen organizazio sozialik ez dugula sortzen horregatik, Mirandek, etsaiek ereindako hazitzat, emango du gure anarkismo hori.

Dekadentziaren arrazoi nagusia, ikusia dago, Eliza da, beraz, eta beste biek ez dute hartaz baliatu besterik egin beren interesetarako eta gure kaltetan.

«Alta politikaren alorrean baino ere kaltegarriago izan zaiku Elizaren eragina espirituaren alorrean, geroko edozein berpizkunderen iturri biziak urdindu zizkigulakotz». Dekadentzia propioki, menpetasun politikoa gabe, hemen hasten da. Elizak, esan berria dago eta beste leku batzuetatik ere ikasia diogu, euskal sineste jatorrak ito zituen. Dekandetzia politikoarekin lotuago datorren beste arrazoi hau azpimarratzen du Mirandek: «Euskaldun zabarren gogo basa, bortitz eta handia apaldu, ahuldu, hobeki erran irendu zuen haren dokthinak; otso ginelarik, bildots egin gaitu...». Eta hemen, testuinguruan, ez da dudarik uzten, gure izpiritu basa eta bortitza eta gure paganismoa elkarrekikoak zirela, nonbait, eta bata-bestearekin galdu zirela. «Gu paganu ginen -protestatzen du Mirandek- oraino gure hauzo guztiek aspaldian onhartunik zutelarik 'Goizerritar' 'Ekialdetar' batzuek ekarri 'Berri Ona'; eta gero ere, paganu egon gara beti gure izaki-zolan, egiazko Europatarrak oro diren bezala».

Euskaldungoaren etsaiak artikuluan eta bere zenbait poesiatan ere Mirandek egin nahi izaten duen lotura euskal gogo basaren eta paganismoaren artean, aurreritzi huts baten produktu itxurakoa da. Alegia, beharbada badago lotura hori, egon (kritika baterako lekua ez da hau), baina Mirandek egiten duen esposizioa -hau bakarrik axola zaigu onain- ez da kontsekuentea. Batetik, izaki-zolan beti pagano jarraitu dugula, aitortzen delako (zergatik ez orduan beti gogo basa?); eta, gero, gogo basa horren proba bezala aipatzen diren bi «gure historia modernuko egintza nagusi»etatik, bat behintzat, bortitzena eta garrantzizkoena hain zuzen, euskaldun kristautuena delako: Nafarroako Erresuma berkonkistatzailea alegia Miranderen ustez bi gertakizun «hauiengatik batez ere (beste ekintza frankoen aurkako erasoaldiak izaki), zuzenbide dugu Euskaldun izenaz burgoi izatera, enda sendo eta azkar bat izan garela baiterakuste». Agian bai: baina inolaz ere ez dute erakusten enda sendo hark sendo izateko paganismoa behar duenik, ez eta europarrok paganismoa «hain nezesari» dugunik.

Esplikatu gabe uzten da, baita ere, nola enda sendo eta azkar horrek, hain bere izpiritu basaren kontrako zuen doktrina bat onartu zuen, Orienteko doktrina bat, eta «beren aitzinako paganismuanen begiratzera herabe» izan ziren. Gero bai, kristautu eta gero, Gipuzkoaren eta Bizkaiaren jokabidean Nafarroaren aurka, Miranderen ustez «gure geroztikako betiko makurra jadanik ageri zaiku: lekoretik etorritako lege, sinespen edo sinheskeriei beharri emaitea eta gurez-gure direnen arbuiatzea». Bidezko da geure sendotasunaren kontzientzia galdu eta gero. Baina nola makurtu ziren pagano sendoak beren izpiritu jatorraren hain kontrako eta «lekoretik etorritako lege, sinespen edo sinheskeriak» onartzera?

Dekadentzia historikoki nola eta nondik sortu den, Mirandek ez du Spenglenen eskema jarraitu nahi izan, Nietzscherena baino. Eta esplikazioak huts egiten du. Izan ere, Nietzschek ematen dituen arrazoiak, dekadentzia nondik datorren baino gehiago, zertan datzan erakusteko dira. Eta duda gabe hori da Miranderi ere ikasi behar dioguna, nahiz berak historiaren interpretazio baten gisan azaldu bere ideiak.

Honela hartuta, gure dekadentzia (a) gure morroin -esklabu- izpirituan eta (b) gure izpiritu demokratiko, anarkiko, bakezalean datzala, esan genezake. Eta hau bai, ikus daiteke birtute paganoen kontrario bezala, haiek «nagusi-izan-nahia, berekoitasuna eta atsegalea» baldin badira. Gure birtute kristauetan datza dekadentzia hortakoz.

Elizaren eskolan morroin eta esklabu apala bilakaturik dago euskalduna. Eliza amaren semerik leialena aitortzen du bere burua eta birao ikaragarria iruditzen zaio inor katolizismoaren kontra egotea. «Euskal Herriko adimen bizkorrak, euskararen eta euskal kulturaren alde lan egiteko ordez apezgaitegian sartzen eta proselitismuaren aritzera joaiten dira lurralde hurrunetarat, ad maiorem gloriam Romae, baina gure herriarentzat onurarik gabe». Euskal neskak neskame doaz Parisera, mutilak soldadu Frantziako Armadan, gerrara ere, Alemaniaren aurka «gudari hoberenen izena irabaziz» («gurea ez, baina gure etsaiaren etsaia izan» arren Alemania). Kontrarreformaren gizon haundia ere euskalduna izan genuen, Loiola, gure zortearen sinbolo... Beti inoren morroin eta zerbitzari. «Euskaldunak, beraren nazionalitatea halako atsegin masokista batekin gutietsiz eta aldebat utziz, beti eta beti, beren indar eta ahaleginak oro, bere enda-energeiak oro arrotz eta atzerritarren zerbitzuan eman ditu». Horra dekadentzia.

Eta halere, Elizak «apaldu, ahuldu, hobeki erran irendu»a bait dago, euskalduna ez da errebelatzen. Demokrata da eta pazifista da. Abertzaleek berek, miseriaren kontzientzia zerbait lortu dutenek beraz, euskaldun zahar gogorraren ordez «beren gisako Euskaldun berri, bakezale, hauzo on eta puska onen espiritu demokratikoa 'à la française' eredutzat jartzen digute». «Demokraziaren amets urdinekin lokartzen den herriak, zahartzen eta akitzen ari dela emaiten du ikusterat», ordea.

Besteak errebelatzen direnean ere, eta geuretako batzuk barne, Erreforma garaian Elizaren kontra adibidez: inoiz baino leialago, hots, morroinago eta esklabuago gu. «Gure herrian, ondikotz, 'eraberritze' hori ez zen egin ahal izan. Aitzitik, are lehen baino arrotzago genduen Eliza baten menpean makurturik egon ginen, italianizante izateko ordez orain hispanizante, bihurtu bait zen Kontrarreforma zela bide».

Mirande maiz burlatu da euskaldun fededun, zintzo, morroinkor, konformista, demokrata horretaz. «Gure herritarren konformismoa», «izpiritu zabal» falta, mediokritatea, moralismo faltsua, zintzotasuna, maiz salatu ditu. Igandero elizara joaten dira, «leitzen dute misala», pilotan eta dantzan dakite... Mirandek beti «zintzo» deitzen dio euskaldun-fededun demokrata horri: justu nobelako protagonistak saldoko gizonarentzat daukan epitetoa bait da honi!

Batez ere bi testu satiriko dauzka euskaldun zintzo demoikratikoaren burlaz: Euskaldun zintzoen balada eta Herri saindu eta demokratikoaren parabola.

Parabola horretan demokrazia, bakezaletasuna, ONU, kristau moral herstua, abertzaleen probintzikeria linguistikoa (dialekto-zalea), azkeneko gerra («nahiz Jaun Goikoa haien alde zegoen, beren Lege Zaharra galdu zuten»), dena ridikulizatzen da.

Euskaldun zintzoen balada, aldiz («zintzo ez den batek eginik»), honela hasten da:

Soin zabal, zalhu, txapeldun

euskaldun eta fededun,

-handi baita- sudur mintzo,

zintzo dira, o! hain zintzo

eta barnez oro zaldun...

...nahiz arrunt den azala.

(Izaitetik hek bezala

Ortzi Jaunak zaint nazala).

Ilhunean zeuden lehen

Bainan JEL argia goihen

jautsi baita Euskadira,

argiturik bizi dira.

Ahalikan bizi dira

ahalikan eta zehen

demokrat onen gisala

(Argitzetik hek bezala

Ortzi Jaunak zaint nazala).

Mirande ohartzen zen bere borroka honek zein lekutan uzten zuen euskaldunen artean. «Nere ele hauk entzun eta, hipokritak edo ergelak jauntziak urra eta beharriak tapa ariko direla badakit, blasfematu dudala hotsez», dio Euskaldungoaren etsaiak-en bukaeran. Baina borroka horretan ahalegindu beharrean sentitzen zuen halere bere burua. Euskaldun izateak eta sentitzeak hori eskatzen zion berari: «Ni, oroz lehen, Euskaldun izaiki, heien (hots, Espainia/Frantzia eta Eliza) etsai naizela aldarrikatuko dut ausarki, pseudo-euskaltzaleak oro eta %50-eko abertzale guztiak nardarazi behar baditut ere». Apenas izan zitekeen bestela, Euskal Herriaren arazo larria mendebalearen dekadentzi arazo larriagoaren barruan ikusiz gero. Europar kulturaren agonian gaude, baina demokratak, Spenglerek esan digun eran, setaturik daude, «eutsi egin nahita, atzokoa zen idealari. XX. mendearen arriskua hori da». Mirandek horrela ikusi uste zuen.

Nahikoa garbi egon arren berez ere, gogora dezagun hau dena erlazioan dagoela bi moraltasunen eta saldo-gizonaren moralaren arazoarekin. Handik dator demokraziaren kritika hau: saldo gizonanen obra eta egile delako demokratismoa. Mirandek jarrera berdina izango du sozialismoarekiko: «... ni apeztiar ez banaiz ere, eskuintiar naiz ene maneran edo hobeki erraiteko 'faxista' jende xinpleek dioten bezala. Ezin dezaket beraz lanik egin euskaldunen edo euskaltzaleen artean sozialismoaren onerako».

 

© Joxe Azurmendi


susa-literatura.com