4.11 Mendebalearen dekadentzia

Eskuz-esku doa moralaren ikusi dugun kontzebikerarekin mendebalearen historia moderno guztia gainbebera eta dekadentzia bezala ikustea. G. Collik esan digun bezala, Nietzscheren ideia fixo bat eta obsesio bat bihurtu zen hau azken urteetan. Bidezkoa da Mirandek, baren ondotik, berdintsu epaitzen bazuen: balio sistema hori hartuta neurri bezala, demokrazia, sozialismoa, etab., ezin ikus daitezke décadence bezala baino.

«Euskaldun kulturaren alde lan egitea helburu denean -erreparatzen zuen Mirandek-, europar kultura hortaz jabetzea on da, bereziki Beltzen eta Orien abertzaletasun borrokariak jotzen duenean -Nietzscheren izu deia guri zuzendua dago: izan gaitezen Europar on!»

Arriskuan ikusten zituen apika Mirandek europar kultura eta europar arraza.

Nietzschek maiz salatu du «izpiritu europarraren lazokeria» eta «izpirituaren plebeismoa», etc. Izpirituaren arrontzea eta erdipurdikeria nagusia. Argi dago jadanik, «ezerk ez duela irauten etzi arte, gizon tipo batek salbu: sendaezinki mediokreak. Mediokreek bakarrik daukate egokierarik jarraitzeko, ugaltzeko - horiek dira etorkizuneko gizonak, superbizitako bakarrak».

Igela-k erdipurdikeria horretantxe ikusiko du Euskal Herria: «Igela-k ez badu beti deus handirentzat errespeturik eduki, ithurria hor dago: euskaldun zintzoen artean deus handirik ez baita, bainan ez-deus txiki, piper-min eta farisaiko hainitz».

Ez da, bada, egia, azken mendeotan hain zuzen ikaragarrizko aurrerapenak egin direla, historian sekula baino eta Europan beste inon baino harrigarriagoak? Baina Mirandek ez du «esan-delako aurrerapena» oso estimatzen, Nietzschek egiten ez duen bezala: «Progresoa ideia moderno bat da soil, hau da, ideia faltsu bat», zerekin ideia modernoak zenbat estimatzen zituen ere esaten bait digu.

Erdipurdikeriaren eta dekadentziaren arrazoia badakigu jadanik. Judu-kristautasuna da, Eliza, «Jainkoaren aurrean» denak berdinduz denak arrontu dituztenak. «Halakoxeek gizonek, berak ez izaki printzipalak aski ikusi ahal izateko arrango diferentzia sakantsuak eta arrango leizeak gizon eta gizon artean: - halakoxe gizonek dute, beren 'Jainkoaren aurrean denok berdin'arekin, Europaren patua gidatu oraindainokoan, azkenean hazi-hautatu den arte espezie niminotu, ia barregarri bat, saldo-aberea, on-puska, gaizpera, hala-holakotxo erdipurdikoa, egungo europarra...»

Nietzschek lotu-loturik eta barnean bateginik ikusten ditu kristautasuna eta mugimendu demokratiko eta sozial modernoak: «Gaizki-egotea besteri egozten zaion ala norbere buruari -aurrenekoa sozialistak egiten du, bigarrena kristauak adibidez -, alde haundirik ez du egiten (...), kristaua eta anarkista, bi-biak dira décadents».

Kultura modernoaren, moral modernoaren, demokraziaren, liberalismoaren, anarkismoaren, etc. etc. kritiketan Nietzscherekin gehiago ez aritzeko, Jenseits von Gut und Böse-ko pasarte luze, baina franko asko bat aldatuko dugu honera:

«Morala gaur Europan saldo-abere morala da (...). - Guk geuk bait dugu moral horren adierazpen bat, egunean-egunean irtenagoa, antolamendu politikoetan eta sozialetan aurkitzen: mugimendu demokratikoak kristauaren heredentzia hartu du. Rama haren erritmoa geldoegia eta logurakorregia dela egonezinentzat, aipatu instintoarekin gaisoentzat eta drogabeharrentzat, hori erakusten dute, kultura europarreko karriketan orain irabiatzen diren anarkozakurren ulu geroz eta amorratuagoek, hortz-karraska geroz eta disimulogabeagoek: demokrata baketsu langinekiko eta iraultza-ideologoekiko, itxuraz bai, aurkatasunean, are gehiago filosofastro baldresekikoan eta beren buruei sozialista deritzeten anaitasun-fanatikoenean, horiek nahi dutena «gizarte librea» bait da; baina guzti horiekin bat-bat halere herra oinarrizko eta instintiboan saldo autonomoaz bestelako edozein gizarte-molderi («jaun» eta «sehi» kontzeptuen beren arbuioraino, - ni dieu ni maître dio formula sozialista batek);... bat-bat halaber urrikalmenduaren, kupida sentimentuaren erlijioan, sentitzerik, bizitzerik, sufritzerik batere dagoen heinean (abereenganaino behera, 'Jainkoa'ganaino gora: aro demokratiko batekoa da beharrik «Jainkoarekin batera sufritzeko» sorjeskeria); guztiak eta denak bat urrikiaren uhuan eta artegatasunean, soil sufritu egitearen aurkako herio-gorrotoan, haren aurrean lekuko soil geratu ahal izateko ere, sufritzen utzi ahal izateko ezintasun kasik emakumezkoan; bat, guragabeko iluntasungintzan eta samurtasungintzan, eragipen horien azpian Europak budismo berri baten mehatxupean bait dirudi».

Gauzen ikusmolde honetan Frantziako Iraultza ez da azkeneko esklabuen altxamendu haundiaren hasiera bestenik, Nietzscheren begitan. Eta «egun hura etzela bozkariozko bena doluzko egun bat» Miranderentzat.

Bere sakontasun eta arradikaltasun guztian hartu behar da Nietzscheren dekadentzia ideia hori. Ez da europar kulturaren edo izpirituaren ondoez iragankor bat, ahulaldi bat. Europar arrazaren beraren gaizkoadura eta hondamendia da, «Verschlecbterung der europäiscben Rasse», eta «gizonaren endakapena eta umeldura». Arraza lardasketak dakarren degenerazioa da batez ere, hau berau kristautasunaren igualitarismoak eta demokratismoak ekarria den eran. «Sakabanaldi aroko gizona, arrazak nahastekatzen dituenekoa, horrelakoxe gisa jatorri anizkor baten ondarea duena bere soinean, ganu eta barnearau aurkakorrak alegia eta maiz-sarri ez aurkakor soilak ere, batzuk besteekin kalapitan dihardutenak eta inoiz gutxitan elkarri bakerik ematen diotenak - horrelako gizon kultura berantiarreko eta argi apurtuetakoa, gizon ahulagoa izango da bataz beste: bere joran oinarrizkoenak nora eta hartaraxe joko du, noizpait azken bat izan dezala gerrak, bera den gerrak: zoriona, medizina edo pentsaera lasakorren batekin konformidadean (epikurotar ala kristaua, adibidez), batez ere atsegitearen zoriona irudituko zaio halakoari, asaldugabeziarena, bette-bettetasunarena, batasunarena noizpait ere azkenean, 'sabataren sabat gisa', erretoriko santu Agustinekin esateko, horrelakoxe gizona zen eta bera». Pazifismoa ere arrazaren degenerazioaren produktu beraz.

Arraza-teoniaren bidetik sartuta, Nietzsche azkenean ondorio bitxietaraino iristen da, ez dakit nola konponduko zen Mirande holako eritziekin. Europa osoaz nagusitu zen arraza, jaun eta konkistatzaile arraza, hilegorri rubioa bide zen, azpiratutako arraza prearioak, esklabutuak, buru-beltzak. Jaun eta nagusi-herri rubioak («die blonde Bestie» -basapiztia hilegorria) zangoperatu eta ikaratu eta zapartatu zituen beste kaskabeltxak, bai -baina denborarekin odola nahastu da, Europa osoan «arraza uztarpetuak funtsean hortxe berton atzera irabazi du nagusigoa, kolorean, kaskezurraren motzean, agian instinto intelektual eta sozialetan beretan: Zeinek ziurtatuko digu, demokrazia modernoak, anarkismo are modernagoak eta Europan sozialisia guztiek amankomuna duten 'Commune'rako joerak partikulazki, gizarte-molderik primitiboen horretara, funtsean ez ote duen izugarrizko azken kolpea signifikatzen-, eta ez al den konkistari eta jaun arraza, ariarrena, fisiologikoki ere azpiratua izaten ari?».

Kristautasunaz aparte eta batera, erresentimentu, bekaizkeria, gorroto moralaren beste iturri bat daukagu hemen - Zur Genealogie der Moral. Nietzscherekin jarraitzekotan, ordea, euskaldunok juduekin batera ipini beharko genituzke geure buruok, preario gisa.

Soluzio bezala Nietszchek arraza europarraren garbiketa proposatuko du, -«Reinigung der Rasse». Rosenbergek in bere Mythus des 20. Jahrhunderts irakasle eta maisutzat aitortuko du... Arrazaren garbitzaileak heldu arte, nolanahi ere, Zarathustrak diferentzia eta arrango sozialak, borroka, oldarra, indarra, gerra, predikatuko du, dekadentzia guztiz erabatekoa izan ez dadin:

«Berdintasunaren predikariokin ez dut izan nahi nahastua eta trukatua. Zeren-eta niri honela bait zait justizia mintzo: «gizonak ez dira berdinak».

Eta bilakatu ere ez dute egin behar! Zer litzateke, bada, nire maitasuna gizagaindikoari, bestela mintzo banendi!

Mila zubi eta zidortatik behar dute etorkizunerantz presatu, eta geroz eta gerra eta desberdintasun gehiago behar da beren artean jarri: horrela mintzarazten dit nire maitasun haundiak».

Bai, also sprach Zarathustra... Eta berehalaxe entzun zen oihartzuna: O. Spengler, Der Untergang des Abendlandes, 1917.

Spengleren dekadentzi-teoriak beste tankera bat du, noski: kultur zikloen morfologia bat entseiatu du Spenglerek eta morfologia horretan kultura guztiak nola gainbehera sartzen diren eta hiltzen diren ere ikertzen du. Denaren hil beharra burutaera honen parte da. Kulturen berezkoa da haien udaberri, uda eta udazkentzea, hiltzeko azkenean. «Bilakatu oro da igarokor. Igarokorrak ez dira herriak bakarrik, hizkuntzak, arrazak, kulturak bakarrik. Mende gutxi barru jada ez da gehiago Europa mendebaldarreko kulturarik egongo, ez da egongo alemanik, ingelesik, frantsesik, Justinianonen garaian gebiago ez zegoen bezala erromatarrik batere». Ez noski, aleman, ingeles, etab. horiek fisikoki suntsitu egin direlako, horrelakoak ziren aldetik forma ematen ziena galdu egin dutelako baizik.

Kultura bakoitzak eta orok borobiltzen du bere zikloa, gizonaren bizitzak bezalaxe. Zahartzen eta gainbeheraten hasten da noizpait, Spenglerek zibilizazioa deitzen duen fasean. «Zer da zibilizazioa, kultura baten ondorio organiko-logiko gisa kontzebiturik haren betetasuna eta desenlazea bezala? - kultura orok bait du bere zibilizazioa. Hitz bi horiek, orain artean tankera etikoko diferentzia indeterminatu bat adierazteko erabiltzen zirenak, lehen aldiz adiera periodiko batean hartzen dira hemen, jarraitasun organiko hertsi eta beharrezko baten adierazpen gisa. Zibilizazioa kultura baten itzurtezinezko patua da. Hemen gailurra iritxia da, nondik erantzun-ahalgarri bihurtzen diren morfologia historikoaren galde azken eta zailenak. Zibilizazioak, gizaki mota goren bat gai den egoeretarik hegiertzekoenak eta artifizialenak dira. Ate-sarrailtzeak dira; bilakatzen aritzeari bilakatua bezala jarraitzen ohi zaizkio, bizitzari heriotza bezala, garapenari zurruntasuna bezala, landari eta animako haurtzaroani, horixe da dorikoak eta gotikoak erakusten dutena, sentontasun izpirituala bezala eta harrizko hiri kosmopolita harribiburkorra. Azken bat, horixe dira, itzuligabekoa, baina halabebarrik barnekorrenaz iritxi izan da beti berriro haietara».

Kultura eta zibilizazioa izpiritu edo arima baten gorputz bizia eta haren mumia bezalatsu dira».

Zibilizazioaren hasiera-muga, mendebaleko gure kulturaren zikloan, XVIII. mendean ikusten du Spenglerek. 1800 aurretik, Gotikoarekin hasi eta, indartzen ari den izpiritua dago; geno hiri haundietako bizitza artifizial, sustrai gabekoa. «Kultura eta zibilizazioa -hori da, parajetik sortutako organismo bat eta haren malgorpenetik jalgitako mekanismoa».

Zibilizazio ororen aiurri sakona balio guztien kontrabalorazioan datza («Umwertung aller Werte»). Eta espezifikoki zibilizazio (esan dezagun: dekadentzia) modernoa Rousseaurekin hasten da: gizarte bizitzaren intelektualismoarekin, kreatibitaie aldian sortutako maila eta arrangoen begirunea galtzearekin, berdinkeriarekin, etc., Nietzscheren antzera. «Rousseau egon, Sokrate eta Budaren alboan dago, zibilizazio haundietako beste bozeramaile etikoak. Bere kultur-forma haundi guztien arbuioak, konbentzio esanahitsu guztienak, bere 'itzulera naturara' famatuak, razionalismo praktikoak, ez dute zalantzarik uzten horren gainean. Horietako bakoitzak barnetasun milurtetar bana eraman du hilobira. Gizatasunaren ebangelioa predikatzen dute, baina hirikume inteligentearen gizatasuna da, hiri berankorrez eta haren kulturaz gogaiturik dagoenarena, haren arrazoimen 'hutsak', arimagabekoak alegia, salbazioa bilatzen bait du hiri hartatik eta haren larderiazko formatik, laztasunetatik, barnekorki jada bizipenik ez duen eta horregatik higuin zaion sinbolismotik. Dialektikoki desegin egiten da kultura».

Sozialki, beraz, zibilizazioan jendeteriak, saldoak, masa nagusitzen dina. Hiria, kosmopolia. «Hiriandi guztietakoa, herria izan ordez, formagabeki uhalditzen den jendilajea da; errogabeko masa hiritarra da, oi Polloi, Athenain esan ohi zutenez («askoak»), naturarekin bateginik hazitako gizatasuna izan ordez, hiriko lurrean ere baserritarra bait da hori, kultur-paraje batean». Saldo-jende hau, sustraiak galduta, antzua eta agorra eta elkor esterila da. Ez du ezer sortuko. Okerrago dena, desegilea da. Kulturak bere indar eta kreatibitate garaian sortu duen dena, ordenua eta arrangoak, etab., dena birrinduko du saldoak: saldoa delakoxe, forma gabekoa, nahaspiloa: «Formanik eza bera da (masa alegia), zeharo; edozein forma-modu herra gorriz pertsegitzen duena, arrango diferentzia oro, jabego organizatu oro, jakintza organizatua. Kosmopolietako nomadismo berria da, esklabuek eta barbaroek bezala antzinatean, Tschudrek Indian, gizakia den edozerk, berdinki uhol-gainezkor bat osatzen bait dute horretan, bere jatorriarekin etendura guztizkoduna, bere iragana ez onartzen eta etorkizunik eduki ez, dagoena. Laugarren estatua bilakatzen da horrela, historigabeziara lerratzen den historiaren espresioa. Masa errematea da, ezerez arradikala».

Masa-gizartean, kultur gizarte kreatiboan eragile ziren printzipioen ordez, dirua bihurtzen da eragile eta printzipio nagusi. Politikan: alderdiak, demokrazia. «Liberalismoaren eta sozialismoaren kontzeptu guztiak, diruak ipini ditu zirkulazioan, eta diruaren interesetan» hain zuzen». Azkenean Spenglerentzat garbi bait dago, «demokrazia eta plutokrazia esanahikideak direla». Masak berak, besterik uste badute ere, objektu soil dira agintari berrien eskuetan: «'Herriaren autodeterminatzeko eskubidea', gizabidetsua da horixe mintzamoldea».

Kultur aldiko gizartearen aldean, estamentu klasikoak ez, baina Alderdiak altxatzen dira nagusi. «Estamentu jatornizkoak noblezia eta apezgoa dira. Alderdia, jatorrizkoa diruaren eta izpirituarena da, liberala, hiri haundikoa (...). Aristokratikoa, hirietako izpirituaren destaina da; demokratikoa, baserritarraren destaina, larderriaren gaitzerizkoa. Estamentu-politikaren eta Alderdi-politikaren diferentzia da, estamentuen kontzientziaren eta Alderdien kredoarena, arrazaren eta izpirituarena, hazkundearen eta eraikundearena. Aristokratikoa kultura betegina da, demokratikoa zibilizazio kosmopolita hasiberria, aurkatasun hori zesarismoan gaindi dadin arte».

Senak eta barne-indarrak zeraman kultur gizon landatar kreatiboaren lekuan intelektual kaletar sustraigabekoa altxatzen da orain buruzagi. «Hiri kosmopolitetan, historia duen eta nazioa bere baitan bizitzen duen, errepresentatua sentitzen duen eta gidatu egin nabi duen gutxiengo baten alboan, beste bigarren bat ari da ernetzen: denboragabe, historigabeak, gizakume literarioak, arrazoien eta kausen gizakumeak, ez patuarenak, barnekiro arrotz bilakatuak odolari eta existentziari, ernetasun pentsakorra osoki, jada 'zentzuzko' edukinik ezin diotenak aurkitu nazioaren kontzeptuari. Berak ez bait dira handarrak, izan ere, honez gero, existentzia-uhizien formak izaten dira eta kultur-herriak; kosmopolitismoa, aldiz 'inteligentzien' ernetasun-elkargo hutsa da. Patuaren gorrotoa dago han, historiarena bereziki, patuaren adierazpen gisa. Nazionala hartaraino izaten da oro arrazazkoa, mintzairarik ere ez bait du aurkitzen eta pentsamendua galdatzen duen guztian hondamendiraino moldegabea eta desanparatua geratzen da. Kosmopolitismoa literatura da eta dirau, indartsu arrazoietan eta ahul haien defentsan, arrazoi berriekin ez, baina odolarekin». «Mundu-hiritan iaioak eta bake unibertsalaren eta herrien kontziliapenaren amesturuak - Inperio gudukatzaileetako Txinan, India budistan, helenismoan zein gaur -horiek Fellahismoaren buruzagi izpiritualak dira. Panem et circenses- hori ez da pazifismoarentzat beste formula bat baizik... Pentsamendu hutsa, bere buruaren jabe lagata, beti izan da bizitzaren axolarik gabekoa eta beraz historiaren etsaia, gerraren ez zalea, kastagabekoa (...). Herri orok sortzen du horrelako -historikoki begietsita- zaborreria».

Baina orain, dagoeneko, zibilizazioak berak hondalea jo du, intelektualismoen garaia bera funtsean pasea da: «Inork ez luke horri buruz engainatu behar, teoriaren aroa guretzat ere badoala akaberara. Liberalismoaren eta sozialismoaren sistema haundiak, denak 1750-1850 artean sortuak dira. Marxenak ia ehun urte du gaur-egun eta azkenekoa bera izan da»; «azken batean ez dira errefutatu egiten, aspergarri biburtzen baizik. Rousseau aspaldi bihurtu zen eta Marx laster bihurtuko da».

Parlamentarismoak eta demokraziak ere eman dute ematekoa. «Hauxe da demokraziaren akabera». Halere -eta hortik sortzen da gaurko borroka- demokratek beren idealei atxekirik jarraitzen dute, ordua pasa dela ikusi gabe. «Baina demokrazia beheitikorrak oker bera egiten du, eutsi egin nahi izatean, atzokoa zen idealari. XX. mendearen arriskua hori da. Edozein bidetan zesarismora, Caton bat beti aurkitzen da».

Indar bat ari bait da ordea sortzen, demokraziok gainditu eta zesarismora garamatzana. «Eta orain garaia lehertu da, odolaren ahalmen formalak barrenean berriro iratzartzen bait direnak hor, hiri haundietako razionalismoak hagorikatu zituenak (...). Zesarismoa demokraziaren lurrean ernetzen da, baina haren sustraiak odolaren eta tradizioanen lurrazpi barrenetan atxekitzen dira sakon».

© Joxe Azurmendi


susa-literatura.com