Koldo Izagirreri erantzuna

1. GARA kalera irten aurretik, Koldo Izagirreren laguntza gomendatu zigun lagun batek. Horregatik, lehen urrats bat egiteko asmoz, kolaborazio bat eskaini zitzaion, gure egunkariaren azken orrialdeko errelatoa egiteko proposatuz. «GARA? Ez nau ezer motibatzen» erantzun zuen besterik gabe, aldez aurretik eskaintza zehatza ez ezik, proiektua bera ere mespretxatzen zuela adieraziz. Beraz, bere idazkiko «aukera politika zatekeen beste zerbait saiatzeko, aire berria hartzeko» esaldia Bazka-n idatzi duen nobela biribiltzeko erabilitako beste faltsukeria galanta da. Harri eta zur geratu ostean, GARAko zuzendaritzak ez zuen orduz geroztik pertsona horrekin bestelako harremanik izan.

2. Hala ere, egunkari honentzat hainbat gehigarri egiten dituen enpresak («Nafarkobi»k Aitzina, Gazte Algara, Mugalari eta Zazpika egiten ditu GARArentzat) bere kolaborazioa lortu zuen Aitzinako azalean, astero, artikulutxo bat idazteko. Gehigarri horren arduradunarekin izandako ezadostasun txepel batengatik, Izagirrek «berriro ere» zentsura sufritu behar ote zuen esan eta uko egin zion lan horri. Oso oker ez bagaude, ordura arte Aitzina oso gogokoa zuen. Orain, seguru aski, ez. Esan gabe doa, Izagirrek bere harremana hautsi aurretik, artikulu guzti-guztiak publikatu zitzaizkiola eta «zentsuraren» akusazioa ameskeria hutsa izan zela.

3. Aldez aurretik proiektu honen kontra hartutako jarrera EGINekin izan zuen harreman txarraren ondorio zela esan ziguten zenbait lagunek, baina sinesgaitza iruditzen zitzaigun hasiera-hasieratik horrelako portaera izatea. Bazka-n idatzitako artikuluak, ordea, ez du besterik adierazten.

4. Izagirreren moduan, geuk ere garai hartan EGINen «goi samarreko postuetan» lagunak genituen, eta horien ahotik jakin dugu Izagirreren bihotzerrearen zioa. Antza, duela urte mordoxka bat, EGINeko zine kritikoak Izagirrek zuzendatutako filmari —«Amor en off» izenekoa, oso oker ez bagaude— eginiko kritika gogorrak Izagirreren amorrua sortu zuen. Oraindik ere pasarte hura gogoratzen duela eta erreminez kontatzen duela, ez bakarrik bere hitza zabaltzen saiatzen diren bere lagunen artean, baita hurbiltzen diren ordezkari sindikal eta politikoen artean ere, esan digu batek baino gehiagok.

5. Antza, GARAk, EGINen oinordekotzat hartuta, bistakoa dena bere artikuluan, Garzonek itxitako egunkariaren zorrak hartu ditu, film bati eginiko kritika barne. Argigarria da, dena den, bere idazkia: «‘Mila milioi baietz’... Harrokeria ostera ere, baina tira, kontsolatzen ginen pentsatuz Garzon epaileak mesede egin zigula, geuk aldarazi eta hobetu ezin genuen kazeta itxirik». Zinez argigarria.

6. Izagirrek tesi bat gauzatu du GARAren kontra eta tesi hori indartzeko adibide bila aritu da. Ez dugu esango egunero-egunero kaleratzen den egunkari honek hankasartzerik egiten ez duela, baina ez ditugu onartuko Izagirrek leporatutako kritikak, kasu batzuetan ez hankarik ez bururik ez baitute. Adibide bat baino ez: Goizuetan zuhaitz batetik erorita hil zen pertsona haren informazioa Euskal Herria sailean eman genuen, egun horretan EUSKAL HERRIAn gertatutako beste istripuekin batera, ez baikinen ohartu lan-istripu bat izan zela, eta, beraz, Ekonomia sailean joan behar zuela. Hurrengo egunean, akatsa konponduz, berria Ekonomian segitu genuen. Beraz, hankasartze hori onartzen badugu ere, burua pozoinduta daukan pertsona batek bakarrik ondorioztatuko luke Izagirrek gertaera horretaz esandakoa: «GARAk ezin du bigarren berhargina (beste langile bat hil zen egun horretan Elgoibarren) kontabilizatu, Goizuetan hil zelako... eta Goizueta Nafarroan dagoelako!». Faborez.

7. Bere burua euskal idazleen eleduntzat hartzen badu ere, jakin beharko luke Izagirrek, akatsak akats, euskal kulturgintzatik zorion franko jaso dituela egunkari honek.

8. Bere idazkian GARA eta Euskaldunon Egunkaria aurrez aurre jartzeko joera du Izagirrek. Zorionez, ordea, bi egunkari hauen arteko harremanak gero eta estuagoak dira eta aurrerantzean uzta oparoa emango dutela seguru gaude, bat baitatoz etorkizunerako ibilbidean.

9. Birao eta irain ugari bota ditu Izagirrek bere artikuluan gure kontra, frustrazioak, konplexuak eta gorrotoak jotako pertsona bati dagozkion funtsa gabeko birao eta irainak. Beraz, aurrerantzean, ez diogu Izagirreren inongo erreplikari erantzungo, nahiz eta gezurrez, ameskeriaz eta handikeriaz beteta egon. Bere jokabidea eta jokamoldeak ezer konpondu ez eta eraiki beharreko komunikazio eta kultur proiektuen kalterako dira.

10. Jon Juaristi bera idazkian aipatzen duenez, jakin beza Izagirrek idazle hori GARA gehien gorrotatzen duten idazleen artean bigarrena dela. Lehenengoa, Izagirre bera. Bejondeiela batari zein besteari.

GARAko zuzendaritza


susa-literatura.com