Euskaraz idazteaz
Egia esan, sortzez datozkigun gaitasunetako bat balitz bezalakoxe naturala dut euskaraz idazteko trebezia. Eta osagarri hori neurez etorri zaidalako sentipen arraro eta asaldagarria daukat. Izan ere, nire kasuan euskara ez zen ez hautapen baten ez adopzio baten ondorio izan. Ez zitzaidan sekula burutik pasa aukera bat egitearen ideia. Adopzioaz berriz... tira, ez dago zer duda egin, gertatu zen adoptatze bat; baina argi gera bedi hizkuntzaren sena bera izan zela ni adoptatu ninduena, eta totelka egin beharraren aroa gainditu nueneko hain guztiz eta osoro jabetu zen nitaz ezen euskararen esapideek zuzenean eragin zuten nire aiurrian, eta artean osatzeke neukan nortasuna moldatu zidaten.
Oso gertakizun intimoa izan zen, eta horregatik egiten zait hain gaitza euskararekikoa adieraztea. Lehen ukaldiko maitasuna esplikatu nahi izatea bezain zaila litzateke. Elkar ezagutze harrogarri eta ia fisiko horretan, amore eman eta bestearenganako abandonatzearen antzeko horretaz gainera, jabetzaren fiertasuna ere nabaritu nuen; dena dela hartan ez zen azaldu gure pasio iragankorren suharra ilundu ohi duen zalantza lazgarriaren izpirik ere. Neure barrenaren minenean jakin nuen gure artekoa betirako zela.
Aurkikunde baten emaitza izanik, beraz, eta ez herentziaren fruitu, apaltasun horrexek bihurtzen dit euskaraz trebe idazteko gaitasun hau are preziatuagoko ondasuna; eta dohain hori duena ezinbesteko betebehar baten erantzule da bere bizi guztirako, altxor preziatu horri leial izateko obligazioa du. Hala ere, irudi luke hau guztia zer hori esplikatze alde eginiko saioa dela, eta halako helburua, esan dudanez, inoren ahalmenetatik goiti dago. Menturaz, edozein gertakizuni gagozkiola ere onartu behar genuke ezinezkoa dirudienak atzera egiten duela gizakiaren espiritu hezigaitzaren aurrean; baina aztertzen saiatzen baldin bagara ordea, ezinezkoak ez du inoiz argitasunik ematen. Urteotako jardun leialaren ondotik, bihotz honen akatsek, eskastasunek eta zalantzek dakarten angustiaren meta egin ondoren, eskubide bakarraren aldarri egiten dut: sinets iezadazue euskaraz idatzi ez banu ez nukeela sekula hitz bakar bat ere idatzi izanen.
OHARRA. Testu hau ez da euskal idazle batek idatzia. Egileak "euskara" dioenetan "ingelesa" ulertzen baldin baduzue, egun Ukraina den Berditxev hirian poloniar sortu (Józef Teodor Konrad Nalecz Korzeniowski) eta ama hizkuntza ez zuen ingelesean nobelaren maisu bilakatu zen (Lord Jim, Nostromo, The secret agent...) idazlearen (Joseph Conrad, 1857-1924) oroitzapenen aitzin-solasaren zati bat (A Personal Record, 1908) osatuko duzue.