Iurretako komunak
EKAINEAN, AZTERKETAK
izaten direla edonork daki gurean. Andoni Ortuzarrek euskara-azterketa zeukan, Arnaldo Otegik nolabait iragarria, aurtengo ekainean, zehaztu gabeko egunen batean. Arnasa zabal har dezake EITBko zuzendari nagusi jaun Ortuzarrek. Lehendakari Ibarretxek —zenbat "Lehendakari Agirre Enparantza" gurean?— eten egin du Arnaldo Otegi que no se desmarca lo suficiente de los terroristas gorbatabako mutilaren EH taldearekin oraintsu arte izan duen ‘gobernu-euste’ ituna. Itunik ez eta, hona itauna: egingo ote dio beste inork Ortuzarri azterketa, ene maite kuttuna?
Zorionez, Ortuzarrek (Arnaldo Otegi zintzoak hilabete batzuen buruan edo, luzeenez jota, 2000ko ekainerako euskara jakingo zuela iragarri zigun harako familia-aita harexek), "alaba ikastolara dabil-eta, harekin euskaraz mintzatzeko ikasi nahi dut euskara" esan zuen. Lehenengo umea egin eta gero euskarari ekin, edo gero gerokoak! Axular-aireko esamoldeari eutsiz. Ikasi ote duen? Azterketarena hor geratzen da. Aztertzailea nor izango den, ez dakigu. Haatik, aitatasun zintzoa duenik ez diogu ukatuko Ortuzar jaunari.
Eitebeko zuzendari jaunak alabarekin hitz egiteko adina ikasi duelakoan, espero dezagun ‘ondorengo biologikoa’ —alaba— adinean hazi ahala haren ‘aurrekari biologikoak’ —aitak— euskara maila adin berean hobetuko duela, ez baita berdin alabari "maite zaitut" esatea, edo alabak aitari "maite nauela dioen mutilak ez nau maite, eta hala ere nik hura zuk nire begiak baino maiteago dut" eta holakoak esanda alabak, honek bizi duen adoleszente-tragediaz ondo jabetzea aita.
Nola sutan jartzean frogatzen den eltzea, halaxe gurasoen hizkuntzaren baliagarritasuna seme-alaben nerabezaroko gatazka trumiltsuetan.
GARAIXEA
ohiko hiztegietan ageri ez den hitza da. Agertzen da, bai, ‘garai’, hots, "lau haberen gainean eta etxetik bereizirik egiten den aletegia". Garai edo garaixe ederra dago EITBk Iurretan duen eraikin-multzorako bidean.
Garaixea zaharberriturik ageri zaigu, hondamenak jota diren beste eraikin biren aurrean. Bi horiek behinola baserrietxe dotore eta aberats izandakoen itxura dute (huntz eta hontzek dute hori maiteago, zuk/nik nire/zure begiak baino), batik bat garaixeari begiratuta horren ezker-gibelean ikusiko dugunak.
Begiak gorago eta, horra denok duguna maitatzenago; Ertzaintzaren eraikin-multzoa. Haziz dator hori, autonomia euskadinoaren primaderan diruz ongi ongarriturik. Orain hor ‘heliportua’ eraiki behar dutela-eta zabalkunde lanetan ari dira.
‘Heliportu’ hitza ez da "Harluxet" hiztegi entziklopedikoan ageri. Bizarrerdi! Hiztegia faszikuluetan eskuratu genuenok kontsolabide dugu Egin-eko koittadua itxi egin dutela eta ez dugula nori egin edo luzatu ‘kalteen galdoa’ (Hegoaldeko gasolindegietan erabiltzen den esakunea erabiliz). Nola bete Harluxeten heliportu hitzak utzi duen hutsunea? Hutsune hori, bizarrerdi ezezik, gaitzerdi eta basoerdi ere! Ageri da eta hitza, bai, Josu Segurak sinatzen duen "Poliziarako hiztegia" delakoan (Eusko Jaurlaritza - Herrizaingo Saila).
"Poliziarako hiztegia" horrek, guk "Foruen Paradisuaren Paradigma" deritzogun horrekin bat etorriz, Gaztelania-Euskara atala du, ez besterik. Litekeena da, noski Eroski, "Euskara-Gaztelania" hiztegia ere izatea bai hor nonbait(en). Haatik, harako "Viaje al paraiso de los fueros" hartan idatziaren arabera, Bizkaian —edo Bizkaian behintzat— garai —ez garaixe— batean, kartzelak hutsik omen zeuden-eta, egungo Arkadia Foral-Estatutarioan ere gaizkilea erdaraz mintzo da. Beraz, euskaraz kalkoak sortu, eta kitto.
Bidean azkar datorren heliportua baino pixka bat haratago, EITBren eraikin multzoa dago. "River of Babylon" dela sentitzen da harainoko bidea.
EITBren eraikin multzora bisitan datorrena harrituko da, bai, Heliportuaren aldamenean den Ertzaindegiko bozgorailuek hitz egiten dutenero: "El número 1354 que pase por…", txitean-pitean entzuten da, ozen. Nik uste ozentasun hori, ‘etagai’ (etagaia: etable, que en un momento puede devenir etarra —‘etable’ oraingoz ez dut hiztegietan ikusi—; etarra, de ETA o relacionado con ella; como adejtivo es invariable en género. 2. Como sustantivo es de género común: el etarra, la etarra; Clave, Diccionario de uso del español actual)... berriro diot... etagaia ororen belarrientzat zeruko musika dela. Hori da hori segurtasunari eustea! Hori elebitasuna praktikatzea! "Eusko Pragmatismoaren Paradigma" deritzogunaren arabera jokatzen dute, hots, larrialdietan, hizkuntza bakarra erdararen bat dela dioen adagioa betez.
Hizkuntza bakarrean dira Ertzaindegiko abisu guztiak. Behin heliportura ‘helizeak’ heltzen, lehorreratzen eta berriro aireratzen hasiz gero, helizeen hotsek edozein hizkuntza baliogabe utziko dute eta, gaitzerdi, Balerdi, atera itzak bi basoerdi. Ez da makala izango EITBren inguruko helize hotsa. Baietz ‘Pausoka’k hurrengo tv-movie batean off-erako erabili? (movie horren gidoia: etebera egunero datorren bat helikopteroko pilotu bulartsu batekin maitemindu da; bulartsu, egia esan, biak izan litezke, ‘Etxean’ halako produktuetan usadio duten arabera). Auskalo, makailo.
Auskalokoak auskalomendin utzita, badator bisitaria eraikin multzoaren intimitatera, eta behin hor barruan dela, hor bai, hor bi edo hiru hizkuntza aditzeko modua dagoke. Hizkuntzen hierarkia, berriz, nik "Deia Egunkariaren Paradigma" deritzodanaren kopia hutsera hurbiltzen da; gehiena gazteleraz; zer edo zer euskaraz (zakurrak sartzea debekaturik dago, Amatiñok programarik ez duenez gero).
Jakina, Karmina!: Ortuzarrek ekainean azterketa ez, baina urtean zehar alabatxoari euskaraz egin nahi dio eta, ez dugu uste Iurretako Building nagusian harako eta honako joan-etorrietan belarria luzatuz ikasiko duenik. Jai du hor, hizkuntzaren integrista bat edo besteren konpainian bazkaltzen gelditu ezean bederen.
ERAIKIN MULTZOA
dagoela esan eta gero irakurleari oraindio ez zaio multzo hori zertan den zehaztu. Bazka zak, bazka zan! Gaia hain irristakorra da ze...
Ordea, multzo hitza euskara modernoan matematiketan-eta erabiltzen da. Gure herrian berriz ‘multzo’ berbea badaezpadako da, hau da, incertain, douteux. Kakamultzoa hitz-konposatuaren osagarri gisa erabiltzen dugu gehiena guk, antzina Erronkarin legez. Hala bada, eta beraz, batzuentzat matematikan diren multzo guztiak kaka hutsa diren era berean, guretzat ‘multzo’ ezagunena kakamultzoa da. Hurrengo lerroetan datorrenak bietarik du zerbait.
Matematika zientziaren arabera, multzoa "hainbat gauzaz edo elementuz osaturiko bilduma, gauza bakarra bailitzan hartzen dena" baldin bada, eta halaxe dela dio faszikuluz faszikuluko hiztegiak, ondo-ongi-ontsa esana gure eitebeiurretako eraikin-multzoarena. Hor, izan ere, hiru eraikin baitira, ente bakarra eta bera direnak: Etxea!
Bisitariari lehenengo eraikina arrunt-arrunta egin behar zaio, Ate Nagusiaren aurreko atezainen zaintza-jagoletza etxola denez gero. Denean eta edonon, ez nongura, egon ohi den kontrol-gunea, alafede. Adreilu sendo-trinko-ilunez eraikia, hor esaten dugu egunonarratsaldeon kaixo kaitu kaitxoria agurmariagraziazbetia, lehergai-arma-sabotaiarakogaien detektagailua igarotzean.
Zaindarien erakinetik irten-eta, horra zainduen eraikina. EITBren ikur, txoritxoaren habia, txiki geratzen ari da Heliportua eta beste eraikin multzoen aldean. Herrizaintzarako behar diren aurrekontuak, lagunok, Herrizaingo Sailaren aurrekontuen barruan doaz; Txoriarenak, ez hain lagunok, Kultura Sailaren aurrekontuen ia kontu ezaren barruan datoz. Hortik atera kontuak, zein eraikin igoko den lehenen zeruaren pareraino. Diruak joan, diruak eralgi, joan eta etorri, kapelagorri, jakagorrien hegan-minari ematen zaio lehentasuna.
Bakea berdin kultura, bakearen kultura, kulturaren bidez bakea, batearen bidez bakea, zuk kafea eta nik tea, eta bietatik kea. Garaixea dago lekuko: kulturismo txapelketetan nagusitzeko adinako gimnasioak-eta omen dagoz heliportuko sotoetan.
JO ZAK GORAGO, SAM!
esan bide dute Etxean, zeren eta Andoni Ortuzarren agintaldiak aldaketak ekarri baititu eraikin multzora. ‘The main building’ izena merezi duen eraikin nagusiko hegaletako bat —hegalak beti gorago nahi— gorago altxatu dute. Elkar ulertzearren: beste pisu edo solairu bat eraiki dute lehenago hor ziren beste hiruren gainean; edo lepoan. Bere marka utzi du Zuzendaritza Talde berriak. Lehenago ere itsusia eta irentsezina zen eraikina are kartzelarioagoa bilakarazi dute. Zorionak, emazte eta gizonak.
Hegal hori zertarako gorago altxatu-eta, orain arte aipatu ez dugun hirugarren eraikina kendu ahal izateko ote zen nengoen ni, ai antoni, antoni. Ba, ez. Zuzendaritza saila hedatzeko omen da. Ekainean azterketak eta liburuak kabitu ezinik. Bat-bi-hiru-lau, multzoko hirugarren eraikinak betikoan dirau. Hirugarren eraikinak badu bere legenda.
Legenda guztietan nola, hemen ere hala, izena eta ezizena ditu eraikinak. Goikoek "moduloak" izenaz ezagutzen dute. Behekoek, herriak, kontratatuak, kontraturik gabekoak, bekadunek eta abarrek, "barrakoiak" deitzen diote. Pluralean kasu bietan. Hirugarren eraikin multzoa zenbait moduloz edo barrakoiz osatua baita. Moduloak ala barrakoiak, ordea?
Hona barrakoi hitzaz faszikuluak dioena. Barrakoi, pisu bakarreko eraikina (zuzen!, nahiz eta barruan bi pisu izan bakarra duela ematen du-eta), eskuarki oin angeluzuzenekoa (zuzen) eta barne-hormarik gabea (huts!), askotan behin behinekoa (bai eta ez!) eta aurrefabrikatua (bingo!). Armadan, eraikuntzan, etab.etan erabiltzen da (ongi irakurri duzu, etab.etan dakar, ezen ez eteb.etan).
Modulo hitza ez dakar. Bai, ordea, modulu. Moduluak esan beharko genuke, barrakoiak hitza baztertuz gero. Baztertu, zer dela-eta? Modulu eriztea zuzenagoa delako. Begira dezagun. Modulu. 1. Proportzio bat ezartzeko oinarritzat hartzen den unitatea. 2. Osotasun batean, erabilpen espezifikoa duen zatia.
Beharrezko aholkularitzak aditu ondoren, eta eitbeiurrretan heliportua eta eraikin nagusiaren artean dagoen eraikinari ongien egokitzen zaiona "barrakoia" erabaki dugu. Hasteko, eraikina delako. Bigarrenik, eraikin horretan urik ez dagoelako. Hirugarrenik, urik gabe komunik ez dagoela eta, kuminik ez duelako. Laugarrenik, barrakoi hitzak gurean beste adiera batzuk ere badituelako, "presoen barrakoia" erakoetan erabiltzen dena, hain zuzen. Hau dena gogoan, horiek "barrakoiak" direla erabaki dugu.
STEVE Mc QUEEN
bere amak erregina izendura merezi izateko adinako aktoreak ihesaldi ospetsua egin zuen zeluloidean. Ba, balio duke film horrek barrakoi hauen izaera ulertzeko. Noiztik dauden hor? Steve Mc Queeni buztana azkenengoz gogortu zitzaion garaietatik.
Legendak dioenez, hasiera batean, artean Ertzaindegia eraikitzen hasi gabe eta garaixea zaharberritzen ari ziren garaian edo, barrakoiak The main building horren aurrealdean zeuden. Oso deigarri egiten zirela-eta, Iurreta desanexionatu berriko udal-agintariek horiek kentzeko agindu omen zuten. Txoriak bere habia azken hondarreraino maite edo, kendu beharrean atzealdera eraman zuten. Ikusten ez duen begiak, negarrik ez!
Urteak egin dituzte hor atzealdean barrakoiek. Urtebetetzero itogin bat estreinatzen dute. Eta urtebetetzea izan ez arren, euria gogor jotzen duenero, itogin bi estreinatzen dituzte. Itoginak itogin gehiago egin, azkenean ebakuatu egin behar izaten omen zuten. Gezurra? Ipurdiko hezurra! Zuzendaritza talde berria sartu zenean itoginak konpontzeko agindu zuen. Eta hor amaitu ziren lanak.
Esandakoak esanda, nekez sinetsiko da iragan otsaileko egun batez, arratsaldez hain suertez, gizon bi sartu direla barrakoietan galdez: "¿dónde están los detectores de incendios?.
Euskara kutsuko erdaraz erantzun die hango batek: "¿detectores? ¡si no hay agua!". Pero hay extintores, besteak. Orduan euskaldunak erantzun: "lo que no sabemos es si están llenos de cerveza".
Elkarrizketa horrena ez da legenda. Estintore bateko garagardoa edan bitartean nire txoritxoak kondatua baizik. Eta legenda aipatu dugularik, bada garaia barrakoien legendaren loriak kantatzeko.
DEMOKRAZIAZ JANTZIA EZ DEN
irakurleak pentsa lezakeena da barrakoietan egiten den lana garrantzi gabeko dela Etxeko eskemaren barruan. Oker, jaun-andreok, oso oker!
Eitebeko parrillan egunero erretzen diren saioen artean kopuru polit bat barrakoietan sortzen da. Iraganeko adibide bat ipintzeko, Txoriaren txio-txio udaldietan hainbeste pantaila-ordu betetzen zuten "Jaiak laurogeita popatik hartzen" haietako bulegoa barrakoietan zegoen. Barrakoietan ibiltzen ziren la monda eta lirondakoak, eta barrakoietan dago gaur egun dozena erdi saioren bulegoa. Hori bai, denak dira Etxeak kanpoko Produktoreei emanak dizkien saioak.
Berogailuez-eta, ez dugu hitz egingo. Labur esateko, inoiz ez zaio hain eremu urriri halako etekin handirik atera hain gutxiren artean (Martzelo Churchill). Eta hango langileek esanda: inoiz ez diote hainbeste pizagaleri hain luzaroan eutsi. Egia da euria ari duenetan euritakoa behar izaten dela barrua hustera joateko. Baina, nori ez dio mesede egiten goizero hiru lau-aldiz lantokitik irteteak? Irten, irten esaten dena, ez dakigu. Sartu, barrakoietan ez da inoiz direktiborik sartzen. Ez eta saioak bertan ekoizten dituzten produktoratakoak ere. Komunik ez dago eta!
Orain, Steve Mc Queen gogoan eta haren omenez, barrakoietako langileek tunela zulatu ez zulatu ari omen dira, eztabaida betean. Eraikin nagusira joan ordez, zergatik ez Ertzaindegira? Busti behintzat ez lirateke egingo. Gainera, udal-baimenik gabe halako eraikinik egin badira, zertan ez dute ba tunela egingo langileek! Abiadura handiko trenak ere beharko ditu eta, lan hori izango dute aurreraturik.
Bukatzeko, zuei inkesta bat egitea otu zait. Inkesta Eusko Irratiko estilo-liburuari atxikiz osatu dugu. Zertaz ari garen. Ba, Radio Euskadiko programa guzti-guztietan egiten duten konkurtsoaz. Guk ere geurea dugu. Hona:
1.— EITBko zuzendariak, Ortuzarrek:
a) ekainean gaindituko du euskara azterketa
b) atariko froga delakoa ez du gaindituko
c) eta horrek, nori axola dio ba?
2.— Ertzaintzaren Heliportuak:
a) ez du udal baimen edo haizurik
b) badu
c) eta horrek, inori axola al dio ba?
3.— Iurretako Udalak:
a) ez daki, ofizialki, hirugarren eraikina badenik ere
b) badaki, baina ezin du ezer egin
c) Iurreta udala da, ala?; inori axola dio?
Edorta Jimenez