Hil ezazu aita

ESKULTURA

Paradoxa esanguratsua da. XX. mendeko eskulturaren garapenean eragin handia izan duen euskal artista batek, Jorge Oteizak, bizitza espazioa eta hutsa ikertzen eman ostean, agintariek bere eskulturak erosten dituzte edozein herritako edozein enparantza huts betetzeko. Alkate eta kulturako zinegotzien ustetan, herria janzteko. Paradoxak erakusten du artearen egoera Euskal Herrian. Eta eskultura publikoarena batik bat.

Artea, autoelikatzen den zurrunbiloa da gaur egun, erabat autoerreferentziala eta ikuslearekin harreman desorekatua duena; ezaguna baita artea diruarekin (boterearekin) hobeto moldatzen zela eta dela, herritarrekin baino. Damurik, Bilbok garbi erakusten digu eskultura publikoa boterearen eskutik datorrela berriro ere. Izan ere, eskultura publikoa kalean jartzen den objektu bat baino zerbait gehiago da; giza-eragile behar duen momentutik, inguru fisiko zein sozio-politikoarekiko hartu behar duen errespetuzko jarreragatik eta ikuslearekin sortu behar duen harreman berriagatik, eskultura publikoak galdu egin behar du botereak behar dituen sinboloak ekoizteko ardura. Baina lehenbizi, agintariek aldatu beharra dute artearekiko ikuspuntua, eskultura publikoarekiko jarrera zaharkitua.

Euren lan garrantzitsuena 60ko eta 70eko hamarkadetan bukatu zuten euskal artisten lan txikiak eskalaz aldatu eta edozein herritako edozein enparantzatan jartzea ez da eskultura publikoa sustatzea, ezta hurrik ere. Hori artearen folklorizazioa sustatzea da. Eta herri baten eraikuntzan lagundu behar duten erakundeek artea sustatu nahi badute, sormena sustatu behar dute, ikuspuntu berriei leku egin behar diete. Eskultura publikoak tokian tokiko eta garaian garaiko arazo eta kontraesanei erantzun bat ematen saiatu behar baitu.

Bestela, arestian aipatu euskal artisten lanak fosilizatu eta totemizatzeko arriskua dago. Eta eskultura publikoak ezin du biharko antropologoentzako fosil eder bat izan.

PUBLIKOA

Eskultura publikoaren ezaugarri nagusia bere publikotasuna da. Azken batean, eskulturak, beste arte adierazpenek bezalaxe, ikuslearen erantzuna behar du osatzeko eta zentzua hartzeko, bizitza propioa izateko: eskultura publiko bizia eta zentzuduna izateko. Hor asmatzen ez duen artistak ez du ezer komunikatzen eta bere baitan agortzen den lan bat hiltzera kondenatzen du. Hizkuntza plastikoaren malgutasuna eta askatasun sortzailea ezinbesteko ditu; lan hori ikuslearentzat aberasgarri izatearen erantzukizuna berea da gehienbat. Alta, kokapen desegoki batek lan bat zeharo aldatu eta zapuztu dezake, Zarauzko malekoia bezalako arte-krimenak sorraraziz. Hormarik eta sabairik gabeko museo bat da, baina ez da, inondik inora, behar dugun eskultura publikoaren eredua.

Guk arte-ekimenak behar ditugu. Agintaria, artista eta arte-lana kokatu behar den lekuko biztanleen arteko elkarrizketa bultzatu behar da, gero biztanle hauek artea "jasan" beharrik izan ez dezaten. Ekimen bateratuak proposatu behar dira, eta artistek ezin dute euren lana mugatu objektu bat kalean jartzera. Haratago jo behar dugu.

Agintariek euren zementuzko enparantza hutsak apaintzeko erosten dituzten Oteiza, Txillida, Basterretxea, Ibarrola eta enparauen lanez kokoteraino gaude. Lan horiek gehienetan ez dira toki baterako sortuak izaten, toki batean jartzeko erabakia gerora dator. Lanek, beraz, ez dute kokapena kontuan hartzen eta ez dira inguruan ondo integratzen. Bariante berrietako errotondetako eskultura irrigarriak dira politika antzu horren adierazle garbiak.

ESKULTURA PUBLIKOA?

Bestalde, eskulturak azken hamarkada hauetan erakutsi du ez dela objektualitatera soilik mugatzen. Eta eskultura kontzeptualak ekarri zuen desmaterializazioaren ostean, ekintza zehatzen eta esku-hartze artistikoen aukera aurrean izanik, egin daitezkeen proposamenak anitzak eta erabat desberdinak dira. Kezkak aldatu egiten dira eta hauekiko erantzunak ere bai. Eta jada ikuspegi berriak behar ditugu. Abangoardiek eskaini zutena ezin dugu ahaztu, baina beti horiekin bueltaka ezin dugu etengabe segi. Heriotza litzateke.

Eskultura publikoak ikusleari hitz egin behar dio, zerbait esan. Objektu mutuekin elkarbizitzea erraza izan daiteke, baina zeharo aspergarria. Horregatik, kokapena erabakigarria da. Baina ez da gutxiago lan bakoitzaren iraupena. Orain arte betirako izango ziren objektuak nagusitu badira, bada garaia lan bakoitzaren iraupena bere ezaugarri garrantzitsu bilakatzeko. Iraupena aurretik zehaztea dago. Esate baterako, aurtengo neguan Jean Luc Moulenek, berak egindako argazkiekin osatutako afixak itsatsi zituen Donostiako Egiako tuneleko hormetan, eta berarentzat lanaren alderdi interesgarri bat aldatua izateko aukera zen. Eguneroko bizitzako gertakari xumeek bere lana alda zezaketen; haur batek afixa batean JON x AMAIA idatz zezakeen, beste batek gustatzen zitzaion afixa bat etxera eramatea zeukan, tuneleko keak afixei kolorea alda ziezaiekeen... lan bizia zen, eta kalean. Niretzat, hori eskultura publikoa da, espazio publiko bati bizitza ematen diolako. Baina batik bat, giza-eragile ere badelako, jendearen parte hartzeak lana aberasten duen heinean.

Gaur egungo eskultura publikoaren erronka nagusia bere izaeraren mugak birdefinitzean datza. Eskulturaren eremuan jazo diren aldaketak anitzak izan dira. Arestian aipatu desmaterializazioa, batetik. Bestetik, diziplinarteko lanen ekarpena, hizkuntza plastikoaren eremua hedatzeko bideak eraldatuz, teknologia berrien eskutik. Artea orojalea da. Eta harrapatzen duen guztia irensten duelako bizi da. Eskulturak errealitateko beste hainbat arlotatik edatea lortu du, egun indarrean dugun bizimoduari erabat atxikiak diren publizitatea eta komunikabideak bere esparrura ekarriz eta moldatuz. Ez dago zertan burdinazko objektu erraldoi bat egin. Euskal Totemak.

Euskal totemak antzinako kontua dira, ordea. Aldatzen ari den herri bat gara. Gure hizkuntza aldatzen ari da. Gure adierazpideak aldatu egin dira. Gure artea ere bai. Eta gure eskultura publikoa?

ESKULTURA PUBLIKOA

Ez dakit aldatzen ari den, beharra duela bai. Baina aldaketak, beren horretan, ez dakit zenbateraino diren txalogarri eta zenbateraino arbuiagarri. Izan ere, eskultura publikoaren zeregina eztabaidatu beharko litzateke, lehenik eta behin. Agintariek, gure herri eta hiri grisak apaintzeko artelanak eskatzea soberan da. Ez dugu behar boterearen sinbolorik, hauek jada komunikabideetan baitaude, berauen jabe diren multinazionalen eskutik, gu guztion pozerako. Behar duguna da gure arazo eta kontraesanei erantzun bat emanez aberastuko gaituen eskultura publikoa. Eta noski, gure arazo eta kontraesanak ekonomikoak, sozialak eta politikoak ere badira. Arazo horiei gaur arte eman zaizkien erantzunak molde anitzekoak izan dira, baina oro har artistek azaletik jardun dute, eztabaida politikoetan gehiegi busti gabe. Artistak jaten ematen dionari ez baitio hozka egiten. Eta artistari erakunde publikoetako kultura sailek, hala-nolako fundazioek eta erakunde pribatuek ematen diote jaten, sosak irabazteko beste lanbideren bat hautatzen ez badu behintzat. Badaki nori ezin dion mingainik atera.

Hori dela eta, beldur naiz eskultura publikoaren auzian azken hitza ez ote daukaten dirua jartzen duten erakunde hauek, ez ote duten artista ospetsuen lanak erosten jarraituko, artea agintarientzat ospea eta ondo gelditzeko saioa besterik ez diren garai honetan. Hala ere, eta arteak duen eraldatzeko erraztasuna ikusita, ziur naiz eskultura publikoaren gai korapilatsu honetan ere guztien arteko elkarrizketak emango duela ikuspegi berririk.

Artearentzat, eskultura peanatik bota zuten eguna, egun handia da. Aitzitik, ezin da oroituko dugun egun bat bakarrik izan. Haratago jo behar da eta eskultura publikotzat har dezakegu espazio publikoa biziberritzeko ahalegin oro. Eskultura publikoak ez du zergatik agintarien baimenaren zain egon, ofizialtasunak emango dion aterpe goxoan babes dadin ekaitza datorrenean. Bat-batekoa eta klandestinoa ere izan daiteke. Esate baterako, espazio publikoko ur geldoak astintzen hasi diren Itoizko Solidarioen edo presoen euskal herriratzea eskatzeko Solidarioek egin dituzten ekintzak, eskultura publikotzat har daitezkeelakoan nago. Gure bihotz lasaiegiak astintzera datorren edozein artelan publiko eskultura publiko den heinean. Edo gure begiak gozatzeko soilik egiten den edozein artelan publiko eskultura publikoa ez den heinean.

Baina hori beste kontu bat da. Dinosauroak desagertu ziren, gureak ere desagertuko dira.

Xabier Gantzarain


susa-literatura.com