Zaldien negarra

Azken urteotan Euskal Herrian egin diren ikerketa soziolinguistikoek behin baino gehiagotan argi eta garbi utzi izan dute eskola ez dela nahikoa euskal hizkuntzaren berreskurapenerako, edo beste era batera esanda, eskolari ezin zaiola eskatu berak eman ahal ez duena. Eskolak euskararen ezagutza berma dezake, ez bere erabilera.

Egun gazte gehienek euskara irakaskuntzaren bitartez bakarrik jasotzen dihardute, ez etxekoen bidez; mundu erdaldun batean murgilduta bizi dira, eta euskal hizkuntza erabilera formaletarako da beraientzat, euskal kulturgintzak ekoizten dituen produktu asko eta asko arrotz sentituz edota ezagutu gabe. Errealitate honi erantzun egokia emateko asmoz, eskolaz kanpoko esparruetan euskara sustatzeko lanak egiten ari dira, baina ez dakit irakaskuntza alorrean gabiltzanok ez ote garen honetaz baliatzen ari gure erantzukizun-mailari itzuri egiteko, arazo guztiak beste batzuek konponduko dituztelakoan. Askoren jarrera erosoa ikusita, nago ez ote garen orain babak eltzetik atera behar dituztenak, eskolatik at lanean ari direnak, jotzen ari, gaztelerazko irakaskuntzan egiten den praktika klonikoa burututakoan gure eginbehar didaktiko guztiak burututzat emanik.

Nerabeei euskara eta euskaraz nola irakasten zaien kezka bat baino gehiagoren iturria da batzuontzat, baina ez eskolan ikasleek burutu beharreko ikaskuntza prozesuagatik soilik, baita ikasketa modu horrek ikasle hauengan errotu dezakeen euskal kulturgintzaren adierazpenak kontsumitzeko edo, batik bat, ez kontsumitzeko joerengatik ere.

Arestian esandakoaren haritik, euskal ikasle gehienak giro erdaldunetan bizi dira, dituzten erreferentziek ez dute lotura handirik gure kulturgintzak eskaintzen dituenekin... Ingurune honetan kokatu beharra dago euskararen irakaskuntza, Anjel Lertxundik bere hausnarketa batean oso argi adierazi bezala: "Hizkuntza bakoitzak bere izaera, egoera, historia, tradizioa ditu [...]. Gaztelaniak eta euskarak nola erabiliko dituzte estrategia komunikatzaile berberak? Carrión de los Condesen gaztelaniaren ardura duen irakasleak eta Barakaldon euskara irakasten ari denak nola bideratuko dute, bada, didaktika bera?". Zoritxarrez errealitate hau ez da kontuan hartzen ari, honek ez du inor inarrosten. Bien bitartean, EAEko arduradun politikoak "dena ondo doa"-naren filosofiaz agertzen zaizkigu prentsaurrekoetan, gero eta ikasle gehiagok gainditzen duela derrigorrezko hezkuntza eta abar esanez.

Gainditu, nola ordea? Hamazortzi urte bete arte euskaraz ikasi duten ikasle batzuk (eta ez gutxi!) ez dira gai euskaraz elkarrizketa arrunt bat izateko, eta zailtasun nabarmenak dituzte ahozko euskara ulertzeko eskolatik kanpoko adierazpenetan. Honez gain, beraientzat eskolako jarduera interesgarriak izan daitezkeenak, hots, aisialdiko jardueren antzekoenak, ikus-entzunezko euskarrian aurkezten zaizkienak kasu, erdaraz burutzen dira gehienetan. Nola aukeratuko dituzte euskaraz ekoizten diren produktuak berauekin gozatzeko modurik ez badute izan?

Euskara asperraldiarekin lotzen da, gaztelera aisialdiaren atseginarekin. Hemen zerbait ez dabil ondo.

Euskarak eskolan beste "estrategia komunikatibo" batzuk behar ditu. Ikertu, ondoren esperimentatu eta (esperimentatu ahal izateko) norberaren lana hobetzeko borondatea behar da. Duela gutxi prentsan agertu denez, UPV-EHUn problematika honetan proposamen berriak dakartzan ikerlan bat irakurria izan da; zoritxarrez orain arte ez dut berari buruzko informazio zuzenik eta ezin dut honen gainean gauza handirik esan.

Hala ere, nahikoa nabarmena da hizkuntzarekin gozatzea dela gakoa, eta musika oso interesgarria izan daiteke didaktika hobetzeko ikasleek dituzten interesen artean toki nabarmena duelako. Musika euskaldunak, zehazki, azken urteotan erakusten diharduen kalitatea eta aniztasunagatik —estiloetan, hitzetan— baliabide eder bat eskaintzen digu, baina ez gara honetaz profitatzen ari, orain arte umeei zuzendutako lanak egin baitira batik bat, gazteak, egungo eta etorkizuneko kulturgintzaren produktuaren kontsumitzaileak ere badirenak, ahaztuta. Izan ere, erdarazko kulturaren produktuen itsasgora etengabean murgilduta bizi diren gazte hauen aisialdira iristen den kulturgintza euskaldunaren produkzio apurra musikala da batez ere. Norbaitek pentsa dezake Euskadi Gaztea badagoela eta institutuetan ez dugula zertan honelako gaiez arduratu, ez dela serioa. Baina, ikasleen interesetara hurbiltzeak ezinbestez exijentzia-maila jaistea ote dakar? Ene ustez ez; eta gainera serioagoa deritzot eguneroko bizitzatik urrun dagoen heziketa jasotzeari, euskara derrigorrezko jarduera gogaikarriekin lotuta egotera kondenatzea baino.

Gizartean sortzen diren materialak eskolako lanerako erabiltzea onuragarria da, baina zenbaitzuentzat baita susmagarria ere. Jakin badakigu euren buruak razionalitatearen zaindari ilustratutzat jotzen duten batzuek euskarazko irakaskuntzari eta, are gehiago, euskalgintzaren eguneroko produkziotik aukeratu materialetan oinarritzen den irakaskuntzari jazarpen sistematikoa egingo diotela, baita gure arazo politiko nagusiari analisi psikopatologikoa aplikatzen diotenen astakeria metodologikoaren araberako literatura inkisitorialaren iseka eta gutxiespen mediatikoaren arriskua ere egon badagoela. Jokabide poliziako honen aurrean batek baino gehiagok erreakzionatzeko tentazioagatik, edo besterik gabe itsukeria ideologikoagatik, irakaskuntza jatorrizko euskal baloreen arabera eraikitzeko beharraren aldarria egin dezake. Egia esanda, nik ez dakit zer eta zein diren euskal balore horiek eta ezinezkoa egiten zait oso "euskal" labela daroaten balore horietan oinarrituriko irakaskuntzan pentsatzea doktrinaren bide laburrean erori gabe. Kontua ez baita hezkuntza sistemaz ikasleak "izpiritu nazional jatorrean" heztea, baizik eta euskal kulturaren ekoizkinez eta, bereziki, ikasleen interesetatik hurbilen dauden kultur adierazpenez baliatzea, ahal den modurik atsegin eta motibagarrienean, eta gure partikulartasunetik gai eta auzi unibertsaletara kritikoki hurbiltzen saiatzea.

Zalantzarik gabe, Erich Fromm-en testuren bat irakurri beharko da askatasunari diogun beldurraz jabetzeko; baina Zaldiak negarrez zergatik hasi ziren ulertzeak ez digu inolako kalterik egingo. Nietzschek bere burua zergatik jotzen zuen patu bat jakiteko, berak idatziak irakurri beharko dira; baina baloreen transmutazioa ulertzeko, Hil da Jainkoa aldarriaren dardara hauslea kanta bortitz eta on batekin jasotzen badugu, mailukiaz filosofatzea zer den hobeto ulertuko dugu. Figura literarioak zer diren buruz ikasi ondoren, beharbada azterketaren paper zurian isuri beharko dira, baina Jon Maia eta Garirekin Bilbo zaharrean promenatzen bagara, kale horietara itzultzean ikasitakoa gogoratu eta gozatu ahal izango dugu. Kultura-kulturak, unibertsalitatea-partikularitatea-uniformitatea, etnozentrismoa-multikulturalismoa... auzi korapilotsuetan sartzeko edo berauez gogoeta egiteko ez digute balioko bidazti oñatiarraren Egin kontu! edo Etxe aldera abestiek? Esan bezala, proselitismoaz haratago... gozamena eta bizitza.

Mitxelo Gorosabel


susa-literatura.com