Literatoen eraso petrala

Euskal literatoak filosofiaren aurkako gurutzadan dira, eraginkorra izaten ari da. Hor dabiltza, taldexkatan banatuta, buruzagi patrone bana. Soldadu arruntek buruzagiarenganako edipo jarrera kezkagarriak dauzkate, buruzagien berezko uzki sadismoak ez baitu batere laguntzen arazoak bide zentzuzkoa har dezan.

Kontua da zaila dela euskal literaturan filosofiaren aurkako iraintxorik gabeko liburu berri bat aurkitzea. Hara gaztigua Germinal-en: larregi filosofatzeak burgestu egin gaitzake. Obabakoak-eko narratzailea tenteltxo bihurtzen du filosofiak beti zintzo bilatu izan duen egia mintzozkoaren —azken hitzaren— bilatzeari ekiteak. Bihotz bi-ko hiztegi-saltzaileak uste du, zenbait filosofia eskola txit interesgarrik bezala, badela egia eta arrazoizkoa dela, baina hori Saizarbitoriarentzat ez da haren ergelkeriaren aldeetako bat baino. Javi Cillerok harro dio eskolan denbora gehiena marrazten eta nobelak irakurtzen ematen zuela, batez ere Filosofiako orduan. Saramago aita sainduak ere bota du bere kaka mokordoa: "Filosofiara dedikatzeaz denaz bezainbatean, Jainkoak libra gaitzala." Filosofiaren aurkakoa da irainik merkeena euskal kulturan.

Jarrera honek telebistaren maila berean jartzen ditu literatoak, nahiz haserre kritikatzen duten, espantuka eta eskuak gora eta behera astinduz, delikatuaren eta goi-arnasaren izenean. Kontua da guztiek batera giroa filosofiarentzat itogarri bihurtzen dutela.

Eraso honen eragina nabarmena da zalantzarik batere gabe. Hiru adibide baino ez: Patxi Zabaletak trilogia bat idatzi zuen; lehenbiziko eleberrian filosofia gogoeta sakon eta eder zenbait ageri zen, narrazioarekin ondo uztartuak bestalde. Haatik, hain izan zen gogorra literatoen aldetik pairatu zuen presioa, murriztu behar izan baitzituen bigarren alean gogoetok, eta hirugarrenetik kendu, literaturaren enperadoreek ez baitiote filosofiarik esparrurik txikiena ere onartzen beren erresuman. Hori bai, gero politikan txikiaren aldekoak omen dira, diferentzia sendotzearen aldekoak, baina filosofiarekin espainolak indioekin legetxe dihardute.

Euskal Idazleen Elkartearen "Idazleak Ikastetxera"k saiakera bakarra dakar. Ordea, liburu enigmatiko hau ere ageri da: "Jon Alonso, Hiriaren eraman handia, eleberria". Alferrik duzu xerkatuko haatik. Idiaren eraman handia baitu benetako izenburu, eta saiakera da.

Bistan da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailekoek ez dutela larregi irakurtzen, ez filosofia ez deus ere, gurago whiskya eta telebista, bejondeiela, baina literatoen jarrerak, orokorra gizartean, ondorio larriak izan ditu hezkuntza publikoan, ez bakarrik orduak murriztu zaizkiolako. Esate baterako, Hezkuntza Sailak badu irakasleak laguntzeko zenbait erakunde, adibidez PAT (Pedagogi Aholkularitza Tegiak) edo CEI (Curriculumak Eratzeko Institutua); bertan testu liburuak aztertu, irakasleentzako ikastaroak antolatu eta antzekoak egiten dituzte. Ikasgai guztietako ordezkariak daude bertan, Filosofiakoak izan ezik. Alegia, bertara deitzen baduzu zalantzaren bat argitu nahian, Historiako bat jartzen dizute telefonoan, Platoon film bat dela badakiena.

Literatoek Spinozaren aholkua "isekarik ez, negarrik ez, suminik ez, baizik ulermena" goitik behera betetzen dute, alderantziz alabaina.

Ito egiten dira barrez, esate baterako, honelako kontuekin: bazen behin poeta bat oso despistatua, miopea, ez zuen espaloiko zuloa ikusi eta bertan erori zen. Hori da eta umore landua!

Negar ere aise egiten dute, batez ere haur eta gazte literaturakoek, berehala erakundeetara eltze-itsua jartzera joateko. Kalimero konplexuak joak daude: ez gara aintzat hartuak, gutxiesten gaituzte, helduek ez naute ulertzen. Malkoak xukatzeko, billete publikoak; duintasuna, auzoan.

Munduaren martxa dela eta arras dira orobat literatoak sumintzen, eta sistemari, horrela, sistemari, abstraktuki, leporatzen diote erru osoa. Sistemari egiten dioten ukoa, ondorioz, erabat abstraktua izaten da, sentimentala, itsua eta ergela.

Haatik, eskura dituzte liburu-dendetan obra oso zentzuzkoak, egiazaleak, zehazki azaltzen dituztenak hirugarren mundua etengabeko txirotasunera derrigortzen duten mekanismoak, Joseba Tobar-Arbuluren Moneta-Teoria Berrirantz adibidez, baina "lehorrak" omen dira liburu horiek (duinak, hots), ez daude "dotore" idatziak (alegia, kurtsikeria jasanezinaz), ez dira txakurtxo maitagarriez mintzatzen, poeta maitagarriez, psikopata maitagarriez, agure suminkor baina azken batean maitagarriez, baizik kanpo zorraz eta moneta fluxuez, eta hori... hain da itsusia! Saia umetxo beltz azal-hezurraren aiduru: hori bai bortitza, bai iraultzailea, zelako zirrara!

Izan ere, ulermenari dagokionez, literatook guztiz urritua izaten dute adimenaren ahalmen hori, sortzen dituzten pertsonaia ergelekiko harreman estuak erasanda. Ez dakit baten bat ezagutzen duzuen. Zinez: irakurtzen dutena, ez dute ulertzen. Gehienez ere, idatzi egin behar dute, eta hori jarduera askoz ere basatiagoa da irakurtzea baino. Hori dela eta, literatura iruzkinak, egunkarietan eta, filosofiakook egin behar izaten ditugu.

Literatoen txorakerietan barrena ibili ostean, zeinen atsegina den etxera itzultzea, gogoeta egiazale ausartaren altzoan atseden hartzera, honako orrialde doi, soil eta emankorretara (Kant, Arrazoimen hutsaren kritika):

"Baina anizkunki baten lotura (conjunctio) oro har ezin zaigu eman inoiz sentsuen bitartez, eta beraz, ezin du sentsuzko begiespenaren forma hutsean barnebildua egon aldi berean; izan ere, bera indar errepresentatzailearen berezkotasunaren ekintza bat da, eta honi sentimenetik bereiztearren adimena deitu behar zaionez gero, orduan lotura oro adimenaren ekintza bat da, honetaz kontziente izan ala ez izan, begiespenaren anizkunkiaren lotura izan ala adigai batzuena izan, eta lehenengoari dagokionez, sentsuzkoa edo ez-sentsuzkoa izan arren, eta ekintza honi sintesiaren izendapen orokorra emango diogu, horren bitartez aldi berean zera oharrarazteko: ezin dugula ezer errepresentatu objektuan lotua balego bezala, aurretik geuk lotu ez badugu, eta errepresentazio guztien artean lotura dela objektuen bitartez emana ez den bakarra, baizik eta subjektuak antolatua izan behar dena, zeren lotura norberaren ekimenaren ekintza baita."

Beldur naiz ordea horrelako orrialde bikainak dastatzeko gustua ez ote duen honezkero literatoen eraso etengabeak luzaroko itzali.

Markos Zapiain


susa-literatura.com